2015eko ekainaren 11ko prentsa-oharra

EGITURAZKO ADIERAZLEAK. EUROPA 2020

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Euskal AEk hobera jo du Okupazioari, Klima eta energiari, eta Hezkuntzari buruzko Europa 2020 adierazleetan

Europa 2020 Estrategian hautatutako bederatzi adierazleetatik, Euskal AEk 28ko Europar Batasunak baino maila hobea lortu du bostetan, Eustaten datuen arabera. Horietako batzuetan, hezkuntzarekin zerikusia dutenetan, 2020 urterako ezarritako helburua lortu da.

Adierazleen bilakaerari dagokionez, iazko aldean, positiboak izan dira Okupazioari, Klima eta Energiari eta Hezkuntzari buruzkoak; I+G-ari eta Pobreziari buruzkoetan, ordea, atzerakadak erregistratu dira. Helburuei bagagozkio, Europako estrategiak ezarritako jomugetatik urruti gaude Okupazioari, I+G-ari eta Klima eta energiari dagokionez; Hezkuntza-arloko adierazleak, berriz, soberan gainditu dira. Ekonomiaren egoera negatiboaren ondorioz, atzerakada ikus daiteke pobrezia adierazleetan, esparru guztietan ikusi ere, salbu eta Gabezia material larria jasaten duten herritarren adierazlean, sei portzentaje-hamar goratu baitzen 2014an, 2012ko aldean.

1- taula.- 2020 Europa adierazleak
Iturria: Eustat. Egiturazko adierazleak. Europa 2020

Europa 2020 Estrategia Europako Kontseiluak onartu zuen 2010ean, eta hamarkada honetarako agenda da guztiontzat. Lehenetsi egiten du hazkunde adimendun, jasangarri eta integratzailea, Europako ekonomiaren egiturazko ahulguneak gainditzeko, lehiakortasuna eta produktibitatea hobetzeko eta gizarte-ekonomia jasangarria bultzatzeko. Bost helburu nagusi ditu. Hain zuzen:

1) 20 eta 64 urte bitarteko herritarren % 75ek lana edukitzea.

2) I+Gren alorrean, barne-gastuak BPGd-aren % 3 izatea.

3) Klimaren eta energiaren alorrean «20/20/20» helburua lortzea: berotegi-efektua eragiten duten gasen isuria % 20 murriztu, energia-kontsumoa % 20 murriztu eta energia berriztagarrien kontsumoa % 20 izatea sustatu.

4) Eskola uzten dutenen ehunekoa % 10etik beherakoa izatea, eta belaunaldi gazteenaren % 40k, gutxienez, goi-mailako ikasketa osoak izatea.

5) Pobrezia-arriskuak EBn 20 milioi pertsona gutxiagori mehatxu egitea.

Helburuon jarraipena egiteko, Eustatek Euskal AErako prestatu eta bildutako adierazle nagusi batzuk erabiltzen dira.

Europar Batasuneko batez bestekoaren aldean, Euskal AEk balio hobeak lortu ditu bost adierazle hauetan: Lehen mailako energiaren kontsumoa, Energiaren azken kontsumoa, Eskola-uzte goiztiarraren tasa, Goi-mailako hezkuntza, eta Pobrezia- edo bazterkeria-arriskuan dagoen biztanleria.

Europako batez bestekoaren azpitik dago, ordea, adierazle hauetan: Okupazio-tasa, I+G arloko barne-kontsumo garbia, Berotegi-efektua eragiten duten gasen isuria eta Energia berriztagarrien kuota. Estatu osoari dagokionez, Euskal AEko adierazle guztiak daude Espainiako adierazleen gainetik daude, salbu eta energia berriztagarrien kuotari eta energiaren azken kontsumoari dagozkionak.

Dena den, nabarmentzekoa da markatutako helburuetaranzko bidean gorabeherak egon daitezkeela aztertutako urte desberdinetan, eta are gehiago gaur egungo egoera ekonomikoan; izan ere, zenbait atzerakada gertatzen ari dira adierazle batzuetan, abiapuntu-balioekiko.

Euskadin, 2013an, 3,6 puntu beheratu zen lehen mailako energiaren kontsumoa, 82,7ra jaitsi arte, 2005eko abiapuntu balioa 100 izanik. 2008tik, adierazlean 102,3 gehieneko balioa lortu zen unetik, arian-arian beheratu da adierazlea. Energiaren azken kontsumoari dagokionez, 2010etik hona, joera positiboa erregistratu da finkatutako helburuari dagokionez: urte hartan hasi zen jaisten, pixkanaka, 91,6 puntutan kokatu zen arte 2013an. Hemen ere, 2005eko abiapuntu-balioa 100 zen. Dena den, baliteke energiari buruzko bi adierazle horiek ekonomia-jardueraren maila jaitsi delako hobetu izana –Europar Batasunean eta Espainian ere hobetu dira orotara– finantzaren eta ekonomiaren krisialdiaren ondorioz, eta ez energiaren kontsumo-ereduan egiturazko aldaketa bat egotearen ondorioz. Beraz, itxaron beharko dugu, eta, ikusi ea zer-nolako bilakaera duten adierazleek egoera ekonomikoa mesedegarriagoa denean.

Aldean, emaitza hobeagoak lortu dira 18tik 24ra urte bitarteko herritarren Eskola-uzte goiztiarren tasari eta 30etik 34ra bitarteko biztanleen Goi-mailako hezkuntza-tasari dagokienez. Are gehiago, EBk finkatutako helburuak gainditzen ditu: % 10 baino gutxiagokoa da lehen tasa, eta % 40 gutxienez bigarrena. Urtez urte hobetzen jarraitzen dute balio horiek, zeren, 2014an, % 7,2 izatera iritsi zen eskola-uzte goiztiarraren tasa (zortzi hamarren txikiagoa, 2013ko tasaren aldean), eta % 48,9 izatera goi-mailako hezkuntza jaso duten pertsonen tasa (emakumeen kasuan, % 58 izatera iritsi zen).

Bestalde, pobrezia- edo bazterkeria-arriskuan dauden herritarren adierazlea honako hiru adierazle hauen arteko konbinazio bat da:

Oso lan-intentsitate baxuko etxebizitzetan bizi diren herritarrak: Zehaztutako % 20ko atalasea baino lan-intentsitate txikiagoa duten etxebizitzetan bizi diren pertsonak.

Gizarte-transferentziak jaso ondoren pobrezia-arriskuan bizi diren herritarrak: Errenta nazional erabilgarri baliokideari dagokion batez bestekoaren % 60an zehaztu da adierazle honen pobrezia-atalasea.

Gabezia material larria jasaten duten herritarrak: Proposatutako bederatzi egoera hauetatik gutxienez lauri aurre egiteko baliabiderik ez duten pertsonak: 1) alokairua eta ohiko fakturak ordaintzeko 2) bizilekua ondo berotzeko 3) ustekabeko gastuei aurre egiteko 4) haragia, arraina edota proteina baliokideak erregulartasunez jateko (bi egunean behin) 5) astebete etxetik kanpo oporretan emateko 6) kotxe bat edukitzeko 7) garbigailu bat edukitzeko 8) koloretako telebista edukitzeko edo 9) telefonoa edukitzeko.

Osatutako adierazlearen nahiz hura osatzen duten hiru adierazleen kasuan, Europar Batasuneko eta Espainiako batez bestekoek baino tasa hobeak erregistratzen dituzte pobrezia- edo bazterkeria-arriskuan dauden Euskal AEko herritarrek; izan ere, Europako tasa baino ia bost puntu txikiagoa izan zen pobrezia- edo bazterkeria-arriskuaren adierazle erantsiaren tasa: Euskadiko herritarren % 22,7ri eragingo lieke (2014an); 2013ko Europako % 24,5eko eta Espainiako 2014ko % 29,2ko balioaren aldean. Hala eta guztiz ere, 2012ko adierazleen aldean (konparatu daitekeen azken urtea), atzerakadak erregistratu dira adierazle horietan: gora egin du pobrezia- nahiz bazterkeria-arriskuan dauden herritarren kopuruak, salbu eta gabezia material larria jasaten duten herritarrena, 2014an leunki beheratu zen eta.

Mutur negatiboenean, berriz, Euskal AEko 20 eta 64 urte arteko herritarren okupazio-tasa dago. 2014an (% 67,5), mantentzen den arren 2013an erregistratutako goranzko joera, % 75eko helburutik 7,5 puntura dago oraindik ere, ekonomia-krisiaren eragin zuzena dela medio. Hala emakumeen artean nola gizonen artean ikus daiteke gorakada leun hori. 2008ko datuen aldean, 3,5 portzentaje-puntu murriztu da guztizko okupazio-tasa. Joera bera ikus daiteke Europar Batasunean, guztira, bai eta Espainian ere. 2013ko tasen aldean, apur bat hobetu dira hirurak.

2013an, I+G alorreko barne-gastu garbiak BPGaren portzentaje baxuagoak hartu zituen Euskal AEn (% 1,99), 28ko EBko portzentajeen aldean (% 2,02); biak ala biak urruti geratu ziren ezarritako % 3 helburutik eta Espainiako ehunekoaren (% 1,24) oso gainetik. 2013 arte, bilakaera positiboa mantentzea lortu zen, krisia gorabehera; 2014an, berriz, atzerakada leun bat jazo da.

Era berean, 28ko EBko batez bestekoaren azpitik daude klima-saileko adierazleak ere: batetik, eta 2008an arlo honetan erregistratutako 120,0ko adierazlea hobetu bada ere, Berotegi-efektuko gas isurien adierazleak 101,1eko zifra eman zuen Euskal AEn, eta 82,1ekoa, berriz, 28ko EBn; bestetik, Energia berriztagarrien kuota energiaren kontsumo oso gordinean % 7,5 izan zen Euskal AEn: urruti dago ezarritako helburutik (% 20), eta baita Europako (% 15) eta Espainiako (% 15,4) batez besteko zifretatik, azken bi adierazle horiek joera positiboa mantendu dutenez.

Informazio gehiago:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62 Egiturazko adierazleak europa 2020ri buruzko prentsa-ohar gehiago

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal AEk hobera jo du Okupazioari, Klima eta energiari, eta Hezkuntzari buruzko Europa 2020 adierazleetan

Eragiketa : 
Egiturazko adierazleak
Eragiketa kodea : 
172502
Periodikotasuna : 
Etengabea
Denbora arloa : 
2010-2024
Eguneratze data : 
2015/06/11
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Sintesia
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://eu.eustat.eus/elementos/not0021112_e.html
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Datuak

Estatistika taulak

Grafiko interaktiboak

Datu Bankua

Txostenak

Mikrodatuak

Metadatuak

Metodologia eta Kalitatea

Definizioak

Kode eta izendegiak

Galdesortak

Informazio gehigarria

Egutegia

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali