pdf


Informazioaren gizartearen panorama 2024
Atalak
Atalak
 

Euskal AEn, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) ekipamenduek etengabe egin dute gora urtez urte. Desberdintasunak, batez ere, enplegatuen kopuruaren, enpresa kokatuta dagoen lurralde historikoaren eta bere jarduera garatzen duen sektore ekonomikoaren araberakoak dira. Hala ere, ekipamendu guztiek ez dute gora egin berdin eta intentsitate berarekin.

Era berean, IKTen banaketa desberdina da etxean eta hura osatzen duten pertsonen artean; izan ere adina eta jarduerarekiko harremana bezalako aldagaiek baldintzatzen dute.

Etxeak

Internet eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) gero eta ohikoagoak eta beharrezkoagoak dira eguneroko bizitzarako; horregatik, IKT ekipamendu nagusiek goranzko bilakaera izan dute Euskal AEko etxeetan, nahiz eta ezarpen-erritmoa askotarikoa izan. Bestalde, Interneterako konexioa azkar sartu da; hain zuzen ere, gaur egun, EAEko etxeen % 91n dago eskuragarri, 2005ean % 36k baino ez zuen erabiltzen.

2024an, Euskal AEko etxeen % 91k Interneteko konexioa zuten, ia denek banda zabalekoa. Bestalde, ordenagailua etxeen % 77an dago eta % 98n gutxienez telefono mugikor bat.

Telebista-sistemen ezarpenari dagokionez, Internet bidezko konexiodun telebista areagotu egin da 2024an. Gainera, familien erdiek baino gehiagok kontratatu dute ordainpeko telebista bat (Netflix, HBO...), eta DVDek eta musika kateek behera egin dute. Telefonian, mugikorrek gora eta telefono finkoek behera egin dute aurreko urtearen aldean. Azkenik, ordenagailuari lotutako ekipoak aztertuz gero, mahai gaineko ordenagailua mantendu egin da, eta ordenagailu eramangarria eta tableta handitu egin dira aurreko urtearekin alderatuta.



Etxeetako IKT ekipamendua familia motaren (edo egoiliarren arteko harremanen) arabera aztertuz gero, seme-alabak dituzten familiek dute ehuneko handiena banda zabalean. Pertsona bakarreko edo konposatutako etxeek ehuneko txikiagoa daukate, hau da, bakarrik bizi diren pertsonek, bikote ez direnek edo guraso eta seme-alaben arteko harremanik ez duten pertsonek osatutakoek. Desberdintasun horiek handiagoak dira telebistari lotutako elementuen kasuan: bikoitza da seme-alabak dituzten etxekoen unitateen proportzioa, pertsona bakarreko etxekoen unitateen aldean.

        

Biztanleria

2005-2024 aldian aldaketa izugarriak izan dira biztanlerian Internet eta teknologien ezarpenean.

Batetik, ordenagailuari lotutako ekipamenduek bilakaera esanguratsua izan dute: 2005ean, 15 urte eta gehiagoko biztanleen % 60k zeukan ordenagailua etxean, eta 2024an, berriz, % 84k. Arlo honetan, bereizi egin behar dira mahai gaineko ordenagailuak eta ordenagailu eramangarria; izan ere, bigarrena asko areagotu da azken urteotan. Ordenagailu-kopuruaren igoera ordenagailu eramangarrien hazkundeari zor zaio, %58 igo baitira.

Aldi berean, beren etxebizitzan Interneterako sarbidea duten biztanleen proportzioa ehuneko 50 puntu igo da, eta 2024an % 95era iritsi da.

Euskal enpresen IKT ekipamenduak – Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak – gero eta hobeto prestatuta daude, eta teknologia horiek erabiltzen dituzten langileen ehunekoa ere handiagoa da. Gaur egun, establezimenduen % 95ek baino gehiagok oinarrizko ekipamenduak dituzte. 10 langile edo gehiagoko establezimenduetan, ekipamenduen ehuneko horiek ia maximora iritsi dira.

Hori dela eta, eta inkesta horiei buruzko Europako araudira egokitzeko, galdesorta berregituratu egin da. Horren bidez, oinarrizko ekipamendu horietako askori buruz galdetzeari utzi zaio, ekipamenduak eta teknologiak txertatu baitira gaur egun enpresen digitalizazio-prozesua aztertzeko. Ekipamendu horien guztien datu historikoak Datu Bankuaren bidez mantentzen dira.

Euskal AEko enpresek informazioaren eta komunikazioaren teknologietan (IKT) dituzten ekipamenduei buruzko datuak aztertzeko, enpresaren tamaina funtsezko aldagaietako bat da, bai eta enpresa kokatuta dagoen lurralde historikoa eta bere jarduera garatzen duen sektore ekonomikoa ere.

Euskal AEko enpresetan argi eta garbi ikus daiteke garapen-erritmo positiboa bere serie historiko osoan, ekipamendu teknologiko guztiak hazi baitira.

Enpresen tamainari dagokionez (langile kopurua), alde handiak daude ekipamendu motari dagokionez. Enpresa txikiek enpresa handiagoek baino ekipamendu teknologiko gutxiago dute. Nahiz eta horietan guztietan ordenagailua eta Internet lehenesten diren, alde nabarmenak daude beste ekipamendu aurreratuagoetan, hala nola web orrietan edo truke automatizatuko sistemetan (EDI). 

Iturria: Eustat. Informazioaren gizartearen inkesta. Enpresak

Hurrenkera
Zeren arabera
Aldiak

Hala ere, urtez urte murriztu egin da enpresa handien eta txikien ekipamendu teknologikoen arteko aldea. Murrizketa horren arrazoia joera bikoitza da: alde batetik, enpresa handiak ekipamendu-maila gorenera iristen ari dira teknologia nagusietan, eta, bestetik, bi langilez edo gutxiagoz osatutako enpresek gero eta ekipamendu teknologiko handiagoa dute.

Lurralde historikoen arabera, IKT ekipamenduen desberdintasunak txikiak dira eta ez dago alde nabarmenik.

Iturria: Eustat. Informazioaren gizartearen inkesta. Enpresak

Hurrenkera
Zeren arabera
Aldiak

Jarduera-sektoreen arabera, enpresek, oro har, ezarpen teknologiko ugari dituzte, eta ez dago alde nabarmenik oinarrizko ekipamendu teknologikoetan, hala nola ordenagailu pertsonalean eta Interneterako sarbidean. Web orrien ezarpen-maila txikiagoa da, baina sektoreen arteko aldeak ere txikiak dira. Industria-sektorea, bestalde, nabarmendu egiten da web-orriaren erabilgarritasunean, zerbitzuen eta eraikuntzaren aldean. 


Iturria: Eustat. Informazioaren gizartearen inkesta. Enpresak

Hurrenkera
Zeren arabera
Aldiak



Hiriburuen eta eskualdeen arabera, 10 langile edo gehiagoko euskal enpresek IKT ekipamendu-maila handia dute. Adibidez, eskualde gehienetan % 100etik oso hurbil daude Interneteko konexioaren ehunekoak. Gainera, eskualdeen arteko aldeak oso txikiak dira; izan ere, gehienek % 99 gainditzen dute, eta guztiek % 96.

Presentzia handia duen beste ekipamendu bat web-orria da: % 92,5ek ekipamendu hori du, eta 2015ean baino ehuneko 6 puntu gehiago ditu. Eskualde-mailan, Añana Araban, Enkarterriak Bizkaian eta Debabarrena Gipuzkoan nabarmentzen dira, % 98,7, % 97,5 eta % 94,8rekin, hurrenez hurren. Hiriburuen artean, Vitoria-Gasteiz (% 94,2), Donostia (% 94,0) eta Bilbo (% 93,2) nabarmentzen dira.


Informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) oinarrizko ekipamenduen kasuan, Euskal AEko Administrazio Publikoaren ia zentro guztiek ordenagailua eta Interneterako konexioa dute.

Administrazio publikoko zentroen % 99,4k webgunea, bere webgunea edo dagokion erakundearena du 2024an. 10 langile eta gehiagoko zentroetan, proportzio hori % 100ekoa da.

Enpresen sektorearekin alderatuta, administrazio publikoen zentroetan handiagoak dira IKTen sartze-ehunekoak. Web orriaren erabilgarritasunari dagokionez, aldea 42 ehuneko-puntukoa da Administrazioaren alde (% 57,4 enpresen sektorean).

Adierazi behar da ehuneko handi horiek, bai ekipamenduetan, bai langileen erabileran, enplegu-maila edozein dela ere erregistratzen direla, eta, beraz, Administrazio Publikoan ez du ia eraginik zentroen tamainak.



Lehen sektoreko enpresak

Informazioaren gizarteari buruzko inkesta hiru urtean behin egiten da lehen sektorean. Euskal AEko sektore honetako IKT ekipamenduen egoerari buruzko azken datuak 2022. urtekoak dira.

Lortutako datuetatik honakoa ondorioztatzen da: lehen sektoreko IKT ekipamenduen mailak goranzko bilakaera du. Ekipamendu-maila txikia, batez ere, enpresen tamaina txikiagatik ikusten da, 10 langile edo gehiagoko enpresetan ekipamendu-maila handia baita.

Halaber, datuek erakusten dute IKTen ezarpen-maila eskasa dela lehen sektoreko enpresetan, gainerako euskal enpresekin alderatuta. Ildo horretan, bi alderdi azpimarratu behar dira: batetik, sektorea osatzen duten establezimenduen % 95 baino gehiago 9 langile edo gutxiagok osatzen dutela, eta, bestetik, sektore horretan egiten diren jarduerak oso espezifikoak direla.


Sektore honetako enpresek ekipamendu-maila txikiagoa dute gainerako sektore ekonomikoekin alderatuta teknologia guztietan (telefono mugikorraren erabilgarritasunean izan ezik). Gainerako ekipamenduetan ehunekoak dezente txikiagoak dira, eta bereziki nabarmentzen da horien % 7,7k soilik dutela webgunea.

Lehen sektoreko enpresetan hain txikiak diren IKT ekipamenduen maila horiek alde nabarmena sortzen dute gainerako sektore ekonomikoetako enpresen batez bestekoarekin, eta alde hori desagertu egiten da enpresa handiagoetan. Enpresaren tamaina funtsezko aldagaia da sektore ekonomiko guztietan, baina lehen sektorean are nabarmenagoa da.

Egoera oso bestelakoa da 10 langile edo gehiago dituzten lehen sektoreko enpresetan, haien IKT ekipamendu-maila enpresa txikietan baino askoz ere handiagoa baita. Aldi berean, beste sektoreetako enpresa handien mailetatik gertuago daude. Lehen sektoreko enpresa handi guztiek telefono mugikorra, ordenagailua, Interneterako sarbidea eta posta elektronikoa dituzte. Web orriak, ordea, ezarpen-maila eskasa du lehen sektoreko enpresetan, baita enpresa handienetan ere, 10 langile edo gehiagokoen % 29,1ek soilik baitu.



Bestalde, lehen sektorearen barruan IKTen ezarpen-maila oso desberdina da nekazaritza- eta arrantza-enpresen artean: lehenengoak ehuneko txikiagoak ditu, eta arrantza-sektoreko enpresetan % 100 inguru dira. Hala ere, datu horrek ez du eragin handirik sektorearen guztizkoan, nekazaritza-enpresak lehen sektoreko establezimendu guztien % 95 baitira, gutxi gorabehera. 

        


Empresak

IKT ekipamenduen datuek nazioarteko testuinguruan duten esangura jakiteko, Europar Batasuneko gainerako herrialdeekin alderatu behar dira. EBko herrialdeetarako eskuragarri dauden datuak 2023. urteko lehen hiruhilekoak dira. Euskal Autonomia Erkidegorako alderagarritasun hobea lortzeko, 10 langile edo gehiagoko enpresei dagozkien datuak erabiltzen dira, aldi berean, eta herrialde horietako informazioa ekoizten duten erakundeek erabili dituzten sektorizazio berberak erabiltzen dira.

Hiru baldintza horiek kontuan hartuta, Euskal AE Europako batez bestekoaren gainetik dago enpresek IKT ekipamendu nagusiak erabiltzeari dagokionez.

Ordenagailuen eta Interneterako sarbidearen kasuan, ia erabilera maximoa lortu dute, eta 10 langile edo gehiagoko establezimenduetan oinarrizko ekipamenduaren parte dira. Beraz, EBko herrialde gehienetan lortutako erabilera-ehunekoak oso antzekoak dira, % 100etik hurbil daude, eta ez dago alde nabarmenik haien artean.

Era berean, Euskal AEko enpresek ere presentzia handia dute Sarean web orrien bidez, eta taulako goiko postuetan daude EB27ko gainerako herrialdeekin alderatuta.




Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali