2011-11-29ko prentsa-oharra
Lana duten emakumeen erdiak 5 ordu edo gehiago ematen ditu egunean seme-alabak zaintzen
Landun 2 gizonetik batek laguntzen du seme-alabak zaintzen, 2 ordu edo denbora laburragoan
Eustatek egindako Lana, Familia eta Norberaren Bizitza Uztartzeari buruzko Inkestaren arabera, lana duten emakumeen erdiak ordaindutako lan hori egiteaz gainera 5 ordu edo denbora luzeagoa ematen ditu egunean seme-alabak zaintzen. Landun gizonen erdiak baino pixka bat gehiagok -% 52,4- laguntzen du seme-alabak zaintzen; guztira 2 ordu edo denbora laburragoa ematen dute zeregin horretan. Hala ere, zazpitik batek –% 15,2k– emakumeek beste ardura hartzen du. Oro har, gizonek egunean 2,8 ordu ematen dituzte adingabeak zaintzen eta emakumeek 4,7 ordu. Euskal AEko landunen artean, bestalde, etxeko lanen banaketa are ezberdinagoa da gizonen eta emakumeen artean: hamar gizonetik bederatzik –% 92,2k– 2 ordu edo denbora laburragoa ematen dute lan horietan, baina emakumeen heren batek –% 34,1ek– 3 ordu edo denbora luzeagoa ematen du.
Halaber, besteren laguntza behar duten senideak zaintzeari dagokionez, lana duten emakumeen % 61,2k 3 ordu edo denbora luzeagoa ematen dute egunean zaintza-lan horietan; baina ehuneko hori % 26,7ra jaisten da gizonezkoen kasuan.
Bakoitzak bere gain hartutako zereginen arteko aldeak norberaren bizitzarako, aisiarako edo trebakuntzarako duen denborarekiko gogobetetze mailan du eragina; izan ere, emakumeen laurdenak –% 23,9k– denbora horrekin pozik ez dagoela adierazi du, baina bost gizonetik batek –% 18,4k– bakarrik esan du gauza bera. Gogobetetze maila hain eskasa familia eratzen ari direnen adinaren inguruan ematen da, hau da, 35 eta 44 urte bitartean; adin horretatik gora, aldiz, gogobetetzea hobetuz doa.
Eginkizunen banaketa ezberdin horren ondorio da, gainera, landun emakumeen ehuneko handi bat (bostetik bat baino gehiago) batere pozik ez egotea ezkontideak edo bikotekideak etxeko lanak egiten ematen duen laguntzarekin. Lana duten gizon gehienak –% 85,1–, ordea, oso pozik daude bikotekideak etxean egindako lanarekin.
Hori gorabehera, azpimarratzekoa da emakume landunak gizonak baino dexente pozago daudela seme-alaben zaintzarekin -% 71eko gogobetetasun handia- eta besteren laguntza behar duten pertsonen zaintzarekin -% 66,2koa-; gizonen kasuan % 61,6 eta % 51,9 dira, hurrenez hurren, aipatu ehunekoak.
Euskal AEko 3 pertsona landunetik baten esanetan, zailtasun handiak ditu lana eta besteren laguntza behar duten pertsonen zainketa uztartzeko
Euskal AEko pertsona landunen heren batek baino gehiagok -% 35,1ek- esan du zailtasun handiak dituela lana eta besteren laguntza behar duten pertsonen zainketa uztartzeko. Zailtasun handia dute lan egiten duten pertsonen % 29,6k seme-alabak zaindu behar dituztenean ere. Halaber, landunen bosten baten esanetan, ordaindutako lanean ematen duten denboraren ondorioz oso zaila da haientzat etxeko lanak egitea; lautik batek –% 24,4k– esan du aisiaz edo trebakuntza bezalako beste jarduera pertsonal batez gozatzeko zailtasun handiak dituela.
Enplegatzaileek eta autonomoek gainerako landunek baino zailtasun dexente gehiago dute norberaren bizitza eta familia uztartzeko. Hain zuzen, enplegatzaileen % 37,7k eta autonomoen % 43,7k esan dute zailtasun handiak dituztela adingabeko seme-alabei arreta emateko; eta gutxi gorabehera heren batek esan du zailtasun handiak dituela jarduera pertsonaletan aritzeko edo etxeko lanetan laguntzeko.
Orokorrean, Euskal AEko landunen ordaindutako lana eta norberaren bizitza eta familia uztartzeko zailtasun maila 3,3, puntukoa da (gehienez 10ekoa izanik; eta 10 puntu izango lituzke uztartzeko bat ere aukerarik ez duen pertsonak). Bizkaia batez bestekoan dago, Arabak du zailtasun txikiena (2,1 puntu) eta Gipuzkoak zailtasun handiena (3,8 puntu).
Lana duten lau pertsonatik batek uste du familia arazoak direla medio eszedentzia edo lanaldiaren murrizketa eskatuko balu horrek bere ibilbide profesionala nabarmen kaltetuko lukeela
Eszedentziak edo lanaldiaren murrizketak eskatuz gero sustapen profesionala kaltetzeko beldurra antzekoa da gizonezkoen eta emakumezkoen artean; baina gazteak dira beldur gehien dutenak. Amatasunak sustapen ezberdintasunak sor ditzake lana duten bost emakumezkotik batentzat, baina gizonezkoen % 6,4k bakarrik uste dute aitatasunak kalte egin diezaiekeela. Hala ere, lana duten zazpi gizonetik batek uste du oso kaltegarria izango litzatekeela bere lanerako aitatasun-baimena eskatzea.
Lana duten pertsonen % 83,6k ez dute zailtasunik lanetik ateratzeko arazo pertsonal bat konpontzera
Lana, familia eta norberaren bizitza uztartzen lagun dezaketen neurriei dagokienez, lana duten biztanle gehienek lana aldi baterako utz dezakete, eta lana duten pertsonen % 69,8k soldatarik gabeko egun libreak eska ditzakete. Gainera, gainerako % 60 inguruk esan dute eszedentziak edo lanaldi murrizketak lortzeko arazo gutxi dituztela.
Oro har, sexuaren arabera ez dago alde handirik. Hala ere, emakumeek diote gizonek baino zailtasun gutxiago dutela lanaldi murrizketak eskatzeko: emakumeen % 62,3k esaten dute ez dutela arazo handirik lortzeko, eta gizonezkoen % 57,3k; baina noizbehinka lanera ez joateko baimena eskatu behar denean emakume landunek -% 19k- gizonek baino -% 14,2k- pixka bat zailtasun gehiago dute. Adinak eta lanpostuko antzinatasunak,seguruen, murriztu egiten dituzte aipatu uztartzerako neurriak lortzeko zailtasunak.
Autonomoek eta enplegatzaileek beste profesional batzuek baino arazo gutxiago dituzte noizbehinka lanera ez joateko; baina gainerako neurrietan zailtasun handiagoak dituzte. Enplegatzaileen % 78k arazo ugari dituzte egun libre bat hartzeko, eta % 64k eszedentziak edo lanaldi murrizketak hartzeko ere badituzte arazo ugari. Autonomoen % 72,8k uste dute arazo asko sortzen zaizkiela egun batean lan ez egiteagatik, eta % 61 inguruk esan dute haientzat zaila dela eszedentzia edo lanaldi murriztua hartzea.
Bost pertsonatik batek lanaldia luzatu behar du ia egunero
Lana duten pertsonen % 18,8k ia beti, eta antzeko ehunekoak batzuetan, lanerako ezarritakoa baino ordu gehiago lan egin behar izaten dituzte. Enplegatzaileen eta autonomoen ia bi herenek bizi dute egoera hori (ordutegiak luzatu: beti edo batzuetan). Egoera berean zeuden, gainera, sektore pribatuko hiru soldatapekotik bat eta sektore publikoko % 28,8.
Uztartzean laguntzeko beste neurri bat irteteko ordutegi malgua da; bada, lana duten bost pertsonatik bik erabiltzen dute –% 42,1ek–, baina emakumeek –% 38,4k– gizonek baino gutxiago
–% 45,1ek– .
Etxean lan egiteari dagokionez, % 8,9k etxean egiten dute lan noizean behin, eta % 5,6k gutxienez egunen erdietan egiten dute lan etxean. Oro har, lana duten zazpi pertsonatik batek aldizka edo sarri etxean egiten du lan.
Gipuzkoako landunen erdiak nahiago du enpresa txiki batean lan egin, % 43,7k sektore pribatuan eta % 17,1k autonomo gisa
Gipuzkoak profil jakin bat du lan egiteko lehentasunei dagokienez: Gipuzkoako landunen erdiak nahiago du enpresa txiki batean lan egin, % 43,7k sektore pribatuan eta % 17,1k autonomo gisa. Profil hori ez dator bat Arabako landunen profilarekin: % 71,5ek nahiago lukete enpresa handi batean lan egitea, % 70,2k sektore publikoan eta soilik % 12k nahi dute bere negozioa kudeatu.
Bizkaitarrak Arabarren profiletik hurbilago egon arren bi lurraldeen artean kokatzen dira: % 68,5ek nahiago dute enpresa handietan lan egin, % 67k sektore publikoan eta zazpitik batek baino pixka bat gehiagok –% 15,2k– euren negozioa izan nahi dute.
Alabaina, sexuaren arabera alde oso handiak ematen dira lan egiteko lehentasunetan. Emakume landunen % 72,4k sektore publikoan lan egin nahi dute, eta ia gizon landunen % 57,2k nahi dute gauza bera. Era berean, ordaindutako lana duten emakumeen % 11,8k bakarrik nahiago dute autonomo izan; eta gizonen % 18,2k aukeratzen dute bide hori.
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 Helbide elektronikoa: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Pilar Martínez Rollón
Tel.: +34-945-01 75 31 Faxa: +34-945-01 75 01