HomeOsasunaren panoramaAsistentzia-baliabideak
Compartir twitter Compartir correo electrónico

Osasunaren panorama   
Menua
Menua
 

Asistentzia-baliabideak

Osasun-baliabide aski izatea funtsezkoa da osasun-sistema erresilientea izan dadin. Orokorrean, osasun-langile gehiago (hots, osasunaren jarduera-adarrekoak, kontuan hartuta okupazio mota eta asistentzia-maila) eta bestelako baliabide gehiago dituzten herrialdeek emaitza hobeak dituzte osasunean, osasun-arreta eskuratzeko orduan eta arretaren kalitatean.





Osasunaren jarduera-adarrean enplegatutako langileak

Osasun-jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu guztiaren % 7,1 izan ziren

2024ko urtarrilaren 1ean, osasunaren sektorean enplegatutako langileak, Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren arabera (EJSN 2009), 67.315 dira; hau da, 2023ko datuen aldean, % 0,5eko aldakuntza egon da. 2020. urtearekin alderatuz gero, % 8,4 igo da. Hala, azken lau urteetan saldo positiboa ageri da.

2024an, osasun-jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu guztiaren % 7,1 izan ziren (+0,4 puntu, 2020ko % 6,7ren aldean).

Gehienek ospitaleko jardueretan egiten dute lan (% 55,4); atzetik doaz beste osasun-jarduera batzuk —horren barruan sartuta laborategietako jarduerak, besteak beste— (% 14), medikuntza orokorreko eta espezializatuko jarduerak (% 11,9 eta % 10,9, hurrenez hurren), eta, azkenik, odontologikoak (% 7,7).

Sexuaren arabera, osasun-arloan enplegatutako pertsonen % 76,3 emakumeak dira; beraz, sektore feminizatuenetako bat da. Ospitaleko jarduerak dira feminizazio-tasarik altuena dutenak (% 79,8); ondoren datoz, gertu, odontologikoak (% 79,1) eta medikuntza orokorreko jarduerak (% 78,7).

Sektore publikoak jarduera-adar horretako enpleguaren % 64 hartzen du, eta, ospitaleko jardueren kasuan, % 90,5era iristen da.



Osasun-langileak, asistentzia-modalitatearen arabera

Atal honetan soilik medikuak eta erizainak sartzea erabaki da, lanbide-kategoria horiek baitira asistentzia ematen zuzenean inplikatuta daudenak eta osasun-enpleguaren eta jarduera klinikoaren zati handiena hartzen dutenak. Mugaketa horrek aukera ematen du emaitzak gehiago homogeneizatu eta hobeto alderatzeko.

Erizainak dira osasun-profesional gehienak, eta horien atzetik datoz medikuak. Langile horietatik gehienek ospitale-eremuan egiten dituzte asistentzia-lanak.

2023an, EAEko sektore publikoko asistentzia-sarean[1] guztira 7.514 mediku eta 13.065 erizain egon ziren asistentzia-lanak egiten, erizainena izanik kolektibo jendetsuena, 1,7 erizain baitzeuden mediku bakoitzeko.

Asistentzia-mailak aztertuz gero, lehen mailako arretan (osasun-zentroak eta kontsultategiak) 1.825 mediku eta 1.689 erizain egon ziren lanean (ratioa: 0,9). Ospitalez kanpoko larrialdi-zerbitzuetan ––etengabeko arretako guneak (EAG) eta larrialdi-zerbitzuak (SOS Deiak)––, 329 mediku eta 313 erizain aritu ziren lanean. Ospitaleetan[2] metatu zen profesional gehien bi kategorietan: 5.360 mediku eta 11.063 erizain; gainera, eremu horretan izan zuen erizaintzak ratiorik altuena: 2,1. Hala, bistan geratzen da erizainek partaidetza altua dutela ospitaleratutako pertsonen jarraipen klinikoan eta zuzeneko zaintzan.




Osasun-langile elkargokideak


Osasunaren sektoreko langile elkargokideen kopuruak adierazten digu zer giza baliabide ditugun osasun-asistentziarako. 

Euskal Autonomia Erkidegoa da lanean ari diren mediku elkargokideen eta erizainen tasa altuena duen bigarren autonomia-erkidegoa

2024an, lanean ari ziren profesional elkargokide kopuruan (ez-erretiratuak) erizaintzako eta obstetriziako langileena izan zen kolektibo jendetsuena (18.819); ondoren, medikuntza (12.768), fisioterapia (3.564), farmazia (3.349), osasun-espezialitatea duen psikologia (2.551) eta dentista/odontologia (1.926).

2020ko datuekin alderatuta, osasun-langile elkargokideen kopuruak gora egin du. Nabarmentzekoa da, bereziki, psikologia (osasun-adarra), ia % 33,4 igo baita. Ondoren datoz fisioterapia (+%17), erizaintza eta obstetrizia (+% 5,7) eta medikuntza (+% 4,3).

Aipaturiko osasun-lanbideetan, emakumeak gehiago dira gizon elkargokideak baino. Emakumeen ehunekorik altuenak erizaintzan (% 88,9), psikologian (% 84,2) eta farmazian (% 81,2) daude. Medikuntzan, emakumeen ehunekoa % 64ra igo da (2020ko datuen aldean, ehuneko 3,6 puntu gehiago).

Alderatuz gero, lanean ari diren mediku elkargokideen tasarik handienak dituzten erkidegoen artean bigarrena da EAE (1.000 biztanleko 5,70), Madrilgo Erkidegoaren atzetik (6,26), baita erizainen kasuan ere (1.000 biztanleko 8,09), Nafarroako Foru Komunitatearen atzetik (8,92). 



Osasun Zientzietako unibertsitate-ikasketetan graduatuak

Osasun-zientzietako unibertsitate-ikasketetan graduatutako pertsonak erreferente dira osasun-sisteman jarduteko aukera duten osasun-profesional berrientzat. 

Osasun Zientzietako titulazioetan graduatutako pertsonen % 79 emakumeak dira.

Euskal Herriko Unibertsitateko Osasun Zientzien ikasketa-adarreko titulazioetan, 1.393 ikasle graduatu ziren 2023/2024 ikasturtean; hau da, 2018/2019 ikasturtean baino % 5,4 gehiago (azken 5 urteak)

Titulazioak aztertuz gero, psikologia  (448) da nagusi, ondoren erizaintza (361), medikuntza (315), fisioterapia (120), farmazia (88), giza nutrizioa eta dietetika (33) eta odontologia (28). 

2018/2019 ikasturtearekin alderatuz gero, graduatu bolumena gehien igo zuten titulazioak hauek izan ziren: fisioterapia (+74), psikologia (+31), medikuntza (+16) eta erizaintza (+11); kontrara, behera egin zuten farmaziak (–25), giza nutrizioak eta dietetikak (–23) eta odontologiak (–13).

Osasun Zientzietako graduatu gehienak emakumeak dira (% 78,8). Emakumeak nagusitzen dira, era berean, titulazio guztietan, bereziki erizaintzan (% 87), psikologian eta odontologian (biak ala biak % 82,1); fisioterapian dago, bestalde, emakumeen presentziarik baxuena (% 57,5).



Osasun-prestakuntza espezializatua (BAME eta BAEE)

Prestakuntza jasotzen ari diren langileak aztertuz gero, 2023an barneko mediku egoiliarren (BAME) kopurua EAEn 1.564koa izan zen, eta barneko erizain egoiliarrena (BAEE), bestetik, 189koa.

Azken urteetan, igo egin da bai BAME bai BAEE kopurua: % 17 eta % 78,3ko igoerak, duela bost urteko datuekin alderatuta (2019). Emakumeak dira BAME gehienak (% 71) eta BAEE ia guztiak (% 94,7). 

2023an, Euskal Autonomia Erkidegoan osasun-prestakuntza amaitu zutenen artean 303 izan ziren medikuntzan eta 92 erizaintzan.

2024/2025 deialdian, osasun-prestakuntza sanitarioko (OPS) eskaintza 566 plazara igo zen Euskal Autonomia Erkidegoan, hots, aurreko deialdian baino % 7,2 gehiago (528); horietatik, % 75 izan ziren medikuntzakoak, eta, horren barruan, eskainitako plaza kopuru altuenak izan zituzten espezialitateak izan ziren familiako eta komunitateko medikuntza (115 plaza), pediatria eta arlo espezifikoak (29), anestesiologia eta bizkortzea (25), eta psikiatria (18); erizaintzaren kasuan, plaza gehienak eskaini zituztenak familiako eta komunitateko erizaintza (37), osasun mentala (27) eta obstetrikoa-ginekologikoa (24) izan ziren.


Osasun-laguntzako zentroak

Erakunde Sanitario Integratua (ESI) asistentzia-antolamendurako eredu bat da, Osakidetza osasun-sistema publikoan ezarri dena arreta bateratua emateko asistentzia-prozesu berean esku hartzen duten profesionalek artatzen dituzten pertsonei. ESIen asistentzia-prestazioaren oinarria, oro har, zainketa jarraitua da, ospitaleetan (akutuen eta egonaldi ertain eta luzeko zentroak) eta lehen mailako arretako zentroetan (osasun-zentroak eta kontsultategiak) ematen dena. 

EAEko sare publikoak lehen mailako arretako 340  zentro (osasun-zentroak eta kontsultategiak) izan zituen, herritarrei oinarrizko zerbitzuak emateko.

Ospitalez kanpo larrialdietan arreta emateko, etengabeko arretako guneak (EAG) daude, guztira 44, gehienak lehen mailako arretako zentroetan kokatuak, bai eta larrialdi-zerbitzuak ere (112/SOS Deiak), zeintzuek 3 zentro koordinatzaile eta 100 gailu mugikorreko zuzkidura baitute (99 anbulantzia eta aireko ekipo bat) pazientea garraiatzeko. 

2023an, ospitaleratuta egon beharra eskatzen duen arreta espezializaturako 41 ospitale zeuden : 22 ospitale publiko (14, akutuenak; 4, egonaldi ertain eta luzekoak, eta 4, psikiatriko) eta 19 pribatu (12, akutuenak; 2, egonaldi ertain eta luzekoak, eta 5, psikiatriko).

Sektore publikoak izan zituen tamaina handieneko ospitale-zentroak: 6 ospitale publikok 200 ohe baino gehiago dituzte (5ek 400 ohe baino gehiago eta 3k 800 ohe baino gehiago); ospitale pribatuen kasuan, 2 ospitale psikiatrikok baino ez dituzte 200 ohe baino gehiago.



Akutuen ospitaleetan martxan dauden oheak

Akutuen ospitaleetan ohe-zuzkidura da bitarteko oinarrizkoena eta garrantzitsuena ospitale-zentroek dituzten baliabide materialak neurtzeko, ospitaleratuta dauden gaixoei arreta emateko funtzio nagusiari dagokionez.

Ospitale-sareak 5.421 ohe izan zituen 2023an  (2022an baino 41 gehiago). Zuzkidura horretatik, % 83,2 izan ziren sektore publikokoak , hau da, Estatu osoan baino ehuneko 5,9 gehiago (% 77,3); bestalde, % 16,8 izan ziren sektore pribatukoak.

Biztanleei erreparatuta, Euskal Autonomia Erkidegoan 1.000 biztanleko oheen tasa 2,44koa izan zen 2023an, hau da, Espainiako batezbestekoa baino altuagoa (2,39). 



Azken bost urteetan, ospitaleko ohe-zuzkiduraren bilakaeran gorabehera neurritsuak egon dira; hau da, ez da egiturazko aldakuntza handirik egon. 2018an balio baxuenera iritsi ondoren (5.127 ohe), hurrengo urteetan gaitasuna igo egin zen: batez beste, 5.300 ohe baino gehiagora.

2023an, oheen okupazio-indizea % 67,2koa izan zen (Estatuan, % 71,3). Indize horretan islatzen dira bai erabilitako ospitale-oheen ehunekoa bai paziente berrientzat eskuragarri dagoen gaitasuna. Adierazle horrek balio altuagoak izan zituen 2018an eta 2019an, okupazioa % 72 ingurukoa izan baitzen. Hala ere, 2020an, pandemia iristearekin batera, % 63,3ra jaitsi zen. 2021etik aurrera, susperraldia hasi zen, baina oraindik ere pandemia aurreko mailetara heldu gabe.

Txandakatze-indizeak ohe bakoitzeko artatutako paziente kopurua adierazten du. Indize hori 58,4 pazientekoa izan zen 2023an (Espainiako 44,8a baino altuagoa), eta, nahiz eta igo egin den 2020an izandako erorketaren aldean (51,3), oraindik ez da iritsi pandemia aurreko urteetako balioetara (2019an, 65,8 eta 2018an, 62,6).


Eguneko ospitaleko postuak 

Eguneko ospitaleko postuek zuzkidura bat osatzen dute, eta, horren arabera, arreta espezializatua behar duten baina ospitalean egonaldi osoa egin beharrik ez duten pertsonei aukera bat eskaintzen diete beren gaitzaren tratamendua, diagnostikoa eta jarraipena egiteko. Eredu horrek bidea zabaltzen du eskari asistentzialaren igoerari erantzuteko eta ospitaleko baliabideak optimizatzeko, ohiko ospitalizazioa behar duten pazienteentzako oheak libratzen baitira.

2023an, Euskal Autonomia Erkidegoko eguneko ospitaleetako postuak , guztira, 1.553 izan ziren (% 87,4 publikoan eta % 12,6 pribatuan), honela banatuta: eguneko ospitale medikoa (531), eguneko ospitale psikiatrikoa (600) eta eguneko ospitale kirurgikoa (422). Hala, 2022an baino 19 postu gutxiago izan ziren, baina 2018ko datuekin alderatuz gero, gehiago dira (+180), apurka-apurka gora egin duelako ospitale-prozesuen anbulatorizazioak.



Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali