2016/08/04 prentsa-oharra
Euskal AEko txikizkako sektorearen salmentak % 3,0 igo ziren 2016ko bigarren hiruhilekoan
Gasolindegiak barnean hartu gabe, txikizkako merkataritza % 3,5 hazi zen prezio konstanteetan
Euskal AEko txikizkako merkataritza-sektoreak % 3,0 igo zituen salmentak, prezio konstanteetan, 2016ko bigarren hiruhilekoan, betiere aurreko urteko aldi berarekin alderatuta, EUSTATek emandako datuen arabera. Sektoreko salmenta, hornitegiak kontuan izan gabe, % 3,5 igo zen urte arteko tasari erreparatuta.
Aurreko hiruhilekoaren aldean, berriz, % 0,7ko igoera erreala izan da, behin urte-sasoiko eraginak ezabatu ondoren.
Sektoreen arabera, elikagaien salmenta % 4,2 gehitu zen 2016ko bigarren seihilekoan, gainerako produktuen txikizkako merkataritza % 2,9 igo zen eta automoziorako erregaien salmenta % 0,1 igo zen, betiere 2015eko aldi berarekin alderatuta eta prezioen eragina kendu ostean.
Elikagaien txikizkako merkataritzaren barruan, merkataritza espezializatua % 0,7 gehitu zen, eta elikagaiak nagusi diren merkataritza espezializatu gabea % 6,2 igo zen.
Gainerako produktuen txikizkako merkataritzan ere aldaketa positiboak gertatu dira sektore guztietan, pertsonaren ekipamenduan espezializatutakoan izan ezik, azken horretan % 1,1 jaitsi baita. Etxeko ekipamenduan espezializatutako merkataritza % 7,7 hazi da, beste kontsumo-ondasunetan espezializatutakoa % 5,2 eta gainerako produktuetan nagusi den merkataritza espezializatu gabea % 0,8, guztiak prezio konstanteetan.
Hiru lurralde historikoetan urte arteko salmentak gora egin du termino errealetan: Gipuzkoa % 4,1 hazi da, Bizkaia % 2,9 eta Araba % 0,9. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, Araban eta Bizkaian ez da aldaketarik izan eta Gipuzkoan indizeak % 2,1 egin du gora.
Euskal Autonomia Erkidegoan txikizkako merkataritza-sektorean lan egiten duen langile kopuruak gora egin du 2016ko bigarren hiruhilekoan. 2016ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta % 0,2 igo da eta aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta % 0,9.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
Euskal AEKo txikizkako merkataritzaren indizearen (BMIt) gaineko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEKo txikizkako merkataritzaren indizearen (BMIt) gaineko datu-bankua