2023/10/23ko prentsa-oharra
JAIOTZEN ESTATISTIKA. Izen ohikoenak 2020-2022
Ane, Laia eta June izan dira neskatoen izen ohikoenak, eta Markel, Martin/Martín eta Julen mutikoenak, azken hiru urteetan Euskal AEn
Ane da neska-izen gogokoena 1996tik
1996tik hona, eta datuak hirurtekotan aztertuta, Ane da neska-izena aukeratzeko orduan gurasoen kutunena, Euskal AEn 2020-2022 artean jaiotakoen izenei buruz Eustatek emandako informazioaren arabera. Bigarren eta hirugarren, Laia eta June daude, eta, ondoren, Nahia, Malen eta Maddi.
Mutil-izen gogokoena Markel da, eta ondoren Martin/Martín eta Julen. Ondoren, Oihan, Jon eta Aimar dira erabilienak.
2020-2022 eta 2018-2020 aldiak konparatuz gero, Lea eta Libe sartu dira aurreneko 25 neska-izenen artean, eta Maialen eta Paula irten dira. Mutil-izenei dagokienez, Ekhi, Telmo, Leo eta Adei sartu dira, eta Eneko, Hugo, Ekain eta Aner alde batera geratu dira.
Erregistro Zibilak gehienez bi izen bakun edo konposatu bat jartzeko aukera ematen du. Ehun izen ohikoenen artean ez dago konposaturik, baina garai batean oso ohikoak izan ziren.
Izen bera, baina grafia desberdinak
Euskal izenak dira nagusi, eta batzuk grafia desberdinekin erregistratzen dira; besteak beste, Ane-Anne, June-Yune-Iune, Leire-Leyre, Jon-Ion edo Aritz-Haritz. Kasu horiek guztiak izen desberdintzat hartzen dira.
Atzerriko nazionalitatea duten amek ere euskal izenak aukeratzen dituzte
Amen nazionalitatea kontuan hartuz gero, atzerriko nazionalitatea dutenek ere, aldi horretako jaiotza guztien % 28,5ek, euskal izenak aukeratu zituzten gehienbat, baina badaude aldeak hurrenkera orokorrean. Bi euskal izen daude bost neska-izen gogokoenen artean: Alaia (arabieraz ere badu esanahia) eta Nahia bigarren eta bosgarren, hurrenez hurren, baina lehena Sofia/Sofía da, greziar jatorrikoa; hirugarrena Sara, hebrear jatorrikoa, eta laugarrena Amira, arabiar jatorrikoa. Mutil-izenen artean, Julen dago hirugarren; lehen, berriz, Adam, hebrear izena; bigarren Mohamed, arabiar jatorrikoa; laugarren Mateo, eta bosgarren Amir.
Leire, María eta Nerea dira amen izen ohikoenak, eta Mikel, Jon eta David aitenak
Hona hemen 2020-2022 artean jaiotako 42.632 haurren amen 10 izen ugarienak: Leire, María, Nerea, Amaia, Laura, Ainhoa, Naiara, Ane, Ainara eta Cristina. Belaunaldi horietako emakumeen artean (1980-1993 jaiotakoak), 10 izen ohikoenetatik bost euskal izenak ziren, baina artean ere gaztelaniazko izenak asko erabiltzen ziren, bai eta María izenaz konposatuak ere.
Urte hauetan aita izan diren gizonen artean, 10 izen ohikoenak Mikel, Jon, David, Aitor, Iker, Asier, Iñigo, Xabier, Javier eta Gorka dira. Gizon horietako gehienak 1977tik 1991ra bitartean jaiotakoak dira, eta urte haietan izen bakunak gailentzen hasiak ziren konposatuen gainetik, eta euskal izenak ziren nagusi.
Euskal AEko jaiotzetan gehien erabiltzen diren 25 izenak. 2020-2022
| | Neskak | Mutilak |
| | Izena | Maiztasuna | % | Izena | Maiztasuna | % |
| 1 | Ane | 429 | 2,09 | Markel | 435 | 1,97 |
| 2 | Laia | 378 | 1,84 | Martin/Martin | 405 | 1,83 |
| 3 | June | 348 | 1,69 | Julen | 400 | 1,81 |
| 4 | Nahia | 330 | 1,61 | Oihan | 367 | 1,66 |
| 5 | Malen | 297 | 1,44 | Jon | 362 | 1,64 |
| 6 | Maddi | 294 | 1,43 | Aimar | 342 | 1,55 |
| 7 | Nora | 287 | 1,40 | Luka | 308 | 1,40 |
| 8 | Izaro | 276 | 1,34 | Aiur | 304 | 1,38 |
| 9 | Irati | 265 | 1,29 | Ibai | 291 | 1,32 |
| 10 | Noa | 241 | 1,17 | Ander | 289 | 1,31 |
| 11 | Lucia | 239 | 1,16 | Oier | 282 | 1,28 |
| 12 | Martina | 221 | 1,08 | Danel | 270 | 1,22 |
| 13 | Alaia | 210 | 1,02 | Luken | 251 | 1,14 |
| 14 | Mara | 209 | 1,02 | Izei | 247 | 1,12 |
| 15 | Haizea | 202 | 0,98 | Mikel | 244 | 1,11 |
| 16 | Elene | 198 | 0,96 | Unax | 244 | 1,11 |
| 17 | Jare | 198 | 0,96 | Amets | 215 | 0,97 |
| 18 | Sara | 192 | 0,93 | Iker | 194 | 0,88 |
| 19 | Elaia | 189 | 0,92 | Mateo | 188 | 0,85 |
| 20 | Uxue | 187 | 0,91 | Ekhi | 182 | 0,82 |
| 21 | Naia | 175 | 0,85 | Unai | 173 | 0,78 |
| 22 | Enara | 174 | 0,85 | Telmo | 172 | 0,78 |
| 23 | Sofia/Sofia | 164 | 0,80 | Leo | 171 | 0,77 |
| 24 | Lea | 155 | 0,75 | Adei | 161 | 0,73 |
| 25 | Libe | 150 | 0,73 | Hodei | 160 | 0,72 |
Data 2023ko Urriaren 23a
Iturria: Eustat. Jaiotzen Estatistika
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: mailto:servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62