2024/07/30eko prentsa-oharra
INFORMAZIOAREN ETA KOMUNIKAZIOAREN TEKNOLOGIEN (IKT) SEKTOREAREN ESTATISTIKA 2022
IKTen sektorea ekonomiaren balio erantsiaren eta enpleguaren % 2,4ra iritsi zen 2022an Euskal AEn
I+G+Bn eta merkataritza elektronikoan nabarmentzen da: I+Gko barne-gastuaren % 8,4 egin zuen, Berrikuntzako gastuaren % 12,9, eta enpresen % 73k merkataritza elektronikoa erabili zuen
2022an, IKTen sektoreak 4.921 milioi euroko negozio-zifra lortu zuen eta 1.845 milioi euroko balio erantsia izan zuen, guztizkoaren % 2,4 eta urtebete lehenago baino 3 hamarren gehiago, Eustaten datuen arabera. Era berean, horrek 2.816 enpresa izatea ekarri zuen, 26.625 lanposturekin, euskal ekonomia osoaren % 1,9 eta % 2,4, hurrenez hurren.
Zifra horiek, beste urte batez, datu positiboak dira aurreko urtearen (2021) aldean; izan ere, enpresen kopurua (% 0,4) eta enplegu okupatua (% 6,3) hazi egin dira. Halaber, negozio-zifraren datuek ere hobera egin dute, % 10,8 igo baita, eta balio erantsia % 11,0.
2010etik —eskuragarri dagoen serie historikoaren lehen urtetik— IKTen sektorean sartutako enpresen kopurua % 34,7 hazi da, eta lanpostuena, berriz, % 19,8.
Zehazki, 2022an 2.816 enpresa eta 26.625 lanpostu zenbatu ziren sektore horretan, 2010az geroztik izan diren balio maximoak; enpresen batez besteko tamaina 9,5 pertsonakoa izanik.
Euskal AEn IKT sektoreko magnitude nagusiak lurraldeka eta jarduera ekonomikoaren arabera. 2022
| | Enpresak (1) | Lanpostuak | Negozio kopurua (2) | Balio erantsi gordina cf (2) |
| IKT sektorea, guztira | 2.816 | 26.625 | 4.921.054 | 1.844.598 |
| Lurralde historikoa | | | | |
| Araba/Álava | 382 | 3.141 | 524.971 | 174.415 |
| Bizkaia | 1.687 | 15.934 | 3.226.900 | 1.217.568 |
| Gipuzkoa | 839 | 7.550 | 1.169.183 | 452.615 |
| | | | | |
| IKT manufaktura-industria | 82 | 4.937 | 774.772 | 248.383 |
| Merkataritza eta IKT zerbitzuak | 2.734 | 21.688 | 4.146.282 | 1.596.215 |
(1)Baliteke enpresa-kopuruaren lurralde-batura ez etortzea guztizko kopuruarekin
Jarduera duten lurralde historiko bakoitzean behin zenbatu dira, eta EAE osoan behin bakarrik.
(2)Mila euro
Data 2024ko Uztailaren 30a
Iturria: Eustat. Informazioaren eta komunikazioaren teknologien IKT sektorearen estatistika
IKT sektoreko enpresek sektore guztiak batera hartuta baino neurri handiagoan egiten dituzte I+G+B jarduerak
IKT sektoreak, Euskal AEko enpresa guztien % 1,9 bakarrik izan arren, I+G egiten dutenen % 14,4 biltzen ditu, eta 115,7 milioi eurorekin, enpresa-sektorearen barneko I+Gko gastu osoaren % 8,4 egikaritzen du.
Gainera, sektoreen guztizkoan enpresen % 1,1ek barneko I+Gko jarduerak egiten dituen bitartean, IKT sektoreko enpresetan ehuneko hori % 7,6ra iristen da.
2022an, sektore horretan I+Gn 1.790 langile aritu ziren “dedikazio osoko baliokidetzan”; horietatik % 23,9 (428) emakumeak izan ziren. IKT sektoreko I+Gko 1.790 pertsona horiek I+Gn aritzen diren enpresen sektoreko langileen % 11,6 dira. I+Gko langile guztiekin alderatuta, haiek % 8,2 dira.
Berrikuntzari dagokionez, I+Gn gertatzen den bezala, alde nabarmenak daude sektoreen guztizkoaren eta IKTen guztizkoaren artean. Horrela, 2022an, IKT sektoreko establezimenduen % 33,5 berritzaileak izan ziren, sektore guztiak kontuan hartuta % 23,6 izan ziren bitartean. Enpresaren tamaina kontuan hartuz gero, 10 langile edo gehiago zituztenen artean % 48,8ko ehunekoak lortu ziren, lehen kasuan, eta % 35,4 sektore guztiak kontuan hartuta.
Berrikuntza-jardueretan egindako gastuaren inguruan, IKT establezimenduek 425,6 milioi euro bideratu zituzten, sektore guztien gastuaren % 12,9. Gastu horretatik 321,0 milioi 10 langile edo gehiagoko establezimenduei zegozkien, hau da, tamaina horretako enpresek gastatutako guztizkoaren % 11,2.
Euskal AEn IKT sektoreko Berrikuntzaren garrantzia eta I+Gko intentsitatea, lurralde historikoaren, jarduera ekonomikoaren eta enplegu-geruzen arabera (%). 2022
| | Guztira | 10 langile edo gehiago |
| | Berrikuntza maila (1) | Barruko I+G maila (2) | Berrikuntza maila (1) | Barruko I+G maila (2) |
| SEKTOREAK, GUZTIRA | 1,58 | 0,86 | 2,14 | 1,25 |
| IKT sektorea, guztira | 6,63 | 1,86 | 6,40 | 2,30 |
| Lurralde historikoa | | | | |
| Araba/Álava | 3,28 | 1,45 | 2,13 | 1,61 |
| Bizkaia | 6,33 | 1,60 | 7,85 | 2,09 |
| Gipuzkoa | 9,77 | 2,99 | 4,76 | 3,36 |
| | | | | |
| IKT manufaktura-industria | 6,28 | 3,74 | 5,32 | 4,00 |
| Merkataritza eta IKT zerbitzuak | 6,68 | 1,57 | 6,60 | 1,99 |
(1)Berrikuntzaren garrantzia: (berrikuntzako gastuak/negozioen kopurua)*100
(2)Barruko I+Garen garrantzia: (barruko I+G gastuak/negozioen kopurua)*100
Data 2024ko Uztailaren 30a
Iturria: Eustat. Informazioaren eta komunikazioaren teknologien IKT sektorearen estatistika
IKT sektoreak ere baliabide gehiago bideratu zituen l+G+Bra sektoreen guztizkoarekin alderatuta, bai berrikuntzako bai barneko I+Gko gastura bideratzen dituen zifrek adierazten duten bezala, negozio-zifrari dagokionez (berrikuntzako eta barneko I+Gko intentsitate-ratioak). Zehazki, berrikuntzaren intentsitatea % 6,6koa da sektore horretan, sektore ekonomiko guztiak kontuan hartuta % 1,6koa den bitartean. Barneko I+Gren kasuan, ratioa 1,9koa da IKTen sektorean, eta 0,9koa guztizkoan.
Merkataritza elektronikoa sektoreen guztizkoan baino hedatuago dago IKT sektorean
IKT teknologien erabilera oso hedatuta dago sektore honetako enpresetan, eta Internet % 99,7ra iristen dira; sektoreen guztirakoan, berriz, enpresen % 94,7ra. Era berean, IKT sektorean web-orriak dituzten enpresak % 72,2 dira eta sektoreen guztirakoan % 57,5.
Merkataritza elektronikoa ere gainerako sektoreetan baino dezente garatuago dago. IKT sektorean bitarteko horren bidez erosi zuten establezimenduak % 72,5 izan ziren eta salmentak egin zituztenak % 13,5, sektoreen guztizkoan % 25,7 eta % 8,5 izanik, hurrenez hurren.
Horren ondorioz, merkataritza elektronikoa IKT establezimenduen % 73,0n zegoen 2022an, eta sektoreen guztizkoan, berriz, % 28,7an.
Azkenik, IKT sektoreak ondasunen kanpo-merkataritzan duen eragina ez da oso adierazgarria: esportazioak 342,4 milioi euro izan ziren guztira 32.721,4 milioi eurokoak izan zirenean, eta inportazioak 570,9 milioi euro, guztira 29.661,6 milioi eurokoak izan zirenean, hau da, % 1,0 eta % 1,9, hurrenez hurren.
Truke horietarako eta esportazioetarako gehien erabiltzen diren produktuen artean honako hauek nabarmentzen dira: IKTko beste produktu batzuk (% 41,4), Osagai elektronikoak (% 35,8) eta Telekomunikazio-ekipoak (% 12,1); eta inportazioetan: IKTko beste produktu batzuk (% 34,2), Osagai elektronikoak (% 32,1), Audio- eta bideo-ekipoak (%12,9) eta Telekomunikazio-ekipoak (% 11,9).
Metodologiari buruzko oharra:
Informazioaren eta komunikazioaren teknologien garapenarekin, ekoizpenarekin, merkaturatzearekin eta erabilera intentsiboarekin lotutako jarduera nagusia duten manufaktura-industriek eta zerbitzu-industriek osatzen dute IKT sektorea, eta, ezaugarri gisa, berrikuntzan, aurrerapen teknologikoan eta produktibitatean tasa handiak ditu; beraz, eragin handia du jarduera ekonomikoan. Web Eustat. Ficha metodológica: Sector TIC
Informazio gehiago nahi izanez gero:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62