2025/12/18ko prentsa-oharra
INFORMAZIOAREN GIZARTEAREN PANORAMA. 2025
2025ean, etxeetako Internet bidezko telebista eta enpresentzako hodeiko zerbitzuak dira Euskal AEn hazkunderik handiena izan duten ekipamenduak
Interneten erabiltzaileen % 56,3k eta establezimenduen % 30,5ek merkataritza elektronikoa egin dute Euskal AEn
2025. urtean, Euskal AEko familien erdiek baino gehiagok (% 60,9k) Internet bidezko telebista-kanaletarako sarbidea dute. Era berean, Eustaten datuen arabera, enpresen % 32,4k hodeiko informatika-zerbitzuen ostatatzea (Cloud Computing) ordaintzen dute.
Bi kasuetan, bilakaera nabarmena izan da. 10 urte lehenago Internet bidezko telebista zuten familiak % 9 ziren, hau da, 2025ean baino 51,9 portzentaje-puntu gutxiago. Era berean, enpresen kasuan eta 2019. urtearekin (hots, erregistratutako datuak eskaintzen dituen lehen urtearekin) alderatuta, hodeian zerbitzuak zituzten enpresak % 20,3 izan ziren, eta, beraz, 12 puntutik gorako igoera gertatu da sei urtean.
Zifra horiek, neurri handian, Euskal AEko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) ekipamenduak urtetik urtera gora egiten ari direlako lortu dira, ekipamendu guztiak modu eta intentsitate berarekin gora egiten ari ez badira ere. Ikus daitekeenez, IKTen banaketa desberdina da familiaren eta familia osatzen duten pertsonen esparruan, hainbat aldagairen arabera (hala nola adinaren eta jarduerarekiko loturaren arabera). Enpresen kasuan, desberdintasunak enplegatuen kopuruaren araberakoak dira nagusiki.
Familiaren eta hura osatzen duten pertsonen esparrua
Azterketa familiaren eta hura osatzen duten pertsonen esparrura eramanez gero ikus daitekeenez, konektibitateari lotutako ekipamendu teknologikoak Euskal AEko familia gehienetan daude eta goranzko joera agertzen dute. Euskal AEko familien % 92,1ek interneterako konexioa dute (ia guztiak banda zabalekoak dira), eta 21,9 portzentaje-puntuko igoera gertatu da 2015. urteaz geroztik. 16-74 urteko gutxienez pertsona bat duten familien artean, interneterako konexioa dutenak % 98,4 dira.
Ordenagailua familien % 76,1ek dute, hau da, 2015ean baino % 5,5 gehiagok. Ordenagailu eramangarria, berriz, familien % 60k dute, eta, beraz, azken 10 urteetan izan duen igoera 5,1 portzentaje-puntukoa izan da. Bestalde, ia familia guztiek (% 98,8k) dute telefono mugikorren bat, hau da, duela 10 urte baino % 5,4 gehiagok.
Familia horietan bizi diren 15 urteko eta gehiagoko biztanleen ikuspuntutik, ehunekoak handixeagoak dira: % 95,3k interneterako sarbidea dute etxean (2015ean baino % 17,3 gehiagok), % 82,8k dute ordenagailu bat eskuragarri (% 4,4 gehiagok), eta % 99,4k telefono mugikor bat (% 3,5 gehiagok).
Azken 3 hilabeteetan Internet erabili duten 15 urteko eta gehiagoko pertsonak adin horietako euskal herritarren % 89,7 dira; ehuneko horrek 18 portzentaje-puntuko igoera izan du 10 urtetan (% 71,7 2015ean).
Euskal AEko familietan bizi diren 6-14 urteko biztanleen kasuan, % 99,7k Interneterako sarbidea dute etxean (2015ean baino 1,1 portzentaje-puntu gehiago), % 95,7k ordenagailu bat (2,3 puntu gutxiago), eta % 84,4k maiz erabiltzen dute (astean behin gutxienez). Gainera, adin horietako biztanleen % 100ek dute telefono mugikor bat etxean (2015. urtean bezala). Haien artean, % 43,8k Internetekin erabiltzen dute, % 8,4k Internet gabe eta % 47,7k ez dute erabiltzen.
Azken 3 hilabeteetan Internet erabili duten 6-14 urteko pertsonak adin horietako euskal herritarren % 92,6 dira; ehuneko horrek 3,7 portzentaje-puntuko igoera izan du 10 urtetan (% 88,9 2015ean). Adin horietako erabiltzaileen % 57,6 gutxienez astean 5 egunetan konektatzen dira.
Jarduera ugari egin daitezke Internet bidez. Arrazoi partikularrek eragindakoen artean, ohikoenak komunikaziora eta informazioa bilatzera bideratutakoak dira 15 urteko eta gehiagoko herritarren kasuan. Internet erabiltzen duten adin horietako ia euskal herritar guztiak komunikatu dira WhatsApp bidez edo berehalako mezularitzako beste aplikazio batzuen bidez (% 97,5) eta, neurri txikiagoan, ondasunei edo zerbitzuei buruzko informazioa bilatu dute (% 84,9k), posta elektronikoa erabili dute (% 83,8k) edo albisteak, egunkariak edo aldizkariak irakurri dituzte (% 80k). Internet erabiltzen duten 15 urteko eta gehiagoko pertsonen % 57,9k sare sozialetan parte hartu dute, eta ehuneko hori % 89,3ra iritsi da 15-24 urteko pertsonen kasuan.
Era berean, Internet bidez egindako eragiketa asko kontsumora eta etxeko ekonomiara bideratutakoak izan dira. 2025ean, Interneten erabiltzaileen % 75ek erabili dute bide hori banku-eragiketak egiteko. Etxetik kanpo aisiari eta kulturari lotuta egindako jarduerei dagokienez, erabiltzaileen % 54,9k turismoari lotutako ostatu- edo bidaia-erreserbak egin dituzte, hau da, 2024. urtean baino % 1,8 gehiagok.
Administrazio elektronikoak administrazioarekin izapideak bide telematikoz egiteko aukera ematen du. Esparru horretan, Interneten erabiltzaileen % 57,3k inprimakiak beteta bidali dituzte administraziora Internet bidez, % 57,9k informazioa bildu dute, eta % 51,2k inprimaki ofizialak deskargatu dituzte bide horretatik.
Euskal AEko familietan bizi diren 6-14 urteko biztanleei dagokienez, Internet bidez egindako jarduerarik ohikoenak entretenimendura eta sormenera bideratutakoak dira. Internet erabiltzen duten 6-14 urteko euskal herritarren % 78,8k partekatzeko webguneetako bideoen edukiak ikusi dituzte eta, neurri txikiagoan, jokoetan aritu dira edo jokoak deskargatu dituzte (% 74,2k), Internet bidez musika entzun dute (% 66,7k), filmak edo bideoak ikusi dituzte eskaripean (% 63,4k), edo WhatsApp eta berehalako mezularitzako beste aplikazio batzuen bidez komunikatu dira (% 48,8). Internet erabiltzen duten 6-14 urteko pertsonen % 26,9k sare sozialetan parte hartu dute.
Azkenik, merkataritza elektronikoari dagokionez, azken 3 hilabeteetan Internet bidez ondasun edo zerbitzuren bat eskuratu duten 15 urteko eta gehiagoko Interneten erabiltzaileen ehunekoa % 56,3koa izan da (976.400 pertsona). Zifra hori Euskal AEko adin-talde horietako biztanle guztien % 50,5 da, eta ehuneko hori 10 urte lehenago erosketak Internet bidez egin zituzten pertsonen ehunekoa baino 1,5 aldiz handiagoa da. Kolektibo horrek arropa, oinetakoak eta osagarriak, ostatuak, etxerako ondasunak, kultura-ekitaldietarako sarrerak, zainketa pertsonalak eta higiene-zainketak, garraioa eta kirol-materiala erosi ditu nagusiki.
Enpresa-esparrua
2015etik 2025era bitartean, Euskal AEko enpresek aurrerapauso nabarmena egin dute teknologien ezarpenean. Gaur egun, enpresen % 96,1ek dauka Interneterako sarbidea, eta % 57,1ek webgunea. Horrela, beraz, oso ongi kokatuta daude EB-27ko testuinguruan.
Azpimarratu beharra dago enpresa handien eta txikien artean konbergentzia teknologikoa lortzen ari dela pixkanaka. Konpainia handiek ekipamendu-maila maximoak lortu dituzte, eta txikienek, berriz, etengabe handitu dute beren zuzkidura teknologikoa.
Bestalde, langileek neurri handiagoan erabiltzen dituzte ekipamendu teknologikoak: ordenagailua erabiltzen duten langileen ehunekoa % 69,5etik % 77,6ra igo da 2015etik 2025era bitartean (zortzi portzentaje-puntutik gorako aldea), eta langileen Interneterako sarbidea % 61,8tik % 74,5era igo da azken hamarkadan.
Hala ere, ekipamenduen kasuan ez bezala, teknologia horiek erabiltzen dituzten langileen proportzioa oso antzekoa da enpresaren tamaina kontuan hartuta.
Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiei (IKT) dagokienez, ia erabatekoa da sektore publikoan duten ezarpena: establezimenduen % 100ek dute ordenagailua eta Interneterako konexioa, eta % 99,6k webgunea.
Enpresen eta Administrazio Publikoaren arteko harreman digitala errealitate kontsolidatua da dagoeneko. Izan ere, Interneterako sarbidea duten Euskal AEko enpresen % 98,3k izapide elektronikoak egin dituzte administrazio publikoarekin 2025. urtean. Esparru horretan gertatu den igoera nabaria da. Izan ere, 2015. urtean establezimenduen % 67,7k zuten Interneterako sarbidea, eta, beraz, 30 portzentaje-puntutik gorako igoera izan da hamar urtetan. Nolanahi ere, aldea txikiagoa da 10 langileko edo gehiagoko enpresak baino kontuan hartzen ez badira. Izan ere, ehunekoa % 98,7koa izan da tamaina horretako enpresetan 2025ean, eta % 93,1ekoa izan zen 2015ean. Beraz, 5,6 portzentaje-puntuko igoera gertatu da.
Lehen sektorean, IKTen ezarpena txikiagoa da, batez ere jardueraren atomizazioagatik eta ezaugarriengatik. Jardueraren beraren espezifikotasunari gaineratu behar zaio establezimenduen % 97,2k 9 pertsona edo gutxiago enplegatzen dituztela. Talde horretan, arrantza-jarduerako establezimenduek baino ez dituzte lortu askoz ehuneko handiagoak ekipamenduetan. Hala ere, datu horrek ez du eragin handirik sektorearen guztizkoan, lehen sektoreko establezimendu gehien-gehienak (% 95,9) nekazaritza-enpresak baitira.
Enpresen sektoreko Euskal AEko establezimenduen merkataritza elektronikoari dagokionez, berezitasunik garrantzitsuena sistema horren bidezko erosketen eta salmenten banaketa desberdina da. 2024ko abenduaren 31n, merkataritza elektronikoa egin duten establezimenduen proportzioa % 30,5ekoa izan da. Erosketen atalean, establezimenduen % 27,8k parte hartu dute, eta salmenten atalean, berriz, % 8,7k. Ehuneko horiek hamar urte lehenagokoak (2014koak) baino handiagoak dira. 2014. urtean, establezimenduen % 24,8k egin zuten merkataritza elektronikoa (% 23,1ek erosketak egin zituzten, eta % 6,0k salmentak). Tamaina kontuan hartuz gero, 10 langile eta gehiagoko enpresetan merkataritza elektronikoa % 28,8tik % 40,4ra igo da 2014-2024 aldian.
Azkenik, enpresa-digitalizazioaren esparruan (4.0 industria), honako adierazle hauek nabarmentzen dira:
- Sare sozialen erabilera enpresa-helburuak lortzeko: establezimenduen % 53,8.
- Zerbitzu informatikoak hodeian (Cloud Computing): % 32,4k ordaintzen du ostatatze hori.
- Zibersegurtasun-jarduerak: establezimenduen % 24,8k egiten dituzte.
- Establezimenduen % 12-16k bezeroentzako aplikazio mugikorrak, Gauzen Internet (IoT) eta Big Data analisia erabiltzen dituzte.
- Azkenik, % 9tik beherako proportzioarekin, adimen artifiziala, 3D inprimagailuak eta robotika kokatu dira.
Oharra:
Informazioaren Gizartearen Panoramaren egitura 6 bloke handitan zehazten da: IKT ekipamenduak, ordenagailuaren erabilerak, Interneten erabilerak, administrazio elektronikoa (e-administrazioa), merkataritza elektronikoa eta digitalizazioa (4.0 industria). Bloke horiek familien, herritarren, enpresen, administrazioaren eta landa-munduaren ikuspuntutik aztertzen dira. Gainera, lurralde historikoen, adinen, pertsonen jardueraren edo tamainaren arteko aldeak aztertzen dira, langile kopuruaren arabera eta, halaber, Euskal AE nazioarteko testuinguruan kokatuta.
https://es.eustat.eus/panoramadelasociedaddelainformacion/2025/inicio.html
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62