2023/07/26ko prentsa-oharra
ZERBITZUEN INKESTA. ASKOTARIKO ZERBITZUAK. 2021
Askotariko zerbitzuen sektorearen fakturazioak markak hautsi ditu: 9.000 milioi euro baino gehiago 2021ean Euskal AEn
Aldakuntzarik positiboenak: kultura-jarduerak (+% 89,9) eta posta-jarduerak (+% 60,5)
Askotariko zerbitzuen sektoreko establezimenduen negozio-zifra 9.104 milioi eurotan kokatu zen 2021ean, COVID-19aren pandemia hasi zen urtearen hurrengoan, jarduera ekonomikoaren neurri murriztaileenak arindu zirenekoan. Beraz, negozio-zifra aurreko urtekoa baino % 17,8 handiagoa izan zen Eustatek landutako datuen arabera.
Establezimendu kopurua ere % 1,3 handitu zen, guztira 23.851 izatera iritsi arte, eta enplegudunen kopurua ere % 1 igo zen (82.188 pertsona). Askotariko zerbitzuen sektoreko establezimenduek sortutako balio erantsia 4.539 milioi eurora iritsi zen; % 11,1 igo zen, beraz.
Iturria: Eustat. Zerbitzuen inkesta
Aldi erabilgarriak
Kultura-jarduerak (+% 89,9) eta posta-jarduerak (+% 60,5) izan dira 2020. urtearen aldean gehien hazi direnak
Askotariko zerbitzuen sektorea oso jarduera multzo heterogeneoak osatzen du. Garrantziagatik, garraioari lotutako jarduerak eta informatika izeneko dibisioak nabarmentzen dira. Lehenak 3.272 milioi euroko fakturazioa du, hots, sektore horren guztizkoaren % 35,9, eta bigarrenak 1.549 milioi euroko fakturazioa, hau da, guztizkoaren % 17, eta bien artean guztizko negozio-zifraren % 53 metatzen dute, nahiz eta askotariko zerbitzuen sektoreko enpleguaren % 33,8 eta establezimendu guztien % 13,5 besterik hartzen ez duten.
Garraioari lotutako jarduerek 11.344 pertsonari baino gehiagori ematen diete lana mila establezimendu baino gehiagotan (1.062). Informatikan aritzen diren 2.165 establezimenduek, berriz, guztira 16.461 pertsonari eman diete enplegua 2021ean. Bi dibisio horiek hobetu egin dute 2020ko salmenta-zifra: garraioari lotutako jarduerek % 11,6, eta informatikak % 7,1.
Era berean, informatikaren dibisioan enplegua % 4,2 igo da eta, enplegatutako 16.461 pertsonarekin, serie historiko ezaguneko maximoa ezarri du. Establezimendu kopurua ere % 2,2 igo da. Aitzitik, garraioari lotutako jardueretan, enplegua % 3,1 jaitsi da eta establezimendu kopurua ia konstante mantendu da, 2020aren aldean establezimendu bat bakarrik galdu baita.
Iturria: Eustat. Zerbitzuen inkesta
Aldi erabilgarriak
Horien atzetik, negozio-zifrari dagokionez, kultura-jarduerak izeneko dibisioa dago. Izan ere, ia 1.022 milioi euroko fakturazioa izan zuen 2021ean, hots, 2020an baino % 89,9 gehiago. Hala eta guztiz ere, ez da iritsi 2019an lortutako 1.069 milioi euroko marka ikusgarrira —aurreko urteetan apenas lortu zen 800 milioi euroko zenbatekoa gainditzea—; beraz, historiako bigarren erregistrorik onena da. Kultura-jarduerek 2021. urtean 7.619 pertsonari baino gehiagori eman zieten enplegua 2.774 establezimendutan. Maximoak izan ziren bi kasuetan, aurreko urtearen aldean enplegua % 4 hazi baitzen, eta establezimendu kopurua % 4,1.
Hurrengo dibisioa, negozio-zifrari dagokionez, kirol- eta jolas-jarduerak izenekoa da. Izan ere, 816 milioi euro inguruko fakturazioarekin, 10.365 pertsonari ematen die enplegua 1.801 establezimendutan. Dibisio horretan, 2021. urtean negozio-zifrak % 16,4 egin du gora, enpleguak % 0,3 eta establezimendu kopuruak % 5,4.
Higiezinen jarduerak deritzon dibisioa aurrekotik hurbil dago negozio-zifrari dagokionez, 705,4 milioi eurokoa da-eta. Ez dago egoera horretan, ordea, enpleguari dagokionez, gutxi gorabehera haren erdia baita (5.208 pertsona), ezta establezimendu kopuruari dagokionez ere (3.041). 2021. urtean negozio-zifrak % 12,1 egin du gora; enpleguak ez, ordea, % 0,4 egin baitu behera, ezta establezimendu kopuruak ere, % 1,6 jaitsi baita.
Beste zerbitzu pertsonal batzuk deritzon epigrafeak era askotako jarduerak biltzen ditu, hala nola ile-apainketa eta beste edertasun-tratamendu batzuk, jantzien garbiketa eta ikuzketa edo mantentze fisikorako jarduerak, besteak beste. Jarduera multzo horrek ere igoera nabarmena izan du negozio-zifran (% 16,1), eta 456 milioi eurora iritsi da. Establezimendu kopuruak, era berean, igoera apala izan du (% 1). Aitzitik, enpleguak % 1,4 egin du behera. 63 milioi euro gehiago fakturatu arren, beste zerbitzu pertsonal batzuk 2019an izan zuten maila baino nabarmen beherago daude oraindik 2021ean. Urte hartan negozio-zifra 539 milioi euro izan zen; beraz, 2021ean zifra % 15,4 txikiagoa da.
Halaber, finantza-laguntzaileak izeneko dibisioak portaera positiboa izan du fakturazioan, % 10,1 hazi da-eta; enpleguak ere gora egin du (% 1,1), baita establezimendu kopuruak ere (% 1,9).
Euskal AEko hainbat zerbitzu-sektoretako aldagai nagusiak, jarduera-taldearen arabera (mila euro). 2021
| | Establezimenduak | Landun-kopurua | Negozio kopurua | Pertsonal gastuak |
| | Balioa | Urteko aldakuntza (%) 2021-2020 | Balioa | Urteko aldakuntza (%) 2021-2020 | Balioa | Urteko aldakuntza (%) 2021-2020 | Balioa | Urteko aldakuntza (%) 2021-2020 |
| Garraioarekin uztartutako jarduerak | 1.062 | -0,1 | 11.344 | -3,1 | 3.271.939 | 11,6 | 565.454 | -3,2 |
| Posta zerbitzuak | 1.142 | 2,9 | 5.078 | 6,2 | 306.322 | 60,5 | 129.270 | 20,6 |
| Argitalpenak | 348 | -2,5 | 1.745 | 0,5 | 195.236 | 10,8 | 69.315 | 3,6 |
| Ikusentzunezkoak, zinea, irratia, telebista | 821 | 4,9 | 3.512 | 6,7 | 188.248 | 22,8 | 148.230 | 14,7 |
| Informatika | 2.165 | 2,2 | 16.461 | 4,2 | 1.549.391 | 7,1 | 707.130 | 5,1 |
| Finantza-laguntzaileak | 2.621 | 1,9 | 4.861 | 1,1 | 444.436 | 10,1 | 166.068 | 8,6 |
| Higiezinen jarduerak | 3.041 | -1,6 | 5.208 | -0,4 | 705.385 | 12,1 | 166.948 | 7,1 |
| Kultur jarduerak | 2.774 | 4,1 | 7.619 | 4,0 | 1.021.578 | 89,9 | 225.136 | 22,8 |
| Kirol eta aisialdi jarduerak | 1.801 | 5,4 | 10.365 | 0,3 | 815.605 | 16,4 | 503.108 | 3,6 |
| Ordenagailuen eta beste artikuluen konponketa | 1.045 | -5,9 | 2.138 | -7,9 | 150.287 | -10,0 | 45.932 | -5,2 |
| Beste zerbitzu pertsonal batzuk | 7.031 | 1,0 | 13.857 | -1,4 | 455.966 | 16,1 | 168.191 | 14,4 |
Data 2023ko Uztailaren 26a
Iturria: Eustat. Zerbitzuen inkesta
Horien atzetik datoz posta-jarduerak. Jarduera horiek gorakada nabarmena izan dute fakturazioan: 2020an, 191 milioi eurokoa izan zen, eta, 2021ean, aldiz, 306 milioi eurokoa, hots, % 60,5 handiagoa. Horri esker, aise gainditu dira 2019ko zifrak (% 19 gehiago). Halaber, gora egin dute enpleguak (% 6,2) eta establezimendu kopuruak (% 2,9).
Gainerako jarduerek 200 milioi eurotik beherako fakturazioa izan dute 2021. urtean, eta, era berean, igoerak izan dituzte fakturazioan, baina mugimendu desberdinak beste bi aldagaietan.
Hala, ikus-entzunezkoak, zinema, irratia eta telebista izeneko dibisioaren negozio-zifrak nabarmen egin du gora (% 22,8), baina, 2020an izandako % 27,9ko beherakadaren ondorioz, negozio-zifra 2019koa baino % 11,5 txikiagoa da oraindik ere. Halaber, enplegua % 6,7 igo da, eta establezimendu kopurua % 4,9. Bestalde, edizio-jardueren kasuan, fakturazioa % 10,8 igo da, eta enplegua % 0,5, baina establezimendu kopurua jaitsi egin da (–% 2,5). Azkenik, ordenagailuen eta beste artikulu batzuen konponketaren kasuan —gutxien fakturatzen duen jarduera—, negozio-zifra % 10 jaitsi da 2021ean —2019an baino % 13,6 gutxiago—; lanean ari diren langileak % 7,9, eta horretan aritzen den establezimendu kopurua % 5,9.
Lurraldeen araberako analisia
Askotariko zerbitzuen sektorearen negozio-zifrak gora egin du Gipuzkoan (% 22), Bizkaian (% 17,5) eta Araban (% 10,8)
Lurralde-banaketari dagokionez, establezimenduen erdiak baino gehiago (12.902) Bizkaian daude, 7.845 Gipuzkoan eta 3.104 Araban. Zifra erlatiboei dagokienez, hurrenkera berean, % 54,1, % 32,9 eta % 13 hartzen dute, hurrenez hurren.
Jarduera guztiei dagokienez, establezimendu kopuruak gora egin du hiru lurraldeetan 2020ko datuen aldean: Araban % 3,5, Gipuzkoan % 1,8 eta Bizkaian % 0,6.
Ikuspuntu kuantitatibotik begiratuta, beste zerbitzu pertsonal batzuen jarduera izan da ugariena: 3.784 establezimendu Bizkaian (lurraldeko establezimenduen % 29,3), 2.361 Gipuzkoan (% 30,1) eta 886 Araban (% 28,5).
Enplegua analizatuz gero, lurralde-banaketak gure erkidegoko askotariko zerbitzuen sektoreko 2021eko enplegu osoaren % 56,1 esleitzen dio Bizkaiari, % 29,2 Gipuzkoari eta % 14,7 Arabari. Bestela esanda, Bizkaian 46.100 langile, Gipuzkoan 24.033 eta Araban 12.055 daude sektore horretan.
Kasu horretan, konparazio modura, lurralde bakoitzeko jarduerarik adierazgarrienak honako hauek dira: Bizkaian informatika (lurraldeko enplegu osoaren % 23,6), Gipuzkoan beste zerbitzu pertsonal batzuk (% 18,3) eta Araban garraioari lotutako jarduerak (% 18,4). Enplegu-bolumenari dagokionez, honako beste jarduera hauek nabarmendu litezke: Araban informatika (% 17,6), Bizkaian beste zerbitzu pertsonal batzuk (% 16,5) eta Gipuzkoan kirol- eta jolas-jarduerak (% 14,4).
Informazioa erabilgarri izan den azken urtean enpleguak bilakaera positiboa izan du hiru lurralde historikoetan. Hala, Araban % 2,9 igo da enplegua, Gipuzkoan % 1,5 eta Bizkaian % 0,3.
Bestalde, negozio-zifrak oso bilakaera positiboa izan du hiru lurraldeetan. Gipuzkoan igoera nabarmentzeko modukoa izan da (% 22); Bizkaian ere nabarmen egin du gora (% 17,5), eta Arabako igoera ere oso positiboa izan da (% 10,8).
Euskal AEko hainbat zerbitzu-sektoretako aldagai nagusiak, lurralde historikoaren arabera (mila euro). 2021
| | Euskal AE | Gehikuntza % 2021-2020 | Araba/Álava | Gehikuntza % 2021-2020 | Bizkaia | Gehikuntza % 2021-2020 | Gipuzkoa | Gehikuntza % 2021-2020 |
| Establezimenduak NU | 23.851 | 1,3 | 3.104 | 3,5 | 12.902 | 0,6 | 7.845 | 1,8 |
| Landunkopurua NU | 82.188 | 1,0 | 12.055 | 2,9 | 46.100 | 0,3 | 24.033 | 1,5 |
| Negozio kopurua | 9.104.393 | 17,8 | 1.202.921 | 10,8 | 5.290.309 | 17,5 | 2.611.163 | 22,0 |
| Hornidurak | 3.398.468 | 27,2 | 421.936 | 11,3 | 1.996.352 | 27,8 | 980.180 | 34,1 |
| Pertsonal gastuak | 2.894.782 | 5,9 | 418.431 | 6,6 | 1.647.239 | 5,7 | 829.112 | 6,0 |
Data 2023ko Uztailaren 26a
Iturria: Eustat. Zerbitzuen inkesta
Langile-gastuak negozio-zifran aipatutako igoerekin bat etorri dira. Araban % 6,6raino igo dira, Gipuzkoan % 6raino eta Bizkaian % 5,7raino.
Oharra: 2021eko Zerbitzuen Inkestako askotariko zerbitzuen atala osatzen duten establezimenduek, JESN-2009 sailkapenaren arabera, jarduera esklusiboa edo nagusia honako jarduera-dibisio hauetakoren batean dute: 52, 53, 58, 59, 60, 62, 63, 66, 68, 90, 91, 92, 93, 95 eta 96.
Informazio gehiago nahi izanez gero:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62