2023/10/11ko prentsa-oharra
BIZTANLEEN UDAL ESTATISTIKA. 2023/01/01
Euskal AEko biztanle kopuruak gora egin du eta 10.228 pertsona gehiago daude 2023an, 2 urtez jaitsi ondoren
Hazkundea hiru lurralde historikoen artean banatzen da
Euskal AEn, 2023ko urtarrilaren 1ean, 2.196.745 pertsona daude; alegia, 10.228 pertsona gehiago (+% 0,5) 2022an baino, Eustaten datuen arabera. Hala, azken bi urteetako joera alderantzikatu da: 2022an, 6.682 pertsona gutxiago izan ziren, eta, 2021ean, 6.512.
Balio absolutuetan, populazioaren gorakadarik handiena Bizkaian izan da, 2022an baino 4.810 bizilagun gehiago baitaude (+% 0,4); ondoren, Gipuzkoan, 719.875 bizilagun baitaude, joan den urtean baino 3.259 gehiago (+% 0,5), eta, azkenik, Araban, 2.159 bizilagun gehiago baitaude, eta hala, guztira, 332.851 baitira (+0,7%).
Analisia aldi zabalago batean eginez gero, 2003tik 2023ra bitartean, ikusiko dugu Arabak 41.813 biztanle gehiago dituela eta, beraz, % 14,4 egin duela gora biztanle kopuruak, ondoren Gipuzkoak % 6 (40.812 pertsona gehiago). Bizkaiak aldi horretan 24.170 biztanle gehiago lortu ditu, biztanleriaren % 2,2.
Euskal AEko hiriburuei dagokienez, hiruretan hazi da biztanle kopurua 2022tik 2023ra bitartean. Hazkundetik handiena Bilbon izan da, 2.029 biztanle gehiago baititu; ondoren, Gasteizen, 1.994 gehiago baititu, eta, azkenik, Donostian, 872 pertsona gehiago baititu. 2003ko datuak ikusita, Bilboko biztanle kopurua murriztu egin da azken 20 urteotan, 3.291 pertsona gutxiago baitira (–% 1), eta Donostiakoak igoera txikia izan du, 2.611 pertsona gehiago baitira (+% 1,5). Gasteizen, berriz, biztanle kopuruak gora egin du eta 30.517 pertsona gehiago dira, % 13,9 azken bi hamarkadotan (lehen 219.583 ziren eta, orain, 250.100).
Euskal AEko gainerako udalerriei dagokienez, nabarmendu behar da azken urtean 145 udalerrik populazioa berreskuratu dutela, eta 99k, galdu. Populazio-igoerarik handiena Barakaldo (479 biztanle), Santurtzi (364 biztanle), Leioa (309 biztanle) eta Sestao (282 biztanle) udalerriek izan dute, denak ere Bilbo Handia eskualdean. Jaitsierarik handiena, termino absolutuetan, Getxok izan du berriro, 199 biztanle gutxiago baititu, baina jaitsiera azken urteotakoa baino pixka bat txikiagoa izan da (–% 0,3). Elduain, Lanestosa eta Kuartango udalerriak izan dute jaitsierarik handiena ehunekotan; hiru kasuetan % 5 baino handixeagoa.
2003tik 2023ra bitartean, Portugaletek, Getxok, Basaurik eta Sestaok galdu dute biztanle gehien (Bilbo Handia eskualdeko udalerriak): guztira 16.766 pertsona. Gipuzkoan Arrasatek eta Eibarrek eta Bizkaian Ondarroak ere bakoitzak 1.000 biztanle baino gehiago galdu ditu.
Eskualdeei dagokienez, zehazki Bilbo Handiak izan du azken urtean biztanle kopuruan igoerarik handiena, 3.678 biztanle gehiago izan baititu; ondoren, Arabako Lautadak (2.076 gehiago) eta, gero, Donostialdeak (1.924 gehiago). Gainerakoetan, 20 eskualdeetako 4k baino ez dute galdu populazioa, eta guztiek ehuneko txikian: Markina-Ondarroa (143 biztanle gutxiago, % 0,6), Debabarrena (88 gutxiago, % 0,2), Arabako Mendialdeak (35 biztanle gutxiago, % 1,1) eta Añana (20 biztanle gutxiago, % 0,3).
2003. urteraino atzera egiten badugu, Arabako Lautadan izan zen igoerarik handiena, eta besteekiko aldea nabarmena izan zen, 35.000 pertsona baino gehiagoko igoera izan baitzen; ondoren, Donostialdean, 15.742 biztanle gehiagorekin eta, gero, Plentzia-Mungian, 12.800 gehiagorekin. Bi eskualdek soilik galdu zuten populazioa: Bilbo Handia (2.720 pertsona gutxiago) eta Markina-Ondarroa (778 gutxiago).
65 urteko eta gehiagoko pertsonen proportzioak igotzen jarraitzen du Euskal AEn
Euskal AEko populazioaren batez besteko adina 2023an 45,6 urte da, Espainia osoan baino ia 2 urte handiagoa. 2003arekin alderatuta, batez besteko adina 3,4 urte igo da. Sexuen arteko aldea 3,1 urtekoa da; izan ere, gizonek 44 urte dituzte, batez beste, eta emakumeek, 47,1, adin aurreratuetan emakumeen populazioaren bolumena handiagoa delako. Lurraldeetako batez besteko adinak adin-egiturak islatzen ditu: Arabako batez besteko adina erkidegokoa baino urtebete txikiagoa da (44,6 urte); Gipuzkoa batezbesteko horretara hurbiltzen da, baina azpitik dago (45,1), eta Bizkaiak gainditu egiten du, 46,1 urtekoa baita.
2023an, Euskal AEk gainditu egiten du Espainiako 65 urteko eta gehiagoko populazioaren proportzioa, Espainian % 20,1 baita eta Euskal AEn % 23,5. Hiru autonomia-erkidegok baino ez dute gainditzen ehuneko hori: Asturiasko Printzerria (% 27,5), Gaztela eta Leon (% 26,5) eta Galizia (% 26,3). Sexua kontuan hartuta, emakumeen artean 65 urteko eta gehiagoko pertsonen proportzioa % 26,1 da eta, gizonen artean, % 20,7.
2023an, Euskal AEn 85 udalerrik gainditu dute 64 urtetik gorako populazioaren batez besteko ehunekoa, eta 166k balio bera edo baxuagoa dute; besteak beste, Bilbok, Donostiak, Barakaldok eta Getxok. Udalerri horietan Euskal AEko guztizko populazioaren % 31,8 bizi da. 2003an, 64 urtetik gorako populazioaren ehunekoa % 18,4 izan zen, eta 154 udalerrik zuten batezbestekotik gorako ehunekoa. 2003tik 2023ra bitartean, 95 udalerritan 64 urte baino gehiagoko pertsonen proportzioak behera egin du, baina udalerri horietan guztizko populazioaren % 4,8 baino ez da bizi.
Euskal AEko biztanleria, lurralde-eremuen, adin-talde handien arabera. 2023/01/01
| | Guztira | 0 - 19 | 20 -64 | >= 65 |
| | | Kopurua | % | Kopurua | % | Kopurua | % |
| Guztira | 2.196.745 | 399.011 | 18,2 | 1.281.696 | 58,3 | 516.038 | 23,5 |
| Lurralde historikoak | | | | | | | |
| Araba/Álava | 332.851 | 64.249 | 19,3 | 194.808 | 58,5 | 73.794 | 22,2 |
| Bizkaia | 1.144.019 | 198.250 | 17,3 | 671.528 | 58,7 | 274.241 | 24,0 |
| Gipuzkoa | 719.875 | 136.512 | 19,0 | 415.360 | 57,7 | 168.003 | 23,3 |
| Hiriburuak | | | | | | | |
| Bilbao | 342.484 | 53.884 | 15,7 | 203.466 | 59,4 | 85.134 | 24,9 |
| Donostia / San Sebastian | 182.641 | 30.546 | 16,7 | 105.374 | 57,7 | 46.721 | 25,6 |
| Vitoria-Gasteiz | 250.100 | 47.566 | 19,0 | 146.483 | 58,6 | 56.051 | 22,4 |
| Eskualdeak | | | | | | | |
| Añana | 6.309 | 1.234 | 19,6 | 3.698 | 58,6 | 1.377 | 21,8 |
| Arabako Errioxa / Rioja Alavesa | 11.762 | 2.478 | 21,1 | 6.832 | 58,1 | 2.452 | 20,8 |
| Arabako Kantaurialdea / Cantábrica Alavesa | 34.368 | 6.517 | 19,0 | 19.573 | 57,0 | 8.278 | 24,1 |
| Arabako Lautada / Llanada Alavesa | 268.014 | 51.688 | 19,3 | 157.286 | 58,7 | 59.040 | 22,0 |
| Arabako Mendialdea / Montaña Alavesa | 3.208 | 549 | 17,1 | 1.842 | 57,4 | 817 | 25,5 |
| Arratia-Nerbioi / Arratia-Nervión | 24.135 | 4.758 | 19,7 | 14.137 | 58,6 | 5.240 | 21,7 |
| Bidasoa Behea / Bajo Bidasoa | 77.220 | 14.114 | 18,3 | 44.814 | 58,0 | 18.292 | 23,7 |
| Bilbo Handia / Gran Bilbao | 856.313 | 142.921 | 16,7 | 502.577 | 58,7 | 210.815 | 24,6 |
| Debagoiena / Alto Deba | 62.735 | 11.929 | 19,0 | 35.540 | 56,7 | 15.266 | 24,3 |
| Debarrena / Bajo Deba | 54.775 | 10.474 | 19,1 | 30.800 | 56,2 | 13.501 | 24,6 |
| Donostialdea | 330.342 | 59.056 | 17,9 | 192.116 | 58,2 | 79.170 | 24,0 |
| Durangaldea / Duranguesado | 99.295 | 19.135 | 19,3 | 58.405 | 58,8 | 21.755 | 21,9 |
| Enkartazioak / Encartaciones | 32.055 | 5.731 | 17,9 | 18.891 | 58,9 | 7.433 | 23,2 |
| Gernika-Bermeo | 46.386 | 8.572 | 18,5 | 26.587 | 57,3 | 11.227 | 24,2 |
| Goierri | 68.316 | 14.232 | 20,8 | 38.796 | 56,8 | 15.288 | 22,4 |
| Gorbeialdea / Estribaciones. del Gorbea | 9.190 | 1.783 | 19,4 | 5.577 | 60,7 | 1.830 | 19,9 |
| Markina-Ondarroa | 25.626 | 4.557 | 17,8 | 14.600 | 57,0 | 6.469 | 25,2 |
| Plentzia-Mungia | 60.209 | 12.576 | 20,9 | 36.331 | 60,3 | 11.302 | 18,8 |
| Tolosaldea | 49.720 | 10.491 | 21,1 | 28.622 | 57,6 | 10.607 | 21,3 |
| Urola Kosta | 76.767 | 16.216 | 21,1 | 44.672 | 58,2 | 15.879 | 20,7 |
Data 2023ko Urriaren 11
Iturria: Eustat. Biztanleen udal-erroldaren estatistika
Alde nahikoa dago Euskal AEko udalerrien artean biztanleen adinari dagokionez, eta, zehatzago esateko, 65 urteko eta gehiagoko pertsonen ehunekoari dagokionez; hura Baliarraingo % 9,7ren eta Lagrango % 36,1en artean dago.
Lehenengoan ez ezik, beste 6 udalerri hauetan ere ehunekoa % 13tik beherakoa da: Irura, Arakaldo, Dulantzi, Astigarraga, Larraul eta Iruña Oka. 7 udalerri horietan 16.818 biztanle daude guztira. Bestalde, Lagranez gainera, hiru dira % 30etik gorako ehunekoa duten udalerriak: Harana, Elantxobe eta Sukarrieta. Lauren artean, 1.131 bizilagun biltzen dituzte.
Eskualde-mailari dagokionez, bi eskualdetan gainditzen du 64 urtetik gorako populazioak guztizkoaren % 25. Bidasoa Beherea (% 25,5) eta Markina-Ondarroa (% 25,2). Ehuneko hori txikiagoa da, berriro ere, Plentzia-Mungian, ez baita % 19ra heltzen.
Adin aurreratuenei dagokienez, 85 urteko eta gehiagoko pertsonak 2003an % 1,9 ziren eta, 2023an, % 4,1. Baina ehuneko horren banaketa oso bestelakoa da emakume eta gizonen artean: Euskal AEn gizonen % 2,7k 85 urte edo gehiago dituzte, eta proportzio hori handiagoa da emakumeetan: % 5,5. 100 urteko eta gehiagoko populazioan, hazkunde-prozesua biziagoa izan da: 2003an adin horietako 269 pertsona zeuden eta, hogei urte geroago, 883; haietatik % 85,7 emakumeak dira.
Euskal AEn 65 urteko eta gehiagoko 1,7 pertsona daude 16 urtetik beherako bakoitzeko, eta, hala, gainditu egiten da Espainiako ratioa, 1,4 baita, baina, oraindik, Asturiasko Printzerrian dagoen 2,5eko erlaziotik urrun.
Eskualdeei dagokienez, Bilbo Handiak eta Arabako Mendialdeak dute proportziorik handiena: 64 urtetik gorako ia 2 pertsona 16 urtetik beherako bakoitzeko. Plentzia-Mungian erlazioa 1,1 da.
Udalerri-mailan, 88 udalerrik gainditzen dute batezbestekoa, eta muturreko kasu batzuk daude, hala nola Sukarrieta, Harana eta Lagran, 3 adindun baino gehiago baitaude 16 urtetik beherako bakoitzeko. Beste muturrean, udalerri batzuek, hala nola Baliarrain, Irura edo Arakaldo udalerriek, 0 eta 15 urte bitarteko 2 gazte baino gehiago dituzte 65 urteko eta gehiagoko pertsona bakoitzeko. 49 udalerritan 16 urtetik beherako pertsona bat dago, gutxienez, 64 urtetik gorako pertsona bakoitzeko.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62