2024/09/09ko prentsa-oharra
INDUSTRIA-PRODUKZIOAREN INDIZEA. 2024KO UZTAILA
Euskal AEko industria-jarduera % 1,1 murriztu da 2024ko uztailean
Aurreko hilaren aldean industria-produkzioa % 2,7 jaitsi da
Eustaten datuen arabera, 2024ko uztailean Euskal Autonomia Erkidegoko industria-produkzioa aurreko urteko hil berean izandakoa baino % 1,1 txikiagoa izan da, lan-egutegi homogeneoari dagokionez.
Aurreko hilabetearekin alderatuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko industria-jarduera % 2,7 murriztu da azken hilabetean, urtaroen eragina zuzendu ondoren.
Ondasunen helburu ekonomikoaren arabera, Kontsumo-ondasunetan produkzioak urte arteko portaera negatiboa izan du 2024ko uztailean, eta produkzioa % 2,1 jaitsi da sektore osoa kontuan hartuta. Beherakada hori Kontsumo iraunkorreko ondasunen zein Kontsumo ez-iraunkorreko ondasunen portaerak eragin du, % 5,3 eta % 1,4 jaitsi baitira, hurrenez hurren. Kontsumo iraunkorreko ondasunen artean, besteak beste, altzarien eta etxeko tresnen fabrikazioa sartzen da. Kontsumo ez-iraunkorreko ondasunen artean, bestalde, elikagaiak prozesatzeko eta kontserbatzeko jarduerak, garbiketa- eta higiene-produktuen fabrikazioa, farmazia-produktuak eta janzteko arropen ekoizpena agertzen dira.
Ekipamenduko ondasunen produkzioa (ibilgailu motordunen fabrikazioa, tren-makinen eta trenbide-materialen eraikuntza eta aeronautikaren edo itsasontzien eraikuntza barne hartzen dira) % 1,3 igo da aurreko urteko uztailaren aldean.
Bitarteko ondasunetan (metalurgia eta metalezko produktuen fabrikazioa, industria kimikoa eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa barne hartzen dira) produkzioa % 1,3 jaitsi da.
Azkenik, Energiaren produkzioa ere jaitsi egin da 2024ko uztailean, % 3,1 aurreko urteko hil beraren aldean. Sektore honetan sartzen dira energia elektrikoaren ekoizpena eta hornidura eta petrolioa fintzea.
Euskal AEko Industria produkzioaren indizea lurralde historikoaren eta ondasunen helburu ekonomikoaren arabera. Aldakuntza-tasak (p). Uztaila 2024
| | Egutegi eraginak zuzendutako datuak | Datu desestazionalizatuak |
| | m / m-12 | Am / A(m-12) | m / m-1 |
| INDIZE OROKORRA | | | |
| Euskal AE | -1,1 | -0,4 | -2,7 |
| Araba/Álava | -2,4 | -2,3 | -3,3 |
| Bizkaia | -1,4 | -1,3 | -1,9 |
| Gipuzkoa | -0,1 | 1,7 | -3,1 |
| ONDASUNEN HELBURU EKONOMIKOAREN ARABERAKO INDIZEAK | | | |
| Kontsumo-ondasunak | -2,1 | -2,0 | -1,4 |
| Kontsumoondasun iraunkorrak | -5,3 | -7,0 | 0,5 |
| Kontsumoondasun ez-iraunkorrak | -1,4 | -0,9 | -1,8 |
| Ekipo-ondasunak | 1,3 | 3,0 | -2,0 |
| Bitarteko ondasunak | -1,3 | -1,7 | -2,1 |
| Energia | -3,1 | 0,6 | -2,4 |
(p)Behinbehineko datuak
m/m12 Azken hileko (m) aldakuntza-tasa, aurreko urteko hil beraren (m-12) aldean
Am / A(m-12) Urte arteko aldakuntza-tasa , urtarriletik behatutako azken hilera arte metatutako aldian (Am), aurreko urtean pilatutako aldi beraren (A(m-12)) aldean
m / m-1 Azken hileko (m) aldakuntza-tasa, aurreko hilaren (m-1) aldean
Data 2024ko Irailaren 9a
Iturria: Eustat. Industria-produkzioaren indizea
Industria-produkzioaren indizearen urte arteko bilakaera negatiboa izan da 2024ko uztailean hiru lurralde historikoetan: Araban produkzioa % 2,4 jaitsi da, Bizkaian % 1,4 eta Gipuzkoan, azkenik, industria-produkzioa % 0,1 jaitsi da.
Euskal AEko Industria produkzioaren indizea. Sektore A38 nagusiak (1). Urte arteko hazkunde-tasa (p). Uztaila 2024
| | m / m-12 |
| Elikadura ind., edariak, tabakoa | 0,1 |
| Zurgintza, papera eta arte grafikoak | 2,7 |
| Kautxua eta plastikoak | -3,0 |
| Metalurgia eta produktu metalikoak | -1,3 |
| Materiala eta tresna elektrikoak | 4,6 |
| Makineria eta tresneria | 0,0 |
| Garraio-materiala | -3,1 |
| Energia elektrikoa, gasa eta lurruna | -6,0 |
(p)Behinbehineko datuak
Egutegi eraginak zuzendutako datuak
(1)Euskal Aeko industrian pisurik handiena duten sektoreak
Data 2024ko Irailaren 9a
Iturria: Eustat. Industria-produkzioaren indizea
Maila bereiziagoan, Euskal AEko industrian pisu handiena duten sektoreen artean, 2024ko uztailean, urte artean, produkzioaren jaitsiera handiena izan dutenak Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 6,0) eta Garraio-materiala (% 3,1) izan dira. Aitzitik, urte arteko hazkunderik handienak Material eta ekipo elektrikoan (% 4,6) eta Zura, papera eta arte grafikoetan (% 2,7) izan dira.
2024ko UZTAILEKO BALANTZE METATUA
Urteko lehen zazpi hilabeteetako balantze metatuan, Industria-produkzioaren indizea % 0,4 jaitsi da. Uztailera arte metatutako produkzioa % 2,0 jaitsi da Kontsumo-ondasunetan eta % 1,7 Bitarteko ondasunetan. Ekipamenduko ondasunek, aldiz, bilakaera positiboa izan dute, produkzioa % 3,0 igo baita aurreko urteko aldi metatu beraren aldean. Energian, bestalde, uztailera arte metatutako produkzioa % 0,6 igo da.
Lurralde historikoen arabera, 2024ko lehenengo zazpi hilabeteetako balantze metatua balantze negatiboarekin itxi da Araban eta Bizkaian, produkzioa % 2,3 eta % 1,3 jaitsi baita, hurrenez hurren. Gipuzkoan, aldiz, produkzioa % 1,7 igo da, aurreko urteko aldi metatu beraren aldean.
INFORMAZIO-OHARRA
Eustatek eskerrak eman nahi dizkie informazioa biltzen lagundu duten establezimendu guztiei. Haiei esker, hilabete honetako indizea laginaren % 81,85eko estaldurarekin kalkulatu da.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
C/ Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62