2021/11/05eko prentsa-oharra
TXIKIZKAKO MERKATARITZAREN INDIZEA (TMI). III/2021
Txikizkako sektorearen salmentak % 2,0 jaitsi dira 2021eko hirugarren hiruhilekoan Euskal AEn
Urteko lehenengo bederatzi hilabeteetako metatuak, ordea, % 3,8ko hazkundea izan du
Eustatek landutako datuen arabera, 2021eko hirugarren hiruhilekoan, Euskal AEko txikizkako merkataritzaren sektorean salmentak % 2,0 murriztu dira aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, betiere egutegiaren eraginak atera ondoren eta prezio finkoetan. Sektoreko salmentak, gasolina-zerbitzuguneak kontuan hartu gabe, % 2,1 jaitsi dira 2020ko hirugarren hiruhilekoaren aldean. Hala ere, urteko lehenengo bederatzi hilabeteetako metatuak % 3,8ko hazkundea izan du.
Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta urtaro-ondorioak kenduta, 2021eko hirugarren hiruhilekoko salmenta-indizea % 0,5 jaitsi da prezio finkoetan.
Sektoreka, 2020ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta, prezioen eta egutegiaren eraginak kenduta, Elikagaien salmentak % 2,8 jaitsi dira, eta Gainerako produktuenak % 1,6. Automoziorako erregaiaren salmentei dagokienez, bilakaera positiboa izan da, % 0,1 igo baitira urte arteko terminoetan.
2021eko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, urtaro-eraginik gabeko terminoetan eta prezio finkoetan, Elikagaien salmentak eta Automoziorako erregaiarenak % 1,1 eta % 0,5 igo dira, hurrenez hurren; Gainerako produktuen salmentek, berriz, % 0,1eko bilakaera negatiboa izan dute.
Elikagaien txikizkako merkataritzaren barruan, bai Elikagaietan, edarietan eta tabakoan espezializatutako txikizkako merkataritza (establezimenduak nola fruta-dendak, harategiak, arrandegiak, etab.), bai Elikagaiak, edariak eta tabakoa nagusi diren txikizkako merkataritza ez-espezializatua (batez ere, supermerkatuak eta hipermerkatuak) % 0,2 eta % 4,0 jaitsi dira, hurrenez hurren.
Gainerako produktuen txikizkako merkataritzan, 2021eko hirugarren hiruhilekoko salmenten bilakaera, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, negatiboa izan da Beste kontsumo-ondasun batzuetan espezializatutako merkataritzaren salmentetan (liburuak, papergintzako artikuluak, jostailuak eta kirol-artikuluak, adibidez), bai eta Gainerako produktuak nagusi diren espezializatu gabeko merkataritzaren salmentetan ere, % 10,3ko eta % 13,6ko jaitsierekin, hurrenez hurren. Pertsonaren ekipamenduan espezializatutako merkataritzak ere bilakaera negatiboa izan du, % 0,8koa. Aitzitik, Etxearen ekipamenduan espezializatutako merkataritzako salmentek (besteak beste, etxetresna elektrikoak, altzariak eta telekomunikazio-ekipoak) % 6,0ko igoera izan dute aurreko urteko hiruhileko beraren aldean.
Lurraldeen arabera, 2021eko hirugarren hiruhilekoko salmenta-indizeak urte arteko atzerapena izan du guztietan: Araban % 4,1, Bizkaian % 1,9 eta Gipuzkoan % 1,1.
Euskal AE osoan txikizkako merkataritzaren sektorean landunen kopurua % 4,1 igo da 2021eko hirugarren hiruhilekoan, aurreko urteko hirugarren hiruhilekoaren aldean. 2021eko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, % 1,3ko igoera izan da.
INFORMAZIO OHARRA
Indize ekonomiko koiuntural honetan eta beste indize ekonomiko koiuntural batzuetan kontuan hartzen diren langile enplegatuen artean, Enplegua Aldi Baterako Erregulatzeko Espedientea (EABEE) duten pertsonak sartzen dira, Europar Batasuneko Estatistika Bulegoak (Eurostat) Methodology of Short Term Business Statistics eskuliburuan jasotzen duen enplegatuaren definizioari jarraituz.
Egutegiaren eraginak zuzentzeko eta serieak urtaro-eraginik gabe uzteko erabilitako modeloek COVID-19ak aztertutako aldagaietan duen eragina barne hartzen dute, Europar Batasuneko Estatistika Bulegoak (Eurostat) Guidance on Time Series Treatment in the context of the COVID-19 crisis ohar metodologikoan emandako gomendioei jarraituz.
Eustatek eskerrak eman nahi dizkie informazioa biltzen lagundu duten establezimendu guztiei. Haiei esker, hirugarren hiruhilekoko indizea laginaren % 96,8ko estaldurarekin kalkulatu da.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62