Compartir twitter Compartir correo electrónico pdf

Osasunaren panorama 
Menua
Menua
 
  

Osasun-egoera


Bizi-itxaropena jaiotzean

Herrialde edo eskualde batean zer ongizate-maila dagoen zehazteko gehien erabiltzen den adierazleetako bat da bizi-itxaropena; izan ere, jendea gero eta urte gehiago bizitzea da gizarte garatuen ezaugarrietako bat. Euskal Autonomia Erkidegoan, 2019an, jaiotzean 80,8 urteko bizi-itxaropena zuten gizonek, eta 86,6 urtekoa emakumeek: Espainiakoa ren antzekoa (80,9 urte eta 86,2 urte) eta EB-28koa baino handiagoa (78,3 eta 83,6 urte,2018an); gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko emakumeen bizi-itxaropena Europako altuenetakoa da.

Euskal Autonomia Erkidegoko gizon zein emakumeen bizi-itxaropena etengabe handitu da azken 44 urteetan: 11,2 urte gizonetan, eta 9,7 urte emakumeetan. Bi sexuen bizi-itxaropenen arteko aldea 5,8 urtera murriztu da 1991n izandako 8,7 urteko maximotik.

Era berean, 2030era arte egindako bizi-itxaropenaren proiekzioek agerian uzten dute EAEko biztanleak urte gehiago biziko direla: 83,7 urte gizonak, eta 88,8 urte emakumeak.

Tumoreak dira mehatxurik handiena bizi-itxaropenerako, eta, erabat ezabatzea lortuz gero, gizonak 4,4 urte gehiago biziko lirateke (85,2 urte) eta emakumeak 3 urte gehiago (89,6). Arinagoak dira, ordea, kanpoko heriotza-kausek eragindako kalteak, 7 hilabeteko bizitza kentzen baitiete gizonei eta 3 hilabetekoa emakumeei; zifra horiek hilabete batera jaisten dira trafiko-istripuen kasuan soilik gizonen kasuan, eta ezertxo ere ez emakumeen kasuan.


65 urtekoen bizi-itxaropena

2019an, Euskal Autonomia Erkidegoko 65 urtekoen bizi-itxaropena 19,3 urtekoa izan zen gizonen kasuan, eta 24 urtekoa emakumeenean. Horrek esan nahi du EAEko emakumeek 89 urte bizitzea espero dutela, gizonek baino 4,7 urte gehiago (84,3 urte). Balio horiek Espainiako balioetatik hurbil daude (19,5 gizonen kasuan eta 23,4 emakumeenean), baina EB-28ko balioen gainetik (2018an, 18,2 gizonen kasuan eta 21,5 emakumeenean).

Bestalde, 65 urtekoek duten bizi-itxaropena handitu egin da 1976-2019 aldian, bai gizonen artean, bai emakumeen artean: 6,9 urte emakumeen artean eta 5,9 urte gizonen artean.

Desgaitasunik gabeko bizi-itxaropena

Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen bizi-itxaropenak urteak daramatza gora egiten; hala ere, jakin nahi da bizitzaren urte horiek gaitasun funtzionalari eragiten dioten osasun-arazoekin bizitzen ote diren. Desgaitasunik gabeko bizi-itxaropenaren adierazleak laguntzen digu jakiten desgaitasunik gabeko zenbat urte bizitzea espero duen adin jakin bateko pertsona batek, baldin eta heriotza-tasak eta sexuaren eta adinaren araberako desgaitasun-prebalentziak egonkor mantenduko balira hil aurretik geratzen zaion denboran.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 2018an, desgaitasunik gabeko bizi-itxaropena 70,5 urtekoa zen gizonen kasuan eta 72,8 urtekoa emakumeen kasuan, Espainiakoa (68 urte gizonek zein emakumeek) eta EB-28koa (63,4 urte gizonek eta 63,8 urte emakumeek) baina handiagoa.

Espero den desgaitasunik gabeko urte-kopuruak 1,2 urte egin du gora gizonen artean (69,3 urte, 2013an) eta 0,3 urte behera emakumeen artean (73,1 urte, 2013an). Horren ondorioz, genero-aldea 2,3 urtera murriztu da emakumeen alde (3,8 urte, 2013an); desgaitasunarekin bizi izandako urteak, ordea, 0,5 urte jaitsi dira gizonen artean eta 0,4 igo emakumeen artean.


Neurri subjektibo bat da osasun-pertzepzioaren adierazlea, pertsonek beren osasuna orokorrean nola baloratzen duten aztertzen duena; ikusi da adierazle ona dela iragartzeko zein izango den etorkizuneko osasun-arretaren erabilera eta heriotza-tasa.

Euskal Autonomia Erkidegoko 15 urteko eta gehiagoko biztanleen %85ek uste du bere osasun-egoera ona edo oso ona dela. Gizonek osasun-pertzepzio hobea dute emakumeek baino: 2018ko Osasun Inkestako azken datuen arabera, gizonen %87,5ek eta emakumeen %82,1ek. Beraz, eta 2013ko datuekin alderatuta, 4,4ko eta % 5,4ko aldea dago hurrenez hurren. Gainera, EAEko herritarren osasun-egoeraren prebalentzia positibo hori Espainiako (% 77 gizonek eta % 71 emakumeek) eta EB-28ko (% 72 gizonek eta % 67 emakumeek) batezbestekoaren gainetik dago.

Osasun-egoeraren balorazio positiboak behera egiten du adinak gora egin ahala: 15-24 urteko adin-taldean, gizonen % 98k eta emakumeen % 97k diote osasun ona edo oso ona dutela; 75 urteko eta gehiagoko taldean, berriz, % 64ra jaisten da gizonen kasuan eta % 53ra emakumeen kasuan. Gizonek emakumeek baino autopertzepzio hobea dute beren osasunari buruz adin-tarte guztietan, eta alderik handiena 75 urteko eta gehiagoko taldean ikusten da, ia ehuneko 11 punturekin, eta txikiena, 15-24 urteko tartean.

Era berean, osasun onaren pertzepzio subjektiboa beste determinatzaile sozioekonomiko batzuen eraginpean dago: klase sozialak eta ikasketa-mailak behera egiten duten heinean, pertzepzio horrek behera egiten du.


Osasun mentala

Minak eta ondoezak gizonen % 24ri eta emakumeen % 33ri eragiten die, eta bizi-kalitatean eragiten duen osasun-arazo ohikoena da; ondoren datoz antsietatea eta depresioa, mugikortasun-arazoak edo eguneroko jarduerak egiteko zailtasuna.

2018an, depresio- edo antsietate-sintometan neurtutako osasun mentaleko arazoen prebalentzia handiagoa izan zen emakumeen artean (% 16,5) gizonen artean baino (% 9,3), eta, aurreko aldietan ez bezala, jaitsiera esanguratsua izan du 2013ko datuekin alderatuta: % 40koa gizonen artean, eta % 32,1ekoa emakumeen artean. Gaixotasun horrek 75 urteko eta gehiagoko kolektiboari eragiten dio bereziki.

Pentsamendu suizidak osasun mentaleko arazo baten adierazle dira. Emakumeen % 3,3k eta gizonen % 2,8k pentsatu zuten noizbait beren buruaz beste egitea. Horrek esan nahi du 2013an baino gutxiago direla, orduan proportzioa % 5,1ekoa baitzen emakumeen artean, eta % 3,6koa gizonen artean. 45 eta 64 urte bitartekoek pentsamendu suizidarako joera handiagoa dute.

Nahiz eta gizonek emakumeek baino joera txikiagoa duten depresio- edo antsietate-sintomak izateko eta suizidatzeko gogoa izateko, arrazoi horrengatiko heriotzak maizago gertatzen dira gizonen artean emakumeen artean baino. Guztira, 2019an, 145 heriotza izan ziren nork bere buruaz beste egitearen edo norberak eragindako lesioen ondorioz (2018an baino 17 gutxiago); % 80 gizonak ziren. Denboran zehar errepikatu egin da proportzio hori: 4 suizidiotatik 3 gizonenak izan ziren.


Gaixotasun kronikoak

EAEko biztanleen ia erdiek daukate gaixotasun kronikoren bat (gizonen % 42k eta emakumeen % 46k). Adineko pertsonek arrisku handiagoa dute gaixotasun horiek izateko; izan ere, 65 eta 74 urte bitarteko pertsonen % 81ek eta 75 urteko eta gehiagoko pertsonen % 93k dituzte horrelako gaixotasunak. Bilakaerari dagokionez, gaixotasun kronikoen prebalentzia % 6 inguru jaitsi da azken bost urteetan; hala ere, ia ez da alderik hautematen horiek izateko arrisku handiena duen kolektiboan (75 urte eta gehiagokoen artean).

Arazo kroniko nagusia hipertentsioa da, eta ia berdin eragiten die gizonei eta emakumeei: % 15,9 eta % 15,7, hurrenez hurren; ondoren, kolesterol altua, % 12,4 gizonen kasuan eta % 11,1 emakumeenean.

Genero-aldea nabarmenagoa da ohiko beste gaixotasun kroniko batzuen prebalentzian. Hala, diabetesak, infartu akutua ez diren bihotzeko arazoek eta asmak intzidentzia handiagoa dute gizonen artean, eta emakumeen artean, berriz, artrosiak, bizkarreko eta lepoko minak eta tiroide-arazoek.

Era berean, alergia kronikoa gazteen artean eragin handiagoa duelako nabarmentzen da (15-24 urte).


Desgaitasuna eta dependentzia

Desgaitasuna iraupen luzeko mugatzat hartzen da, eta EAEko pertsonen ia %10i eragin zion 2018an, baina datu hori ez da aldatzen 2013ko datuarekiko. Gizonen % 9k eta emakumeen % 11k mugaren bat dute osasun fisiko ona duten pertsonen artean normalak diren jarduerak egiteko (eguneroko bizitzako jarduera instrumental gisa ere ezagutzen dira). Zailtasun horrek nabarmen egiten du gora adinarekin, 75 urte eta gehiagoko 3 pertsonatik ia 1i eragiten baitio, eta prebalentzia hori handiagoa da emakumeen artean (% 36) gizonen artean baino (% 26): 10 puntuko alde portzentuala.

Mugaren kausa edo jatorria sarritan gaixotasun arrunt batean dago (gizonen % 78,1 eta emakumeen % 82,5); ondoren datoz lanetik eratorritakoak (gizonen % 8,5 eta emakumeen % 8) eta lan-istripua (gizonen % 6 eta emakumeen % 2,4).

Bestalde, 70 urteko eta gehiagoko biztanleriaren % 15ek laguntza behar du eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko, hala nola zaintza pertsonala (gizonen % 12 eta emakumeen % 17); proportzio hori % 35era igotzen da 85 urteko eta gehiagoko taldean (emakumeen % 39, eta gizonen % 27).


2019an, guztira, 21.560 lagun hil ziren Euskal Autonomia Erkidegoan: 10.756 gizonezko eta 10.804 emakumezko. Aurreko urtearekin alderatuta, % 0,9 gutxiago, eta, ohi bezala, hilabeteak kontuan hartuta, urtarrilean izan zen heriotza gehien, eta ekainean eta irailean gutxien. Hil ziren pertsona horietatik, 2.737 Araban bizi izan ziren, 11.961 Bizkaian eta 6.862 Gipuzkoan.

Batez beste 80,8 urte zutela hil ziren pertsona horiek. Adin horrek gorantz jarraitzen du; azken hamarkadan 3 urte igo baita (2009an, hiltzeko batezbesteko adina 77,7 urte izan zen). Gainera, pertsona gehiago hil dira urte asko izanda (100 urte eta gehiago): 2000. urtean, 95 pertsona izan ziren, eta 2019. urtean, berriz, 378. Horietariko gehienak emakumeak dira (% 81,2). Emakumeak batez beste 84,2 urte zutenean hil ziren, eta gizonak 77,4 urte zutela, baina alde hori gero eta txikiagoa da, azken hamarkadan heriotza-adinaren gorakada handiagoa izan zelako gizonen artean (3,2 urte) emakumeen artean baino (2,7 urte).

Biztanleriaren hazkunde begetatiboa negatiboa izan zen, heriotzak jaiotzak baino 6.142 gehiago izan baitziren. Hiru lurraldeetan saldo negatiboa dago: Bizkaian 4.241 heriotza gehiago jaiotzak baino; Gipuzkoan 1.729 gehiago eta Araban 172 gehiago.

Euskal Autonomia Erkidegoko heriotza-tasek gora egin dute 1990-2019 aldian, mila biztanleko 7,8tik 9,8ra, eta Araba da tasarik txikiena duena (8,3 mila biztanleko), nahiz eta aldi horretan heriotza gehien gehitu den lurraldea izan den, biztanleria handitu delako. Tasarik altuenak adin aurreratuenetan izaten dira, 50 urtetik aurrera pixkanaka gora egiten dutela.

Euskal Autonomia Erkidegoko haurren heriotza-tasari dagokionez, urtebetetik beherako 43 haur hil ziren. Horietatik, 32 hil ziren jaioberrietan. Sexuari dagokionez, urtebetetik beherako haurren heriotzen %55,8 haurrak izan ziren.


Hilkortasun-kausak

Heriotzaren kausa herritarren osasun-arazoak neurtzeko erabiltzen den informazio-iturrietako bat da, eta saihets daitezkeen heriotzak eragiten dituzten gaixotasunetan jarduteko neurriak planifikatzeko balio du, batez ere adin goiztiarrean. Izan ere, 2030erako Europako Agendaren 3. osasun-helburuaren barruan sartzen da hemendik 2030era herenean murriztea transmititzen ez diren gaixotasunen ondoriozko hilkortasun goiztiarra (kardiobaskularrak, minbizia, diabetesa eta arnas-gaixotasun kronikoak). Era berean, esku-hartze hori EAEko 2013-2020 Osasun Planean sartu zen( 5.2. Lehentasun-arloa. Gaixotasunak dituzten pertsonak).

2019an, heriotzen ia heren bat tumoreek eragin zuten; ondoren, % 26,1 zirkulazio-aparatuko gaixotasunek eta, alde handiagoz, arnas aparatuko gaixotasunek (% 10). Heriotza eragiten duten gaixotasunen intzidentzia eta banaketa desberdinak dira sexuaren arabera; izan ere, emakumeen artean, bi kausa nagusiak gaixotasun kardiobaskularrak eta tumoreak izan ziren; gizonen artean, berriz, kontrakoa gertatu zen, hau da, lehenengo tumoreak eta gero gaixotasun kardiobaskularrak.

Azken urteetan, 2007tik aurrera, zirkulazio-sistemako gaixotasunen eraginak behera egin du, eta orain tumoreak dira heriotzaren zergati nagusiak.

Kausak aldatu egiten dira adinaren arabera. Urtebetetik beherakoen artean, kausa ohikoenak jaiotza-inguruko gaixotasunak eta sortzetiko malformazioak dira; urtebete eta 39 urte bitartekoen artean, kanpoko kausak, horien artean, suizidioak eta istripuak; 40 eta 89 urte bitartekoen artean, tumoreak; eta 90 urtetik aurrera zirkulazio-gaixotasunak.

Kausa espezifikoen ondorioz, Alzheimer-gaixotasunak eragindako heriotzak bikoiztu egin dira 2000. urtetik, eta gehienak emakumezkoak izan ziren (% 73,2). Kanpoko kausen artean, zirkulazio-istripuek (urte hauetan behera egin dute) eta suizidioek eragin nabarmena dute gizonen artean (gizonen % 80 baino gehiago). Gaixotasun kardiobaskularrei dagokienez, gutxitu egin ziren infartuen ondoriozko heriotzak, eta gehiago eragin zieten gizonei.





COVID-19ak eragindako heriotzak

2020ko lehen seihilekoan, EAEko hildakoen kopurua 12.590ra iritsi zen, hau da, aurreko urtean aldi horretan hildakoak baino %13,6 gehiago hil ziren. Horien artetik, 1.721 (%13,7) COVID-19aren ondorioz hil ziren; hala, gaixotasun hori hirugarren heriotza-kausa bihurtu zen, tumoreen eta zirkulazio-sistemaren atzetik (%24,9 eta %22,3 hurrenez hurren).

COVID-19ak eragindako heriotzak 2 taldetan sailkatzen dira: 1.464, COVID-19 berretsiagatik hil ziren, eta 257 COVID-19 probableagatik; gainera, beste 170 heriotzatan egiaztatu zen COVID-19a heriotza-kausen artean zegoela, baina funtsezko kausa izan gabe.


COVID-19aren ondoriozko heriotzen % 90 konfinamendu-hilabeteetan gertatu ziren: martxoan (503); apirilean (1.048), heriotzen % 37,9 hain justu, eta COVID-19a izan zen heriotza-kausa nagusia; maiatzean 147ra murriztu zen, eta ekainean ia desagertu egin zen (23).

Araban, COVID-19aren ondoriozko heriotzen proportzioa handiagoa da Bizkaian eta Gipuzkoan baino (% 22,4, % 13,9 eta % 9,1 hurrenez hurren). 2020ko urtarrilaren 1eko biztanleria kontuan hartuta, Araba nabarmentzen da (100.000 biztanleko 119,9 hildako); atzetik doaz Bizkaia (85,4) eta Gipuzkoa (47,7)..

Hiriburuei dagokienez, Gasteiz da zigortuena (131,8 heriotza 100.000 biztanleko ) eta ondoren Bilbo (105,1) eta Donostia (39,5).

COVID-19ak ia eragin zien gizonei (861) eta emakumeei (860); adinen arabera, berriz, 80 urtetik gorakoen artean gertatu ziren gehienak (%72,5), eta gero 60-79 urtekoen artean (%24,8).

Heriotza gehienak euskal ospitaleetan gertatu ziren (%63,6), ondoren, egoitza sozio-sanitarioetan (%31), etxeetan (%5,2) edo beste leku batzuetan (%0,2), Gipuzkoan izan ezik, lurralde horretan (%48) egoitza sozio-sanitarioetan gertatu baitziren heriotza gehienak.


Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali