2024/10/30eko prentsa-oharra
BIZTANLERIAREN ETA ETXEBIZITZEN ERROLDA. BIZTANLERIAREN EGITURA. 2024/01/01
Euskal AEko biztanleria 11.262 pertsonatan hazi da 2024an, eta pandemian izandako galera berdindu da
Batez besteko adina 45,9 urte da 2024an, duela 20 urte baino ia 4 urte gehiago
Eustaten datuen arabera, 2024ko urtarrilaren 1ean Euskal AEn 2.208.007 biztanle zeuden, hau da, 2023an baino 11.262 gehiago. Igoera hori 2023ko urtarrilaren 1ean izandakoari gehitu behar zaio, 10.228 egoiliarrekoa izan baitzen; beraz, pandemiaren bi urteetan izandako biztanleria-galera aise berdindu da, 2021ean eta 2022an 13.194 pertsona gutxiago izan baitziren. Hazkunde hori ia 21.000 pertsona gehiagoko migrazio-saldoak eragin du; izan ere, saldo begetatiboa – jaiotzak ken heriotzak – ia 8.900 pertsona gutxiagokoa da.
Kopuru absolututan, biztanleria-hazkunderik handiena Bizkaian izan da, 2023an baino 6.018 egoiliar gehiagorekin; ondoren Gipuzkoa dator, 722.824 egoiliarrekin, aurreko urtean baino 2.949 pertsona gehiago; eta, azkenik, Araban hazkundea 2.295 biztanlekoa izan da eta 335.146ra iritsi da.
Aldi zabalago batean egindako analisiak emaitza ezberdina erakusten du. 2004tik 2024ra bitartean, Arabako biztanleria % 14 hazi da, hau da, 41.134 egoiliar gehiago daude. Gipuzkoan gehitu da gehien pertsona kopurua, 41.519, eta balio erlatiboetan % 6,1ekoa izan da. Bizkaiari dagokionez, aldi horretan 30.340 biztanle irabazi ditu, biztanleriaren % 2,7.
Euskal AEko hiriburuen artean, hirurek egin dute gora 2023tik 2024ra bitartean. Hazkunderik handiena Bilbon izan da, 1.924 biztanle gehiagorekin, ondoren Vitoria-Gasteiz, 1.874 biztanlerekin, eta azkenik Donostia, 251 pertsona gehiagorekin. 2004. urtera itzuliz gero, ikusiko dugu Bilboko biztanleria 673 pertsonatan soilik murriztu dela azken 20 urteetan (-%0,2), eta Donostiakoak hazkunde txiki bat izan du, 1.497 pertsonakoa (+%0,8). Vitoria-Gasteizko biztanleria % 14,1 hazi da bi hamarkada hauetan, 220.871 biztanletik 251.974 biztanlera.
Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako udalerriei dagokienez, nabarmentzekoa da azken urtean 166 udalerrik berreskuratu dutela biztanleria, eta 76k galdu. Biztanleria gehien hazi duten udalerriak, hurrenkera horretan, Barakaldo (768 biztanle), Irun (558 biztanle), Sestao (411 biztanle) eta Arrasate (250 biztanle gehiago) dira. Termino absolutuetan jaitsiera handiena izan duen udalerria Hernani izan da, 197 biztanle galdu baititu; hurrengoa Getxo (124 biztanleko galera), nahiz eta jaitsiera azken urteetakoa baino nabarmen txikiagoa izan (-%0,2). Samaniego, Arama, Ubide eta Añana dira ehuneko jaitsiera handiena izan duten udalerriak, lau kasuetan % 5etik gora. Azterketa horretan ez da Galdakao sartu, Usansoloren desanexioaren ondorioz (2023ko amaieran) 4.534 biztanle gutxiago baitaude.
2004tik 2024ra bitartean, Getxo, Portugalete, Basauri eta Sestao, Bilbo Handiko eskualdean, biztanle gehien galdu zituzten udalerriak izan ziren, 14.330 pertsona gutxiago guztira. Ondarroan ere, Bizkaian, 1.000 biztanletik gorako jaitsierak izan ziren. Bestalde, Leioan eta Etxebarrin 4.000 biztanle baino gehiago izan ziren aldi horretan.
Eskualdeak kontuan hartuta, Bilbo Handia izan da, hain zuzen ere, azken urtean biztanleria-hazkunderik handiena izan duena, 4.480 biztanle gehiagorekin; ondoren, Arabako Lautada (1.957) eta Donostialdea (776 gehiago) daude. Gainerakoetan, 20 eskualdeetatik 1ek bakarrik galdu du biztanleria, baina 8 pertsona baino ez.
2004. urtetik aurrera, Arabako Lautadan izan da hazkunderik handiena, 35.419 pertsona gehiago; ondoren, Donostialdean (+15.454) eta Plentzia-Mungian (+12.326). 20 urte hauetan biztanleria galtzen duen eskualde bakarra dago: Markina-Ondarroa, 758 pertsona gutxiagorekin.
65 urte eta gehiagoko pertsonen proportzioak gora egiten jarraitzen du Euskal AEn
Euskal AEko biztanleriaren batez besteko adina 2024an 45,9 urte da, Espainia osoan baino 1,6 urte gehiago. 2004. urtearekin alderatuta, batez besteko adina 4 urte igo da. Bestalde, sexuen arteko aldea 3 urtekoa da; izan ere, gizonen batez besteko adina 44,3 urtekoa da eta emakumeena 47,3koa, adin nagusiko emakume gehiago daudelako. Adinaren batez bestekoak lurraldeen adin-egitura islatzen du: Arabak erkidegoko batez bestekoa baino ia urtebete gutxiago du (45 urte); Gipuzkoa batez besteko horretara hurbiltzen da, baina azpitik (45,5) eta Bizkaiak gainditu egiten du, 46,4 urtera iritsi arte.
2024an, Euskal AEn, 65 urte eta gehiagoko pertsonen proportzioa % 24koa da, aurreko urtean baino 0,5 puntu gehiago, eta Espainian baino 3,6 puntu gehiago (% 20,4). Soilik 3 autonomia-erkidegok gainditzen dute ehuneko hori: Asturiasko Printzerriak (% 28), Gaztela eta Leonek (% 26,9) eta Galiziak (% 26,6). Sexua kontuan hartuta, emakumeen artean 65 urte eta gehiagoko proportzioa % 26,5 da, eta gizonen artean, berriz, % 21,2.
Euskal AEko batez besteko ehunekoa gainditzen duten udalerrien kopurua 82 da, 170ek balio bera edo txikiagoa duten bitartean; lehenengoen artean Bilbo, Donostia, Barakaldo eta Getxo daude, non Euskal AEko biztanleria osoaren % 31,8 bizi den.
2004. urtean, 65 urtetik gorako biztanleak % 18,4 ziren, eta batez bestekoa baino ehuneko handiagoa zuten udalerriak 154 ziren. Gainera, 2004tik 2024ra bitartean, 76 udalerritan 65 urtetik gorako pertsonen proportzioak behera egin du, baina udalerri horietan biztanleria osoaren % 3,2 baino ez da bizi.
Euskal AEko biztanleria, lurralde-eremuen, adin-talde handien arabera. 2024/01/01
| | Guztira | 0 - 19 | 20 -64 | >= 65 |
| | | Kopurua | % | Kopurua | % | Kopurua | % |
| Guztira | 2.208.007 | 391.302 | 17,7 | 1.287.750 | 58,3 | 528.955 | 24,0 |
| Lurralde historikoak | | | | | | | |
| Araba/Álava | 335.146 | 63.452 | 18,9 | 195.446 | 58,3 | 76.248 | 22,8 |
| Bizkaia | 1.150.037 | 194.874 | 16,9 | 674.664 | 58,7 | 280.499 | 24,4 |
| Gipuzkoa | 722.824 | 132.976 | 18,4 | 417.640 | 57,8 | 172.208 | 23,8 |
| Hiriburuak | | | | | | | |
| Bilbao | 344.408 | 53.426 | 15,5 | 204.424 | 59,4 | 86.558 | 25,1 |
| Donostia / San Sebastian | 182.892 | 29.982 | 16,4 | 104.860 | 57,3 | 48.050 | 26,3 |
| Vitoria-Gasteiz | 251.974 | 47.833 | 19,0 | 146.325 | 58,1 | 57.816 | 22,9 |
| Eskualdeak | | | | | | | |
| Añana | 6.367 | 1.004 | 15,8 | 3.901 | 61,3 | 1.462 | 23,0 |
| Arabako Errioxa / Rioja Alavesa | 11.777 | 2.316 | 19,7 | 6.976 | 59,2 | 2.485 | 21,1 |
| Arabako Kantaurialdea / Cantábrica Alavesa | 34.496 | 6.365 | 18,5 | 19.623 | 56,9 | 8.508 | 24,7 |
| Arabako Lautada / Llanada Alavesa | 269.971 | 51.537 | 19,1 | 157.420 | 58,3 | 61.014 | 22,6 |
| Arabako Mendialdea / Montaña Alavesa | 3.232 | 496 | 15,3 | 1.889 | 58,4 | 847 | 26,2 |
| Arratia-Nerbioi / Arratia-Nervión | 24.298 | 4.680 | 19,3 | 14.209 | 58,5 | 5.409 | 22,3 |
| Bidasoa Behea / Bajo Bidasoa | 77.854 | 13.959 | 17,9 | 45.155 | 58,0 | 18.740 | 24,1 |
| Bilbo Handia / Gran Bilbao | 860.793 | 140.856 | 16,4 | 504.768 | 58,6 | 215.169 | 25,0 |
| Debagoiena / Alto Deba | 55.011 | 10.377 | 18,9 | 30.970 | 56,3 | 13.664 | 24,8 |
| Debarrena / Bajo Deba | 63.087 | 11.709 | 18,6 | 35.789 | 56,7 | 15.589 | 24,7 |
| Donostialdea | 331.118 | 57.063 | 17,2 | 192.783 | 58,2 | 81.272 | 24,5 |
| Durangaldea / Duranguesado | 99.785 | 18.750 | 18,8 | 58.687 | 58,8 | 22.348 | 22,4 |
| Enkartazioak / Encartaciones | 32.178 | 5.644 | 17,5 | 18.943 | 58,9 | 7.591 | 23,6 |
| Gernika-Bermeo | 46.616 | 8.319 | 17,8 | 26.714 | 57,3 | 11.583 | 24,8 |
| Goierri | 68.615 | 13.961 | 20,3 | 39.035 | 56,9 | 15.619 | 22,8 |
| Gorbeialdea / Estribaciones. del Gorbea | 9.303 | 1.734 | 18,6 | 5.637 | 60,6 | 1.932 | 20,8 |
| Markina-Ondarroa | 25.618 | 4.431 | 17,3 | 14.596 | 57,0 | 6.591 | 25,7 |
| Plentzia-Mungia | 60.749 | 12.194 | 20,1 | 36.747 | 60,5 | 11.808 | 19,4 |
| Tolosaldea | 49.869 | 10.193 | 20,4 | 28.771 | 57,7 | 10.905 | 21,9 |
| Urola Kosta | 77.270 | 15.714 | 20,3 | 45.137 | 58,4 | 16.419 | 21,2 |
Data 2024ko Urriaren 30a
Iturria: Eustat. Biztanleriaren eta etxebizitzen errolda. Biztanleriaren egitura
Biztanleen adinari dagokionez, aldeak daude EAEko udalerrien artean, eta, zehazkiago, 65 urte eta gehiagoko pertsonen ehunekoari dagokionez: izan ere, Baliarrainek dauka ehuneko txikiena (%8,8) eta Haranak handiena (% 37,9). Gainerako udalerriak horien artean kokatzen dira.
Lehenaz gain, % 14tik beherako ehunekoa duten beste 6 udalerri daude: Arakaldo, Irura, Astigarraga, Iruña Oka, Orendain eta Dulantzi. Guztira, 16.898 biztanle dituzte 7 udalerriek. Bestalde, Haranaz gain, 6 dira % 30etik gorako ehunekoa duten udalerriak: Ea, Sukarrieta, Elantxobe, Ereño, Añana eta Lagran. Zazpi egoiliarren artean 2.440 daude.
Eskualdeetan, 65 urtetik gorako biztanleak % 25 baino gehiago dira Arabako Mendialdean (% 26,2) eta Markina-Ondarroan (% 25,7). Ehuneko txikiena duen eskualdea, berriz, Plentzia-Mungia da, % 19,4koa.
Adin nagusienei erreparatuz gero, ikus dezakegu 85 urte eta gehiagoko pertsonak 2004an % 1,9 izatetik 2024an % 4,1 izatera igaro direla, baina ehuneko hori oso modu desberdinean banatzen da gizonen eta emakumeen artean: Euskadiko gizonen % 2,7k 85 urte edo gehiago ditu, eta emakumeen artean, berriz, proportzio hori % 5,4ra igotzen da. 100 urte eta gehiagoko biztanlerian hazkunde-prozesua biziagoa izan da: 2004an adin horretako 262 pertsona izatetik 907 izatera igaro da hogei urte geroago, % 86,8 emakumeak izanik.
Euskal AEn 65 urte eta gehiagoko 1,8 pertsona daude 16 urtetik beherako bakoitzeko, eta Espainia osoko ratioa (1,4) gainditu egiten da. Hala ere, Asturiasko Printzerrian 2,6ko erlazioa dago, eta hortik urrun dago Euskal AE oraindik.
Eskualdeka, Arabako Mendialdea eta Bilbo Handia dira proportziorik handiena dutenak, 16 urtetik beherako bakoitzeko 65 urtetik gorako 2 pertsona edo gehiago baitaude; Arabako Errioxan, Plentzia-Mungian eta Urola-Kostan, berriz, 1,3 dira.
Udalerri-mailan, 91 udalerrik dute batez bestekoaren balio bera edo handiagoa, eta muturreko kasuak daude: Sukarrieta, Lagran, Añana eta Harana, 4tik 1era bitarteko kopuruarekin. Baliarrainek, aldiz, 0 eta 15 urte bitarteko 3 gazte baino gehiago ditu 65 urte edo gehiagoko pertsona bakoitzeko; Irurak 1,8, Arakaldok 1,7 eta Orendainek 1,7, hurrenez hurren. Hala ere, gogoratu behar da oso biztanle gutxiko udalerriak direla. Oro har, 26 udalerritan gutxienez 16 urtetik beherako adingabe bat dago 65 urtetik gorako pertsona bakoitzeko.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
C/ Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62