2024/07/22ko prentsa-oharra

BIZTANLERIAREN ETA ETXEBIZITZEN ERROLDA. ETXEBIZITZAK. 2023

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Atzera

Euskal AEko bizitegi-parkeak etengabeko hazkundea izan du 2013 eta 2023 urteen artean, guztira 53.896 unitate gehituz

Ohiko bizileku izateko etxebizitzen kopurua 6.889tan handitu da 2022ko datuekin alderatuta

Azken hamarkadan Euskal AEko bizitegi-parkeak etengabeko hazkundea izan du, guztira 53.896 unitate gehituz, hau da, % 5,2ko hazkundea, Eustaten datuen arabera. Lurralde historikoen arabera, 2013ko datuekin alderatuta, unitate kopuruaren igoera erlatiboa antzekoa izan da. Araban izan da hazkunderik handiena, 2013an baino % 5,6 bizitegi gehiagorekin, hau da, 8.997 etxebizitza gehiago. Gipuzkoan 17.441 etxebizitza gehiago zeuden, hau da, % 5,2ko igoera; Bizkaian, berriz, 27.458 gehiago, hau da, % 5,1eko igoera erlatiboa.

Hala, 2023ko urtarrilaren 1ean, Euskal AEko etxebizitza-parkea 1.081.647 unitate izatera iritsi zen. Erdia baino gehiago —560.845 etxebizitza— Bizkaian daude, hau da, bizitegi-parkearen % 51,9. Gipuzkoan 351.859 etxebizitza daude, guztien % 32,5; gainerako 168.943 etxebizitzak Araban daude, parke osoaren % 15,6 osatuz.

graf0022169_01_e.png

Euskal AEn ohiko bizileku izateko etxebizitzen kopurua 6.889 unitatetan handitu da 2022ko datuekin alderatuta

Familia-etxebizitzak 1.080.582 dira Euskal AEn. Horietatik % 85,6 ohiko bizileku gisa erabiltzen dira (925.373 etxebizitza), eta gainerako % 14,4a (155.209 etxebizitza) bigarren etxebizitzei edo hutsik dauden etxebizitzei dagokie. Urteetan zehar antzeko proportzioa mantendu da.

2022arekin alderatuta, 6.889 familia-etxebizitza nagusi gehiago (% 0,8) izan dira, bigarren etxebizitzen edo etxebizitza hutsen erabileraren kaltetan, halakoak 4.419 gutxiago (% 2,8) izan baitira. Bizkaiak izan zuen hazkunderik handiena, 3.831 etxebizitza gehiagorekin, hau da, % 0,8 gehiago. Gipuzkoan 2.180 etxebizitza gehiago okupatu ziren, hau da, % 0,7 gehiago. Eta Araban % 0,6 hazi zen, urtebete lehenago baino 878 unitate gehiago baitzeuden.

graf0022169_02_e.png

Etxebizitzen erabileraren urteko aldaketa udalerrien tamainaren arabera aztertuz gero, lurralde historikoetan eredu bera ikusten da: etxebizitza ez nagusien kopuruak behera egin du eta ohiko etxebizitzen kopuruak gora. Bereziki, 40.000 eta 100.000 biztanle arteko udalerrietan (Barakaldo, Basauri, Getxo, Irun, Portugalete eta Santurtzi barne), ohiko etxebizitzen ehunekoa % 0,9 igo da 2022ko datuekin alderatuta (batez bestekoa baino hamarren 1 gehiago), eta etxebizitza ez-nagusiak edo etxebizitza hutsak % 4,8 jaitsi dira (batez bestekoa baino ehuneko 2 puntu gutxiago).

Bestalde, 10.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrien taldean jaitsi da gutxien etxebizitza ez nagusien ehunekoa (% 2,1), EAEko batez bestekoaren azpitik (-%2,8); ohiko etxebizitzen hazkundea, berriz, % 0,9 izan da. EAEko hiriburuak hartzen dituen geruzan, familia-etxebizitza nagusien parkearen ehunekoak Euskal AEko batez bestekoa baino hazkunde txikiagoa izan zuen aurreko urtearekin alderatuta (% 0,6 eta % 0,8, hurrenez hurren).

Etxebizitza nagusien igoera eskualde guztietan gertatu da, 2022ko datuekin alderatuta

Maila geografikoan, eskualde guztietan ikusten da ohiko etxebizitzen kopuruaren igoera, Plentzia-Mungia eskualdean ematen den % 1,5eko igoeratik Añana eskualdean ematen den % 0,1eko igoerara mugitzen dira datuak.

graf0022169_03_e.png

Alokairuko etxebizitzek % 5,1 egin dute gora 2022tik 2023ra

Euskal AEn, 2023an 925.373 familia-etxebizitza nagusien artean edukitzarik ohikoena jabetza da, guztizkoaren % 83,3 (770.558 etxebizitza) ordezkatuz. Bizkaiko lurralde historikoak Autonomia Erkidegoko batez bestekoa gainditzen du jabetzako etxebizitzei dagokienez (% 84,1). Aitzitik, Gipuzkoan etxebizitzen % 82,1 jabetzan daude, eta Araba tarteko posizioan dago (% 83); azken hori ere batez bestekoaren azpitik.

Alokairu-erregimenari dagokionez, alokairuko 137.123 etxebizitza zeuden, guztizkoaren % 14,8; eta gainerako % 1,9, hau da, 17.692 etxebizitza, beste edukitza modu batzuei dagozkie; modu horien artean lagapena da ohikoena. Lurraldeka, Gipuzkoak eta Arabak batez besteko alokairua gainditzen dute (% 16 eta % 15,4, hurrenez hurren), eta Bizkaiak, berriz, etxebizitzen % 13,9 ditu alokairuan.

2023an 6.604 etxebizitza gehiago zenbatu dira alokairuan, hau da, aurreko aldian baino % 5,1 gehiago. Igoera hori Araban (+% 3,6) eta Gipuzkoan (+% 3,5) gertatu da, baina bereziki Bizkaian (+% 6,7). Lurralde historikoetako hiriburuei dagokienez: Bilbon egin dute gora gehien alokairuko etxebizitzek (+1.709, % 7,3 kopuru erlatiboetan); ondoren, Donostia dator (+582 etxebizitza, + % 3,7) eta, azkenik, Gasteiz (+663 etxebizitza, % 3,9).

Etxebizitzen edukitze-erregimenak kontraste esanguratsuak ditu udalerrien tamainaren arabera. 10.000 biztanletik beherako geruzan, jabetzako etxebizitzen proportzioa handiagoa da (% 87,4), hau da, Euskal AEko batez bestekoaren aldean ehuneko 4,1 puntuko aldea dago. Geruza hori bera nabarmentzen da alokairuko etxebizitzen ehuneko txikiena dutelako, % 10, EAEko batez bestekoa baino % 4,8 puntu azpitik.

Bestalde, 100.000 biztanletik gorako udalerrietan, jabetzako etxebizitzen proportzioak behera egin du, % 80,6an kokatuz. Gasteiz nabarmentzen da jabetzako bizikidetza-unitateen portzentaje handiena duen hiria bezala, % 82,1era iritsiz. Aldiz, Donostia nabarmentzen da; bertan, ohiko etxebizitzen % 20,6 alokatzeko erabiltzen dira, geruzaren batez bestekoa % 3 puntutan, lurraldeko batez bestekoa % 4,6 puntutan eta Euskal AEko batez bestekoa % 5,8 puntutan gaindituz.

Egoiliar bat edo bi dituzten etxebizitzen kopuruak gora egin du, eta hiru bizikide edo gehiagoko etxebizitzek behera 2022tik 2023ra

2023an, Euskal AEko batez besteko familia-etxebizitzan 2,4 pertsona bizi dira. Pertsona bakarreko etxebizitzak familia-etxebizitza nagusien % 30,5 dira, aurreko urtean baino 0,5 puntu gainetik, hau da, 6.189 etxebizitza gehiago. Pertsona bakarreko etxebizitza berrien erdia baino gehiago (% 56,5) Bizkaian daude, hau da, 3.497 unitate gehiago daude lurralde historiko horretan.

Bestalde, bi pertsona bizi diren etxebizitzak guztien % 30,2 dira, aurreko urtean baino ehuneko hamarren bat gainetik. Hiru egoiliar edo gehiago dituzten familiak, aldiz, % 39,3 dira, 2022an baino ehuneko bost hamarren gutxiago.

Euskal familiaren etxebizitzak, batez beste, 48,7 urteko antzinatasuna du, 87,5 m2-ko azalera, 4-5 gela eta 1,4 bainugela

Euskal AEko familia-etxebizitzen parkearen batez besteko antzinatasuna 48,7 urtekoa da. Lurraldeka, parke modernoena Arabak du (42,7 urte), ondoren Gipuzkoak (49,1 urte) eta, azkenik, Bizkaiak (50,3 urte).

Etxebizitzaren batez besteko azalera erabilgarria Euskal AE osorako 87,5 m2-koa da. Arabak ditu familia-etxebizitza handienak (92,8 m2), ondoren Gipuzkoak (87 m2) eta azkenik Bizkaiak (86,1 m2).

graf0022169_04_e.png

Gela kopuruari dagokionez, Euskal AEko familia-etxebizitzen hiru laurdenek 4 edo 5 gela (logelak, egongela eta sukaldea barne) eta 1,4 bainugela dituzte, batez beste, eta ia etxebizitza guztiek (% 99,7k) gutxienez bainugela bat dute.

Azkenik, 2023an, Euskal AEko etxebizitza nagusien % 83,1ek hodi bidezko gasa du eraikinean. Era berean, etxebizitza nagusi guztien % 74,1ek igogailua du. Emaitza horiek adierazten dute ehuneko bi eta hiru hamarren igo direla, hurrenez hurren, 2022an ekipamendu horiek zuten presentziarekin alderatuta.

Argibide gehiagorako:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62  

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal AEko bizitegi-parkeak etengabeko hazkundea izan du 2013 eta 2023 urteen artean, guztira 53.896 unitate gehituz

Eragiketa : 
Biztanleriaren eta etxebizitzen errolda. Etxebizitzak
Eragiketa kodea : 
122404
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
01/01/2023
Eguneratze data : 
2024/07/22
Hurrengo eguneratzea : 
2026/04/00
Eragiketa mota : 
Zentsua
Formatu erabilgarriak : 
Lizentzia : 
Creative Commons
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali