2024/03/27ko prentsa-oharra
GIZA GARAPENAREN INDIZEA. 2023
Euskal AE 18. postuan dago GGI 2023ko munduko sailkapenean
Euskal AEko GGIak hobera egin du azken urtean eta Covid19 pandemiaren aurreko maila berreskuratu du
Euskal Autonomia Erkidegoa herrialdeen sailkapeneko 18. postuan dago, 0,936ko Giza Garapenaren Indizearekin (GGI), Eustatek landutako datuen arabera eta 2023/2024 txostenean argitaratutako Nazio Batuen Garapenerako Programaren metodologia aplikatuta.
Txosten hori 2024ko martxoaren 13an argitaratu zuen NBGPk, 2022ko datuekin, eta 193 herrialderen mundu mailako sailkapena ezartzen du, haien ongizate-mailaren arabera ordenatuta. Indizea ongizatearen hiru dimentsiori dagozkien adierazleek osatzen dute: osasunaren dimentsioa (jaiotzako bizi-itxaropenaren arabera neurtuta), hezkuntzaren dimentsioa (eskola-adinean dagoen biztanleriaren esperotako eskolatze-urteen eta helduen batez besteko eskolatze-urteen arabera) eta bizi-mailaren dimentsioa (per capita errenta nazional gordinaren bidez lortua).
Munduko herrialde garatuenen mailan mantentzen da Euskal AEko GGI, Kanadaren gainetik. Espainia 27. postuan dago NBGPren txostenean, 0,911ko GGIrekin. Somaliak itxi du sailkapena, 0,380 punturekin, eta mundukoa 0,739 da.
NBGPk azpimarratzen du munduko GGI suspertu egin dela, pandemiak eragindako atzerakadaren ondoren, baina susperraldi hori desberdina dela GGIren goiko eta beheko muturretan dauden herrialdeentzat.
ELGAko kide diren herrialdeek 2019. urteko GGI berreskuratu duten bitartean, gutxien aurreratu diren herrialdeen erdiak urte horretan lortu zuten mailaren azpitik daude. Herrialdeen arteko 20 urteko hurbilketaren ondoren, joera aldatu egin da, eta GGI oso altua eta GGI txikia duten herrialdeen arteko aldea handitzen ari da urtez urte 2020tik.
Herrialde garatuenen joerari jarraituz, Euskal AEko GGI suspertu egin da 2020 eta 2021 urteetan izandako atzerakadaren ondoren; izan ere, GGI 0,936 zen 2019an, 0,930 2020an eta 0,934 2021ean. Atzerakada horren arrazoia bizi-itxaropena eta per capita errenta gordina murriztea izan zen. Hezkuntzaren adierazleak pixkanaka hobetu dira 2010az geroztik.
2022an, GGIk 2019ko balio bera lortu zuen, batez ere per capita errenta gordinaren igoerari esker (55.819 $), 2019ko balioa (55.786 $) baino handiagoa dena, pandemiaren aurreko urtea. Bizi-itxaropenak behera egin du 2022an, eta 83,4 urtekoa da, 2019an lortutako 83,8 urteko bizi-itxaropenaren azpitik.
Denbora-ikuspegi zabalago batetik, 2010-2022 aldian, Euskal AEko GGIren osagai guztiek hobera egin dute. Bizi-itxaropenak urte oso bat egin du gora, 82,4 urtetik 83,4 urtera, eta 13. postuan dago herrialdeen artean. Ranking honek Japonia du buru, 84,8 urterekin.
Esperotako eskolatze-urteen adierazleari dagokionez, 11 herrialdek soilik dute Euskal AEko 18,6 urteko balioa baino handiagoa. Adierazlerik onena duen herrialdea Australia da, 21,1 urteko eskolatzea espero baita.
Eskolatze-urteen batez bestekoari dagokionez, Euskal AE 52 herrialdek gainditzen dute, baina 2010-2022 aldian 10,2 urtetik 11,4 urtera igaro da. Rankingean liderra den herrialdea Alemania da, batez beste 14,3 urteko eskolarekin.
Euskal AEko per capita errenta nazional gordina 49.585 dolarretik 55.819 dolarrera igo da 2010etik 2022ra bitartean, 2017ko erosteko ahalmenaren parekotasunean neurtuta. Rankinga Liechtensteinek zuzentzen du 146.673 $-rekin, eta haren atzetik daude Qatar, Singapur eta Irlanda, 85.000 $eta 100.000 $per capita arteko errentekin. Guztira 17 herrialdek izango lukete Euskal AEkoa baino errenta handiagoa, termino horietan neurtuta.
Informazio metodologikoa:
Giza garapenaren indizea. Nota metodologikoa
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
C/ Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62