Euskal AEko txikizkako merkataritzaren sektoreak salmenta gehiago izan zuen 2002ko bigarren hiruhilekoan (% 1,0ko gehikuntza) kopuru nominaletan, Eustatek emandako datuen arabera. Hala ere, kopuru errealetan, salmentak % 1,5 jaitsi dira, aurreko ekitaldiko hiruhileko beraren aldean.
Gune ertain eta handietako txikizkako salmentak (ez-espezializatua) % 3,6ko hazkunde nominala izan du bigarren hiruhilekoan. Prezioen igoeraren eragina kendu eta gero, urte arteko tasaren aldakuntza % -1,0koa da, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean.
Tradiziozko txikizkako merkataritzaren (espezializatua) salmenta nominalak % -0,1 jaitsi dira 2002ko bigarren hiruhilekoan, 2001eko bigarren hiruhilekoaren aldean. Jaitsiera nominal hori, prezioen igoeraren eragina kenduta, % -1,8 bihurtzen da, kopuru errealetan.
Txikizkako merkataritzaren sektoreko landunek % 0,1eko hazkundea izan dute 2002ko bigarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoaren aldean. Txikizkako merkataritza ez-espezializatuan enpleguaren hazkundea izan da (% 0,9), eta sektore espezializatu edo tradiziozkoan jaitsi egin da (% -0,1).
Lurraldeka banatuz gero, Araban izan da txikizkako merkataritzako salmenta nominalen hazkunderik handiena; % 2,7ko urte arteko hazkundea izan da, txikizkako merkataritza ez-espezializatuaren hazkundearengatik (% 4,0). Atzetik Bizkaia du, indize orokorreko aldakuntza positiboarekin (% 1,8). Gipuzkoan, aldiz, salmentek behera egin dute (%-0,8), merkataritza espezializatuak izandako jaitsiera gogorraren (% -3,6) ondorioz.
Kopuru errealetan, salmentek behera egin dute lurralde guztietan: Gipuzkoan % -3,2, Bizkaian % -0,8 eta Araban % -0,1.