2011-12-27ko prentsa-oharra
Euskal AEko OSPITALEEZ KANPOKO ESTATISTIKA PUBLIKOA 2009. URTEA
Osasun zentroetan ospitaleez kanpoko kontsulten % 64ari eman zitzaien arreta
Medikuntza orokorreko kontsultek % 0,3 egin zuten gora eta
pediatriakoek % 2
Eustaten datuen arabera, Euskal AEko ospitaleez kanpoko 472 zentro publikoetan 14,5 milioi mediku-kontsultari eman zitzaion arreta, 2008an baino % 0,5 gehiagori. Hau da, biztanle bakoitza batez beste 6,7 aldiz joan zen medikuarenera 2009. urtean.
Osasun laguntza ematen duten zentroetan, oinarrizko arretan erreferentzia diren osasun zentroetan, izan zen bisita gehiago 2009. urtean (% 63,6); gero anbulatorioetan edo espezialitateen zentroetan (% 18,8), landa inguruneetan ohikoagoak diren kontsultategietan eta zentro periferikoetan (% 7,4), larrialdietako arreta zerbitzuetan (% 5,4) eta lan-istripuetako mutuen laguntza zentroetan eta osasun mentaleko zentroetan (biak % 2 inguru).
Osasunaren oinarrizko arretari lotutako espezialitateetan hurrengo datuak eman ziren: medikuntza orokorra eta familiako medikuntzak 10,3 milioi kontsulta izan zituen eta pediatriak 1,8 milioi; guztira, ospitaleez kanpoko osasun laguntzaren eskariaren % 83 hartu zuten. Gainera, bi espezialitate horietan egin zuen gora, 2008. urtearekin alderatuta, emandako arreta kopuruak; medikuntza orokorrak/familia medikuntzak, hala ere, gorakada txikiagoa izan zuen (+% 0,3), pediatriarekin konparatuta (+% 2).
Mediku-kontsulten gainerako % 17 (2,4 milioi) arreta espezializatukoak izan ziren. Horien artean ondokoak nabarmendu behar dira: traumatologia (392.530 kontsulta), psikiatria (325.514), ginekologia (289.274) eta oftalmologia (228.776).
Eskari horri arreta eman ahal izateko, 8.061 pertsonak lan egin zuten 2009. urtean EAEko ospitaleez kanpoko sarean. Horien % 77,2 pertsonal sanitarioa izan zen (3.049 mediku eta 2.559 erizain). Ospitaleez kanpoko enpleguaren barruan, emakumezkoak izan ziren nagusi medikuen artean (% 53) – bereziki pediatren artean (% 70) - eta are emakume gehiago izan zen erizainen artean (% 92) eta pertsonal ez-sanitarioaren artean (% 68).
Mediku bakoitzak urtean batez beste 4.810 kontsulta izan zituen; alabaina, medikuntza orokorreko/familiako medikuntzako medikuek (5.832) eta pediatrek (5.377) izan zuten kontsulta gehien. Ondoren, eta tarte zabalarekin, zeuden dermatologoak (4.584 kontsulta), traumatologoak (3.774), oftalmologoak (3.575) eta, 3.400 kontsulta inguruko kopuruarekin, urologoak eta endokrinologoak.
2009. urtean, EAEko osasun publikoan guztira 577 milioi euro inbertitu ziren ospitaleez kanpoko osasun laguntza emateko, 2008an baino % 7,4 gehiago. Jarduera hori, bada, Euskal AEko BPGren % 0,9 izan zen.
Gastu osoaren % 97,2 (560 milioi euro) gastu arruntei zegozkien, eta % 2,8 kapital gastuei (16,4 milioi). Gastu arrunten barruan, gainera, % 85,3 langileen gastua izan zen.
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 Helbide elektronikoa: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Matxalen Plágaro Alonso
Tel.: +34-945-01 75 48 Faxa: +34-945-01 75 01
Ospitaleez Kanpoko Estatistika Publikoari buruzko prentsa-ohar gehiago
Ospitaleez Kanpoko Estatistika Publikoari buruzko datu-bankua