2024/11/29ko prentsa-oharra
OSPITALEETAKO ERIKORTASUN-ESTATISTIKA. 2023
2023an, ospitaleratzeak % 2,1 igo ziren Euskal AEko akutuen ospitaleetan
Arnas-gaixotasunek % 17,4 egin zuten gora akutuen ospitaleetan
Eustaten datuen arabera, Euskal AEko akutuen ospitaleetan 235.484 ospitalizazio izan ziren 2023an, aurreko urtean baino % 2,1 gehiago. Ospitalizazioen arrazoi nagusiak izan ziren digestio-gaixotasunak, zirkulazio-gaixotasunak eta arnas-gaixotasunak, eta, orotara, ospitalizazioen % 37,6 hartu zituzten.
Bigarren urtez jarraian, gora egin zuten arnas-gaixotasunek eragindako ospitalizazioek, zehazki % 14,2 2022. urtearekin alderatuta, eta ospitalizazioen hirugarren kausa izaten jarraitzen dute. Gainera, pandemia ondorengo urteetan, gaixotasun-talde ohikoenen artean gora gehien egin duena da. Beste muturrean, COVID-19ak eragindako ospitaleratzeek behera egiten jarraitu zuten (% 66,6, 2022. urtearekin alderatuta), eta 2023ko ospitalizazioen % 1,2 izan ziren, 2022ko % 3,6ren eta 2021eko % 5,1en azpitik.
Martxoa izan zen ospitalizazio-kopuru handiena izan zuen hilabetea (% 9,8), eta urtarrila ospitaleetan heriotza gehien izan zen hilabetea (% 9,8); bi kasuetan arnas-gaixotasunak ospitalizazioen kausa nagusia izan ziren urteko sasoiarekin bat etorriz. Bereziki nabarmendu ziren, pneumonia eta biriketako gaixotasun buxatzailea (BGBK).
Pertsonen % 83,8 ospitale publikoetan artatu zituzten eta % 16,2 pribatuetan. Azken horietan, aldatu egin da artatutako patologien patroia, eta aparatu muskulueskeletikoko arazoak artatu dira gehien (ospitalizazioen ia % 21); ohikoenen artean belauneko eta aldakako artrosia eta belaun barruko nahasmendua izan ziren.
Ospitalizazioen % 64,2 premiazkoak izan ziren, eta ehuneko hori % 70,2koa izan zen ospitale publikoetan (% 33,2koa pribatuetan). Alta eman zitzaien pertsona guztietatik % 90,8ri sendatzeagatik edo hobetzeagatik eman zitzaien alta, % 3,5i heriotzagatik eta gainerakoei beste zentro batzuetara eramateko edo beste arrazoi batzuengatik.
Ospitaleratutako pertsonen profilari dagokionez, gizonen proportzioa (% 51,2) emakumeena (% 48,8) baino handiagoa izan zen, eta proportzio hori % 54,5era igotzen da erditzeak, haurdunaldiak eta puerperioak eragindako arreta-kasuak alde batera utziz gero. % 51,6k 65 urte edo gehiago zituzten, eta, zehazki, 65-79 adin-tartekoek izan zituzten ospitaleratze gehien (% 29,3); ondoren 45-64 adin-tartekoek (% 25,3) eta 80 urte eta gehiagokoek (% 22,2).
Lurraldeen arabera, % 50,7 Bizkaian bizi ziren, % 31,6 Gipuzkoan, % 15,2 Araban, % 1,8 mugako probintzietan, % 0,4 gainerako probintzietan eta % 0,3 atzerrian.
Gaixotasun-talde handien arabera, digestio- eta zirkulazio-aparatuko gaixotasunak izan ziren ospitalizazioen bi kausa nagusiak 2023an (% 13,4 eta % 12,3, hurrenez hurren). Gertutik jarraitzen diete arnas-aparatuko gaixotasunek hirugarren posizioan (% 11,9), eta atzetik daude traumatismoak eta lesioak (% 9,6) eta tumoreak (% 9,3).
Emakumeei dagokienez, haurdunaldi, erditze eta puerperioko gertakariez gainera, ospitalizazioen kasua nagusiak izan ziren digestio-aparatuko gaixotasunak (% 11,7), arnas-aparatukoak (% 11,3) eta zirkulazioko gaixotasunak (% 10,3).
Gizonen kasuan, ospitalizazioen hiru kausa nagusiak bat datoz emakumeenekin (haurdunaldia, erditzea eta puerperioa alde batera utzita), baina kasu guztietan ospitaleratzeen maiztasuna handiagoa da: digestio-aparatuko gaixotasunak (% 15.1), zirkulazio-aparatukoak (% 14,1) eta arnas-aparatukoak (% 12,6).
Euskal AEko akutuen ospitaleetako ospitaleratzeak, gaixotasun ohikoenen taldeen eta COVID 19aren arabera, sexuari eta adin-taldeari jarraiki. 2023
| | Guztira | % (*) | Aldakuntza-tasa (%) 2023/2022 | Sexua (%) | Adina (%) |
| | | | | Gizonak | Emakumeak | 0-14 | 15-44 | 45-64 | 65-79 | 80 eta gehiago |
| DIAGNOSTIKO-TALDE HANDIAK | | | | | | | | | | |
| Guztira | 235.484 | 100 | 2,1 | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 |
| Liseri-aparatua | 31.617 | 13,4 | 4,1 | 15,1 | 11,7 | 8,7 | 11,0 | 16,4 | 14,1 | 12,1 |
| Zirkulazio-aparatua | 28.881 | 12,3 | -1,1 | 14,1 | 10,3 | 0,8 | 2,3 | 10,7 | 15,3 | 20,8 |
| Arnas aparatua | 28.122 | 11,9 | 17,4 | 12,6 | 11,3 | 25,3 | 7,8 | 8,5 | 11,3 | 17,4 |
| Traumatismoak eta lesioak | 22.663 | 9,6 | 4,1 | 10,0 | 9,2 | 7,6 | 10,6 | 10,8 | 7,9 | 10,2 |
| Neoplasiak | 21.902 | 9,3 | -0,9 | 9,9 | 8,7 | 1,0 | 3,9 | 12,0 | 13,5 | 7,0 |
| Aparatu muskulueskeletikoa | 20.165 | 8,6 | 9,9 | 8,6 | 8,6 | 2,8 | 7,1 | 12,3 | 10,2 | 4,6 |
| Aparatu genitourinarioa | 18.188 | 7,7 | 5,5 | 8,2 | 7,2 | 3,7 | 6,4 | 8,8 | 8,9 | 6,8 |
| Haurduntza, erditzea eta erdiberriaroa | 14.518 | 6,2 | -1,6 | - | 12,6 | 0,0 | 32,6 | 0,3 | - | - |
| COVID-19 | 2.786 | 1,2 | -66,6 | 1,2 | 1,1 | 0,6 | 0,2 | 0,6 | 1,3 | 2,7 |
(*)Ehunekoa ospitaleratze guztien gainean kalkulatu da
CIE -10 : Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapena, 10. bertsioa
Data 2024ko Azaroaren 29a
Iturria: Eustat. Ospitaleetako erikortasun-inkesta
15 urtetik beherakoen artean, ospitalizazio gehien eragin zituzten gaixotasun-taldeak eta, horien barruan, kausa espezifikoak, izan ziren arnas-aparatukoak (amigdalen eta adenoideen hipertrofia eta bronkitis akutua); 15 urtetik 44 urtera bitartekoen artean, erditzeak eta haurdunaldiak eragindako arretaz gain, digestio-aparatukoak (apendizitis akutua) eta traumatismoak eta lesioak (belauneko artikulazio eta lotailuen luxazioa); eta 45 urtetik 64 urtekoen artean ere digestio-aparatukoak izan ziren nagusi, kolelitiasia emakumeetan (kalkuluak behazun-besikulan) eta iztaiko hernia gizonetan.
65 urte edo gehiagoko adin-taldean, zirkulazio-aparatuko gaixotasunak gailendu ziren (bihotz-gutxiegitasuna eta garuneko infartua); eta talde ugarienean, (65-79 adin-taldean) aipatutako zirkulazio-aparatuko gaixotasunez gain, nabarmendu zien digestio-aparatuko gaixotasunak (berriz ere iztaiko hernia eta kolelitiasia) eta tumoreak (maskuria, prostata, bronkioak eta birika).
Batez besteko egonaldia 5,5 egunera jaitsi da
Ospitaleratutako pertsonek 1.293.433 egonaldi eragin zituzten (hau da, pazientea ospitaleratu zutenetik alta-egunera arte igaro ziren egunak), % 1,1 jaitsi ziren, beraz, 2022arekin alderatuta, eta batez besteko egonaldia 5,5 egunekoa izan zen (2022an, 5,7 egunekoa); gizonen kasuan 5,7 egunekoa izan zen eta emakumeen kasuan 5,3 egunekoa; adin-taldeei dagokienez, altuena bizitzaren zikloaren hasierako eta amaierako etapan erregistratu zen: 0 urte (ia 8 egun) eta 80 urte eta gehiago (6,5 egun).
Gaixotasun-taldeei dagokienez, egonaldi luzeenak eragin zituztenak izan ziren buru-nahasmenduak eta portaera-nahasmenduak (13,8 egun), jaiotza-inguruko aldian sortutako gaixotasunak (9,4 egun) eta gaixotasun infekziosoak eta parasitarioak (8,8 egun).
Ohar metodologikoa
Estatuko eta nazioarteko estatistikekin konparatzeko arrazoiak direla eta, ospitaleratze-modalitatean egun bateko edo gehiagoko egonaldia duten gertakariak bakarrik hartzen dira kontuan, hau da, ez dira kontuan hartzen 0 eguneko egonaldia dutenak. Egonaldiaren iraupena honela kalkulatzen da: ospitaleratze-dataren eta alta-dataren artean igarotako egun-kopurua, ospitaleratze- edo alta-orduak kontuan hartu gabe.
Ez dira sartzen egonaldi ertain eta luzeko ospitalizazioak, ezta psikiatrikoak ere.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62