2019/03/14ko prentsa-oharra
BIZTANLERIAREN ETA ETXEBIZITZEN ESTATISTIKA. 2016
Euskal AEko familien % 85 bere etxebizitzaren jabe da
Alokairuak 4,2 portzentaje-puntu egin du gora 2011-2016 bosturtekoan
Edukitze-erregimen ohikoena jabetza da Euskal AEn: 758.315 familia-etxebizitza nagusi biltzen ditu, hau da, etxebizitza guztien % 85,1, Eustatek bildu dituen datuen arabera. Alokairuan dauden etxebizitzak 112.614 dira (% 12,6). Eta gainerako % 2,2a -19.829 etxebizitza- beste edukitze-erregimen bati dagokio. Lagatzea da ohikoena azken horien artean.
Kopuru horiek 2011ko datuekin alderatuz gero, aldaketarik esanguratsuena izan duen edukitze-erregimena alokairua da, % 8,2tik 2016ko % 12,6ra igaro baita, hau da, 41.731 etxebizitza nagusi gehiago, modalitate honetan, bost urteotan. Jabetzari dagokionez, 0,8 portzentaje-puntu egin du behera, % 85,9tik % 85,1era, nahiz eta jabetza-erregimeneko etxebizitzak 19.088 gehiago izan 2016n, 2011n baino. Beste edukitze-modalitate batzuk, ordea, 3,7 portzentaje-puntu egin dute behera, 20.583 etxebizitza galduz.
Irudia: Edukitze-erregimena Euskal AEn. 2011-2016
Iturria: Eustat
Jabetza-erregimeneko etxebizitza nagusien proportzioak aldaketa txikiak agertzen ditu lurraldeen arabera: ohikoagoa da Bizkaian beste bietan baino: etxebizitza guztien % 85,9 Bizkaian, % 84,4 Araban eta % 84,2 Gipuzkoan. Araba (% 13,6) eta Gipuzkoa (% 13,5), ordainetan, Bizkaia (% 11,9) baino portzentaje-puntu luze bat gorago daude alokairu-erregimeneko etxebizitzari dagokionez.
2011. urteaz geroztik, jabetza-erregimenak aldaketa positibo esanguratsua izan du Arabako ondoko eskualdetan: Arabako Mendialdea (+3,3 portzentaje-puntu), Arabako Ibarrak (+2,1 puntu) eta Gorbeialdeko Kuadrilla (+1,9 puntu). Alokairu-erregimenari dagokionez, eskualde guztietan egon dira igoerak 2011ko datuekin alderatuz gero baina honako hauek nabarmentzekoak dira: Donostia (+7,1 portzentaje-puntu), Bidasoa Beherea (+6,1 puntu), Arabako Lautada (+5,5 puntu) eta Urola Kosta (+5,4 puntu).
Udal mailan, hamabi udalerrik baino ez dute % 15a gainditzen alokairu-erregimenean; ondokoak dira aipagarrienak: Ereño (% 20,4), Nabarniz (% 20), Donostia (% 17,2), Oion (% 16,8) eta Erribera Beitia (% 16,6). Erregimen horretan portzentajerik baxuenak dituzten udalerriak ondokoak dira: Baliarrain, Elduain, Orexa eta Harana. % 3tik behera daude guztiak.
Azkenik, hiriburuak aztertuta esan beharra dago Bilbo dela jabetza-erregimeneko etxebizitza gehien dituena (% 84). Vitoria-Gasteiz gehitu dator atzetik (% 83,6) eta Donostia dezente atzetik ageri zaigu (% 80,6).
30 urtetik beherakoen artean soilik da alokairua jabetza baino ohikoagoa
Edukitze-erregimena erreferentzia-pertsonaren (etxebizitzan bizi den pertsonarik zaharrena) adinaren arabera aztertuz gero, adinak gora egin ahala etxebizitzaren jabe izateko probabilitatea handiagoa dela ondoriozta dezakegu: honela, jabetza % 42,6 da 30 urtetik beherakoen artean, % 72,8 30 eta 44 urte bitartekoen artean eta, azkenik, % 93,4 da 65 urtetik gorakoen artean.
Eta alderantziz gertatzen da, noski, alokairu-erregimenaren kasuan: joera beheranzkoa da adinak gora egin ahala. % 5 pasatxon dago adinekoen artean eta 30 urtetik beherakoen artean, ordea, etxebizitzen erdia hartzen du ia (% 45). Gainera, azken adin-tarte horretan baino ez zaio gailentzen alokairua jabetzari.
Joera berbera hori beste edukitze-modalitate batzuen kasuan errepikatzen da ere, nahiz eta portzentajeak hain esanguratsuak ez diren. Edukitze-modalitate horiek etxebizitzen % 12,5 hartzen dute adin-tarte gazteenaren kasuan. Hurrengo adin-tartean portzentaje hori % 3,3raino murrizten da eta 65 urtetik gorakoen kasuan, azkenik, % 1,2 baino ez da.
Euskal AEko etxebizitza nagusiak, edukitze-erregimenaren eta etxebizitzan bizi den pertsonarik zaharrenaren adin-tartearen arabera. 2016
Iturria: Biztanleriaren eta etxebizitzen estatistika. 2016
Alokairua askoz ohikoagoa da lanik ez duten erreferentzia-pertsonen kasuan (% 36,7), lanean dauden (% 13,7) eta inaktiboen (% 8,2) kasuetan baino. Eta, aldi berean, inaktiboak diren edo lanean dauden erreferentzia-pertsonek jabetzaren alde era nabarmenean egiten dute (% 90,3 lehenek; % 83.6 bigarrenek), lanik ez duten erreferentzia-pertsonekin alderatuta (% 59,5).
Euskal AEko etxebizitza nagusiak, edukitze-erregimenaren eta etxebizitzan bizi den pertsonarik zaharrenaren lan-jardueraren arabera. 2016
Iturria: Biztanleriaren eta etxebizitzen estatistika. 2016
Azkenik, erreferentzia-pertsonaren sexuak ez dakar aldaketa esanguratsurik edukitze-modalitate ezberdinen artean: gizonen % 85,9k eta emakumeen % 84k jabetzan du etxebizitza; ordena alderantzikatu egiten da alokairuaren kasuan.
LurDatak datu xeheagoak jasotzen ditu eta “online” azterketak egitea ahalbidetzen du, espazio-eremu oso txikiei dagokienez, Eustaten webgunean.
Etxebizitzen eta biztanleriaren inguruko gainerako informazioa bezalaxe, Eustatek etxebizitza nagusien edukitze-erregimenari buruzko informazio xehea argitaratu du Eustaten webgunean, LurData atalean. Honela, interesatutako pertsona guztiek beren datu-taula berezia egin dezakete, aukeraturiko eremu geografikorako, sekretu estatistikoa betez.
Jarraian, erabilera horren adibide bat jaso da: ingurune zehatz bat aukeratu da, puntu eta eragin-eremu batean oinarrituta.
Aukeratutako inguruneko etxebizitza nagusiak, edukitze-erregimenaren arabera. 2011 eta 2016
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea
Donostia-San Sebastián kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62