2020/09/28ko prentsa-oharra
INFORMAZIOAREN ETA KOMUNIKAZIOAREN TEKNOLOGIEN SEKTOREAREN ESTATISTIKA-IKT. 2018
IKTen sektorean okupatutako enpleguak % 5,1 egin zuen gora 2018an, Euskadiko AEn
IKTen sektoreko enpresen % 68,8k merkataritza elektronikoa egin zuten, eta sektore guztiak aintzat hartuta % 26,3k
Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) sektoreak Euskadiko AEn, 2018an, datu positiboak erregistratu zituen; enpresa-kopuruak gora egin zuen (% 1,6), bai eta enplegu okupatuak ere (% 5,1), EUSTATen datuen arabera. Zehazki, 2.691 enpresa eta 23.534 lanpostu kontabilizatu ziren sektore horretan; enpresaren tamaina, batez beste, 8,7 pertsonakoa zen. Negozio-zifrak ere gora egin zuen, % 6,2, eta balio erantsiak, % 3,8.
Datu horiek aintzat hartuta, IKTen sektoreak euskal ekonomian okupatutako pertsonen % 2,2 hartu zuen eta balio erantsi osoaren % 2,2 (1.673,9 milioi); negozio-zifra 4.119,8 milioi eurokoa izan zen.
IKTen sektoreko enpresek gainerako sektoreek baino I+G+b jarduera gehiago egiten dituzte
IKTen sektoreko enpresen % 6,0k barneko I+G jarduerak egiten ditu; ehuneko horrek zabal gainditzen du sektore guztietarako erregistratu zena (% 1,0). Gainera, IKTen sektoreak (Euskadiko AEko enpresa guztien % 1,8 baino ez du hartzen) I+G egiten dutenen % 11,5 hartzen ditu, eta, 72,9 milioi eurorekin, enpresa-sektoreko barneko I+Gko gastu osoaren % 6,8 gauzatzen du.
2018an, sektore horretan I+Gn “lanaldi osoaren balio beraz diharduten 1.277 enplegatu” zebilen; haietatik, % 23,9 (305) emakumeak izan ziren. I+G jardueran dabiltzan enpresen sektoreko langileen artean, % 9,3 IKT sektoreko enpresetan daude; ehuneko hori % 6,6koa da, baldin eta erkaketa I+Gko langile guztiei dagokienez egiten badugu.
Berrikuntza dela eta, I+Grekin gertatzen den bezala, alde esanguratsuak antzematen dira sektore guztien eta IKTen sektorearen artean. Hala, 2018an, IKT sektoreko establezimenduen % 32,7 berritzaileak izan ziren, eta sektore guztiak aintzat hartuta % 17,3 izan ziren berritzaileak. Enpresaren tamaina kontuan hartzen bada, “10 enplegatuko edo gehiagoko”etan, % 60,7ra iritsi ziren, lehen kasuan, eta, sektore guztiak aintzat hartuta, % 30,1era.
Berrikuntzako jardueretan egin zuten gastua dela eta, IKT establezimenduek 157,6 milioi euro bideratu zituzten, sektore guztien gastuaren % 5,6. Gastu horretatik, 138,2 milioi “10 enplegatuko edo gehiagoko” establezimenduei dagozkie; alegia, tamaina horretako enpresek gastatutako kopuru osoaren % 5,8.
IKTen sektoreak, halaber, gainerako sektoreek baino baliabide-proportzio handiagoa bideratu zuen I+G+b jarduerara, eta hala erakusten dute berrikuntzarako eta barneko I+Grako gastura bideratzen dituen zifrek, negozio-zifrei dagokienez (intentsitate-ratioak berrikuntzan eta barneko I+G jardueran). Zehazki, berrikuntzako intentsitatea 2,8koa da sektorean, eta 1,6koa sektore ekonomikoen guztizkoan. Barneko I+Gren kasuan, ratioa 1,4koa da IKTen sektorean, eta 0,8koa, guztiak aintzat hartuta.
Merkataritza elektronikoa orokortuago dago IKTen sektorean sektore guztiak aintzat hartuta baino.
IKTen teknologien erabilera oso hedatuta dago sektore horretan enpresetan, baina merkataritza elektronikoak, gainerako sektoreetan baino garatuago badago ere, ezarpen txikiagoa du, batik bat salmentei dagokienez. IKTen sektorean baliabide horren bidez erosi zuten establezimenduak % 66,6 izan ziren, eta salmentak egin zituztenak, % 15,1, eta, sektore guztiak aintzat hartuta, % 24,1 eta % 6,9, hurrenez hurren. Ondorioz, merkataritza elektronikoa IKT establezimenduen % 68,8an dugu, alegia, 2017aren aldean ehuneko 5,2 puntu igo da; sektore guztiak aintzat hartuta, % 26,3an dugu, aurreko urtearen aldean ehuneko 1,2 puntu igo da.
Bestalde, IKTen sektoreak ondasunen kanpo-merkataritzan duen eraginaren mailak ez dira oso esanguratsuak: esportazioak 365,5 milioi eurokoak izan ziren, guztizkoa 25.788,3 milioikoa izan zela, eta inportazioak, 446,9 milioikoak, inportazioak, guztira, 20.485,1 milioikoak izan zirela; alegia, % 1,4 eta % 2,2, hurrenez hurren.
Truke horietan ohikoenak izan diren produktuen artean honako hauek nabarmentzen dira: esportazioetan, Osagai elektronikoak (% 35,9) eta Beste IKT produktu batzuk (% 33,8); inportazioetan, Beste IKT produktu batzuk (% 32,4), Osagai elektronikoak (% 27,6) eta Telekomunikazioetako ekipoak (% 22,8).
IKTen sektoreko enpresa gehiagok dute Euskadiko AEn webgunea eta banda zabala Espainian baino, baina merkataritza elektroniko gutxiago egiten dute
Azkenik, Euskadiko AEko eta Espainiako IKTen sektorearen datuak erkatzen baditugu, “10 enplegatuko eta gehiagoko” enpresetan, Espainiakoen 99,7k eta Euskadikoen % 100ek Interneteko konexioa dutela ikusten da. Webgunea dela eta, Euskadi AE berriz ere dago aurretik; izan ere, % 99,7k webgunea du Euskadin eta, Espainiaren kasuan, % 95,7k. Banda zabala dela eta, bi erakunde geografikoak berdintzen dira, biak iristen baitira % 100era. Espainia, oro har, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren aurretik dago erosketa eta salmenta elektronikoei dagokienez (% 63,3 eta % 16,2, hurrenez hurren, Espainiaren kasuan, eta % 60,6 eta % 13,5, Euskadiko AEren kasuan).
Ohar metodologikoa:
IKTen sektorea informazioaren eta komunikazioaren teknologien garapenarekin, ekoizpenarekin, merkaturatzearekin eta erabilera intentsiboarekin lotura duen jarduera nagusia duten manufaktura-industriek eta zerbitzu-industriek eratzen dute; haren bereizgarria da berrikuntzako, bilakaera teknologikoko eta produktibitateko tasa altuak dituela eta, beraz, jarduera ekonomikoan inpaktu handia duela. Web Eustat. Fitxa metodologikoa: IKT sektorea
Argibide gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62