2023-12-12ko prensa-oharra
Biztanleriaren eta etxebizitzen errolda. Biztanleriaren egitura. 2023/01/01
2023an, nazionalitate atzerritarreko 203.662 pertsona bizi dira Euskal AEn, guztiaren %9,3
Atzerriko herrialdeetan jaiotakoak 277.911 dira, duela urtebete baino %8,7 gehiago
Euskal AEn 203.662 atzerritar zeuden 2023ko urtarrilaren 1ean, hau da, 2022an baino %9,1 gehiago, Eustaten datuen arabera. Kolektibo hori biztanleriaren %9,3 da, ehunekotan duela urtebete baino 8 hamarren gehiago. Hala ere, Autonomia Erkidego guztien batezbesteko kopurua baino txikiagoa da, zeina %12,6 baita. Data berean, atzerrian jaiotako 277.911 pertsona bizi ziren Euskal AEn, biztanleria osoaren %12,7, duela urtebete baino ehuneko handiagoa (%11,7), baina Estatu osoan baino txikiagoa D % 16,9).
Atzerriko herritartasuna duten biztanleen ehunekoa pixka bat aldatzen da Lurralde Historiko batetik bestera: Arabak du proportziorik handiena, %10,6 (2022an baino 6 hamarren gehiago); gero, Gipuzkoak, %9,3 (7 hamarren gehiago), eta, azkenik, Bizkaiak, % 8,8 (7 hamarren gehiago).
Nazionalitatea kontuan hartzen badugu, atzerriko nazionalitatea duten pertsonen %44,1 Amerikako herrialdeetakoak dira (2022an baino 3,3 puntu gehiago).
Talde horretako kide gehien dituzten herrialdeak Kolonbia, Nikaragua, Honduras, Venezuela eta Paraguai dira, atzerriko nazionalitatea duten pertsona guztien %29,6, eta nazionalitate amerikarra dutenen %67,1. Sexuaren arabera bereiziz gero, emakumeak atzerritarren %50,1 eta amerikarren %58,8 dira.
Afrikako herrialdeak Euskal AEko atzerritarren %25,1 dira, 2022an baino 2,1 puntu gutxiago, eta erdiak baino gehiago Marokokoak dira (%54,1). Ondoren, Aljeria, Senegal eta Nigeria daude (%13,4, %10,4 eta %8,1, hurrenez hurren). Lau nazionalitate horiek Afrikako nazionalitatea duten pertsonen %86 baino gehiago biltzen dute, eta atzerritar guztien %21 baino gehiago. Sexuaren araberako banaketa kontuan hartuz gero, gizonak dira nagusi, guztizkoaren %62,4.
Euskal AEn bizi diren Europako nazionalitateko pertsonak atzerritar guztien %22,8 dira, 2022an baino 0,6 puntu gutxiago. Talde horretan Errumania nabarmentzen da, atzerritar guztien %9,1 eta europarren %40. Bigarren tokian, nahiko urrun bada ere, Portugal dago, Euskal AEn Europako nazionalitatea duten pertsonen %13,4rekin. Eta hirugarren postuan Ukraina dago, %11,2rekin. Kolektibo horretan, bi sexuek antzeko pisua dute, eta gizonen ehunekoa zertxobait handiagoa da.
Azken tokian Asiako eta Ozeaniako nazionalitateren bat duten pertsonak daude, atzerriko biztanleen %8, eta aipatzekoa da bertan dauden ia herrialde bakarrak Afganistan eta Txina direla, taldearen %73,5 osatzen baitute.
Nazionalitate amerikarra duten pertsonak gehiengoa dira hiru lurraldeetan, baina alde nabarmenak daude haien artean
Bizkaian, nazionalitate amerikarra duten pertsonek osatzen dute kolektibo nagusia atzerriko egoiliarren artean, guztizkoaren %48,3, eta atzetik datoz afrikarrak (%23,4) eta europarrak (%20,7).
Gipuzkoan ere nazionalitate amerikarra duten pertsonak gehiengoa dira, guztizkoaren %41,7; ordea, ondoren europarrak (%28,1) eta afrikarrak (%22) daude.
Araban, aldiz, nazionalitate amerikarra eta afrikarra dutenen ehunekoak oso antzekoak dira (%36,4 eta %36, hurrenez hurren), eta, ondoren, Europakoak (%19) eta Asiakoak (%8,6) daude. Azpimarratzekoa da lehen aldia dela Amerikako herrialdeetakoak afrikarrak baino gehiago izatea; izan ere, 5 urte lehenago amerikar bakoitzeko 1,5 afrikar zeuden.
Atzerrian jaiotakoak 277.000 baino gehiago dira
2023ko urtarrilaren 1ean, atzerrian jaiotako 277.911 biztanle bizi ziren Euskal AEn, biztanleria osoaren %12,7. Espainian, proportzioa %16,9koa zen; beraz, puntu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoa Gaztela-Mantxaren eta Andaluziaren artean kokatzen da, atzerritar jatorrikoak %12,9 eta %11,7 izanik, hurrenez hurren.
Atzerrian jaiotakoen ehunekoak Euskal AE osokoak baino handiagoak dira hiru hiriburuetan: Gasteizen dago proportziorik handiena (%16,1), Bilbon %15,4 eta Donostian %14.
57 udalerritan atzerrian jaiotakoen proportzioa Euskal AE osokoa baino handiagoa da; horietatik 17k soilik dituzte 10.000 biztanle baino gehiago. Navaridasek eta Ordiziak dituzte ehunekorik handienak, %20,9 eta %20,1, hurrenez hurren. Ondoren, Mañueta (%18,9) eta Leza (%18,1) daude. Bestalde, Euskal AEko hiru udalerritan atzerritar jatorriko biztanleak ez dira %3ra iristen: Orexa eta Beizama Gipuzkoan eta Garai Bizkaian. Beste 19 udalerri ez dira %5era iristen, guztiak biztanle gutxiko udalerriak (soilik Berastegi, Zierbena, Gamiz-Fika, Aiara eta Aramaio 1.000 biztanle baino gehiago).
Atzerrian jaiotako 91.195 egoiliarrek nazionalitate espainiarra dute
2023ko urtarrilaren 1ean, Euskal AEn bizi eta atzerrian jaio diren 91.195 pertsonak dute Espainiako nazionalitatea, eskuraturik, familia-arrazoiengatik edo beste arrazoi batzuengatik. Kopuru horretatik, %69,4 Amerikatik dator. Horien artean, hiru herrialdek egoera horretan dauden pertsonen ia %45 biltzen dute: Kolonbiak (%21,7), Boliviak (%12) eta Ekuadorrek (%11,1).
Ondoren, Europako beste herrialde batzuetan jaiotakoak guztizkoaren %14,5 dira. Horietatik, heren bat baino gehiago Frantzian jaiotakoak dira (%30,6), %14 Portugalen eta, hirugarren lekuan, Alemanian jaiotakoak (%11,2).
Espainiar nazionalitatea eskuratu duten pertsonen %13,9 Afrikako herrialdeetatik datoz: horietatik erdiak baino gehiago Marokon jaio dira (%58,8), eta atzetik Aljerian jaiotakoak datoz (%14,7).
Euskal AEn bizi diren atzerritarrak espainiar nazionalitatea dutenak baino gazteagoak dira
Atzerriko nazionalitatea duten pertsonen batez besteko adina 33,5 urtekoa da Euskal AEn, Espainiako nazionalitatea duten egoiliarren batez besteko adina baino askoz ere txikiagoa (46,8 urte). Euskal biztanleriaren batez besteko adina, oro har, 45,6 urte da.
Bestalde, naziotasunari begiratu beharrean, jaioterriari begiratzen badiogu, alde handiak daude adinaren batez bestekoan, leku hori Euskal Autonomia Erkidegoa, Estatuko gainerako autonomia-erkidegoak edo atzerria izan den kontuan hartuta. Gehien zahartutako biztanleria Estatuko gainerako erkidegoetan jaiotakoa da (65,3 urte); ondoren, Euskal AEn jaiotakoak daude (42,3 urte batez beste) eta, azkenik, atzerrian jaiotakoak (38 urte batez beste).
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
C/ Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62