2023/11/24ko prentsa-oharra
OSPITALEETAKO ERIKORTASUN-ESTATISTIKA. 2022
Euskal AEko akutuen ospitaleetako ospitaleratzeak % 4,3 igo ziren 2022an
Ospitale publikoetan % 5,4 igo ziren ospitaleratzeak, eta ospitale pribatuetan, berriz, % 1,5 jaitsi ziren
Eustaten datuen arabera, 2022. urtean 230.747 ospitaleratze kontabilizatu ziren Euskal AEko akutuen ospitaleetan, eta, beraz, % 4,3 igo ziren aurreko urtearekin alderatuta. Igoera hori % 5,4ra iritsi zen ospitale publikoetan. Ospitale pribatuetan, berriz, % 1,5eko jaitsiera izan zen. Ospitaleratzeen % 84,2 ospitale publikoetan izan ziren, eta % 15,8 ospitale pribatuetan.
Arnas gaixotasunek eragindako ospitaleratzeak % 36,9 igo ziren 2022an, 2021. urtearekin alderatuta, eta ospitaleratzeko hirugarren arrazoi bihurtu ziren, 2019an bezala (pandemia hasi aurretik).
COVID-19ak eragindako ospitaleratzeak % 25,9 jaitsi ziren 2021. urtearekin alderatuta, eta 2022ko ospitaleratzeen % 3,6 izan ziren (% 5,1 2021ean). Era berean, batez besteko egonaldia 8 egunera jaitsi zen 2022an (9,5 egun 2021ean).
Ospitaleratzeen % 66,1 larrialdi-izaerakoak izan ziren, eta ehuneko hori % 71,8ra iritsi zen ospitale publikoetan (% 35,4ra ospitale pribatuetan).
Alta eman zitzaien pertsona guztietatik, % 90,2 sendatu edo hobetu egin zen, % 3,9 hil egin zen, eta gainerakoak beste zentro batera eraman zituzten edota beste arrazoi batzuengatik eman zitzaien alta. Heriotza gehien izan zituen hilabetea urtarrila izan zen (% 10,6), eta, haren atzetik, uztaila kokatu zen (% 9,7). Azken hilabete horretako balioa udan ohikoa dena baino handiagoa izan zen.
Ospitaleratutako pertsonen ezaugarriei dagokienez, gizonen proportzioa emakumeena baino handiagoa izan zen (% 51,2 eta % 48,8, hurrenez hurren). Ospitaleratutako pertsonen % 51,9k 65 urte edo gehiago zituzten (% 49,7k 2021ean). Zehazki, 65-79 urtekoen taldeak izan zituen ospitaleratze gehien (% 29), eta, haren atzetik, 45-64 urtekoen taldea eta 80 urte eta gehiagokoen taldea kokatu ziren (% 25,1 eta % 22,9, hurrenez hurren). Lurraldea kontuan hartuta, % 50,7 Bizkaian bizi ziren, % 31,3 Gipuzkoan eta % 15,4 Araban. Gainera, % 1,9 probintzia mugakideetan bizi ziren, % 0,4 gainerako probintzietan, eta % 0,3 atzerrian.
Gaixotasun taldeak kontuan hartuta, ospitaleratzeko arrazoi nagusiak aparatu digestiboko eta aparatu zirkulatorioko gaixotasunak izan ziren 2022an (% 13,2 eta % 12,7, hurrenez hurren). Haien atzetik, arnas gaixotasunak (% 10,4), tumoreak (% 9,6) eta traumatismoak eta lesioak (% 9,4) kokatu ziren.
2021. urtearekin alderatuta, arnas aparatuko gaixotasunen taldea % 36,9 igo zen, eta hirugarren tokian kokatu zen (seigarrena 2021ean eta bosgarrena 2020an). Ohi denez, kasu kopururik handiena udazkenekoa izan zen, eta abenduan iritsi zen maximora, pneumoniarekin, biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoarekin (BGBK) eta arnas birus sintzitialari (ABS) lotutako beste arnas nahasmendu batzuekin. Era berean, gripeak intzidentzia handia izan zuen udazkeneko lehen hilabeteetan (irailean eta urrian) eta, ondoren, eta ohiko patroitik kanpo, udaberriaren hasieran (martxoan eta apirilean).
Emakumeen kasuan, ospitaleratzeen % 13,1 eragin zituzten haurdunaldiak, erditzeak eta erdiberriaroak kontuan hartu gabe, aparatu digestiboko gaixotasunak (% 11,6), aparatu zirkulatoriokoak (% 10,6) eta arnas aparatukoak (% 9,6) izan ziren nagusi.
Gizonen kasuan ere, ospitaleratzeko hiru arrazoi nagusiak emakumeak ospitaleratzeko arrazoi berak izan ziren (haurdunaldiak, erditzeak eta erdiberriaroak salbuetsita), kasuen proportzioa handiagoa izan bazen ere: aparatu digestiboko eta aparatu zirkulatorioko gaixotasunak (% 14,6 bi kasuetan) eta arnas aparatukoak (% 11,1).
Euskal AEko akutuen ospitaleetako ospitaleratzeak, gaixotasun ohikoenen taldeen eta COVID 19aren arabera, sexuari eta adin-taldeari jarraiki. 2022
| | Guztira | % | Aldaketa-tasa | Sexua (%) | Adina (%) |
| | | (*) ## | (%)2022/2021 | Gizonak | Emakumeak | 0-14 | 15-44 | 45-64 | 65-79 | 80 eta gehiago |
| DIAGNOSTIKO-TALDE HANDIAK | | | | | | | | | | |
| Guztira | 230.747 | 100 | 4,3 | 100,0 | 100,0 | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 |
| Liseri-aparatua | 30.368 | 13,2 | 5,1 | 14,6 | 11,6 | 9,6 | 10,8 | 16,1 | 13,8 | 11,7 |
| Zirkulazio-aparatua | 29.191 | 12,7 | 0,5 | 14,6 | 10,6 | 0,9 | 2,3 | 10,9 | 16,0 | 20,9 |
| Arnas aparatua | 23.953 | 10,4 | 36,9 | 11,1 | 9,6 | 24,3 | 7,1 | 7,5 | 10,0 | 14,2 |
| Neoplasiak | 22.102 | 9,6 | 4,7 | 10,4 | 8,7 | 1,2 | 4,2 | 12,3 | 13,8 | 7,1 |
| Traumatismoak eta lesioak | 21.780 | 9,4 | 3,2 | 9,7 | 9,2 | 8,8 | 10,1 | 10,9 | 7,5 | 9,9 |
| Aparatu muskulueskeletikoa | 18.355 | 8,0 | 1,0 | 7,9 | 8,0 | 3,0 | 6,5 | 11,6 | 9,4 | 4,2 |
| Aparatu genitourinarioa | 17.239 | 7,5 | 8,1 | 7,8 | 7,1 | 3,4 | 6,6 | 8,5 | 8,3 | 6,7 |
| Haurduntza, erditzea eta erdiberriaroa | 14.752 | 6,4 | -4,4 | - | 13,1 | 0,0 | 33,6 | 0,3 | - | - |
| COVID-19 | 8.339 | 3,6 | -25,9 | 3,9 | 3,3 | 1,5 | 0,8 | 2,4 | 3,8 | 7,4 |
(*)Ehunekoa ospitaleratze guztien gainean kalkulatu da
CIE -10 : Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapena, 10. bertsioa
Data 2023ko Azaroaren 24a
Iturria: Eustat. Ospitaleetako erikortasun-inkesta
15 urtetik beherako biztanlerian ospitaleratze gehien eragin zituzten gaixotasun-taldeak, eta haien barruan arrazoi espezifikoak, arnas aparatukoak izan ziren (bronkiolitis akutua eta amigdalen eta adenoideen hipertrofia). 15-44 urtekoen kasuan, erditzeak eta haurdunaldiak kontuan hartu gabe, aparatu digestibokoak izan ziren (apendizitis akutua), eta, haien atzetik, traumatismoak eta lesioak (hanka-haustura eta belauneko artikulazio eta lotailuen bihurritua). 45-64 urtekoen taldean ere aparatu digestibokoak izan ziren nagusi (kolelitiasia emakumeen kasuan eta iztaiko hernia gizonen kasuan). Halaber, tumoreak (bronkioetan, biriketan eta prostatan gizonen kasuan eta bularrean eta umetokian emakumeen kasuan) eta aparatuko muskuloeskeletikokoak (aldakako artrosia eta sorbaldako lesioak) nabarmendu ziren. Aparatu zirkulatorioko gaixotasunak 65 urte eta gehiagokoen taldean izan ziren nagusi, are neurri handiagoan 80 urte eta gehiagokoen taldean (bihotz-gutxiegitasuna eta bihotzeko gaixotasun hipertentsiboa). Gainera, 65-79 urtekoen taldean, aparatu digestibokoak eta tumoreak (maskurian, prostatan, bronkioetan eta biriketan) nabarmendu ziren.
Batez besteko egonaldia 5,7 egunekoa izan zen
2022. urtean, ospitaleetako egonaldien batez besteko iraupena 5,7 egunekoa izan zen, 2021ean bezala. Egonaldi luzeenak (astebete baino gehiagokoak) eragin zituztenak nahasmendu mentalak (13,1 egun), jaiotza inguruko gaixotasunak (10,3 egun), gaixotasun infekziosoak eta parasito-gaixotasunak (8,9 egun) eta COVID-19a (8 egun) izan ziren.
Ospitaleratzeko arrazoi nagusia COVID-19a izan zen 2022an; hala ere, 2021ean baino ospitaleratze gutxiago izan ziren, eta egonaldiaren batez besteko iraupena laburragoa izan zen
Ospitaleratzeko arrazoi nagusiak gaixotasun talde handien arabera aztertu ordez gaixotasun zehatzen arabera aztertuz gero, COVID-19a izan zen arrazoi nagusia.
Akutuen ospitaleetako 8.339 ospitaleratzetan, diagnostiko nagusia COVID-19a izan zen, eta 2022ko ospitaleratze guztien % 3,6 izan ziren (% 5,1 2021ean). Gainera, ospitaleratze horien egonaldi-egunak 66.928 izan ziren, eta, beraz, batez besteko egonaldia 8 egunekoa izan zen (9,5 egunekoa 2021ean): 8,4 egunekoa gizonen kasuan eta 7,6 egunekoa emakumeen kasuan.
COVID-19ak eragindako ospitaleratzeen % 55,5 gizonenak izan ziren, eta % 44,5 emakumeenak. COVID-19ak eragindako ospitaleratzeek hilabeteetan izan duten bilakaera aztertuz gero ikus daitekeenez, urtarrilak eta uztailak izan zituzten kasu gehien. Gainera, COVID-19ak eragindako ospitaleratzeen kopurua handiagoa izan zen adinean gora egin ahala, eta ospitaleratzeen % 46,7 80 urte eta gehiagoko taldean gertatu ziren.
Ohar metodologikoa
Estatuko eta nazioarteko konparagarritasunagatik, ospitaleratze-modalitatean egun 1eko edo gehiagoko egonaldia duten gertakariak bakarrik hartzen dira kontuan, hau da, ez dira zenbatzen 0 eguneko egonaldia dutenak. Egonaldiaren iraupena ospitaleratzearen datatik altaren datara bitarteko egunen kopuru gisa kalkulatzen da, kontuan izan gabe ospitaleratzeko edo altako orduak.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62