2021/09/29ko prentsa-oharra
2030 AGENDAKO GARAPEN JASANGARRIAREN ADIERAZLEAK. 2021
Lanorduko batez besteko diru-sarreraren aldeak behera egin du desgaitasunik ez duten eta desgaitasuna duten pertsonen artean 2015etik 2018ra
Eustatek adierazle berriak gehitzen jarraitzen du, Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren helburu eta helmugetaranzko aurrerabidearen berri emateko
Eustatek jarraitzen du konpromisoarekin etengabe zabaldu eta banakatzeko adierazle estatistikoen multzoa zeinek Euskal AEn kuantifikatzea ahalbidetzen baitu Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 2030 Agendako 169 helmugen eta 17 Garapen Jasangarriko Helburuen lorpen-maila.
Oraingoan, 26 adierazle estatistiko berri sartu dira. Estatistika-adierazle horietako 11ren metodologia guztiz bateratu da Autonomia Erkidegoekin lankidetzan. Gainerako adierazleak, 15 guztira, Nazio Batuen jarraibideen arabera zehaztu dira, eta, duten garrantziagatik, Euskal AErako kalkulatu dira. Alde horretatik, nabarmentzekoa da Euskal AEko estatistika-sistemak duen indarra, zeren bere ekoizpen propioari esker estatistika-adierazle ugari kalkula baitaitezke.
Euskal AEko Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren adierazleak hedatzeko Eustaten plataforman jasotako adierazleen artean, desgaitasuna duten eta desgaitasunik ez duten pertsonen lanorduko batez besteko diru-sarrerak daude. Adierazle estatistiko horiek Nazio Batuen adierazle hau dute osatzen: Pertsona enplegudunen orduko batez besteko diru-sarrera, sexuaren, adinaren, okupazioaren eta desgaitasuna duten pertsonen arabera bereizia.
Egiaztatu da ezen lanorduko batez besteko diru-sarrerak handiagoak direla 2018an 2015ean baino, hala desgaitasuna duten pertsonentzat nola desgaitasunik ez dutenentzat. Desgaitasuna duten pertsonen orduko diru-sarrerak 14,10 eurokoak ziren 2015ean, eta 15,40 eurokoak 2018an. Desgaitasunik ez duten pertsonen kasuan, berriz, igoera txikiagoa izan da, 2015ean 18,50 eurokoak izatetik 2019an 19,00 eurokoak izatera igaro baitira. Horren ondorioz, desgaitasunik gabeko pertsonen eta desgaitasuna duten pertsonen arteko aldea murriztu egin da aztertutako aldian (4,40 euro 2015ean, eta 3,60 euro 2018an).
Euskal AEko pertsonen % 7,57 osasun-gastu handiak dituzten famiilia-etxeetan bizi dira, 2020an familia-etxearen guztizko gastuaren % 10 baino gehiagokoak.
Oraingoan gehitutako informazioaren barruan, bi estatistika-adierazle berri daude, Nazio Batuen Familia-etxe bakoitzeko osasun-gastu handiak dituen biztanleriaren proportzioa, familia-etxeen guztizko gastuen edo diru-sarreren ehuneko gisa adierazlearen berri ematen dutenak: osasun-gastu handiak dituzten familia-etxeetan bizi diren pertsonen proportzioa, familia-etxearen guztizko gastuaren % 10etik eta % 25etik gorakoak.
Igoerarik ikusten da familia-etxeko gastu guztien % 10etik gorako osasun-gastua duten familia-etxeen ehunekoan: 2015ean % 6,76 zen, eta 2020an, berriz, % 7,57. Halaz ere, aztertutako aldian, osasun-gastua familia-etxeko gastu osoaren % 25 baino handiagoa den familia-etxeetan bizi diren pertsonen proportzioa % 1,59 zen 2015ean, eta % 0,93, berriz, 2020an.
Adierazle berri horien bidez, halaber, orain arte Euskal AEn monitorizatu ez diren Nazio Batuen helmugen berri ematen da. Izan ere, Enpresa txikiei dagokien manufaktura-sektorearen guztizko balio erantsiaren proportzioa estatistika-adierazlea sartu da, Nazio Batuen 9.3 helmugari buruzko informazioa ematen duena (Industria txikietarako eta beste enpresa batzuetarako sarbidea handitzea, bereziki garapen-bidean dauden herrialdeetan, finantza-zerbitzuetara, kreditu eskuragarriak barne, eta balio-kateetan eta merkatuetan integratzea). Adierazlea, gainera, Lurraldeka bereizirik aurkezten da.
Enpresa txikiek sortutako manufaktura-sektorearen balio erantsiaren proportzioak behera egin du hiru lurraldeetan 2015. urtetik 2019.era. Araban, 2015ean % 16,95 izatetik 2019an % 16,34 izatera igaro da; Bizkaian, % 26,87 izatetik % 24,99 izatera, eta, azkenik, Gipuzkoan jaitsiera zertxobait handiagoa izan da, % 25,27tik % 23,26ra.
Informazio-oharra. Euskal AEko Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren adierazleak hedatzeko Eustaten plataforman adierazle berriak etengabe sartzeko lanean jarraitzen dugu, bai adierazleen banakatzeak eskaintzeko, bai orain arte bete ez diren helmugen berri ematen duten adierazle berriak sartzeko.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62