2020/06/09ko prentsa-oharra
ETXEBIZITZEN UDAL-ESTATISTIKA. 2019
2019ko urtarrilaren 1ean, 5.920 etxebizitza gehiago zeuden Euskal Autonomia Erkidegoan 2018aren aldean
Pertsona bakar batek okupatutako etxebizitzak % 28,8 dira, eta 5etik ia 3tan (% 58,6) pertsona bat edo bi bizi dira
2018ko urtarrilaren 1etik 2019ko urtarrilaren 1era bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitza-parkearen urteko hazkundea 5.920 unitatekoa izan da, eta azken bosturtekoan erregistratutako mailak (5.000 etxebizitzatik gertu) gainditu ditu, baina 2006tik 2011ra bitarteko bosturtekoan kontabilizatutako ia 8.000 etxebizitzetatik urrun dago, edo, are gehiago, 2001etik 2006ra bitarteko 20.000 etxebizitzetatik, Eustatek landutako datuen arabera.
2019ko urtarrilaren 1ean, Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitza-parkea 1.060.530 etxebizitzaz osatuta zegoen, hau da, 2018an baino 5.920 etxebizitza gehiago zeuden. Bizkaian 549.015 etxebizitza daude, guztien % 51,8; Gipuzkoan, 345.632 etxebizitza, % 32,6; eta gainerako 165.883 etxebizitzak, % 15,6, Araban zeuden.
5.920 etxebizitzako hazkundeak % 0,6ko igoera erlatiboa ekarri du etxebizitza-parkean. Etxebizitza-parkea osatzen dute bai familia-etxebizitzek, bai establezimendu kolektiboek. Lurraldeka, alde batzuk ikusi ziren: Arabari egokitu zitzaion igoerarik handiena (% 0,7), ondoren Gipuzkoari (% 0,6) eta Bizkaiari (% 0,5).
Eskualde-esparruan, eskualde guztiek izan zituzten etxebizitza-parkearen hazkundeak, eta, egindako aurrerapenengatik —Euskal Autonomia Erkidegoarenak (% 0,6) baino handiagoak—, nabarmentzekoak dira Arabako Mendialdea (% 4,1), Arabako Haranak (% 2,7), Arabako Errioxa (% 2,2) eta Gorbeialdea (% 1,2) —guztiak Araban—, Arratia-Nerbioi eskualdearekin batera (% 1,2). Beste muturrean daude, batezbestekotik beherako igoerekin, Tolosaldea, Enkarterria eta Arabako Kantaurialdea (% 0,2), Durangaldea, Debabarrena eta Debagoiena (% 0,3) eskualdeak.
Bizitegi-parkearen % 85 ohiko bizilekura zuzenduta zegoen
Erabileraren ikuspegitik, familia-etxebizitzen parkearen % 85,2 ohiko etxebizitzara —familia baten etxebizitza nagusia— zuzenduta zegoen —2018an baino ehuneko 0,6 puntu gehiago—. Bigarren mailako etxebizitzak edo etxebizitza hutsak, berriz, 0,2 puntu igo ziren.
Etxebizitza nagusien kopuruari dagokionez, aurreko urtekoekin alderatuz gero, 5.560 unitate gehiago daude, lurralde historikoen artean modu desberdinean banatuta: igoerarik handiena Bizkaian izan da, 3.076 etxebizitza okupatu gehiago izan baitira, Gipuzkoan 1.671 gehiago eta Araban 813 gehiago.
Lurralde-xehetasun handiagora joz gero, etxebizitza nagusien parkea gehien handitu duten udalerriak Bilbo (811 unitate), Gasteiz (670), Donostia (415) eta Barakaldo (402) izan dira. Udalerri horiek dira biztanle gehien dituztenak.
Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitza nagusien % 28,8tan pertsona bakarra bizi da, eta % 58,6tan pertsona bat edo bi bizi dira
2019an, Euskal Autonomia Erkidegoan, 6.800 etxebizitza gehiago izan ziren 1 edo 2 pertsona bizi ziren etxebizitzetan, aurreko urtearekin alderatuta, eta 2019ko urtarrilaren 1ean 529.478 etxebizitzara iristeraino. Hazkunde handiena egoiliar bakarra zutenek izan zuten —5.214 etxebizitza gehiago—, eta 260.013 izan ziren: etxebizitza nagusien parke osoaren % 28,8. Era berean, 5 eta 9 egoiliar arteko etxebizitzak gehitu ziren (974 unitate) eta, neurri txikiagoan, 10 pertsona edo gehiago zituztenak (76 etxebizitza gehiago). Aldiz, 3 edo 4 pertsona bizi ziren etxebizitzak murriztu egin ziren: 2.290 gutxiago.
Biztanle gutxiago (1 edo 2) dituzten etxebizitzen gorakada hori lurralde osoan zabaldu da, eta, kasu batzuetan, nabarmenagoa izan da igoera hori. Nabarmentzekoak dira Arabako Haranak (+% 6), Gorbeialdea (+% 5,8) eta Plentzia-Mungia (+% 5,5), batezbestekoa (% 2,6) baino askoz igoera handiagoekin. Aitzitik, azpimarratu behar da Euskal Autonomia Erkidegoko hogei eskualdeetatik bostetan soilik handitu zela zertxobait 3 edo 4 egoiliarreko etxebizitzen kopurua. Gernika-Bermeo eskualdean soilik nagusitu zen okupazio mota horren hazkundea (% 2,2), 1 edo 2 egoiliarreko etxebizitzen kopuruak izandako hazkundearen gainetik (% 0,9).
Batez besteko familia-etxebizitzak 87,2 m²-ko azalera erabilgarria zuen
Euskal Autonomia Erkidego osorako batez besteko azalera erabilgarria 87,2 m² zen. Araban zeuden familia-etxebizitza handienak (92,3 m²), eta ondoren Gipuzkoan (86,9 m²) eta Bizkaian (85,8 m²).
Euskal Autonomia Erkidegoko familia-etxebizitzen parkearen batez besteko antzinatasuna 45,4 urtekoa zen. Lurralde-mailan, parkerik modernoena Arabak izan zuen, 38,8 urterekin, eta ondoren Gipuzkoak, 45,9 urteko batez besteko antzinatasunarekin. Bizkaia, berriz, 47 urterekin, parkerik zaharreneko lurraldea zen.
Gela kopuruari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko familia-etxebizitzen hiru laurdenek 4 edo 5 gela zituzten (logelak, egongela eta sukaldea barne), eta, batez beste, 1,4 bainugela.
Eraikinen % 70ek baino gehiagok igogailua zuten, 2010ean baino ia ehuneko sei puntu gehiago
Eraikinen ekipamenduei dagokienez, 2019an, % 81,8k hodi bidez hornitutako gasa zuten (2018an baino ehuneko 1,1 puntu gehiago). Hala ere, proportzio hori aldatu egiten zen lurraldeka: Gipuzkoan % 85,6, Araban % 83,4 eta Bizkaian % 79,1.
Era berean, hiru familia-etxebizitzatik bi igogailuz hornitutako eraikinetan zeuden (% 70,1) —hau da, 2018an baino ehuneko 1,2 puntu gehiago eta 2010ean baino ia sei puntu gehiago (5,8)—.
Bestalde, etxebizitzen % 62,6 10 etxebizitza baino gehiago dituzten eraikinetakoak ziren, 40 etxebizitzatik gorako etxebizitzetako eraikinetako % 7,6 barne. Aldiz, hamar etxebizitzatik bat, % 10,6, familia bakarrekoa edo bi familiakoa zen. Portzentaje hori % 17,1era igo zen Araban, % 9,4ra Gipuzkoan eta % 9,3ra Bizkaian.
Etxebizitzen ekipamenduei dagokienez, nabarmentzekoa da % 55,1ek gas-instalazioa etxebizitzaren barruan zuela, batez ere Gipuzkoan (% 61) eta Araban (% 58,6), eta Bizkaia % 50,4an geratu zela.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62