2025/05/14ko prentsa-oharra
ZERBITZUEN INKESTA. JARDUERA PROFESIONALAK ETA ZERBITZU LAGUNGARRIAK. 2023
Jarduera profesionalak eta zerbitzu lagungarriak % 9,1 hazi dira eta 11.336 milioi euroko negozio-zifrara iritsi dira Euskal AEn 2023an
Hazkunde horri egindako ekarpenik nabarmenenak Bidaia-agentzietatik (% 34,9) eta Ikerketa eta garapenetik (% 23,1) datoz
Jarduera profesionalen eta zerbitzu lagungarrien sektoreko establezimenduen negozio-zifra 11.336 milioi eurokoa izan zen 2023an, uneko prezioetan; hau da, 2022an baino % 9,1 gehiago, Eustaten datuen arabera. Sektore honek bilakaera positiboa izan du funtsezko adierazle ekonomiko gehienetan.
Sektoreak, negozio-zifrari dagokionez, hazkunde nabarmeneko ondoz ondoko hiru urteren buruan egoteaz gain (% 7,8ko, % 11,6ko eta % 9,1eko igoerak izan ditu azken urteetan), eskuragarri dagoen serie historikoko emaitzarik onena lortu du. Jarduerari dagokionez ere, aurreko urtearen aldean, enpleguak % 2,2ko igoera izan du 2023an. Bilakaera horrek 2013an hasitako etengabeko hazkundearen joera berresten du, pandemiak markatutako urteetan soilik eten baita. Harrezkero, sektorean lan egiten duten pertsonen kopurua % 17,2 igo da eta 2023an 134.588 langile izatera iritsi da, hori ere erregistratutako zifrarik altuena.
Era berean, establezimendu-kopurua, pandemiaren aurretik jaisten ari zena, % 1,7 igo zen 2023an eta 27.373ra iritsi zen. Hazkunde horrek 2022an erregistratutako minimo historikoarekiko susperraldia adierazten du, 2022ko zifra hori 26.926 izan baitzen, serie osoko daturik txikiena.
Negozio-zifraren igoerarekin bat etorriz, Jarduera profesionaletako eta zerbitzu lagungarrietako establezimenduek faktoreen kostuan lortutako balio erantsi gordinak % 10,3ko igoera izan zuen. BEGak sortutako aberastasuna adierazten du, ekoizpen gordinari dirulaguntzen eta zeharkako zergen ondoriozko doikuntzaren osteko bitarteko kontsumoak kenduta. 2023an, 7.416 milioi eurora iritsi zen uneko prezioetan, 2022an lortutakoa baino 690 milioi gehiago; berriz ere, ezagutzen den serie historikoko balio erantsi gordinaren kopururik handiena.
Balio erantsi gordinaren joera berari jarraituz, itxurazko lan-produktibitateak ere (balio erantsia enpleguarekin lotzen duenak) gora egin du, 2022ko % 7,6tik 2023ko % 7,9ra, eta horrek giza baliabideen erabileran efizientzia handiagoa erakusten du.
Aldiak
Aldiak
Dibisioen analisia
Bidaia-agentzien (% 34,9) eta Ikerketa eta garapenaren (% 23,1) negozio-zifraren hazkunde nabarmena
Jarduera profesionalen eta zerbitzu lagungarrien sektorea bi ataletan banatzen da: Jarduera profesional, zientifiko eta teknikoen atala eta Administrazio-jardueren eta zerbitzu osagarrien atala.
Lehenengoari dagokionez, Jarduera profesional, zientifiko eta teknikoen atalak 21.443 establezimendu ditu, eta nagusi da establezimendu-kopuruari dagokionez, guztizkoaren % 78,3 baita. Negozio-zifrari dagokionez ere, fakturatutako 7.680 milioi euroak sektorearen % 67,7 dira. Enpleguari dagokionez, 65.607 langilek sektorearen erdia baino zertxobait gutxiago osatzen dute, guztizkoaren % 48,7.
Emaitzak jarduera-maila bereiziago batean aztertuz gero, atal honen barruan, duten garrantziagatik, Jarduera juridikoak eta kontabilitatekoak eta Arkitektura- eta ingeniaritza-zerbitzuak nabarmentzen dira. 3.566 milioi euroko fakturazioa du lehenak, bere dibisioaren % 46,4 eta 2.491 milioi euroko fakturazioa bigarrenak, dibisioaren % 32,4; bien artean negozio-zifra osoaren % 78,9 metatzen dute, establezimendu guztien % 73 eta enpleguaren % 69,4.
2023an, Jarduera juridikoen eta kontabilitateko jardueren atalak 26.475 pertsonari eman die lana 10.253 establezimendutan, eta Arkitektura- eta ingeniaritza-zerbitzuen 5.394 establezimenduk 19.049 pertsonari. Aurreko urtearen aldean, intentsitate ezberdinekoa bada ere, joera positiboa erakutsi dute biek. Negozio-kopuruari dagokionez, Jarduera juridiko eta kontabilitateko jarduerak Arkitektura- eta ingeniaritza-zerbitzuak baino gehiago hazi ziren: lehenengoak % 9 (293 milioi gehiago) eta bigarrenak % 4 (96 milioi gehiago). Aitzitik, bai establezimendu-kopuruan (% 0,4 eta % 1,4, hurrenez hurren), bai enpleguan (% 1,9 eta % 2,4), Arkitektura- eta ingeniaritza-zerbitzuak izan ziren zifra positiboenak izan zituztenak.
Gainerako hiru dibisioei dagokienez, Ikerketa eta garapena atalak oso portaera positiboa izan du fakturazioan, % 23,1 igo baita aurreko urtearen aldean (130 milioi gehiago). Beste jarduera profesional batzuek ere (besteak beste, Diseinua, Argazkilaritza, Itzulpengintza eta interpretazioa eta Albaitaritza) igoera nabarmena izan dute, % 11,5ekoa; Publizitatea eta merkatu-azterketak atalaren fakturazioa, berriz, % 6,5 igo da.
Ikerketa eta garapeneko jardueretarako enpleguaren bilakaera negatiboa da, % 0,7 jaitsi baita 2022aren aldean, nahiz eta establezimendu-kopuruak % 4,8 egin duen gora. Beste jarduera profesional batzuetan enpleguak % 1,8 egin du gora, eta establezimendu-kopuruak % 4,8. Era berean, Publizitatea eta merkatu-azterketak adarrean bilakaera-zifra positiboak daude, bai establezimendu-kopuruan (% 3,5), bai langile okupatuetan (% 1,4).
Euskal AEko Jarduera profesionalak eta zerbitzu lagungarriak sektoreko aldagai nagusiak, jarduera-taldearen arabera (milaka euro). 2023
| | Establezimenduak | Landun-kopurua | Negozio kopurua |
| | Balioa | osoaren % | Urteko aldakuntza (%) | Balioa | osoaren % | Urteko aldakuntza (%) | Balioa | osoaren % | Urteko aldakuntza (%) |
| Jarduera profesionalak eta zerbitzu lagungarriak | 27.373 | 100,0 | 1,7 | 134.588 | 100,0 | 2,2 | 11.335.908 | 100,0 | 9,1 |
| Jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak | 21.443 | 78,3 | 1,7 | 65.607 | 48,7 | 1,6 | 7.679.561 | 67,7 | 8,5 |
| - - Jarduera juridikoak eta kontabilitatekoak | 10.253 | 47,8 | 0,4 | 26.475 | 40,4 | 1,9 | 3.566.114 | 46,4 | 9,0 |
| - - Arkitektura- eta ingeniaritza-zerbitzuak | 5.394 | 25,2 | 1,4 | 19.049 | 29,0 | 2,4 | 2.490.562 | 32,4 | 4,0 |
| - Ikerketa eta garapena | 455 | 2,1 | 4,8 | 8.851 | 13,5 | -0,7 | 689.537 | 9,0 | 23,1 |
| - Publizitatea eta merkatu azterlanak | 1.396 | 6,5 | 3,5 | 3.927 | 6,0 | 1,4 | 375.355 | 4,9 | 6,5 |
| - Beste jarduera profesional | 3.945 | 18,4 | 4,8 | 7.305 | 11,1 | 1,8 | 557.993 | 7,3 | 11,5 |
| Administrazio-jarduerak eta zerbitzu lagungarriak | 5.930 | 21,7 | 1,5 | 68.981 | 51,3 | 2,8 | 3.656.347 | 32,3 | 10,4 |
| - Alokairu jarduerak | 590 | 9,9 | -1,2 | 2.522 | 3,7 | -2,1 | 531.395 | 14,5 | 14,3 |
| - - Enpleguarekin uztartutako jarduerak | 240 | 4,0 | 3,4 | 10.710 | 15,5 | 11,4 | 408.614 | 11,2 | 7,1 |
| - Bidaia-agentziak | 752 | 12,7 | 4,9 | 1.892 | 2,7 | 2,7 | 500.017 | 13,7 | 34,9 |
| - Bestelako zerbitzu-jarduerak | 4.348 | 73,3 | 1,2 | 53.857 | 78,1 | 1,5 | 2.216.321 | 60,6 | 5,8 |
Data 2025eko Maiatzaren 14a
Iturria: Eustat. Zerbitzuen inkesta
Bestalde, beste atal handia, Administrazio-jardueren eta zerbitzu osagarrien atala, 3.656 milioi euroko fakturazioarekin, Jarduera profesional eta zerbitzu lagungarrien guztizkoaren negozio-zifraren % 32,3 da; 68.981 lanpostuak guztizko enpleguaren % 51,3 dira eta, 5.930 establezimenduak jarduera-sektore horretako establezimendu guztien % 21,7.
Atalaren barruan, Beste zerbitzu-jarduera batzuk dibisioa bereizten da (Segurtasun- eta ikerketa-jarduerak, Eraikinetarako eta lorezaintzarako zerbitzuak eta Enpresentzako jarduera lagungarriak). Ataleko enpleguaren eta establezimendu guztien hiru laurdenak hartzen ditu (% 78,1 eta % 73,3, hurrenez hurren). Bilakaera positiboa izan du, bai landueni dagokionez (% 1,5), bai establezimendu-kopuruari dagokionez (% 1,2). Gauza bera esan daiteke fakturazioari buruz, % 5,8 igo baita.
Beste zerbitzu-jarduera batzuk alde batera utzita, beste dibisioek partaidetza txikia dute atalaren barruan. Hala, establezimenduen % 12,7 eta enpleguaren % 2,7 Bidaia-agentziei dagokie, establezimenduen % 9,9 eta enpleguaren % 3,7 Alokairu-jarduerei, eta establezimenduen % 4 eta enpleguaren % 15,5 Enpleguarekin lotutako jarduerei.
Hirurek izan dituzte igoerak fakturazioan. Bereziki aipagarria da Bidaia-agentzietako fakturazioaren berreskuratzea, aurten % 34,9ko gorakada ikusgarria izan baitu aurreko urtearen aldean (129 milioi gehiago); enplegua % 2,7 igo da eta establezimendu-kopurua ere % 4,9 hazi da. Bestalde, Alokairu-jardueren fakturazioak % 14,3 egin du gora, baina enpleguak % 2,1 egin du behera eta establezimendu-kopuruak ere % 1,2 egin du behera. Era berean, enpleguarekin lotutako jardueretan hazkundea izan da, bai langileen kopuruan (% 11,4), bai fakturazioan (% 7,1), bai establezimendu-kopuruan (% 3,4).
Lurraldekako analisia
Hazkunde orokorra, baina lurraldeen artean aldeak daude
Lurraldeen araberako banaketan, eta establezimendu-kopuruari erreparatuta, Euskal AEko establezimendu guztien % 52,6 Bizkaian dago, % 34 Gipuzkoan eta % 13,5 Araban, jardueraren arabera kontuan hartzeko aldaketekin. Adibidez, Jarduera Juridikoak eta Kontabilitatekoak % 58,7 dira Bizkaian, Ikerketa eta garapenekoak % 47,3 dira Gipuzkoan, eta Enpleguarekin lotutako jarduerak % 20,8 dira Araban, lurralde bakoitzean adierazgarrienak aipatzearren.
Hiru lurraldeen azken aldiko bilakaera aztertzean, intentsitate-maila ezberdinarekin bada ere, dinamika positiboa ikusten da kontuan hartutako adierazle guztietan. Oro har, hazkunde orekatua izan dute hiru lurraldeek jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren artean, eta hobekuntza nabarmenak izan dituzte negozio-bolumenean eta langile-gastuetan.
Araban, 2023ko datuek portaera dinamikoa erakusten dute. Enplegua % 6,5 hazi zen 2022aren aldean eta 19.999 lanpostura iritsi zen. Hedapen horrekin batera, negozio-zifra ere modu berean hazi zen, 1.399 milioi eurotik gorakoa izan baitzen. Are nabarmenagoa izan zen langile-gastuen igoera, % 11,1 hazi baitziren. Establezimendu-kopuruak ere gora egin zuen, baina modu apalagoan, aurreko urtean baino % 1,3 gehiago (3.688).
Bestalde, Bizkaiak, 2023an, profil neurritsuagoa du enpleguari eta establezimenduei dagokienez, baina sendoagoa negozio-bolumenari dagokionez. Enplegu kopurua % 1,4 hazi zen, 75.234ra iritsi arte, eta establezimenduak, berriz, % 1,5 igo ziren, 14.000 baino gehiago. Hala ere, aipagarriena, adierazi bezala, negozio-zifraren bilakaera da: % 10,7ko hazkundea izan zuen, ia 7.000 milioi eurora iritsita. Langile-gastuek ere goranzko bilakaera izan zuten, % 7,6 igota.
Azkenik, Gipuzkoan hazkundea, batez ere, establezimendu-kopuruan izan da nabarmena, % 2 hazi baitzen, 9.294ra iritsita. Enplegua % 1,6 hazi zen, 39.355 pertsonara iritsi arte, eta negozio-zifra, berriz, % 6,7 igo zen, 2.944 milioi euro ingururekin. Langile-gastuek eragina izan zuten bilakaera horretan, % 6,5eko igoera izanda.
Euskal AEko Jarduera profesionalak eta zerbitzu lagungarriak sektoreko aldagai nagusiak, lurralde historikoaren arabera (milaka euro). 2023
| | Euskal AE | Gehikuntza % 2023-2022 | Araba/Álava | Gehikuntza % 2023-2022 | Bizkaia | Gehikuntza % 2023-2022 | Gipuzkoa | Gehikuntza % 2023-2022 |
| Establezimenduak (kopurua) | 27.373 | 1,7 | 3.688 | 1,3 | 14.391 | 1,5 | 9.294 | 2,0 |
| Langile okupatuak (kopurua) | 134.588 | 2,2 | 19.999 | 6,5 | 75.234 | 1,4 | 39.355 | 2,0 |
| Negozio kopurua | 11.335.908 | 9,1 | 1.399.199 | 6,5 | 6.992.733 | 10,7 | 2.943.976 | 6,7 |
| Hornidurak | 2.528.098 | 7,9 | 256.045 | -2,8 | 1.640.387 | 10,3 | 631.666 | 6,4 |
| Pertsonal gastuak | 4.780.361 | 7,8 | 686.968 | 11,1 | 2.704.446 | 7,6 | 1.388.947 | 6,5 |
Data 2025eko Maiatzaren 14a
Iturria: Eustat. Zerbitzuen inkesta
Enplegu-geruzaren araberako analisia
Negozio-zifraren hazkundea geruza guztietan
Establezimenduen tamainaren banaketaren azterketa xehatuak, enplegu-bolumenaren arabera sailkatuta, informazio gehigarria ematen du. Oro har, urte arteko bilakaerak joera positiboa erakusten du enplegu-geruza guztietan.
Sektore osoan duten banaketari dagokionez, mikroenpresak establezimendu guztien % 93 dira, lan-indarraren % 31,4 hartzen dute eta sektoreko fakturazioaren % 39,1 sortzen dute. Enpresa txikiak, 10 eta 49 langile bitartekoak, establezimenduen % 5,6 dira, baina lan-indarraren % 23 enplegatzen dute, eta guztizko fakturazioaren % 32,4 sortzen dute jarduera profesionalen eta zerbitzu lagungarrien sektorean. Azkenik, 50 langile baino gehiago dituzten enpresa handiak establezimenduen % 1,4 baino ez dira, baina langileen % 45,6 enplegatzen dute eta guztizko fakturazioaren % 28,5 sortzen dute.
Zehazki, mikroenpresek (1-9 langile) gora egin zuten, bai fakturazioan (% 11,9), bai enpleguan (% 1,7), eta baita establezimendu-kopuruan ere (% 1,8).
Bestalde, enpresa txikiek (10-49 langile) % 5,8ko hazkundea izan zuten fakturazioan, % 1,1eko hazkundea enpleguan eta % 0,7ko hazkundea establezimendu-kopuruan.
Azkenik, enpresa handienen (50 langile baino gehiagokoak) fakturazioak gora egin zuen (% 9,1), eta baita enpleguak ere (% 3,1). Hala ere, establezimendu-kopuruak behera egin zuen (% 0,8).
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel: 945 01 75 62