2024/05/15eko prentsa-oharra
ZERBITZUEN INKESTA. OSTALARITZA. 2022
Euskal AEko ostalaritza-sektoreak inoizko emaitzarik onena lortu zuen 2022an, % 21,7ko igoerarekin
Enpleguak, bi urtez behera egin ondoren, % 5,5 egin du gora, sektorean 62.000 langile baino gehiago izateraino
Euskal AEko ostalaritza-sektoreak % 21,7ko hazkundea izan du 2022an jardueraren emaitzan; horrela, Euskal AEn ezagutzen den serie historikoaren emaitzarik onena lortu du, Eustatek landutako datuen arabera.
Sektore horrek ostatu-zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak eta janari- eta edari-zerbitzuak eskaintzen dituztenak biltzen ditu, eta 2022an 291,4 milioi euroko irabazia lortu du, termino nominaletan, diru-sarreren eta gastuen artean, mozkinen gaineko zerga deskontatu ondoren.
Emaitza bikaina, funtsean, negozio-zifraren portaerari zor zaio; izan ere, % 25,7ko igoerak 2021ean izandako % 33,9ko igoera sendotzen du, eta 2020an COVID-19 pandemiak gogor zigortutako sektorearen susperraldi argia erakusten du, urte horretan negozio-zifra ia erdira jaitsi baitzen, -% 47,4ra.
Negozio-zifra 4.000 milioi euro ingurukoa bada ere (3.992,5 milioi), 2019an erregistratutako 4.500 milioi euroen azpitik dago oraindik.
Euskal AEko ostalaritza-sektoreko aldagai nagusiak, jarduera-taldearen arabera (mila euro). 2022
| | Establezimenduak | Landun-kopurua | Negozio kopurua | Ekitaldiaren emaitza |
| | Balioa | Urteko aldakuntza (%) 2022-2021 | Balioa | Urteko aldakuntza (%) 2022-2021 | Balioa | Urteko aldakuntza (%) 2022-2021 | Balioa | Urteko aldakuntza (%) 2022-2021 |
| OSTALARITZA | 13.420 | 0,1 | 62.406 | 5,5 | 3.992.463 | 25,7 | 291.355 | 21,7 |
| | | | | | | | | |
| Ostatu-zerbitzuak | 1.405 | 2,3 | 6.629 | 6,6 | 643.032 | 52,6 | 54.184 | 87,6 |
| Hotelak eta antzeko ostatuak | 646 | 1,6 | 4.908 | 6,1 | 507.572 | 56,6 | 41.670 | 288,0 |
| Beste ostatuak | 759 | 3,0 | 1.721 | 8,1 | 135.460 | 39,4 | 12.514 | -31,0 |
| | | | | | | | | |
| Janari eta edarien zerbitzuak | 12.015 | -0,2 | 55.777 | 5,4 | 3.349.431 | 21,6 | 237.171 | 12,6 |
| Jatetxeak eta janari postuak | 4.284 | 5,1 | 26.405 | 6,6 | 1.824.009 | 26,3 | 95.560 | 23,0 |
| Beste jan-zerbitzuak | 284 | 8,0 | 10.694 | 16,0 | 376.347 | 9,8 | 7.362 | 36,8 |
| Edaritegiak | 7.447 | -3,2 | 18.678 | -1,3 | 1.149.075 | 18,8 | 134.243 | 5,3 |
Data 2024ko Maiatzaren 15a
Iturria: Eustat. Zerbitzuen inkesta
Euskal ostalaritzaren jarduerak 2022an izan duen bilakaera onaren isla da enpleguaren hazkundea, % 5,5, 3.262 pertsona gehiago, 62.406 lanpostura iritsi arte, 2020an eta 2021ean, hurrenez hurren, % 5,6ko eta % 2,3ko murrizketak izan ondoren. Igoera horren ondoren, 2022an enpleguaren bigarren erregistrorik onena lortu zen, 2019an 64 mila pertsona enplegaturen errekorra lortu ondoren. Eta hori, establezimendu kopurua egonkor mantenduz, 13.420 guztira, % 0,1eko igoera txikiarekin.
Gastuei dagokienez, bai hornikuntzek bai langile-gastuek igoera handiak izan dituzte, % 23,1 lehenengoek eta % 22,1 bigarrenek, baina negozio-zifrarekin gertatzen den bezala, balio absolutuetan pandemia aurreko zifren azpitik.
Era berean, garrantzitsua da faktore-kostuaren araberako balio erantsi gordinaren bilakaera – sortutako aberastasuna adierazten du, eta diru-laguntzen eta zeharkako zergen doikuntzaren ondoren bitarteko kontsumoak kenduta egiten den ekoizpen gordinaren baliokidea da – % 21,2 da, 1.721 milioira iritsiz.
Iturria: Eustat. Zerbitzuen inkesta
Aldiak
Dibisioen araberako analisia
Ostalaritzaren barruan, Janarien eta edarien dibisioa da nagusi: Jatetxeak, Beste janari-zerbitzu batzuk eta Edari-establezimenduak azpisektoreak. Horrek establezimenduen % 89,5 hartzen du, % 89,4ko enplegu-zifra dauka, eta fakturazioaren % 83,9.
3.349 milioi euroko negozio-zifra izan zuen, hau da, aurreko urtean baino % 21,6 gehiago. Era berean, enpleguak % 5,4 egin du gora, eta 2.853 enplegu irabazi ditu; guztira, 55.777 pertsona daude lanean dibisio horretan. Establezimendu kopurua, 12.105, ia berdin mantendu da – 22 establezimendu gutxiago –.
Janarien eta edarien dibisioa emaitza nabarmen positiboarekin eman dio amaiera 2022ari: dibisioaren maximoa lortu da, 237 milioi euro, eta 26,6 milioitan hobetu dira aurreko urtekoak (% 12,6).
Emaitzak jarduera-maila desberdinagoan aztertuz gero, Jatetxeen azpisektoreak, enpleguan eta negozio-bolumenean garrantzi handiena duenak, % 26,3ko aldakuntza positiboa izan du fakturazioan, enplegua (% 6,6) eta establezimenduen kopurua (% 5,1) handituz.
Iturria: Eustat. Zerbitzuen inkesta
Aldiak
Bestalde, Edarien establezimenduen azpisektorearen fakturazioa % 18,8 hazi da, baina murriztu egin dira enplegatutako pertsonen kopurua (-%1,3) eta establezimenduen kopurua (-%3,2).Beste janari-zerbitzu batzuen azpisektoreak, catering-ak, besteak beste, % 9,8 igo du bere negozio-zifra. Enplegatutako pertsonak ere % 16 gehitu dira, eta establezimenduen kopurua % 8.
Ostatu-zerbitzuak, Hotelen eta beste ostatu batzuen azpisektoreek osatuak, Ostalaritzaren zati txikiagoa dira, enpleguaren % 10,6 eta establezimenduen % 10,5 hartzen baitute. Hala ere, adierazle horiei dagokienez, negozio-zifra nahiko handiagoa da, % 16,1. Negozio-zifrak % 52,6 egin du gora (643 milioi euro), enpleguak (6.629 pertsona) % 6,6 egin du gora, eta establezimenduen bolumenak (1.405) % 2,3.
Sektore honetako adierazgarriena Hotelak azpisektorea da. Horren negozio-zifra % 56,6 hazi da, eta horrela Ostatu-zerbitzuen negozioaren ia % 80 kontzentratzen du.
Hain hazkunde berezia pandemiaren urteetan izandako beherakaden ondorioa da. Susperraldi horrek ekarri du 2022ko jardueraren emaitzaren gorakada ikusgarria (% 288), balio erantsi gordinarena (% 44,5), eta ez txikiagoa enpleguan (% 6,1) eta establezimendu-kopuruan (% 1,6).
Azkenik, Beste ostatu batzuk azpisektoreak urtea oso positiboki amaitu du: Ostatu-zerbitzuetako establezimenduen % 54ren jabe da, nahiz eta enplegatuen % 26 soilik okupatzen duen. Pandemiak gutxiago zigortuta, enplegua % 8,1 igo da, establezimenduak % 3, negozio-zifra % 39,4 eta balio erantsia % 30,1. Hala ere, emaitzak % 31 egin du atzera.
Lurralde-azterketa
Lurraldeen bilakaera aztertzean, adierazle guztien joera orokor positiboaren barruan, aldaketak ikusten dira lurralde bakoitzari eragiten dioten intentsitatean.
Ildo horretan, jardueraren emaitzaren kasuan, Bizkaian % 27 igo da, Gipuzkoan % 20,4 eta Araban % 6,5.
Era berean, negozio-zifrak gora egin du hiru lurraldeetan, baina erritmo txikiagoan Araban (% 22,4), Bizkaian (% 25,3) eta Gipuzkoan (% 27,5) baino.
Enpleguari dagokionez, Araba beste bi lurraldeen batez bestekoen artean dago. Gipuzkoan, Ostalaritzako enplegua nabarmen hazi da (% 8,4) azken urtean; Araban, % 6 inguru (% 5,9); eta Bizkaian, % 3,3 baino ez.
Azkenik, establezimenduen kopuruak ez du ia aldaketarik izan erkidego osoan (% 0,1), baina nabarmentzekoa da lurraldeak horretan heterogeneoak direla; izan ere, Araban % 0,7 hazi da eta Gipuzkoan % 0,5; Bizkaian, berriz, % 0,4 jaitsi da.
Euskal AEko ostalaritza-sektoreko aldagai nagusiak, lurralde historikoaren arabera (mila euro). 2022
| | Euskal AE | Urteko aldakuntza (%) 2022-2021 | Araba/Álava | Urteko aldakuntza (%) 2022-2021 | Bizkaia | Urteko aldakuntza (%) 2022-2021 | Gipuzkoa | Urteko aldakuntza (%) 2022-2021 |
| Establezimenduak NU | 13.420 | 0,1 | 1.943 | 0,7 | 7.032 | -0,4 | 4.445 | 0,5 |
| Landunkopurua NU | 62.406 | 5,5 | 8.921 | 5,9 | 30.567 | 3,3 | 22.918 | 8,4 |
| Negozio kopurua | 3.992.463 | 25,7 | 524.862 | 22,4 | 1.918.256 | 25,3 | 1.549.345 | 27,5 |
| Ekitaldiaren emaitza | 291.355 | 21,7 | 29.338 | 6,5 | 131.162 | 27,0 | 130.855 | 20,4 |
Data 2024ko Maiatzaren 15a
Iturria: Eustat. Zerbitzuen inkesta
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
C/ Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62