2023/09/26ko prentsa-oharra
ETXERIK GABEKO PERTSONENTZAKO BALIABIDEEN ESTATISTIKA. 2022
2022an, etxerik gabeko pertsonentzako arreta-zentroen gastuak % 15,8ko igoera izan zuen Euskal AEn, 2020. urtearekin alderatuta
Zentroetan arreta jaso duten pertsonen kopuruak behera egin du 2020. urtearekin alderatuta, baina genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen plazek % 57ko igoera izan dute
Eustaten datuen arabera, Euskal AEko gizarte-zerbitzuen etxerik gabeko pertsonentzako arreta-zentroen gastua 76 milioi eurora iritsi zen 2022. urtean, eta, beraz, 2020an, pandemiaren urtean alegia, baino % 15,8 handiagoa izan zen. Etxerik gabeko pertsonentzako arreta 276 zentroz eta zerbitzuz osatutako sare baten bidez eskaini zen. Sare horrek eguneko 3.410 pertsonari eman zien ostatu batez beste, hau da, 2020an baino % 1,8 gutxiagori. Ostatu hartu zuten pertsonen artean, 638 (batez beste) bizitegi-bazterketa larriko etxegabeak izan ziren. Sare horretan, 2.385 langilek jardun zuten.
Baliabide guztiek 4.313 ostatu-plaza eskaini zituzten (urteko batezbestekoa), hau da, 2020an baino 53 gehiago, eta okupazio-maila % 79ra iritsi zen. Plaza horietatik, harrera-zentroetan eskainitako plazek % 16,2ko beherakada izan zuten. Etxebizitzen eskaintzak, berriz, gora egin zuen 2020. urtearekin alderatuta, eta eskainitako plazak % 19,2 gehiago izan ziren. Etxerik gabeko pertsonentzat eskuragarri dauden etxebizitzen batez besteko kopuruak % 23,1eko igoera izan zuen, eta arreta jaso duten familien ehunekoa bikoiztu egin da azken bi urteetan.
Halaber, eguneko 1.375 plaza eskaini ziren, eta % 88ko okupazioa izan zuten. Otorduen esparruan, batez beste 4.472 zerbitzu eman ziren egunero, gosariak, bazkariak eta afariak kontuan hartuta, hau da, bi urte lehenago baino ia % 20 gutxiago.
Euskal AEk Estatuko ostatu-plazen % 16,2 eskaini zituen
Bi ezaugarri nabarmendu dira etxerik gabeko pertsonentzako euskal arreta-sarean: euskal zentroen tamaina txikiagoa eta bertan diharduten lantaldeen profesionalizazio handiagoa, kontuan hartuta Euskadin % 73,6 soldatako langileak eta % 19 boluntarioak direla, eta Estatuan, berriz, ehuneko horiek % 49,5 eta % 44,6 direla, hurrenez hurren. Gainera, euskal sareak Estatuko ostatu-plaza guztien % 16,2 eskaini zituen.
Baliabide horien erabilerari dagokionez, ostatua eskaintzen duten Euskal AEko zentroetan etxerik gabeko 3.410 pertsonak egin zuten lo egunean batez beste, eta Estatu osoan, berriz, 21.684 pertsonak. Beraz, Estatuko guztizkoaren % 15,7 izan ziren.
Baliabideak hiriburuetan biltzeko joera dago
Etxerik gabeko pertsonek hiri handietan biltzeko joera dute. Hori dela eta, baliabideak ere hiru euskal hiriburuetan eskaini ziren nagusiki. Arabako ostatu-plazen % 96,4 eta otordu-plazen eta eguneko zentroetako plazen % 100 Gasteizen eskaini ziren. Bizkaian, Bilbok ostatu-plazen % 75,7, otordu-plazen % 78 eta eguneko zentroetako plazen % 75,4 bildu zituen. Gipuzkoak, berriz, lurralde-eredurik deszentralizatuena izan zuen. Izan ere, Donostian ostatu-plazen % 41, otordu-plazen % 36,8 eta eguneko zentroetako plazen % 38 eskaini ziren.
Zentroetan eskainitako prestaziorik nabarmenenak
Euskadiko zentroen sarean, etxerik gabeko pertsonen bizi-kalitatea hobetzera bideratutako hainbat prestazio eskaini ziren. Euskadiko 276 zentroen % 73,6k “informazio- eta harrera-zerbitzua” eman zuten, % 65,9k “orientazio- eta deribazio-zerbitzua”, % 66,7k “laguntza-zerbitzua” eta % 38,4k “lanbide-orientazioko zerbitzua”. Halaber, zerbitzu pertsonalak eman zituzten, hala nola garbitasun-zerbitzua (% 55,8k), ikuztegia (% 52,2k) eta jantzitegia (% 25,7k). Osasun-arreta, arreta psikologikoa eta arreta juridikoa zentroen % 15,9k, % 30ek eta % 26,8k eskaini zituzten, hurrenez hurren. Gainera, zentroen % 43,5ek Interneterako sarbidea eskaini zuten.
Arreta jaso duten pertsonen tipologia
Etxerik gabeko pertsonentzako arreta-zentroen % 51,4 egoera jakin batzuetan ez zeuden pertsonengana bideratu ziren. Larrialdi-premietara egokitzen diren baliabideak dira. Egoera espezifikoak dituzten pertsonei laguntzen dieten zentroen artean, immigrazio-arloan diharduten zentroak (% 34,3), adikzioak —alkohola eta drogak— dituzten pertsonei laguntzen dietenak (% 26,1) eta genero-indarkeriaren edo salerosketaren biktima diren emakumeei laguntzen dietenak (% 35,8) nabarmendu ziren.
Arreta jaso zuten pertsonen sexuari dagokionez, zentro gehienek (% 73,2k) bi sexuetako pertsonei eskaini zieten arreta. Hala ere, aldeak agertu dira lurralde historikoaren arabera. Izan ere, Gipuzkoak zentro mistoen ehunekorik handiena izan zuen, % 82,9rekin. Araban eta Bizkaian, berriz, % 67,6 eta % 65,6 izan ziren, hurrenez hurren.
2022. urtean, Euskal AEn genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek okupatutako plazek % 57ko igoera izan zuten 2020. urtearekin alderatuta, eta 270 plazara iritsi ziren. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak “etxebizitza ez-segurua” kategorian sailkatuta daude estatistika honetan, indarkeriaren mehatxupean bizi baitira. Erasotzailearentzat ezezaguna den leku batean dagoen etxebizitza bat ematen zaie, eta, askotan, seme-alabekin hartzen dute ostatu.
Euskadin arreta eman zitzaien pertsonen erdiak baino gehiago (% 63,4) atzerritarrak izan ziren, eta banaketa antzekoa izan zen lurralde historiko guztietan: % 69,3 Araban, % 65,6 Bizkaian eta % 59,3 Gipuzkoan. Ostatu-baliabideen kasuan, Euskal AE osoan arreta jaso zuten atzerritarren ehunekoa % 65era iritsi zen.
Gastu arrunta 76 milioi eurora iritsi zen
Euskal AEko gizarte-zerbitzuen sarean etxerik gabeko pertsonei eskainitako arretak 76 milioi euroko gastua izan zuen 2022an, hau da, 2020an baino % 15,8 handiagoa. Gastu horren zatirik handiena (% 83) ostatua eskaintzen zuten zentroetara bideratu zen. Zentro horietan, zehazki, 63,2 milioi euro gastatu ziren, eta 18.522 euroko urteko batez besteko gastua egin zen ostatu hartutako pertsona bakoitzeko.
Administrazio publikoek —aldundiek eta udalek nagusiki— gastu horren % 90 finantzatu zuten. Gainerako % 10a entitateen baliabide propioen (% 5), erakunde pribatuen (% 3,7), partikularren dohaintzen (% 1) eta enpresen (% 0,3) bidez finantzatu zen. Arabaren kasuan, esan daiteke ia finantzaketa guztia (% 97,7) publikoa izan zela. Bizkaian, finantzaketa publikoa % 85era iritsi zen, eta Gipuzkoan, berriz, % 92,4ra.
Emakumeak zentroen sarean diharduten langile guztien % 70,2 izan ziren
2022. urtean, 2.385 pertsonak lan egin zuten baliabide horietan, hau da, 2020an baino % 13,3 gutxiagok. Soldatako langileen kopuruak % 7,7ko beherakada izan zuen 2020. urtearekin alderatuta, eta boluntarioen kopuruak ere % 29,6ko beherakada izan zuen. Sektore honetan, enplegua emakumeena da nagusiki, eta emakumeen ehunekoa handiagoa da soldatako langileen kasuan boluntarioen kasuan baino (% 72,8 eta % 59,9, hurrenez hurren).
Abenduan, 657 etxegabek aterpetxeetan eta eskakizun txikiko zentroetan egin zuten lo
Abenduan (baliabide-eskakizunik handieneko garaian) ostatua eskaintzen zuten zentroetan lo egin zuten 3.473 pertsonetatik, 657 Euskadin gaitutako 27 aterpetxe eta eskakizun txikiko zentroetan lo egin zuten “etxegabeak” izan ziren; haietako 60 emakumeak ziren. Etxebizitzarik gabeko gainerakoak (2.816 pertsona) sareko zentroetan eta etxebizitzetan zeuden. Haietatik, 1.039 emakumeak ziren.
Euskal AEko etxerik gabeko pertsonen arretarako zentroen magnitude nagusiak. 2020-2022
| | 2022 | 2020 | Gehikuntza (%) |
| Plazak. : | | | |
| Ostatu hartzeko plazak. : | 4.313 | 4.260 | 1,2 |
| - - Eskakizun txikiko aterpetxe eta zentroetan | 748 | 1.098 | -31,9 |
| Jateko plazak. : | 2.775 | 3.158 | -12,1 |
| Gizarte-jantokietan | 809 | 899 | -10,0 |
| Etxerik gabeko pertsonak, ostatu hartuta. : | 3.410 | 3.471 | -1,8 |
| - - Eskakizun txikiko aterpetxe eta zentroetan | 638 | 993 | -35,8 |
| Errestaurazio-zerbitzuak | 4.472 | 5.581 | -19,9 |
| Langileak. : | 2.385 | 2.752 | -13,3 |
| Soldatapekoa | 1.756 | 1.903 | -7,7 |
| Boluntarioa | 452 | 642 | -29,6 |
| Funtzionamendu-gastuak (milaka euro) | 76.072 | 65.708 | 15,8 |
| Finantzaketa Publikoa (%) | 90 | 91 | -1,3 |
| Biztanleko gastua (euro) | 34,8 | 29,9 | 16,4 |
Oharra: Plazak eta okupazioa ekainaren 15eko eta abenduaren 15eko batez bestekoak dira
Data 2023ko Irailaren 26a
Iturria: Eustat. Etxerik gabeko pertsonentzako baliabideak
Eragiketa estatistiko hau Eustatek egin du Estatistikako Institutu Nazionalarekin (INE) lankidetzan Euskal AEn
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62