2023/12/19ko prensa-oharra
GERTAKARI DEMOGRAFIKOAK AZTERTZEKO ADIERAZLEAK. 2022
Euskal AEko bizi-itxaropenak behera egin du, eta 2017ko mailan kokatu da
Edonola ere, emakumeen bizi ixaropena Europar Batasun osokoa baino 2,7 urte gehiagokoa da
Eustaten datuen arabera, 2022an, gizonen bizi-itxaropena 80,5 urtekoa zen, urtebete lehenago baino bi hamarren gutxiago. Emakumeena hiru hamarren jaitsi eta 86,1 urtera iritsi da, 2019koa baino bost hamarren gutxiago delarik. Beherakada horren erantzuleak dira COVID-19aren pandemiak 2022ko urtarriletik ekainera bitartean eragindako gainhilkortasuna eta urte horretako uztaileko bero-bolada.
Bizi-itxaropenaren beherakada hori gorabehera, oraindik ere Europar Batasunean baino handiagoa da, 2,5 urte gehiago gizonen kasuan eta 2,7 emakumeen kasuan. Espainiako bizi-itxaropena, Europako herrialdeetako altuenetakoa, hamarren bat txikiagoa da gizonen kasuan eta 2 txikiagoa emakumeen kasuan.
Euskal AEko gizonen eta emakumeen bizi-itxaropenak gora egin du, nahiz eta azken urteetan behera egin. 1976ko adierazleei erreparatuz gero (69,6 urte eta 76,9 urte gizonentzat eta emakumeentzat, hurrenez hurren), emakumeen bizi-itxaropena 9,2 urte igo da, eta gizonena 10,9 urte. Gizonek 2,8 hilabete gehiago irabazi dituzte igarotako urte bakoitzean, 80,5 urtera iritsi arte; emakumeek, berriz, 2,4 hilabete gehiago irabazi dituzte urtean, eta 86,1 urtera iritsi dira. Bi sexuen bizi-itxaropenen arteko aldea 5,6 urtera murriztu da, 1991n izan zen 8,7ko maximotik.
Tumoreak dira bizi-itxaropenaren mehatxu nagusia. Erabat ezabatuko balira, gizonek 3,9 urte luzatuko lukete bizitza, eta emakumeek 3 urte. Konparazioa eginez gero, COVID-19aren bizi-itxaropen librea kontuan hartuta (85,4 urte gizonetan eta 89,8 emakumeetan), igoera 4,9 urtekoa izango litzateke gizonetan, eta txikiagoa emakumeentzat, 3,7 urtekoa. Arinagoak dira, ordea, heriotzaren kanpoko kausek eragindako kalteak: 8 hilabete kentzen dizkiete gizonei, eta 3 hilabete emakumeei. Zirkulazio-istripuen kasuan, zifra horiek soilik hilabetera murrizten dira gizonentzat, eta kopuru hori oso txikia da emakumeentzat. Kanpoko kausak eta COVID-19ak eragindako heriotzak konbinatuz gero, gizonen bizi-itxaropena 1,5 urte igoko litzateke, eta emakumeena 0,9 urte.
Ugalkortasunaren beherakada txiki bat izan da, eta amatasunaren batez besteko adin altua mantendu egin da
Euskal AEko ugalkortasuna muga oso baxuetan dago konparazioari dagokionez; izan ere, 2022an batez bestekoa 1,21 jaiotza izan zen emakume bakoitzeko, aurreko urtean baino lau hamarren gutxiago, eta Europar Batasuneko 1,53 jaiotzetatik (azken datua, 2021) behera, 1976ko batez besteko 2,7 jaiotzetatik eta belaunaldi-ordezkapenerako behar diren 2,1etik oso urrun. Indizerik txikiena Bizkaian izan zen, 1,12 jaiotza emakumeko; Araban eta Gipuzkoan, berriz, 1,28koa izan zen.
Fenomeno demografikoak aztertzeko adierazleen datuetan oinarrituta, pentsatzekoa da batez besteko emakume batek 0,61 lehen jaiotza izango dituela, hau da, emakumeen heren batek ez luke ondorengorik izango; 0,45 bigarren jaiotza eta 0,15 hirugarren edo ondorengo jaiotza. Hau da, azken kasu horretan, hamar emakumetik bik baino gutxiagok hirugarren edo ondorengo jaiotza bat izango dute, hau da, 1976an baino %81 gutxiagok.
Euskadiko emakumeen ugalkortasunaren beste ezaugarrietako bat amatasunaren batez besteko adin altua da, 33,2 urtekoa, Europar Batasunaren gainetik 2 urte baino gehiago (azken datua, 2021) eta 1976an baino 4,6 urte gehiago. Arabak batez besteko adin pixka bat baxuagoa du beste bi lurraldeek baino (32,8 urte); Bizkaiak 33,7 urtekoa eta Gipuzkoak 33,2koa dute. Ugalkortasun-maila hain baxua denez, lehen seme-alaba jaiotzean batez besteko adina 1976koa baino ia 7 urte handiagoa da, eta 32,3 urtekoa da.
Ezkontzak ia COVID-19aren aurreko mailara iritsi dira
2022ko ezkontza-tasen arabera egingo liratekeen lehen ezkontzen ehunekoa gizonen %44,2ra eta emakumeen %48,4ra iritsi da. Indize horiek 2020koak eta 2021ekoak (1977tik izan diren baxuenak) baino askoz handiagoak dira, COVID-19aren ondoriozko konfinamenduen ondorioz; zehazki, gizonetan igoera ehuneko 12,5 puntukoa izan da, eta emakumeetan 14,8 puntukoa, 2021eko datuekin alderatuta. Pentsa liteke aurreko bi urteetan atzeratutako ezkontza batzuk 2022an suspertuko liratekeela, eta urte arrunt batean egiten diren ezkontzei gehituta, indizeak 2019koak baino handiagoak izango liratekeela, baina hori ez da horrela izan: 2019koak ehuneko 2,5 puntu handiagoak dira gizonen kasuan, eta 2,1 gehiago emakumeen kasuan.
Ezkontzaren analisiak nabarmentzen du ezkontzeko adinak gora egiten jarraitzen duela. Lehen aldiz ezkontzeko batez besteko adina 38,3 urtekoa da gizonen kasuan, eta 36,5 urtekoa emakumeen kasuan. Baina batez besteko adin hori 0,9 urtetik gorakoa da gizonentzat, eta urtebetetik gorakoa emakumeentzat, 2019koa baino lehen, pandemiaren aurreko azken urtea, eta hori gorakada handia da, azken hamarkadetan hazkundea bi edo hiru hilabetekoa baitzen urte batetik bestera.
Ugalkortasunarekin gertatzen den bezala, ezkontzak adin jakin batzuetan kontzentratzen dira. 10 urte eskasean, 30 eta 39 urte bitartean, gizonen %53 eta emakumeen %52 ezkontzen dira.
Batez beste, Euskal AEko biztanle batek ia lau emigrazio egingo ditu bere bizitzan zehar
Ohikoena emigrazioa probintzia barrukoa izatea da, hau da, helmugako udalerria jatorrizko lurraldearen lurralde berean egotea; hala gertatzen da migrazioen erdietan baino gehiagotan (4 migraziotik 2 gizonentzat, eta emakumeak, berriz, 4tik 3,7). Aldiz, batez beste, gizonezkoei 1,6 emigrazio dagozkie Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora (emigrazio guztien %40), eta emakumezkoei, berriz, 1,4 (emigrazio guztien %38).
Lurraldeka, gizonetan alde handi samarra dago Bizkaiaren eta Arabaren artean: Arabak 3,2 emigrazio ditu batez beste, eta Bizkaiak 4,2 pertsonako; Gipuzkoak 3,9 emigrazio ditu batez beste. Gizonen arteko alde horiek probintzia barruko mugikortasunaren ondorio dira; izan ere, Bizkaian 2,4 mugimendu daude, eta Arabako gizonek 0,9 mugimendu baino ez dituzte, batez beste. Lurraldeen arteko mugimenduetan, Araba nabarmentzen da, pertsonako 0,5 mugimendurekin, Bizkaian gertatzen direnen bikoitza (0,2); Gipuzkoa erdian dago, 0,3 mugimendurekin. Emakumeek harreman berberak dituzte, baina indize txikiagoekin.
Emakumeen artean, emigrazioaren aldea handitu ahala, batez besteko adina handitu egiten da, eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo emigratzen dutenak dira zaharrenak, 35,5 urterekin, eta lurralde berean mugitzen badira, batez beste 33 urterekin. Gizonen artean, oraindik ere adin altuenekoak dira Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora 36 urte baino gehiagorekin emigratzen dutenak; aldiz, gazteenak dira lurraldeen artean mugitzen direnak, 33,5 urte, lurralde barruan mugitzen direnak baino 7 hilabete gutxiago.
Udalerri barruko bizileku-aldaketei dagokienez, mugikortasun handiena dutenak Arabako gizonak eta emakumeak dira, 4,8ko batez bestekoa baitute bi sexuetan, Bizkaitik eta Gipuzkoatik urrun, pertsonako 4 lekualdatze inguru dituzte batez beste.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62