2015/09/30eko prentsa-oharra
Euskal AEn 2013an IKT sektorean 21.110 langile ari ziren, guztien %2,2
IKT sektoreko enpresek gehiago gastatzen dute I+Gn, berritzaileagoak dira eta beste sektoreetan baino gehiago erabiltzen dituzte teknologiak
Eustaten datuen arabera, IKT sektorean (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak), 2.275 enpresa eta 21.110 lanpostu geneuzkan Euskal AEn 2013an, euskal ekonomiaren %2,2. Negozio-zifra, 3.421,5 milioi, aurreko urtean baino %2,3 gutxiago.
IKT sektorean I+G egin eta berritzaileak diren enpresen ehunekoa gainerako sektoreenaren oso gainetik dago
IKT sektorean enpresen %7,6k I+G egiten du; gainerako sektoreetan %1,1ek; handia da aldea. Gainera, sektoreak –enpresa guztien %1,5- I+G egiten dutenen %10,6 biltzen du, eta enpresa-sektorearen I+G barne-gastuaren %6,2 -61,5 milioi- egikaritzen ditu.
Sektore honetan, 2013an, 1.186 langile aritu ziren I+Gn, dedikazio osoko baliokidetzan (enpresa sektore guztien %9,0); haien arteko 317, emakumeak.
Berrikuntzan, I+Gn bezala, alde esanguratsuak daude sektoreen guztirakoaren eta IKTren artean. 2013an, IKT sektoreko establezimenduen %21,8k berrikuntzako jarduerak egin zituzten; sektoreen guztirakoan %12,7k. Enpresaren tamaina kontuan, 10 langile eta gehiagokoetan, lehen kasuan %52,5, eta sektoreen guztirakoan %28,4.
Berrikuntzan IKT establezimenduek 190,1 milioiko gastua egin zuten, enpresa guztienaren %7,4. Gastu horretatik, 172,0 milioi 10 langile eta gehiagoko establezimenduek eginak, tamaina horretako enpresen gastu guztiaren %7,8.
Begiratzen badugu zer den berrikuntzako eta I+G gastua negozio zifraren gainean (barne berrikuntzako eta barne I+G intentsitate-ratioak), begi bistakoa da, baita ere, IKT sektorean baliabide gehiago joan zirela I+G+bra gainerako sektoreetan baino. Berrikuntzaren intentsitatea 4,3 da sektorean eta 1,7 guztirakoan. Barne I+Gn ratioa 2,0 da IKTn eta guztirakoan 0,9.
Bai IKT teknologiak, bai merkataritza elektronikoa zabalduago daude IKT sektorean sektoreen guztirakoan baino
IKT teknologien erabilera oso zabaldua dago sektore honetako enpresen artean, baina merkataritza elektronikoaren erabilerak, gainerako sektoreetakoaren gainetik badago ere, ezarpen handirik gabe dirau, batez ere salmenten aldetik. Erosketak egindako establezimenduak %53,8 eta salmentak egindakoak %12,8 izan ziren; sektoreen guztirakoan %19,7 eta %5,2.
IKT sektoreak ondasunen kanpo merkataritzan duen eragina ez da oso esanguratsua. Esportazioak 225,9 milioi (guztien %1,1) izan ziren, guztirakoa 20.631,9; inportazioak 276,6 milioi (%1,7) guztirakoa 15.961,6.
Esportazioetan nabarmentzen dira: Osagai elektronikoak (%50,7) eta IKT beste produktuak (%31,1). Inportazioetan: Osagai elektronikoak (%22,8), IKT beste produktuak (%33,3).
Azkenik, 10 enplegatu eta gehiagoko enpresen IKT sektorearen Euskal AEko eta estatuaren osotasunean, bada alderik adierazleetan. Euskadin enpresa berritzaileen portzentajea eta berrikuntza intentsitatea handiagoak dira; merkataritza elektronikoa egiten duten enpresa portzentajea eta salmentak egiten dituztenena handiagoa da estatuaren osotasunean erkidegoan baino. IKT teknologien erabileran portzentajeak oso antzekoak dira.
Ohar metodologikoa:
IKT sektorea manufaktura eta zerbitzuetako sektoreek osatzen dute; beren jarduera nagusia Informazio eta Komunikazioaren Teknologien garapen, ekoizpen, merkaturatze eta erabilera intentsiboarekin lotuta dago. Web Eustat. Fitxa-metodologikoa: IKT sektorea
Seriea berrikusi egin da, zerbitzu-inkestek ekarritako estatistika hobekuntzetatik abiaturik.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62
Informazioaren eta komunikazioaren teknologien sektorea-IKT. Prentsa-ohar gehiago