2020/04/24ko prentsa-oharra
Biztanleen udal estatistika. 2019/01/01
Euskal AEn 0-14 urte bitarteko 301.816 adingabe daude, biztanleriaren % 14
Arabako ehunekoa beste bi lurraldeetakoa baino handiagoa da
Datorren apirilaren 27tik aurrera, 0 eta 14 urte bitarteko haurrak kalera irten ahal izango dira jarduera batzuk egiteko. Horrek 301.816ri eragingo die Euskal AEn, biztanleriaren % 13,8ri 2019ko urtarrilaren 1ean, Eustaten datuen arabera. Arabak adin horretako 48.751 biztanle ditu, hau da, % 14,9; Bizkaiak 149.922 ditu, % 13,1; eta Gipuzkoan 103.143 adingabe bizi dira, % 14,4.
Araban, Oion eta Dulantzi dira adingabe gehien duten udalerriak, biztanleriaren % 20 baino gehiago baitute
Arabako 51 udalerrietatik, 18k soilik dute lurraldekoa baino 0-14 urte bitarteko adingabeen ehuneko handiagoa. Oion nabarmentzen da (% 20,8), eta, ondoren, Dulantzi (% 20,5), Agurain (% 18,8) eta Iruña Oka (% 18,8). Beste aldean, Moreda Araba (% 5), Harana (% 5,5), Urizaharra (% 7) eta Lagran (% 7,1) dira 0-14 urte bitarteko adingabeen proportzio txikiena duten udalerriak.
10.000 biztanletik gorako hiru udalerri daude Araban, Amurrio, Laudio eta Gasteiz, eta lehenak bakarrik du lurraldekoa baino ehuneko handiagoa, 0-14 urte bitarteko adingabeen % 15,4. Gasteizek % 14,8, eta Laudiok % 12,6. Udalerri horietako bakoitzean ehuneko horiek auzoen arabera duten banaketari erreparatzen badiogu, ikus daiteke ezen auzo eraiki berriek dituztela 0-14 urte bitarteko adingabeen ehuneko handienak.
Gasteizko auzo berriak dira neurri horrek gehien kaltetutakoak: Zabalgana eta Salburu artean adin horretako 11.735 haur daude, guztizkoaren % 32
Hala, Gasteizko auzoetarik, hirutan 0-14 urte bitarteko biztanleak laurdenak baino gehiago dira; Zabalgana dago lehen postuan, % 26,9rekin eta 7.061 adingaberekin. Hurrengo auzoa, ehunekotan, Aretxabaleta-Gardelegi da (% 26,1), baina 382 adingabe baino ez ditu, eta hirugarren auzoa Salburua da (% 25,3), 4.366 adingaberekin. 0 eta 14 urte bitarteko adingabeen % 9 baino gutxiago dituzten auzoak Santiago, Santa Luzia, San Martin eta San Kristobal dira, baina 2.243 adingabe baino ez dituzte.
Amurrion, 0 eta 14 urte bitarteko adingabeen banaketa ez da hain sakabanatua udalerriko auzoen artean; izan ere, Erdialdeko auzoan % 17,8 dira, eta Landa Eremuan % 10,3. Laudion, eraiki berri den Larra-Altzarrate auzoan haurren % 19,9 daude, eta Areta da hurrengo auzoa ehunekotan, baina % 13,5ekin. Landaluze-Goikoplaza auzoan 0-14 urte bitarteko adingabeen % 9 baino gutxiago daude.
Bizkaian, Ezkerraldeko hiru udalerrik dituzte haurren ehuneko txikieneko auzoak: Portugaletek, Santurtzik eta Sestaok
Bizkaia 112 udalerrik osatzen dute, eta horietarik 79tan 0 eta 14 urte bitarteko adin txikikoen ehunekoa lurraldekoa baino handiagoa edo berdina da, baina Etxebarri izan ezik (% 20,1, ehunekorik handiena), % 17 gainditzen duten gainerako udalerriak txikiak dira: Arakaldo, Gizaburuaga, Fruiz eta Ispaster, 309 adin txikiko denera. Adingabeen proportzio txikiena duten udalerriek ere biztanle gutxi dituzte: Lanestosa, Elantxobe, Turtzioz, Ibarrangelu eta Sukarrietan % 9 baino gutxiago dituzte, baina 189ra baino ez dira iristen.
Bizkaian, 10.000 biztanletik gorako 20 udalerri daude, eta horietan 0-14 urte bitarteko adingabeen proportzioa azter daiteke auzoka. Bilbon Miribillakoa nabarmentzen da, % 25,6rekin, udalerri osoan % 11,9koa bada ere, eta ondoren Doneztebe dago, Etxebarrin, % 23,9rekin. Adingabeen ehuneko altuak dituzten hurrengo auzoak dira Gernika-Lumoko Lumo (% 21,8), Santurtziko Lauaxeta (% 21,2), Barakaldoko Errekatxo (% 20,2), Mungiako Billela-Atxuri (% 19,7), Amorebieta-Etxanoko Zubikurtze (% 19,4) eta Bermeoko Morondo (% 19,2).
0-14 urte bitarteko adingabeen ehunekoa % 9 baino txikiagoa duten auzoak Bilbo Handikoak dira. Hiru, Portugaletekoak: Mugakoa, Azeta eta Alde Berria; bi, Santurtzikoak: Peñota eta Ospitaleko Aldapa, eta bat, Sestaokoa: Kaskoa. Bilboko Gazteleku auzoak % 9,4ko ehunekoa du, eta, Miribillakoarekin alderatuz gero, ikusten da ezen Bilbon gertatzen dela aldaketarik handiena udalerri bereko auzoen artean.
Donostiak auzoen araberako konfigurazio orekatua du, bizi diren adingabeen proportzioari dagokionez, Erdialdeko % 10 eta Aieteko % 16 artean
Gipuzkoako 88 udalerrietarik, 71tan 0-14 urte bitarteko adingabeen ehunekoa lurralde osoko berbera edo handiagoa da, baina ehuneko txikiagoa duten udalerrien artean Donostia, Irun, Errenteria eta Eibar daude, zeinek, denera, lurraldeko biztanleria osoaren % 60 osatzen baitute. Gainera, talde horretako ehunekoak ez daude lurralde-multzoaren oso azpitik; izan ere, Hernialdekoa (txikiena) % 12,1 da, eta hurrengoa, Donostiakoa, % 12,3. Portzentajerik handiena duten Gipuzkoako udalerriak biztanle gutxikoak dira; % 20tik gorako portzentajea dutenek 0-14 urte bitarteko 3.089 adingabe dituzte, eta talde horretan mila biztanletik gorako udalerri bakarra Irura da. Baliarrainek adingabeen ehuneko handi samarra du (% 28,5), eta ondorengoak udalerri hauek dira: Orexa, baina % 24,5ekin, Alkiza (% 23,7) eta Altzaga (% 23,4); udalerri horiek guztiek azalera nahiko urria dute.
Gipuzkoan, 19 dira 10.000 biztanle baino gehiagoko udalerriak zeinetan azter daitekeen 0 eta 14 urte bitarteko adingabeen ehunekoa auzoka. Horien artean, nabarmentzen dira Andoaingo Etxebarrieta auzoa (% 24,3) eta Oñatiko Landa Eremua (% 22,4). Jarraian, bost dira auzoak zeinetan den % 20 eta % 21 bitarteko adingabeen ehunekorik: Loinaz eremua Beasainen, Gaztaño-Agustinak Errenterian, Landa Eremua Andoainen, Karrika Oiartzunen eta Larramendi Tolosan. Bestalde, sei auzotan 0-14 urte bitarteko adingabeen ehunekoa % 10 baino txikiagoa da: Feriala Arrasaten, Zumaburu Lasarte-Orian, San Lorentzo Oñatin, Olan Arrasaten eta Matxiategi-Santa Marina Bergaran. Oñatin da, ikusten denez, desberdintasunik handiena auzoen artean, baina Donostian ez da halakorik gertatzen, zeren Aiete auzoko % 16,1etik Erdialdeko auzoko 0-14 urte bitarteko adingabeen % 10era jaisten baita.
Datu gehiago hurrengo tauletan:
15 urtetik beherakoen populazioa Euskal AEn, udalerriaren arabera. 2019/01/01
15 urtetik beherakoen populazioa, Arabako auzoen arabera. 2019/01/01
15 urtetik beherakoen populazioa, Bizkaiko auzoen arabera. 2019/01/01
15 urtetik beherakoen populazioa, Gipuzkoako auzoen arabera. 2019/01/01
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62