2013-06-19ko prentsa-oharra
Euskal biztanleen instituzioekiko konfiantza “nahikoaren” azpitik da
Euskal biztanleen senide eta lagun sarea handia da, 22 pertsona, baina oso homogeneoa
Euskal AEko biztanleen jendearekiko konfiantza oro har, 10etik 5,8 da; baliorik handiena (7) familia eta lagunen sareak, eta txikiena (4,5), nahikoaren azpitik, instituzioetan, Eustaten Kapital Sozialaren Inkestaren arabera.
Lanbideekiko konfiantzari begiratuz gero, alde handia dago puntatik puntara: medikuekiko (7,1 batez beste), politikariekiko (2,2). Zientzialariak eta irakasleak (6,8) medikuengandik gertu dabiltza; 2012an “gainditu” dute, baita ere, ondokoek: merkatariek (5,8), poliziek (5,7), funtzionarioek (5,3), kazetariek (5). Ez dute gainditu: enpresaburuek (4,8), epaileek (4,7), apaizek (4,3), militarrek (3,9).
Euskal biztanleen senide eta lagunen sare zabalaren tamaina 22,2 da batez beste, 2012an. Lagun sarea oso homogeneoa da; pertsonen ia bi herenen lagunak haiek bezalakoak dira sinesmen, naziotasun, kokapen sozial, joera politikoan.
Hurbileko sarearen tamaina 10,6 pertsona da 2012an. Sarearen tamainarekin erlazionatuta “emandako laguntza” eta “jasotako laguntza” daude eta laguntza horretarako bidearen hiru aldeak, finantzak, osasuna, emozionala. Emandako laguntzaren batez besteko puntuazioa 3,3 da 2012an; jasotakoarena 1,9 bakarrik, 1etik 10era.
Familia-mota eta jarduerarekiko harremana dira oraindik ere sarearen tamainari gehien eragiten dioten aldagaiak. Bikoteek 24 senide-lagun dituzte 2012an, bakarka bizi direnek 18,7 eta establezimendu kolektiboetakoek 15 pasatxo.
Jarduerarekiko harremanari begiratuz gero, pentsiodunek 17,9 senide-lagun dituzte 2012an eta ikasleek 24, batez beste.
Lagun sarearen homogeneotasunean ditugu puntuazio alderik handienak adin eta jaiolekuari dagokienez. Beste estatu batean jaioek dute homogeneotasun txikiena, 4,5 puntu, eta logikoa da; beste muturrean 65 urte eta gehiagokoek dituzte lagun sare homogeneoenak, 8 puntu 2012an.
Parte-hartze soziala batez ere hauteskunde parte-hartzea da oraindik ere; elkarte-jarduera minimoa da
Euskal biztanleen parte-hartze soziala batez ere hauteskunde parte-hartzea da oraindik ere; elkarte-jarduera minimoa da (10etik 0,4 2012an). Hauteskundeetako parte-hartzearen batez besteko balioa 7,2 da; alegia, parte hartu da azken 4 hauteskundeetako 3tan. Interesa badago (5,5) gai sozio-politikoetan, baina parte-hartzea halakoetan oso txikia (1,2) da.
Auzi publikoez, euskal biztanleen informazioa tamaina ertainekoa da (5,3); informazio-iturriak berriz, lurralde-arlo ezberdinetakoak, ugariak dira (7,2) eta komunikabideak maiz (6,7) erabiliak.
Gertuko kontuez (bizi-lagunak, auzoa, udalerria, erkidegoa) informatuago gaude (heren baten ustez, oso informatuta); Espainiaz gutxiago (oso informatuak %24,2 dira) eta oraindik gutxiago Europaz (oso informatuak %20).
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
Kapital Sozialaren Inkesta-Prentsa ohar gehiago
Kapital Sozialaren Inkesta-datu bankua