2020/05/08ko prentsa-oharra
TXIKIZKAKO MERKATARITZAREN INDIZEA (TMI). I/2020
Txikizkako sektoreko salmentak % 3,3 jaitsi dira 2020ko lehen hiruhilekoan Euskal AEn
Elikagaien salmentak % 4,0 igo dira eta gainerako produktuenak % 9,5 jaitsi dira
Euskal AEko txikizkako merkataritza-sektoreak % 3,3 murriztu ditu salmentak 2020ko lehen hiruhilekoan, aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, dagozkion egutegiko efektuak behin aterata eta prezio konstanteetan, Eustatek emandako datuen arabera. Sektoreko salmentek, gasolina-zerbitzuguneak kontuan hartu gabe, % 3,2 egin dute behera prezio konstanteetan urtetik urterako tasan.
Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta urtaro-efektuak kenduta, 2020ko lehen hiruhilekoko salmenta-indizeak % 3,9 egin du atzera.
Sektoreka, elikadura-salmentak % 4,0 igo dira; gainerako produktuen txikizkako merkataritza, berriz, % 9,5 murriztu da, eta automoziorako erregai-salmenta % 5,5 murriztu da, hori guztia 2019ko aldi berarekin alderatuta eta prezioen eta egutegiaren eragina kendu ondoren.
Elikaduraren txikizkako merkataritzaren barruan, elikaduran, edarietan eta tabakoan espezializatutako merkataritza % 2,9 murriztu da (fruta-dendak, harategiak, arrandegiak, etab.), eta elikadura, edariak eta tabakoa nagusi diren txikizkako merkataritza ez-espezializatua, berriz, % 7,2 igo da (supermerkatuak eta hipermerkatuak, funtsean).
Gainerako produktuen txikizkako merkataritzan, salmenten beherakada orokorra izan da 2019ko hiruhileko berarekin alderatuta, prezio konstanteetan eta egutegiaren ondorioak zuzendu ondoren. Hala, pertsonaren ekipamenduan espezializatutako merkataritzak (jantziak, oinetakoak eta produktu farmazeutikoak, adibidez) % 8,7 egin du behera, etxeko ekipamenduan espezializatutako merkataritzan antzemandako kopuruaren antzekoa (-% 8,6), non, besteak beste, etxetresna elektrikoak, altzariak eta telekomunikazio-ekipoak dauden. Beste kontsumo-ondasun batzuetan espezializatutako txikizkako merkataritza (ordenagailuak, kirol-artikuluak eta liburuak, adibidez) % 15,0 murriztu da, eta gainerako produktuak nagusi diren ez-espezializatua (espezializatu gabeko establezimenduetako eta posta edo internet bidezko txikizkako beste merkataritza) % 9,1 jaitsi da aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta.
Lurraldeka, salmenta-indizeak urte arteko jaitsiera txiki bat izan du Araban, salmenten beherakada % 0,1ekoa izan baita; Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, beherakada nabarmenagoak izan dira, % 4,7koa eta % 2,7koa, hurrenez hurren.
Euskal AEko txikizkako merkataritza-sektorean lan egiten duten langileen kopurua % 0,7 jaitsi da 2020ko lehen hiruhilekoan, aurreko urteko lehen hiruhilekoarekin alderatuta. 2019ko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta, % 0,5 jaitsi da.
OHARRA COVID-19AREN KRISIAREN ERAGINAZ TMI-N
Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak alarma-egoera deklaratu du COVID-19ak eragindako osasun-krisiko egoera kudeatzeko.
Hartu diren ohiz kanpoko neurriek ekarri dute zerbitzu-sektoreko enpresetako asko partzialki edo erabat gelditu izana martxoko bigarren hamabostaldian. Hortaz, lehen hiruhileko honetako Txikizkako Merkataritzaren Indizea ezohiko egoera honek ukitu du erreferentziako aldiaren seiren batean.
Egoera honek ahalegin handia ekarri du beharrezko informazioa lortze aldera Txikizkako Merkataritzaren Indizea egiteko, hala inkestaturiko enpresen aldetik nola informazioa biltzeaz eta tratatzeaz arduratzen diren langileen aldetik ere.
Eustatek eskerrak ematen dizkie parte hartu duten enpresa guztiei egindako ahaleginagatik ezohiko egoera honetan. Haiei esker 2020ko lehen hiruhilekoko indizea kalkulatu da laginaren % 73,56ko estaldurapean —zeinen informazioa apirilean jaso baita—.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62