Euskal AEko txikizkako merkataritzaren sektorean, 2002ko hirugarren hiruhilekoan, salmentak % 4,6 igo dira, kopuru nominaletan, aurreko ekitaldiko hiruhileko beraren aldean, Eustatek emandako datuen arabera. Hazkunde nominal hori, kopuru errealetan, % 2,5eko garapen positiboa da.
Gune ertain eta handietako txikizkako salmentek (ez-espezializatua) % 5,5eko hazkunde nominala izan dute hirugarren hiruhilekoan. Prezioen igoeraren eragina kendu eta gero, urte arteko tasaren aldakuntza % 2,4koa da, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean.
Tradiziozko txikizkako merkataritzaren (espezializatua) salmenta nominalak % 4,1 igo dira 2002ko hirugarren hiruhilekoan, 2001eko hirugarren hiruhilekoaren aldean. Igoera nominal hori, prezioen igoeraren eragina kenduta, % 2,6koa da, kopuru errealetan.
Txikizkako merkataritzaren sektoreko landunak % 2,0 jaitsi dira 2002ko hirugarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoaren aldean. Txikizkako merkataritza espezializatuan edo tradiziozkoan jaitsi da enplegua (% -2,9), eta sektore ez-espezializatuan igo egin da (% 0,7).
Herrialde historikoka banatuz gero, hirugarren hiruhileko honetan,
Gipuzkoan izan da txikizkako merkataritzako salmenta nominalen hazkunderik handiena;
% 5,3ko urte arteko hazkundea izan da, txikizkako merkataritza ez-espezializatuaren
hazkundearengatik (% 9,1). Atzetik Bizkaia du, indize orokorreko aldakuntza
positiboarekin (% 4,6) eta Araban, hazkundea neurritsuagoa izan da (% 2,4).
Hirugarren hiruhileko honetan, kopuru errealetan, salmentak hazi egin dira herrialde guztietan: Gipuzkoan % 3,3, Bizkaian % 2,6 eta Araban % 0,4.
2002ko lehenengo bederatzi hilabeteetan, txikizkako merkataritzaren sektorean ziren landunen aldetik, aurreko urteko aldi beraren aldean, gehikuntza metatua izan da Araban (% 5,1) eta Gipuzkoan (% 0,7); Bizkaian, aldiz, jaitsiera txikia izan da, % 0,8koa.