2023/06/05eko prentsa-oharra
INDUSTRIA PRODUKZIOAREN INDIZEA. 2023KO APIRILA
Euskal AEko industria-jarduerak % 0,4 egin du behera 2023ko apirilean
Urteko lehen lauhilekoaren balantzea industria-produkzioaren indizearen % 1,5eko hazkuntzarekin itxi da
Euskal AEko industria-produkzioa, 2023ko apirilean, aurreko urteko hil berean baino % 0,4 baxuagoa izan da, lan-egutegiko termino homogeneoetan, Eustatek emandako datuen arabera. 2023ko lehen lau hiletan metatutako produkzioa, berriz, aurreko urteko aldi berekoa baino % 1,5 handiagoa izan da.
Aurreko hilarekin alderatuta –2023ko martxoa–, Euskal AEko industria-jarduerak % 3,2 egin du behera azken hilabete honetan, urtaro-ondorio egokiak zuzenduta.
Ondasunen helmuga ekonomikoen arabera, Energiaren produkzioak % 2,5 egin du behera urte arteko terminoetan 2023ko apirilean. Sektore horretan, energia elektrikoaren eta petrolio-fintzearen produkzioa eta hornikuntza barne hartzen dira.
Ekipo-ondasunen produkzioak % 0,8ko beherakada izan du, aurreko urteko apirilarekin alderatuta. Haien artean honako hauek daude: motordun ibilgailuen fabrikazioa; lokomotorren eta trenbide-materialaren eraikuntza, eta eraikuntza aeronautikoa edo ontzigintza.
Urte arteko % 0,3ko beherakada izan dute produkzioan, era berean, Tarteko ondasunek, besteak beste, metalurgiak eta produktu metalikoen fabrikazioak, industria kimikoak eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioak.
Kontsumo-ondasunek, berriz, urte arteko portaera positiboa izan dute 2023ko apirilean; produkzioak gora egin du % 2,1 sektorean. Hazkuntza hori Kontsumo ez-iraunkorreko ondasunen portaeraren ondoriozkoa da, % 5,7ko igoera izan baitute produkzioan. Haietan, honako jarduera hauek sartzen dira: elikagaien prozesatua eta kontserbazioa; garbitasunerako eta higienerako produktuen fabrikazioa; farmaziako produktuak, eta arropen jantzigintza. Bestalde, Kontsumo iraunkorreko ondasunen produkzioak % 11,2 egin du behera. Haietan sartzen da, besteak beste, altzari eta etxeko tresnen fabrikazioa.
Euskal AEko Industria produkzioaren indizea lurralde historikoaren eta ondasunen helburu ekonomikoaren arabera. Aldakuntza-tasak (p). Apirila 2023
| | Egutegi eraginak zuzendutako datuak | Datu desestazionalizatuak |
| | m / m-12 | Am / A(m-12) | m / m-1 |
| INDIZE OROKORRA | | | |
| Euskal AE | -0,4 | 1,5 | -3,2 |
| Araba/Álava | 2,0 | 4,2 | -2,4 |
| Bizkaia | 0,7 | 0,8 | -4,8 |
| Gipuzkoa | -2,9 | 0,7 | -2,1 |
| ONDASUNEN HELBURU EKONOMIKOAREN ARABERAKO INDIZEAK | | | |
| Kontsumo-ondasunak | 2,1 | 2,7 | -0,9 |
| Kontsumoondasun iraunkorrak | -11,2 | -1,8 | -1,8 |
| Kontsumoondasun ez-iraunkorrak | 5,7 | 3,8 | -0,7 |
| Ekipo-ondasunak | -0,8 | 3,9 | -6,2 |
| Bitarteko ondasunak | -0,3 | 2,4 | -4,2 |
| Energia | -2,5 | -8,5 | -0,2 |
(p)Behinbehineko datuak
m/m12 Azken hileko (m) aldakuntza-tasa, aurreko urteko hil beraren (m-12) aldean
Am / A(m-12) Urte arteko aldakuntza-tasa , urtarriletik behatutako azken hilera arte metatutako aldian (Am), aurreko urtean pilatutako aldi beraren (A(m-12)) aldean
m / m-1 Azken hileko (m) aldakuntza-tasa, aurreko hilaren (m-1) aldean
Data 2023ko Ekainaren 5a
Iturria: Eustat. Industria-produkzioaren indizea
Maila bereiziago batean, Euskal AEko industrian pisu gehien duten sektoreen artean, 2023ko apirilean urte arteko hazkuntza handiena izan dutenak honako hauek izan dira: Elikagaigintza, edariak eta tabakoa (% 5,9), Material eta ekipo elektrikoa (% 5,7) eta Kautxuak eta plastikoak (% 1,1). Urte arteko tartean produkzioaren jaitsiera izan duten sektoreak, berriz, honako hauek izan dira: Zuraren, paperaren eta arte grafikoaren industria (% 9,5), Makinak eta ekipoa (% 3,7), Garraio-materiala (% 2,3) eta, azkenik, Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 2,0 egin du behera).
Euskal AEko Industria produkzioaren indizea. Sektore A38 nagusiak (1). Urte arteko hazkunde-tasa (p). Apirila 2023
| | m / m-12 |
| Elikadura ind., edariak, tabakoa | 5,9 |
| Zurgintza, papera eta arte grafikoak | -9,5 |
| Kautxua eta plastikoak | 1,1 |
| Metalurgia eta produktu metalikoak | 1,0 |
| Materiala eta tresna elektrikoak | 5,7 |
| Makineria eta tresneria | -3,7 |
| Garraio-materiala | -2,3 |
| Energia elektrikoa, gasa eta lurruna | -2,0 |
(p)Behinbehineko datuak
Egutegi eraginak zuzendutako datuak
(1)Euskal Aeko industrian pisurik handiena duten sektoreak
Data 2023ko Ekainaren 5a
Iturria: Eustat. Industria-produkzioaren indizea
2023ko apirilean, Industria-produkzioaren indizearen urte arteko bilakaera positiboa izan da Araban; bertan, produkzioaren hazkuntza % 2,0koa izan da, eta Bizkaian, % 0,7koa. Gipuzkoan, berriz, produkzioa % 2,9 jaitsi da, aurreko urteko apirilarekin alderatuta.
2023KO LEHEN LAUHILEKOAREN BALANTZEA
Urteko lehen lau hilen metatuan, industria-produkzioaren indizeak % 1,5eko hazkuntza izan du, Ekipo-ondasunen eta Kontsumo-ondasunen ondorioz (% 3,9 eta % 2,7, hurrenez hurren). Tarteko ondasunek ere bilakaera positiboa metatu dute, % 2,4ko hazkuntzarekin, aurreko urteko aldi metatu berarekin alderatuta, eta Energiak, berriz, urteko lehen lauhilekoan metatu duen produkzioa % 8,5 jaitsi da.
Lurralde historikoen arabera, 2023ko lehen lauhilekoko metatua balantze positiboarekin itxi da hiru lurraldeetan: Araban, % 4,2rekin; Bizkaian, % 0,8rekin, eta Gipuzkoan, % 0,7rekin.
INFORMAZIO-OHARRA
Eustatek eskerrak eman nahi dizkie informazio-bilketan elkarlanean jardun duten establezimendu guztiei. Haiei esker, hil honetako indizea laginaren % 92,87ko estaldurarekin kalkulatu da.
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eusTel.: 945 01 75 62