2011-09-29ko prentsa-oharra
Euskal AEko IKTen sektorean 2.099 enpresa izan ziren 2009. urtean, 23.051 landunekin
Enpresa guztien %1,2 hartzen duen sektore hau EAEko ekonomiak sortutako aberastasunaren %3,1aren eragilea izan zen
Eustaten datuen arabera, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) sektorean 2.099 enpresa eta 23.051 landun izan ziren 2009. urtean; horrela, Euskal AEko BPGren %3,1 eragin zuen. Sektoreko enpresek eta horietan lan egiten duten pertsonek EAE osoaren %1,2 eta %2,3 izan ziren hurrenez hurren.
Gainera, sektore honek 4.096,4 milioi euroko negozio-kopurua lortu zuen eta balio erantsiari dagokionez 1.836,8 milioi euroko aberastasuna sortu zuen 2009. urtean.
IKT sektorean beste sektore batzuetan baino askoz gehiago dira I+Gn jarduten duten eta berritzaileak diren enpresak
IKT sektore honetan, enpresen %8,5ek I+G zereginak egiten ditu; ehuneko hori, gainera, beste sektore batzuetan emandakoa (%0,9) baino askoz handiagoa da. Horrez gain, sektoreak enpresa guztien %1,2 bakarrik hartu arren, enpresen %11,4 I+Gn dabil eta 83,0 milioi eurorekin enpresa guztien I+Gko barne gastu osoaren %8,5 egiten du.
2009. urtean 1.423 pertsonak egin zuten lan sektore honetako I+Gn, dedikazio osoko baliokidetzan (hots, sektore guztietan arlo horretan lan egiten duten langileen %11,4); langile horietako 374 emakumezkoak izan ziren.
Enplegu mota honetan sakontzean beste datu bat ateratzen da: sektore honetan 652 ikertzaile izan ziren dedikazio osoko baliokidetzan lanean, eta horietako 172 emakumezkoak.
Berrikuntzari helduta, eta I+Gn gertatu bezala, alde handiak eman ziren sektore guztien eta IKT sektoreen artean. 2009. urtean IKT sektoreko establezimenduen %16,8 berritzaileak izan ziren; bestalde, sektore guztien %14,6 izan ziren berritzaileak. Enpresaren tamaina kontuan hartuta, 10 langile eta gehiagoko enpresetan %47,8 izan ziren berritzaileak IKT sektorean eta %29,8 sektore guztietan.
IKT sektoreko establezimenduek 204,4 milioi euroko gastua egin zuten berrikuntzan, hau da, enpresa guztiek egindako gastuaren %7,4. Gastu horren barruan, 182,7 milioi euro 10 langile eta gehiagoko establezimenduek egin zuten, hots, tamaina horretako enpresek gastatu zuten kopuru osoaren %8,2.
Berrikuntzan eta I+Gn egindako gastua negozio-kopuruarekin alderatuz gero (berrikuntzan eta barneko I+Gn emandako intentsitatearen ratioak) argi geratzen da IKT sektoreak beste sektoreek baino baliabide gehiago bideratu zituela I+G+b arlora.
IKT teknologien eta merkataritza elektronikoaren erabilera handiagoa egin zuten IKT sektorean, beste sektoreekin alderatuta
IKT teknologien erabilera oso zabalduta dago sektore honetako enpresetan; alabaina, eta beste sektore batzuetan baino garapen handiagoa izan arren, merkataritza elektronikoak oraindik ez du ezarpen handirik, batez ere salmentei dagokienez. Establezimenduen %50,7k bide hori erabili zuen erosteko eta %11,0k saltzeko; baina beste sektoreetan datu hauek %13,8 eta %3,4 izan ziren hurrenez hurren.
Bestalde, IKT sektoreak ondasunen kanpoko merkataritzan ez du oihartzun handirik izan. Esportazio guztiak 14.945 milioi eurokoak izan ziren eta sektore honenak 183 milioikoak; inportazioak, aldiz, guztira 12.294 milioi eurokoak izan ziren eta sektore honek egindakoak 340 milioikoak.
Esportazio-inportazio trukeetan honako produktu hauek izan ziren ohikoenak: esportazioetan osagai elektronikoak (%49,6), eta inportazioetan telekomunikazioetako ekipoak (%25,5), IKT-ko beste produktu batzuk (%24,3) eta osagai elektronikoak (%22,4).
Azkenik, Euskal AEko IKT sektorean dauden 10 langile eta gehiagoko enpresen datuak Estatu osoko datuekin alderatuz gero, aztertu diren adierazleetan ezberdintasunak eman dira. Euskadin altuagoak dira enpresa berritzaileen eta berrikuntza intentsitatea duten enpresen ehunekoak; merkataritza elektronikoari dagokionez, aldiz, Estatu osoan eman dira ehuneko handienak. IKT teknologien erabileran oso antzeko ehunekoak atera ziren.
Ohar metodologikoa:
IKT sektorean sartzen dira Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak garatu, ekoiztu, merkaturatu eta horien erabilera intentsiboa egiteari lotutako jarduera nagusia duten manufakturen eta zerbitzuen sektore guztiak.
2009. urteko datuak aintzat hartuta landu zen Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazional berria (EJSN-2009); beraz, ezin dira alderatu aurreko urteetan EJSN93n argitaratutako datuekin.
Urte horretan ondoko jarduerak sartu ziren sektorean:
Industria: 2611, 2612, 2620, 2630, 2640 eta 2680 EJSNk.
Zerbitzuak: 4651, 4652, 5821, 5829, 6110, 6120, 6130, 6190, 6201, 6202, 6203, 6209, 6311, 6312, 9511 eta 9512 EJSNk.
Estatistika eragiketa hau egiteko, Eustatek egin dituen inkesta hauetatik ateratako informazioa erabili da:
· Jarduera ekonomikoen direktorioa
· Kontu ekonomikoak
· Industriari buruzko estatistika
· Beste zerbitzuen inkesta ekonomikoa
· Askotariko zerbitzuei buruzko inkesta
· Ikerketa zientifikoaren eta garapen teknologikoaren gaineko inkesta (I+G)
· Berrikuntza Teknologikoko Inkesta -BTI.
· Informazioaren gizarteari buruzko inkesta enpresetan.
· Kanpo merkataritzaren inkesta
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 Helbide elektronikoa: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: José Miguel Escalada
Tel.: +34-945-01 75 96 Faxa: +34-945-01 75 01
Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) Sektoreari buruzko prentsa-ohar gehiago.