2021/06/09ko prentsa-oharra

NORBERAREN ONGIZATE INKESTA. 2020

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Euskal AEko biztanleek beren bizitzarekin duten gogobetetasun globalak gora egin du 2020an, pandemia gorabehera

Ongizate pertsonalaren adierazle guztiek hobera egin dute, gogo-aldartearenak izan ezik

Eustaten datuen arabera, Euskal AEko 16 urte eta gehiagoko biztanleek bizitzarekiko, oro har, duten gogobetetasuna 7,6koa izan da 2020an, zerotik hamarrera bitarteko eskalan. Pandemiak baldintzatutako urtea izan arren, puntuazio hori hobetu egin da 2014arekin alderatuta, orduan 7,1eko nota lortu baitzen, baita 2019koarekin alderatuta ere, orduan 7,4koa izan baitzen nota.

Puntuaziorik onena (7,9) etxean 2.500 €-tik gorako hileko diru-sarrera garbiak dituztela dioten pertsonen artean ikusten da, eta ez dago alderik emakumeen eta gizonen artean.

Adierazle horrek balorazio baxuagoak eskaintzen ditu etxeko diru-sarrerak eta ikasketa-maila jaitsi ahala; izan ere, goi-mailako ikasketak dituztenek lortzen dituzte emaitzarik onenak (7,9), eta ikasketarik ez dutenek biztanle guztietan puntuazio txikiena dute (6,8).

Jarduerarekiko loturari dagokionez, langabeek puntuaziorik baxuenetako bat dute (6,9), ez-aktiboen (7,6) eta landunen (7,8) aldean.

graf0018806_01_e.png

Kontuan hartu beharreko beste elementu bat ingurumenarekiko kezka da: beren bizitzarekin gusturago daudenak (7,7) dira asko kezkatzen direla adierazten duten pertsonak, eta batere kezkatzen ez direnek, berriz, 7,2ko puntuazioa dute.

Adinari dagokionez, 50 urtez peko pertsonak dira beren bizitzarekin gusturago daudenak (7,7), 50 urte eta gehiagokoen aldean (7,5).

graf0018806_02_e.png

Bizitzaren balioak du notarik altuena: 7,7

Norberaren bizitzaren balorazioa, hau da, norberaren bizitzak merezi duela dioena, batez beste 7,7 punturekin puntuatzen da, 2014an baino bi hamarren gehiago eta 2019an baino bat gutxiago. Biztanleriaren % 57,5ek kalifikazio “handia” ematen dio, eta % 1,2k, berriz, "txikia".

Halaber, puntuaziorik onena (8,0) etxean 2.500 €-tik gorako hileko diru-sarrera garbiak dituztela diotenen artean ikusten da, eta baxuena (6,9) ikasketarik ez dutenen artean.

16 eta 24 urte bitarteko gazteen artean batezbestekoa baino nota pixka bat hobea lortzen da (7,9); aldiz, bizi diren lurraldeari edo sexuari dagokionez, ez dago alde esanguratsurik.

Jarduerarekiko loturari dagokionez, landunak dira gehien baloratzen dutenak (7,8), langabeen (7,3) eta ez-aktiboen (7,7) aldean, nahiz eta guztiak oso ongi batekin.

Ikasketa-mailari dagokionez, emaitzarik onenak goi-mailako ikasketak dituzten pertsonek lortzen dituzte (7,9), ikasketarik ez dutenen aldean (6,9).

Harreman pertsonalak dira balorazio onena jaso duen hirugarren alderdia (7,6)

Harreman pertsonalen balorazioak, aurreko adierazleetan bezala, balio gorena (7,7) lortzen du goi-mailako ikasketak dituzten pertsonen artean, eta balio txikiena (7,1), berriz, ikasketarik ez duten pertsonen artean.

Puntuazio hobeak ikusten dira etxeko diru-sarrerek eta ingurumenarekiko kezkak gora egiten duten heinean.

Langabeek (7,4) landunek edo ez-aktiboek baino harreman pertsonal okerragoak dituzte (7,6 bi kasuetan), eta ez da alde nabarmenik ikusten bizi diren lurraldearen arabera.

Jaiolekuari dagokionez, baloraziorik txikiena atzerrian jaiotako pertsonen artean izan da (7,3).

Etxebizitzarekiko eta ingurunearekiko gogobetetasuna handia da ia kolektibo guztietan

Etxebizitzarekiko eta ingurunearekiko gogobetetasunaren adierazlerako (7,3 batez beste), emaitzarik onena (7,5) Araban jaiotako pertsonen artean lortzen da. Okerrena (6,9) 1.000 €-tik beherako hileko diru-sarrerak dituzten pertsonen artean gertatzen da, eta handituz doa diru-sarrerek gora egiten duten heinean; hala, 7,5era iristen da haiek 2.500 €-tik gorakoak direlarik.

Ikasketa-mailari dagokionez, emaitzarik onenak goi-mailako ikasketak dituzten pertsonek lortzen dituzte (7,4), ikasketarik ez dutenen aldean (7,0).

Gizonak (7,5) gusturago daude etxebizitzarekin eta ingurunearekin emakumeak baino (7,2).

Gogo-aldartea da okerrera egin duen adierazle bakarra, hala 2014aren nola 2019aren aldean

Gogo-aldartearen adierazleak, zeinaren batezbestekoa 6,2 baita 16 urte eta gehiagoko biztanleentzat (2014an baino hiru hamarren gutxiago), baliorik handiena lortzen du 16 eta 24 urte arteko gazteen artean (6,4), eta behera egiten du adinak gora egin ahala.

Baliorik txikiena (5,6) ikasketarik gabeko pertsonen artean dago, eta goi-mailako ikasketak dituztenen artean 6,4ra igotzen da.

Puntuazio hobeak ere ikusten dira hala etxeko diru-sarrerak nola ingurumenarekiko kezka handitu ahala.

Adierazleak nota hobea lortzen du gizonen artean (6,4) emakumeen artean baino (6,1) eta, egoera zibilari dagokionez, ezkongabeak (6,3) alargun, banandu edo dibortziatuak (5,9) baino hobeto daude eta ezkonduak (6,2) baino pixka bat hobeto.

Adinekoak dira beren aisialdiarekin gusturago daudenak

Aisialdiarekiko gogobetetasunaren batezbestekoa 6,8 da; 65 urte eta gehiagoko pertsonek balorazio altuena dute (7,8), eta 35 eta 49 urte bitartekoek, aldiz, balorazio txikiena (6,1). Era berean, nota onarekin ere kalifikatzen dute (7,5) ez-aktiboek, landunen artean ez bezala (6,2).

Gusturago daude Gipuzkoan bizi direnak (7,0) Arabakoak edo Bizkaikoak (6,8 bi kasuetan) baino eta, halaber, Euskal AEtik kanpoko beste probintzia batzuetan jaiotakoak (7,3) atzerrian jaiotakoen aldean (6,6).

Egoera zibilari dagokionez, alargunak, bananduak edo dibortziatuak dira gogobeteen daudenak aisialdiarekin (7,3), ezkongabeen (6,6) eta ezkonduen (6,9) aldean.

Etxeko ekonomiarekiko gogobetetasuna 0,6 puntu hobetu da 2014arekin alderatuta

Etxeko ekonomiarekiko gogobetetasunaren adierazlea (7,0) handitu egiten da, logikoa denez, etxeko hileko diru-sarrera garbiek gora egitearekin; hala, 1.000 € baino gutxiagoko hileko diru-sarrera garbiak dituzten pertsonen artean 5,7 izatetik 2.500 € baino gehiagoko diru-sarrerak dituztenen artean 7,4 izatera igarotzen da.

Ez daude hain kontent Bizkaian bizi direnak (6,9) nola Arabakoak edo Gipuzkoakoak (7,0 bi kasuetan), eta berdin gertatzen da atzerrian jaiotakoetan (6,4).

Adinari dagokionez, 65 urte eta gehiagoko pertsonak dira gogobeteen daudenak (7,1), eta ez dago alde esanguratsurik gizonen eta emakumeen artean.

Adierazle horren baliorik txarrena langabeen artean gertatzen da (5,6), eta landunen artean, berriz, 7,1ekoa da.

Pertsonekiko konfiantza handiena gazteen artean dago

Pertsonekiko konfiantzaren adierazleak (6,4) 16 eta 24 urte bitarteko gazteen artean lortu du puntuaziorik handiena (6,8).

Konfiantza "handia" da biztanleriaren % 26,8rentzat, eta "txikia", berriz, % 9,7rentzat.

Emakumeek (6,5) gizonek (6,3) baino konfiantza apur bat handiagoa dute, eta Araban eta Gipuzkoan bizi direnek ere (6,5) Bizkaikoek (6,4) baino konfiantza handiagoa dute.

Baliorik txikiena (6,0) ingurumenarekiko batere kezkarik ez dutela dioten pertsonentzat da; 6,3, berriz, oso kezkatuta ez daudenentzat, eta 6,5 oso kezkatuta daudenentzat.

Botere publikoekiko konfiantzak izan du emaitzarik txarrena (4,5), baina, hala ere, 2014aren aldean gehien hobetu den adierazlea da (1,1 puntu)

Biztanleriaren % 4,3k soilik du konfiantza "handia" botere publikoetan, eta % 46,6k, berriz, konfiantza "txikia" du, eta adierazle bakarra da nahikoaren azpitiko batezbesteko batekin.

Biztanle-talde guztietan, 16 urte eta gehiagokoak betiere, huts egiten du botere publikoekiko konfiantzak, atzerrian jaiotako pertsonen kasuan izan ezik, non puntuaziorik onena lortzen baita (5,5).

Emakumeen konfiantza (4,6) gizonena baino handiagoa da (4,4) eta, adinari dagokionez, 65 urte eta gehiagoko pertsonen taldea da konfiantza handiena duena sistema politikoan, sistema judizialean eta polizian (4,7), 50 eta 64 urte arteko taldearen 4,4aren aldean.

Informazio gehiagorako:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal AEko biztanleek beren bizitzarekin duten gogobetetasun globalak gora egin du 2020an, pandemia gorabehera

Eragiketa : 
Norberaren ongizate-inkesta
Eragiketa kodea : 
010904
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
2024
Eguneratze data : 
2021/06/09
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Laginketa bidezko inkesta
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://eu.eustat.eus/elementos/not0018806_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali