2023/07/17ko prentsa-oharra
HIRUHILEROKO KONTUEN AURRERAPENA (HKEA). 2023/II
Euskal AEko BPGa % 0,5 hazi da, eta enplegua % 0,7, 2023ko bigarren hiruhilekoan
2022ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, BPGaren hazkundea % 1,6koa da, eta enpleguarena, berriz, % 1,5ekoa
Euskal AEko barne-produktu gordina (BPGa) % 0,5 igo da 2023ko bigarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta ondoz ondoko hamabigarren hiruhilekoa da zeinean hiruhilekoen arteko tasak positiboak diren, Eustatek egindako Hiruhileroko Kontuen Aurrerapenaren kalkuluen arabera. 2022ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, Euskal AEko BPGa % 1,6 igo da.
Aurrerapen hau egitean eskura zegoen koiunturazko informazio ekonomikoaren arabera, jarduera pixka bat desazeleratu da urtetik urtera, Euskal AEko ekonomiaren sektore nagusietan. Hala ere, bilakaera positiboa da oraindik ere.
Enplegua, lanaldi osoaren baliokide diren lanpostu gisa neurtuta, % 0,7 igo da 2023ko bigarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, % 1,5eko hazkundea aurreikusten da. Laugarren hiruhilekoz jarraian, lanaldi osoaren baliokide diren milioi bat lanpostu baino gehiago daude okupatuta.
Irailaren 19an, Eustatek BPGaren eta enpleguaren zenbatespen bereiziak argitaratuko ditu 2023ko bigarren hiruhilekoko Hiruhileroko Kontuetan, Aurrerapen hau egitean eskura ez zegoen koiunturazko informazio ekonomikoa erantsi ondoren.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62