2023/07/27ko prentsa-oharra
INFORMAZIOAREN GIZARTEAREN INKESTA. ENPRESAK. 2023
Euskal establezimenduen % 53,4k komunikabide sozialak erabiltzen dituzte enpresa-xedeetarako 2023an
Euskal enpresetan lan egiten duten pertsonen % 10,6k telelana dute 2023an
Euskal establezimenduen % 53,4k komunikabide sozialak (sare sozialak, enpresen blogak, multimedia-edukia partekatzeko webguneak…) erabiltzen dituzte enpresa-xedeetarako. Proportzio hori lautik hirukoa (% 74,4) izatera iristen da 10 langile edo gehiagoko establezimenduetan, Eustatek landutako datuen arabera.
Enpresen eraldaketa digitalari dagokionez —4.0 Industria esaten zaiona—, komunikabide sozialen erabilera da, hain zuzen ere, enpresa-xedeetarako erabiltzen dituzten establezimenduen % 53,4rekin, analizatzen diren bederatzi adierazleen artean azpimarragarriena.
Ondoren, hodeiko zerbitzu informatikoak (cloud computing) daude. Establezimenduen % 31,0k ordaintzen dute ostatatze hori, zeinak ahalbidetzen baitu Internet konexioaren bidez, edonon kokatutako edozein gailu mugikor edo finko bat erabilita, enpresa baten informazioa edo zerbitzua irispidean izatea. Hirugarren tokian, bestalde, zibersegurtasun-jarduerak daude (% 22,7).
Gainera, % 10 eta % 15 bitarteko proportzioekin, bezeroentzako aplikazio mugikorrak (% 14,8), Gauzen Internet —IoT— (% 12,6) eta Big Data analisia (% 12,2) daude. Azkenik, % 6tik behera aurki ditzakegu adimen artifiziala (% 5,9), robotika (% 2,6) eta 3D inprimagailuak (% 2,4).
10 langile edo gehiagoko establezimenduen kasuan, ehuneko horiek nabarmen handiagoak dira, bereziki komunikabide sozialak enpresa-xedeetarako erabiltzeari eta ordainpeko hodeiko zerbitzu informatikoak erabiltzeari dagokionez. Lehen kasuan, tamaina horretako establezimenduen % 74,4ra iristen da, eta bigarrenean % 55,6ra.
Euskal AEko establezimenduetako 4.0 Industriaren adierazleak, enplegu-geruzaren arabera. 2023
| | Establezimendu guztiak | 10 langile edo gehiagoko establezimenduak |
| Gizarte-komunikabideen erabiltzea enpresa-helburuetarako | 53,4 | 74,4 |
| Zerbitzu informatikoen erabilera ordaintzeko "hodeian" | 31,0 | 55,6 |
| Enpresako aplikazio mugikorren erabilera | 14,8 | 27,2 |
| Gauzen interneten erabilera (IoT) | 12,6 | 28,1 |
| Zibersegurtasuneko jarduerak | 22,7 | 52,8 |
| Makrodatuen analisia (Big Data) | 12,2 | 25,5 |
| Adimen artifizialeko sistemen erabilera | 5,9 | 9,3 |
| 3D inprimagailuen erabilera | 2,4 | 10,5 |
| Robotikaren erabilera | 2,6 | 11,0 |
Data 2023ko Uztailaren 27a
Iturria: Eustat. Informazioaren gizartearen inkesta. Enpresak
Zibersegurtasun-jarduerak azken ehuneko horretatik oso hurbil daude (% 52,8). Urrun samar, baina betiere % 25etik gora, Gauzen Internet —IoT— (% 28,1), bezeroentzako aplikazio mugikorrak (% 27,2) eta makrodatuen analisia —Big Data— (% 25,5) daude. Azkenik, enpresen % 11,0k erabiltzen dute robotika —proportzioa % 19,7raino igotzen da industriaren sektorean—, eta 3D inprimagailuak eta adimen artifizialeko sistemak, berriz, 10 langile edo gehiagoko establezimenduen % 10,5ek eta % 9,3k erabiltzen dituzte, hurrenez hurren.
Ordainpeko “hodeiko” zerbitzu informatikoak (cloud computing) 10 langile edo gehiagoko establezimenduen erdiek baino gehiagok erabiltzen dituzte (% 55,6)
Ordainpeko “hodeiko” zerbitzu informatikoak (cloud computing) 10 langile edo gehiagoko establezimenduen % 55,6k erabiltzen dituzte. Zerbitzu horien artean honako hauek nabarmentzen dira: posta elektronikoa —hodeiko zerbitzu informatiko gisa— (% 46,8), fitxategiak biltegiratzea (% 46,4) eta bulegotika-programak —testu-tratamenduko programak edo kalkulu-orriak— (% 40,8). Ondoren, % 30etik gorako proportzioekin, honako hauek ere aipa daitezke: segurtasun-aplikazioak —birusen kontrako programak edo sarerako sarbidea kontrolatzekoak— (% 37,7), enpresaren datu-baseak ostatatzea (% 34,0) eta enpresaren tresna informatikoen funtzionamendurako gaitasun informatikoa (% 30,2).
Euskal AEko 10 langile edo gehiagoko establezimenduetako ordainpeko "hodeiko" zerbitzu informatikoak, jarduera-adarraren arabera ( %). 2023
| | Guztira | Industria | Eraikuntza | Zerbitzuak |
| Ordainpeko "hodeiko" zerbitzu informatikoak, | 55,6 | 50,4 | 58,5 | 56,9 |
| Posta elektronikoa (hodeiko zerbitzu gisa) | 46,8 | 43,6 | 39,5 | 48,4 |
| Ofimatikako programak (testu-prozesadoreak edo kalkulu-orriak) | 40,8 | 35,3 | 35,3 | 42,9 |
| Finantza- edo kontabilitate-kudeaketako aplikazioak | 28,9 | 24,3 | 31,2 | 30,1 |
| Enpresa-baliabideak planifikatzeko aplikazioak (ERP) | 23,0 | 25,0 | 25,6 | 22,2 |
| Bezeroekiko harremanak kudeatzeko aplikazioak (CRM) | 22,7 | 15,8 | 6,6 | 26,0 |
| Segurtasun-aplikazioak (birusen aurkako programa edo sarerako sarbidearen kontrola) | 37,7 | 34,3 | 43,5 | 38,2 |
| Enpresaren datu-baseak ostatatzea | 34,0 | 32,0 | 37,7 | 34,3 |
| Fitxategiak biltegiratzea | 46,4 | 43,0 | 43,2 | 47,6 |
| Enpresaren softwarearen funtzionamendurako gaitasun informatikoa | 30,2 | 25,4 | 22,7 | 32,3 |
| Aplikazioak garatzeko, saiakuntzak egiteko eta hedatzeko plataforma | 20,8 | 12,6 | 18,7 | 23,3 |
Data 2023ko Uztailaren 27a
Iturria: Eustat. Informazioaren gizartearen inkesta. Enpresak
Big Data 10 langile edo gehiagoko establezimenduen % 25,5ek erabiltzen dute 2023an
Makrodatuen analisia (Big Data) 10 langile edo gehiagoko establezimenduen % 25,5ek erabiltzen dute. Nabarmentzekoa da zerbitzu-sektoreko establezimenduek (% 29,1) industria-establezimenduek (% 14,3) eta eraikuntzakoek (% 21,5) baino askoz ere neurri handiagoan erabiltzen dutela.
Analizatutako datuen artean, honako hauek nabarmentzen dira: eragiketen erregistroetatik datozenak —salmenten xehetasunak, ordainketen erregistroak— (% 17,0) eta bezeroen datuak —erosketa, kokapen, hobespen eta abarri buruzko informazioa— (% 15,7). Horien atzetik daude webgunean lortutako datuak (% 13,0) eta sare sozialetan lortutakoak (% 10,4).
Euskal AEko 10 langile edo gehiagoko establezimenduetako makrodatuen analisia (Big Data) jarduera-adarraren arabera (%). 2023
| | Guztira | Industria | Eraikuntza | Zerbitzuak |
| Makrodatuen analisia (Big Data) | 25,5 | 14,3 | 21,5 | 29,1 |
| Eragiketen erregistroen datuak, hala nola salmenten xehetasunak, ordainketen erregistroak | 17,0 | 10,0 | 8,4 | 19,7 |
| Bezeroen datuak (erosketei buruzko informazioa, kokapena, lehentasunak, aipamenak edo bilaketak) | 15,7 | 6,9 | 8,4 | 18,9 |
| Sare sozialetako datuak, enpresaren sare sozialetako profilak barne | 10,4 | 3,8 | 5,6 | 12,8 |
| Webgunearen datuak (bilaketa-motorren joerak, web-orriak karrakatzea) | 13,0 | 4,6 | 8,8 | 15,8 |
| Gailu eramangarrien edo ibilgailuen erabileratik datozen lokalizazio-datuak | 9,3 | 5,2 | 11,7 | 10,3 |
| Gailu edo sentsore adimendunetatik datozen datuak | 7,8 | 6,0 | 6,4 | 8,4 |
| Agintari publikoen datu irekiak (erregistro publikoak, meteorologia, garraioa, etxebizitza...) | 7,3 | 1,9 | 3,3 | 9,3 |
| Satelite bidezko datuak (GPS bidezko lokalizazio-datuak izan ezik) | 2,5 | 1,0 | 0,2 | 3,2 |
Data 2023ko Uztailaren 27a
Iturria: Eustat. Informazioaren gizartearen inkesta. Enpresak
Euskal enpresetan lan egiten duten pertsonen % 10,6k telelana dute 2023an
Euskal enpresetako langileen % 10,6k enpresaren lokaletatik kanpo lan egin dute gutxienez lanaldiaren erdian, modu erregularrean, 2023an, eta, horretarako, sare telematikoak erabili dituzte IKT sistemekin —informazioaren eta komunikazioaren teknologiak— konektatzeko. Hori dela eta, telelangiletzat har daitezke.
Gainera, batez beste, langileen % 77,9k IKT sistemak —informazioaren eta komunikazioaren teknologiak— erabiltzen dituzte, eta % 10,2 IKT sistemetako langile espezialistak direla egiazta daiteke. Era berean, % 41,8k urruneko konexioa daukate, erabilera profesionaleko gailu eramangarri baten bidez.
Langile horiek sexuaren arabera analizatuz gero, nabarmendu daiteke, IKT sistemetako espezialisten artean izan ezik, kasu horretan gizonen ehunekoa (% 65,7) emakumeena (% 34,3%) baino handiagoa baita, aipatutako gainerako kategorietan ehunekoak oso antzekoak direla, ia % 50ean banatzen baitira.
Jarduera-sektoreen arabera, alabaina, IKT sistemetako espezialisten artean izan ezik, beti handiagoa baita gizonen ehunekoa, gainerako sektoreetan sexuen artean desberdintasunak daudela ikus daiteke. Hala, industrian eta eraikuntzan gizonen ehunekoa handiagoa da; zerbitzuetan, ordea, emakumeena da handiagoa.
Euskal AEko establezimenduetako IKT enplegatuak, lurralde historikoaren eta jarduera-adarraren arabera ( %). 2023
| | IKT erabiltzaileak | IKT espezialistak | Urruneko konexioa duten langileak | Telelangileak |
| | Guztira | Emakumeak | Gizonak | Guztira | Emakumeak | Gizonak | Guztira | Emakumeak | Gizonak | Guztira | Emakumeak | Gizonak |
| Euskal AE | 77,9 | 49,5 | 50,5 | 10,2 | 34,3 | 65,7 | 41,8 | 46,6 | 53,4 | 10,6 | 49,4 | 50,6 |
| Araba/Álava | 76,9 | 49,4 | 50,6 | 9,1 | 35,8 | 64,2 | 38,8 | 46,9 | 53,1 | 10,7 | 52 | 48 |
| Bizkaia | 77,6 | 49,5 | 50,5 | 10,5 | 34,1 | 65,9 | 42,3 | 46,1 | 53,9 | 10,5 | 49,6 | 50,4 |
| Gipuzkoa | 78,7 | 49,7 | 50,3 | 10,3 | 33,7 | 66,3 | 42,6 | 47,2 | 52,8 | 10,7 | 47,7 | 52,3 |
| Jarduera-adarra | | | | | | | | | | | | |
| Industria | 67,2 | 31,1 | 68,9 | 5,7 | 24,1 | 75,9 | 35,8 | 31,5 | 68,5 | 9,6 | 38,3 | 61,7 |
| Eraikuntza | 65,5 | 27,8 | 72,2 | 6,0 | 27,8 | 72,2 | 57,2 | 24,1 | 75,9 | 8,8 | 43,4 | 56,6 |
| Zerbitzuak | 81,7 | 56,3 | 43,7 | 11,8 | 37,6 | 62,4 | 42,3 | 52,9 | 47,1 | 11,0 | 53,5 | 46,5 |
Data 2023ko Uztailaren 27a
Iturria: Eustat. Informazioaren gizartearen inkesta. Enpresak
Euskal enpresek ia erabilgarritasunik handiena erdietsi dute IKT ekipamendu nagusietan
Euskal enpresen IKT ekipamenduei —informazioaren eta komunikazioaren teknologiak— dagokienez, adierazi beharra dago gero eta hobeto prestatuta daudela eta teknologia horiek erabiltzen dituzten langileen ehunekoa ere handiagoa dela. Gaur egun, establezimenduen % 95,9k ordenagailua daukate, % 94,7k Interneterako sarbidea dute, eta enpresen erdiek baino gehixeagok (% 54,4) web-orria daukate.
10 langile edo gehiagoko establezimenduetan, ekipamenduei dagozkien ehuneko horiek ia maximora iristen dira. Hala, % 99,4k ordenagailua daukate, ehuneko berak (% 99,4) du Interneterako sarbidea, eta % 92,3k dute web-orria. Beraz, establezimendu txikiagoek ez bezala, ia ez dute hazteko marjinarik.
Euskal AEko establezimenduetako informazioaren teknologien ekipamenduak, lurralde historikoaren eta enplegu-geruzaren arabera. 2023
| | Ordenagailu pertsonala | Internet | Webgunea |
| | % establ. ald | % enplegu. ald | % establ. ald | % enplegu. ald | % establ. ald |
| Euskal AE | 95,9 | 75,7 | 94,7 | 73,2 | 54,4 |
| Araba/Álava | 96,6 | 73,7 | 96,5 | 69,6 | 55,5 |
| Bizkaia | 95,2 | 76,2 | 93,4 | 74,1 | 52,9 |
| Gipuzkoa | 96,6 | 76,0 | 96,1 | 73,7 | 56,5 |
| Enplegu-geruzak | | | | | |
| 0tik 9ra | 95,5 | 79,1 | 94,2 | 79,0 | 50,8 |
| 10 eta gehiagokoak | 99,4 | 74,2 | 99,4 | 70,5 | 92,3 |
Data 2023ko Uztailaren 27a
Iturria: Eustat. Informazioaren gizartearen inkesta. Enpresak
Teknologia horiek erabiltzen dituzten langileen ehunekoari dagokionez, langileen % 75,7k ordenagailua erabiltzen dute eta % 73,2k Interneterako sarbidea dute.
Segurtasun informatikoa oso hedatuta dago euskal enpresen artean
Bestalde, enpresen % 90,5ek segurtasun informatikoko neurriren bat daukate. Neurri horien artean nabarmentzen dira, % 30etik gora, software eguneratua izatea (% 86,5), pasahitz segurua (% 84,0), kanpoko babeskopiak (% 65,4), sarerako sarbide-kontrola (% 41,7) eta datu-zifratzea (% 35,5). 10 langile edo gehiagoko enpresen kasuan, ehuneko horiek guztiak handiagoak dira. Izan ere, ia guztiek (% 98,5) erabiltzen dute segurtasun informatikoko neurriren bat.
Euskal enpresa guztien % 54,4k presentzia dute Interneten web-orriaren bidez (proportzioa % 92,3ra iristen da 10 langile edo gehiagokoetan)
Enpresek gero eta garrantzi handiagoa ematen diote Interneten web-orri baten bitartez agertzeari. Hala, azken urtean, sarean presentzia dutenak guztien % 54,4 dira. 10 langile edo gehiagoko enpresetan, aldiz, proportzio hori % 92,3ra iristen da.
Web-orri horietan informazio hau aurki daiteke, besteak beste: enpresari berari buruzko informazio orokorra, produktu-katalogoa eta eskaintzen dituen zerbitzuak, informazioaren pribatutasun-deklarazioa, enplegu-eskaintzak eta saldu ondoko zerbitzuak.
Sarbide-hizkuntzari dagokionez, gaztelania nabarmentzen da (kasuen % 98,6), eta, horren atzetik, euskara (% 43,8), ingelesa (% 30,1) eta beste hizkuntza batzuk (% 14,9).
10 langile edo gehiagoko euskal enpresetan webgunea edukitzeari eta komunikabide sozialak erabiltzeari dagozkion datuak Europako (EB-27) batezbestekoaren gainetik daude
Nazioartean, eta EB-27rekin ezin hobeto konparatu ahal izateko, 10 langile edo gehiagoko enpresen datuak eta Eurostatek biltzen dituen jarduerak erabili behar dira (ez dituzte kontuan hartzen finantza-sektorea, administrazio publikoa eta abar). Kontuan izan behar da, halaber, Eustatek informazio eguneratuagoa badauka ere, orain argitaratutakoa baino lehenagoko informazioa erabili behar dela, 2021. urtekoa. Urte horretan, ezaugarri horietako euskal enpresen artean, webgunea zutenen proportzioa (% 90,5) 27en Europar Batasuneko batezbestekoa (% 77,7) baino handiagoa zen, eta, gainera, komunikabide sozialak neurri handiagoan erabili zituzten: % 62,7 Euskal AEn 2021ean, eta % 52,1 batez beste EB-27n.
OHAR INFORMATIBOA
Eustatek eskerrak eman nahi dizkie estatistika hau egiten lagundu duten enpresa eta erakunde guztiei. Izan ere, informazioa biltzeko lanak 2023ko urtarriletik maiatzera bitartean egin dira, eta lortu den erantzun-tasa % 82,5ekoa izan da.
Aurtengo zabalkundean izan diren nobedadeen artean, komunikabide sozialen, ordainpeko “hodeiko” zerbitzu informatikoen, Gauzen Interneten (IoT) eta Big Dataren erabilerari buruzko informazioa sartu da.
Informazio gehiago nahi izanez gero:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62