2022/07/29ko prentsa-oharra
INFORMAZIOAREN ETA KOMUNIKAZIOAREN TEKNOLOGIEN (IKT) SEKTOREAREN ESTATISTIKA. 2020
IKT sektoreko enpresen % 70ek merkataritza elektronikoa erabili zuten Euskal AEn 2020an, sektoreen guztizkoaren % 26,9ren aldean
Berrikuntza, I+G eta merkataritza elektronikoa nabarmentzen dira IKTen sektorean, gainerako sektoreekin alderatuta
Euskal AEko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) sektoreko enpresak 2020an merkataritza elektronikoaren erabileran nabarmendu ziren, enpresen guztizkoaren datuekin alderatuz; eta % 70,1era iristen zen merkataritza elektronikoa erabiltzen zutenen ehunekoa, sektore guztiak hartuz % 26,9k erabiltzen zuen bitartean, Eustatek landutako datuen arabera.
Gainera, sektore horrek beste urte batez datu positiboak izan zituen 2019aren aldean, eta enpresen kopuruak (% 2) eta enpleguak (% 1) gora egin zuten. 2010etik —eskuragarri dagoen serie historikoaren lehen urtetik— IKTen sektorean sartutako enpresen kopurua % 32,1 hazi da, eta lanpostuena, berriz, % 9,0.
Zehazki, 2020an 2.763 enpresa eta 24.225 lanpostu zenbatu ziren sektore horretan, 2010az geroztik izan diren balio maximoak; enpresen batez besteko tamaina 8,8 pertsonakoa izanik.
Aitzitik, negozio zifra % 4,7 murriztu zen aurreko urtearen aldean, eta balio erantsia % 10,6.
2020an, IKTen sektoreak euskal ekonomiako lanpostuen % 2,4 eta enpresen % 1,8 biltzen zituen. Era berean, balio erantsi osoaren % 2,5 —1.629 milioi— izan zen, eta 4.068,5 milioi euroko negozio-zifrara iritsi zen.
Euskal AEn IKT sektoreko magnitude nagusiak lurraldeka eta jarduera ekonomikoaren arabera. 2020
| | Enpresak (1) | Lanpostuak | Negozio kopurua (2) | Balio erantsi gordina cf (2) |
| IKT sektorea, guztira | 2.763 | 24.225 | 4.068.475 | 1.628.648 |
| Lurralde historikoa | | | | |
| Araba/Álava | 373 | 2.786 | 420.309 | 158.589 |
| Bizkaia | 1.653 | 14.303 | 2.607.135 | 1.075.120 |
| Gipuzkoa | 827 | 7.136 | 1.041.031 | 394.939 |
| | | | | |
| IKT manufaktura-industria | 84 | 4.567 | 585.164 | 202.482 |
| Merkataritza eta IKT zerbitzuak | 2.679 | 19.658 | 3.483.311 | 1.426.166 |
(1)Baliteke enpresa-kopuruaren lurralde-batura ez etortzea guztizko kopuruarekin
Jarduera duten lurralde historiko bakoitzean behin zenbatu dira, eta EAE osoan behin bakarrik.
(2)Mila euro
Data 2022ko Uztailaren 29a
Iturria: Eustat. Informazioaren eta komunikazioaren teknologien IKT sektorearen estatistika
IKT sektoreko enpresek sektore guztiak batera hartuta baino neurri handiagoan egiten dituzte I+G+Bko jarduerak
IKT sektoreak, Euskal AEko enpresa guztien % 1,9 bakarrik izan arren, I+G egiten dutenen % 13,8 biltzen ditu, eta 87,0 milioi eurorekin, enpresa-sektorearen barneko I+Gko gastu osoaren % 7,6 egikaritzen du. Gainera, IKT sektoreko enpresen % 7,3k barneko I+G jarduerak egiten ditu, eta portzentaje horrek nabarmen gainditzen du sektoreen guztirakoan erregistratu zena, % 1,0ekoa izan baitzen.
2020an, sektore horretan I+Gn 1.549 langile aritu ziren “dedikazio osoko baliokidetzan”; horietatik % 24,8 (385) emakumeak izan ziren. IKT sektorean zeuden I+Gko 1.549 pertsona horiek I+Gn diharduten enpresen sektoreko langileen % 11,2 ziren, eta, era berean, alderatzea I+Gko langile guztiekiko egiten badugu, % 7,9 ziren.
Berrikuntzari dagokionez, I+Gn gertatzen den bezala, alde nabarmenak daude sektoreen guztizkoaren eta IKTen guztizkoaren artean. Horrela, 2020an, IKT sektoreko establezimenduen % 35,2 berritzaileak izan ziren, sektore guztiak kontuan hartuta % 18,6 izan ziren bitartean. Enpresaren tamaina kontuan hartuz gero, “10 langile edo gehiago zituztenen artean” % 53,1eko ehunekoak lortu ziren, eta % 31,4 sektore guztiak kontuan hartuta.
Berrikuntza-jardueretan egindako gastuaren inguruan, IKT establezimenduek 223,6 milioi euro bideratu zituzten, sektore guztien gastuaren % 8,0. Gastu horretatik 161,3 milioi “10 langile edo gehiagoko" establezimenduei zegozkien, hau da, tamaina horretako enpresek gastatutako guztizkoaren % 6,8.
IKT sektoreak ere sektoreen guztizkoak baino baliabide-proportzio handiagoa bideratu zuen I+G+Bra, gastura bideratzen dituen zifrek adierazten duten bezala, bai berrikuntzan, bai barneko I+Gn negozio-zifrarekin alderatuta (intentsitate-ratioak berrikuntzan eta barneko I+Gn). Zehazki, berrikuntzaren intentsitatea 4,2koa da sektore horretan, sektore ekonomiko guztiak kontuan hartuta 1,8koa den bitartean. Barneko I+Gren kasuan, ratioa 2,2koa da IKTen sektorean, eta 0,9koa guztizkoan.
Euskal AEn IKT sektoreko Berrikuntzaren garrantzia eta I+Gko intentsitatea, lurralde historikoaren, jarduera ekonomikoaren eta enplegu-geruzen arabera (%). 2020
| | Guztira | 10 langile edo gehiago |
| | Berrikuntza maila (1) | Barruko I+G maila (2) | Berrikuntza maila (1) | Barruko I+G maila (2) |
| SEKTOREAK, GUZTIRA | 1,75 | 0,94 | 2,31 | 1,36 |
| IKT sektorea, guztira | 4,15 | 2,17 | 3,70 | 2,23 |
| Lurralde historikoa | | | | |
| Araba/Álava | 2,62 | 1,18 | 4,21 | 2,24 |
| Bizkaia | 3,49 | 1,95 | 3,13 | 1,71 |
| Gipuzkoa | 7,08 | 3,53 | 5,16 | 3,77 |
| | | | | |
| IKT manufaktura-industria | 5,48 | 4,32 | 5,56 | 4,42 |
| Merkataritza eta IKT zerbitzuak | 3,96 | 1,87 | 3,37 | 1,85 |
(1)Berrikuntzaren garrantzia: (berrikuntzako gastuak/negozioen kopurua)*100
(2)Barruko I+Garen garrantzia: (barruko I+G gastuak/negozioen kopurua)*100
Data 2022ko Uztailaren 29a
Iturria: Eustat. Informazioaren eta komunikazioaren teknologien IKT sektorearen estatistika
Merkataritza elektronikoa sektoreen guztizkoan baino hedatuago dago IKT sektorean
IKT teknologien erabilera oso hedatuta dago sektore honetako enpresetan, eta Internet eta posta elektronikoa % 100era iristen dira; sektoreen guztirakoan, berriz, enpresen % 90 baino pixka bat gehiagora Era berean, IKT sektorean web orriak dituzten enpresak % 75,3 dira eta sektoreen guztirakoan % 56,4.
Merkataritza elektronikoa ere gainerako sektoreetan baino dezente garatuago dago. IKT sektorean bitarteko horren bidez erosi zuten establezimenduak % 68,9 izan ziren eta salmentak egin zituztenak % 11,0, sektoreen guztizkoan % 24,0 eta % 7,6 izanik, hurrenez hurren. Horren ondorioz, merkataritza elektronikoa IKT establezimenduen % 70,1ean zegoen 2020an, eta sektoreen guztizkoan, berriz, % 26,9an.
Bestalde, IKT sektoreak ondasunen kanpo-merkataritzan duen eragina maila ez oso esanguratsuetan mantentzen da: esportazioak 338,9 milioi euro izan ziren —guztira 21.124,2 milioi—, eta inportazioak 515,8 milioi — inportazioak guztira 15.868,4 milioi—, hau da, % 1,6 eta % 3,3, hurrenez hurren.
Truke horietako produktu ohikoenen artean, esportazioetan, Beste IKT produktu batzuk (% 38,5) eta Osagai elektronikoak (% 38,1) nabarmentzen dira, eta inportazioetan, Telekomunikazio-ekipoak (% 33,8), Beste IKT produktu batzuk (% 30,1) eta Osagai elektronikoak (% 21,1).
Metodologiari buruzko oharra:
Informazioaren eta komunikazioaren teknologien garapenarekin, ekoizpenarekin, merkaturatzearekin eta erabilera intentsiboarekin lotutako jarduera nagusia duten manufaktura-industriek eta zerbitzu-industriek osatzen dute IKT sektorea, eta, ezaugarri gisa, berrikuntzan, aurrerapen teknologikoan eta produktibitatean tasa handiak ditu; beraz, eragin handia du jarduera ekonomikoan. Eustat Web-a. Fitxa metodologikoa: IKT sektorea
Argibide gehiago nahi izanez gero:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62