HomeOsasunaren panoramaOsasun-arazoen arretak
Compartir twitter Compartir correo electrónico

Osasunaren panorama   
Menua
Menua
 

Osasun-arazoen arretak


Pertsona batek osasun-arreta behar duenean, nolakoa egoera, halakoa beharko du erantzunak. Horregatik, osasun-sistemak hainbat mailatan antolatzen dira, eta, horiek, era berean, modu koordinatuan aritzen dira beharrizan bakoitzari arreta egokia eskaintzeko. Lehen mailako arretak, arreta espezializatuak eta larrialdi-zerbitzuek asistentzia-zirkuitu bat osatzen dute, zeinari esker jorratu baitaitezke bai ohikoenak diren osasun-arazoak, bai berehalako esku-hartzea edo kudeaketa konplexuagoa eskatzen dutenak.


Lehen mailako osasun-arreta da osasun-sistemako mailarik oinarrizkoena eta hurbilekoena. Funtziotzat dauka osasunaren sustapena, prebentzioa, diagnostikoa, tratamendua eta errehabilitazioa eskaintzea; sistemara sartzeko atea da, eta jarraitutasuna eta ekitatea bermatzen ditu.                                                                                                                                                                                   

-  Maiztasuna lehen mailako arretan

-  Lehen mailako arretako kausa ohikoenak


2024an, EAEko sare publikoko lehen mailako arreta-zentroetan 11,2 milioi mediku-kontsulta izan ziren (9,8 milioi familiako medikuntzan eta 1,4 milioi pediatrian) eta 6,7 milioi erizaintzako kontsulta.

2023ko datuekin alderatuta, medikuen jarduera-bolumenak egonkor eutsi zion (–% 0,1); bestalde, erizainek artatutako kontsulta kopurua zertxobait jaitsi zen (–% 1,5).

Mediku mota aztertuz gero, familiako medikuntzak —mediku-kontsulten % 87 baino pixka bat gehiago hartzen du— aurreko urtean bezalatsu jarraitu zuen (+% 0,2); pediatriako jarduera, aldiz, % 2,5 jaitsi zen 2023ko datuekin alderatuta.



Osasun-arretaren modalitatea aztertuz gero, 2024an, mediku-kontsulten % 41,5 telekontsulta bidez izan dira . Aurrez aurrekoa ez den modalitate horrek, 2023ko datuen aldean ia ehuneko 7 jaitsi arren (% 48,3), garrantzi esanguratsua izaten jarraitzen du pandemian gora egin ostean; 2019an, COVID-19aren aurreko urtean, mediku-kontsulten % 27,2 ziren modalitate horretakoak. 

Maiztasuna lehen mailako arretan

Maiztasuna oinarrizko adierazlea da sistemaren erabilera neurtzeko. Pertsona bakoitzak, urtean, lehen mailako arretako profesional bati egiten dion bisita kopurua neurtzen du. Halaber, aukera ematen du biztanleek osasun-arreta nola erabiltzen duten ulertzeko, baliabideak planifikatzeko, asistentzia-karga ebaluatzeko eta desberdintasunak edo joerak aztertzeko.

Emakumeak maizago joaten dira lehen mailako arretako mediku-kontsultetara (urtean batez beste 5,7 aldiz) gizonak baino (4,4) 

2024an, Euskal Autonomia Erkidegoan lehen mailako arretako osasun-langileei egindako bisiten batez besteko maiztasuna 8,1 kontsultakoa izan zen pertsonako (ez zen alderik egon Estatu mailan izandako batezbestekoaren aldean). Batez besteko maiztasuna txikiagoa izan zen gizonen artean (7,3) emakumeen artean baino (8,8).


Osasun-langileen mota aztertuta, familiako medikuei eta pediatrei egindako bisiten batez besteko maiztasuna urtean 5ekoa izan zen pertsonako, aldeak egonik gizonen (4,4) eta emakumeen (5,7) artean; erizainen kasuan, bestalde, urteko batezbestekoa 3 kontsulta izan ziren pertsonako: 2,9 gizonen kasuan eta 3,1 emakumeen kasuan.


2023ko datuekin alderatuta, medikuntzako eta erizaintzako maiztasunak apur bat igo dira (% 2,4 eta % 1,3), baina ez dira iritsi pandemia aurreko mailetara (2019an, 5,1 eta 3,8). COVID-19ak eragindako pandemian, lehen mailako arretan izandako maiztasuna balio historikoetara iritsi zen; hau da, hamarkada osoko baliorik altuenak izan ziren: 5,3 medikuntzan eta 4,1 erizaintzan.



Maiztasuna aldatu egiten da bizitzan zehar, batez ere etapa bakoitzeko arreta-beharrak ezberdinak direlako.


Mediku-kontsultara egindako bisiten maiztasunik altuenak bizi-zikloaren hasierako eta amaierako etapetan izaten dira; alde batetik, haurtzaroko lehen fasean (0-4 urte), urteko bisitak batez beste 8,9 izaten baitira, orduan kontzentratzen direlako osasun-kontrolak, txertaketak eta infekzioen aurreko zaurgarritasun handiagoa; eta, bestetik, adin nagusienetan, zehazki laurogeita hamar urtetik gorakoen artean, urtean 10 kontsulta baino gehiago egiten baitira batez beste, hau da, medikuaren kontsulten urteko batezbesteko orokorra (5) halako bi, besteak beste handiagoak direlako, bai gaixotasun kronikoen karga, bai patologia anitzeko pazienteei egin beharreko jarraipena.


Sexuaren arabera, nerabezarotik emakumeek maizago jotzen dute mediku-kontsultetara gizonek baino. Hala ere, 85 urtetik aurrera, kontrakoa da egoera: gizonak bihurtzen dira, batez beste, erabiltzaile nagusi.


Erizaintzako kontsultetan, 0-4 urteko taldean izan ezik, maiztasuna batezbestekoa (urtean 3 kontsulta) baino altuagoa da 65 urtetik aurrera (3,9). Hala, apurka-apurka areagotu egiten da eta 14,7 kontsulta izatera iristen dira laurogeita hamar urtetik gorakoak, mediku-kontsultak baino gehiago. Emakumeak dira, batez beste, sarrien jotzen dutenak erizaintzako kontsultetara. Hala ere, 60 urtetik aurrera, gizonek bisita gehiago egiten dituzte.


Lehen mailako arretako kausa ohikoenak


Osakidetzaren sareko lehen mailako arreta-zentroetan artatutako 1.000 kasutatik lokomozio-aparatuko arazoak izan dira 2024an kontsulten lehen kausa (nahasmendu muskuloeskeletikoak): 1.215 kontsulta; ondoren, azalekoak eta anexuak (1.106), digestio-aparatukoak (821), arazo orokor eta ez-espezifikoak (788) eta arnas aparatukoak (736) . 


Sexuaren arabera, bai gizonen bai emakumeen artean bi kausa nagusiak berdinak dira; hala ere, aldeak daude gainerako osasun-arazoen maiztasunaren ordenari erreparatuz gero. Emakumeen artean, osasun-mailako arazo orokor eta ez-espezifikoak (hala nola astenia, nekea, ahuleria orokorra eta bularraldeko mina) dira ohiko kausen artean hirugarrenak; gizonen kasuan, aldiz, bosgarren posizioan daude, digestio-aparatuko gaixotasunen eta arnas gaixotasunen atzetik.





Nerabezarotik aurrera, lokomozio-aparatuko afekzioak dira lehen mailako arreta-zerbitzuetan kontsulta gehien eragiten dutenak


Osasun-arazoak nahiz gaixotasun espezifiko ohikoenak aldatu egiten dira adinaren arabera.


15 urtetik beherakoen artean, arnas afekzioak (goi-traktuko infekzio akutuak eta asma) dira nagusi, azaleko gaixotasunekin batera (dermatitis atopikoa eta ukipen-dermatitisa edo alergikoa).


15 eta 34 urte bitartekoen artean, arazo dermatologikoek jarraitzen dute nagusi izaten (bereziki, aknea), bai eta lokomozio-aparatuaren nahasmenduak ere (burtsitis, tendinitis eta sinobitis ez espezifikatuak); talde horiek nagusitu ziren, era berean, 35 eta 64 urte bitartekoen artean, baina beste gaitz batzuk gehituta: bizkarreko mina (gerria eta toraxa) irradiazio eta guzti (lokomozio-arazoen artean) eta azaleko neoplasia onberak edo ez-espezifikoak eta sebo-kisteak (dermatologikoetan).


65 urtetik aurrerakoen artean, nagusi izan ziren zirkulazio-aparatuko gaixotasunak (hipertentsioa eta fibrilazio aurikularra), bai eta lokomozio-aparatuan eragina duten patologiak ere (bereziki, artrosia eta osteoporosia).










Arreta espezializatua aztertzean, batera baloratu behar dira ospitaleko jarduera publikoa eta pribatua, arlo desberdinetan. Alor horretan, ospitaleak ezinbestekoak dira arreta espezializatua emateko, hor izaten direlako baliabide gehien, erabakitzeko ahalmen gehien eta osasun-sistemaren asistentzia-konplexutasunaren mailarik altuenak.

Ospitaleko jarduera

2023an, Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleetan, guztira, 327.929 ospitaleratze izan ziren , 1,3 milioi larrialdi eta 5,8 milioitik gora kontsulta. 280.708 ebakuntza kirurgiko egin ziren; horietatik % 29,3 kirurgia handi anbulatorioarekin egin ziren. Bestalde, obstetrizia-zerbitzuetan 13.395 erditze artatu ziren (% 16,4 zesarea bidez). 


Ohiko ospitalizazioaz bestelakoak diren asistentzia-modalitateak aztertuz gero, eguneko ospitaleak (horietan, pazienteek ordu batzuk egiten dituzte ospitalean) 397.280 saio  mediko (% 71,3) eta osasun mentaleko (% 28,7) erregistratu zituen; azkenik, etxeko ospitalizazioan 13.375 gertakari zenbatu ziren, eta, horien ondorioz, osasun-langileek guztira 116.558 bisita egin zituzten etxeetara. 


2022ko datuekin alderatuta, kanpoko kontsultak (+% 4,8) eta ospitalizazioak (+% 4,4) dira jardueran igoera handiena izan duten arloak; bestetik, amatasun-arloan murriztu egin da erditze kopurua (–% 1,4), 2012an hasitako beheranzko joerarekin jarraituz.

Ospitaleko jarduera apurka-apurka berreskuratzen ari da COVID-19aren pandemiak utzi zuen eraginetik (jarduerak behera egitea eragin baitzuen 2020an, etxeko ospitalizazioarena izan ezik , zeinetan bikoiztu egin baitzen 2019ko gertakari kopurua). 2023an, larrialdiek eta kanpo-kontsultek izan ezik, 2019an erregistratutako jarduera-bolumena gainditzen baitute, ospitaleko gainerako jarduera-eremuek ez dute lortu pandemiaren aurreko jarduera-bolumena berreskuratzea.

Sektore publikoak du, oraindik ere, ospitaleko jardueran partaidetza nagusia. Sektore horrek hartzen ditu ospitaleratzen diren pazienteen arreten % 80, amatasun-arloko erditzeen % 90 eta kanpoko kontsulten % 89. Bestalde, osasun pribatuak, bereziki, arlo kirurgikoan (4 ebakuntzatik 1), larrialdietan (% 20) eta lehen kontsulten arretan (% 21,4) jarduten du.

Kanpoko kontsultetan, mediku espezialistek guztira 5,8 milioi kontsulta mediko artatu zituzten, 2022an baino % 4,8 gehiago.

Kontsulta gehienak segidakoak izan ziren. Sistema publikoan, asistentzia-jarraitutasun handiagoa erregistratu zen (lehen kontsultaren ondoren segidako 3,6 kontsulta) sistema pribatuan baino, zeinak gehiago artatu baitzituen gertakari zehatzak (lehen kontsultaren ondoren segidako 1,2 kontsulta).

Arreta espezializatua eskatu zuten pertsonen profila aztertuz gero, 2023ko Osasun-inkestaren arabera, emakumeak, batez beste, (% 53,7) gizonak baino (% 46,3) gehiagotan joan ziren espezialisten kontsultetara. Ehuneko horrek gora egiten du, apurka-apurka, adina igo ahala, bi sexuetan. Emakumeen eta gizonen arteko arrakalarik handiena 25 eta 44 urte bitartekoen taldean dago. Tarte horretan eragina izan dezakete ugalketa-etaparen beharrizan espezifikoek.

Arlo kirurgikoan, prozedura kirurgiko guztietatik % 38,2 ospitaleratzea eragiten duen kirurgiaren asistentzia-modalitatean metatu zen; % 29,3 kirurgia handi anbulatorioan eta % 32,4 ebakuntza txikietan —ez dute operazio osteko behaketaldirik behar—. Modalitate horien artean, kirurgia handi anbulatorioak izan zuen igoera handiena: % 4,3 igo zen 2022koarekiko, eta, beraz, finkatu egiten da pandemia ostean antzemandako goranzko joera. Kontrara, ospitaleratzea behar izan zuten kirurgia-egintzak murriztu egin ziren bigarren urtez jarraian, % 4 inguru, alegia, 2021eko datuekin alderatuta.


Larrialdien arreta funtsezko osagaia da osasun-sisteman. Izan ere, berehalako erantzuna eskaintzen du egoera kritikoen aurre egiteko, eta, hala, konplikazioak murriztu eta beharrezko arretara iristea errazten du. 

Larrialdiak hainbat modalitatean artatu daitezke, zein den asistentzia-maila eta baliabide mota. EAEko osasun-sisteman, etengabeko arretako guneak (EAG) daude lehen mailako arretako zentroetan, bai eta larrialdi-zerbitzuak ere (112/SOS Deiak) ospitalez kanpoko larrialdiei erantzuteko; bestetik, ospitaleetan larrialdi-zerbitzuak daude ospitalean bertan berehalako arreta emateko.

- Etengabeko arretako guneak (EAG)

- Larrialdi-zerbitzuak 112/SOS Deiak

- Ospitaleko larrialdi-zerbitzuak


Etengabeko arretako guneak (EAG)


EAGak lehen mailako arretako guneak dira, eta ohiko ordutegitik kanpo egiten dute lan. 2024an, 1.005.020 larrialdi artatu zituzten; hau da, 0,45 kontsulta urgente, batez beste, pertsona eta urte bakoitzeko, Espainiako batezbestekotik behera (0,75). 2023ko datuen aldean, % 1,4ko jaitsiera egon da, Osakidetzaren 2024ko memorian argitaratutako datuen arabera.

Adineko pertsonak —75 urtetik gorakoak— dira larrialdi-zerbitzuak maizenik erabiltzen dituztenak.

Larrialdi-zerbitzuetara egiten diren bisiten maiztasuna areagotu egiten da adinean gora egin ahala; 75 urtetik aurrera, apurka-apurka igotzen hasten da, eta, adinez nagusien direnen taldean (95 urte eta gehiago), urtean 1,1 kontsultetara iristen da.

Emakumeak maizago joaten dira larrialdi-zerbitzuetara gizonak baino (0,5 eta 0,4, hurrenez hurren). Gaztaroan eta helduaroan, emakumeek sarriago erabiltzen dituzte larrialdi-zerbitzuak gizonek baino. Alderik esanguratsuena 20 eta 29 urte bitartekoen taldean dago, hein batean ugalketa-osasuneko faktoreengatik. 85 urtetik aurrera, egoera bestelakoa da: gizonek maizago jotzen duten larrialdietara emakumeek baino.



Larrialdi-zerbitzuak 112/SOS Deiak

Larrialdiak koordinatzeko zentroek (112/SOS Deiak) etxean, bide publikoan nahiz ospitalerako lekualdaketan ematen dute arreta. Bada, zentro horiek guztira 396.505 osasun-eskaera artatu zituzten, hau da, 178 eskaera 1.000 biztanleko (2023an, 172): horietatik % 35,1 koordinazio-zentroak ebatzi zituen, eta % 64,9, osasun-arloko profesional bat lekualdatuta ebatzi ziren.

Azken urteotako larrialdietako asistentzia-eskara aztertuz gero, nabarmentzekoa da pandemian (2020-2021) arreta-emateak asko igo zirela ––420.000 eskari baino gehiago egon ziren––, eta ondorengo urteetan kopuru horrek behera egin duela. Hala ere, gaur egungo mailek 2019an erregistratutako jardueraren (327 mila) gainetik jarraitzen dute. 

Ospitaleko larrialdi-zerbitzuak

2023an, ospitale-zentroek 1,3 milioi larrialdi artatu zituzten (2022an baino % 2 gehiago), eta, bataz beste, 10etik 8 eremu publikoan ebatzi ziren.  

Azken hamarkadan, ospitaleko larrialdiek etengabe egin dute gora, 2020an izan ezik. Pandemiak baldintzatutako urte hartan, jaitsiera ia % 24koa izan zen 2019arekin alderatuta (ospitalez kanpoko larrialdien jarduera, aldiz, handitu egin zen). 2021etik aurrera, jarduera berreskuratzen hasi zen, eta, 2022an, larrialdi-bolumenak, normalizatu ez ezik, COVID-19aren aurreko mailak gainditu zituen.

2023an, larrialdien % 11,1ean beharrezkoa izan zen pazientea ospitaleratzea. Ehuneko horrek beheranzko joera dauka 2014tik (% 13,1), 2020an izan ezik, urte hartan bere balio altuena izan baitzuen (% 14). Bistan da, beraz, urte hartan ospitaleratzea behar izan zuten kasu larri gehiago egon zirela.




Ospitaleko morbilitateak informazioa jasotzen du ospitaleratzea eragiten duten gaixotasunei buruz, eta funtsezko iturria da eskari asistentzialaren profila ulertzeko. Datu hori aztertuta, posible da ospitaleratzeko patroiak identifikatzea, baliabideak planifikatzea eta ebaluazio eta azterketa epidemiologikoak babestea.


- Ospitaleko morbilitatea Euskal Autonomia Erkidegoko akutuen ospitaleetan: ezaugarriak, kausa nagusiak eta egonaldiak

- Ospitaleko morbilitatea Euskal Autonomia Erkidegoan: bilakaera eta Espainiako datuekin alderatzea


Ospitaleko morbilitatea akutuen ospitaleetan

2024an, 241.936 ospitalizazio  erregistratu ziren Euskal Autonomia Erkidegoko akutuen ospitaleetan, hau da, 2023an baino % 2,7 gehiago. Pertsonen % 84,6 ospitale publikoetan artatu ziren, eta % 15,4, aldiz, pribatuetan. 

Artatutako pertsonen ezaugarriak aztertuz gero, gehienak gizonak (% 51,3) eta 65 urteko edo hortik goragoko pertsonak (% 52,3) izan ziren. 

Ospitalizazio gehienak 65 eta 79 urte bitartekoen taldean egoten dira: gizonen artean ia % 34 eta emakumeen artean % 25; 80 urtekoen eta hortik gorakoen taldean, egoera bestelakoa da: emakumeen proportzioa (% 24,9) gizonena (% 20,8) baino altuagoa da.

Ospitalizazioen kausa nagusiak akutuen ospitaleetan

Ospitalizazioen kausa nagusiak hauek izan ziren: digestio-aparatuko gaixotasunak (% 13,4), eta, ondoren, oso gertu, zirkulazio-aparatukoak eta arnas aparatukoak (% 12,6 eta % 12,5, hurrenez hurren). Hiruren artean ospitalizazio guztien % 38,5 eragin zituzten (+% 5,1, 2023arekiko). Distantzia handiagora jarraitu zieten traumatismoek eta lesioek (% 9,6) eta tumoreek (% 9,3).

Arnas aparatuko gaixotasunen ondoriozko ospitaleratzeak igo egin direla nabarmentzen da

Arnas aparatuko gaixotasunen ondoriozko ospitaleratzeek gora egin dute hirugarren urtez jarraian (+% 7,2, 2023ko datuen aldean), eta, beraz, 2024an, gaixotasun talde hori zirkulazio-aparatuko gaixotasunen maila ia berean egon da —azken horrek bigarren posizioa du—.





Gizonen artean, hiru kausa nagusi ohikoenen ordena nagusitzen da: digestio-aparatuko gaixotasunak (% 14,9), zirkulazio-aparatuko gaixotasunak (% 14,5) eta arnas aparatuko gaixotasunak (% 12,9). Gaixotasun talde horietan, gizonen ospitale-maiztasuna emakumeena baino altuagoa izan zen.

Emakumeen artean, azken hamabost urteotan (2009tik) prozesu obstetrikoen ondoriozko ospitaleratzeek etengabe behera egin dute, eta, ondorioz, ohiko gaixotasunen beste talde batzuek hartu dute garrantzi handiagoa; esaterako, arnas gaixotasunek (% 12) eta digestio-gaixotasunek (% 11,9). Hala, haurdunaldi, erditze eta erdiberriaroko artatzeen maila ia berean daude (% 11,9).

Ospitaleratzeak, gaixotasun ohikoenen taldeen arabera, Euskal AEko akutuen ospitaleetan, sexuari eta adin-taldeei jarraiki. 2024

  Guztira % (*) Aldakuntza-tasa (%) 2024/2023 Sexua (%) Adina (%)
        Gizonak Emakumeak 0-14 15-44 45-64 65-79 80 eta gehiago
DIAGNOSTIKO-TALDE HANDIAK                    
Guztira 241.936 100 2,7 100 100 100 100 100 100 100
Liseri-aparatua 32.540 13,4 2,9 14,9 11,9 8,2 11,2 16,6 14,0 12,0
Zirkulazio-aparatua 30.403 12,6 5,3 14,5 10,5 0,9 2,3 10,7 15,8 20,7
Arnas aparatua 30.154 12,5 7,2 12,9 12,0 22,2 8,4 9,2 11,7 18,5
Traumatismoak eta lesioak 23.288 9,6 2,8 9,8 9,4 7,8 10,8 10,8 8,0 9,9
Neoplasiak 22.598 9,3 3,2 10,0 8,6 1,5 4,1 11,5 13,5 7,2
Aparatu muskulueskeletikoa 20.564 8,5 2,0 8,5 8,5 2,9 6,9 12,3 10,0 4,7
Aparatu genitourinarioa 18.469 7,6 1,5 8,0 7,2 3,2 6,7 8,6 8,7 6,8
Haurduntza, erditzea eta erdiberriaroa 14.069 5,8 -3,1 - 11,9 0,0 31,7 0,3 - -
(*)Ehunekoa ospitaleratze guztien gainean kalkulatu da

CIE -10 : Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapena, 10. bertsioa

Data 2025eko Azaroaren 19a

Iturria: Eustat. Ospitaleetako erikortasun-inkesta

Adinarekin nabarmen aldatzen dira gaixotasun taldeen ordena eta kausa espezifiko ohikoenak. 15 urtetik beherako biztanleen artean, arnas afekzioak nabarmendu ziren (amigdalen eta adenoideen hipertrofia); 15 eta 44 urte bitartekoen artean, erditze eta haurdunaldiaren ondoriozko artatzeez gain, digestio-gaixotasunak (apendizeko gaixotasunak) eta traumatismoak eta lesioak (belauneko aurreko lotailu gurutzatu bihurritua eta hankako haustura) izan ziren nagusi. 45 eta 64 urte bitartekoen taldean, nabarmenak izan ziren digestioarekin lotutakoak (kolelitiasia —behazun-maskuriko kalkuluak—, emakumeen artean, eta iztaiko hernia, gizonen artean), bai eta sistema muskuloeskeletikoko gaixotasunak (aldakako eta belauneko artrosia) eta tumoreak ere (bularrekoa, emakumeen artean, eta prostatakoa, gizonen artean).

65 urte eta gehiagoko pertsonen artean, zirkulazio-gaixotasunak izan ziren ohikoenak. Horien artean nabarmentzen dira eroapenaren nahasmenduak eta bihotzeko disritmiak, garuneko hodietako nahasmenduak (garuneko infartua, adibidez) eta gaixotasun hipertentsiboa (hedatuago 80 urte eta gehiagokoen taldean). Ondoren, arnas afekzioak gailendu ziren —horiek inpaktu handiagoa izan zuten 80 urte eta gehiagoko pertsonen artean (pneumonia nabarmendu behar da, bereziki)—, eta, gero, 65-79 urteko taldean ohikoagoak diren digestio- eta tumore-gaixotasunak (maskuria eta prostata).


Egonaldia akutuen ospitaleetan

2024an, ospitaleratutako pertsonek 1.303.743 egonaldi eragin zituzten (egonaldiaren barruan sartzen dira pazientearen sarrera-egunetik alta-egunera bitartean igarotako egunak). Ondorioz, 2023ko datuen aldean, % 0,8ko igoera txiki bat egon zen, eta batez besteko egonaldia 5,4koa izan zen (2023an, 5,5).


Batez besteko egonaldirik luzeena bizi-zikloaren hasierako eta amaierako etapetan erregistratzen da

Batez besteko egonaldia  gizonen artean 5,6 egunekoa izan zen, eta emakumeen artean, berriz, 5,2 egunekoa. Adin taldeen arabera, egonaldi luzeena bizi-zikloaren hasierako eta amaierako etapetan erregistratu zen: urtebetetik beherakoen artean (7,4 egun) eta 80 urte edo gehiagokoen artean (6,4 egun). Genero-arrakalarik altuena gazteen eta adin ertaineko helduen (25-44 urte) artean dago. Gizonen batez besteko egonaldia emakumeena baino altuagoa da.

Zirkulazio-aparatuko gaixotasunek eragin zuten egonaldi gehien (% 14,3); ondoren, arnas aparatukoek (% 12,7), eta, hirugarrenik, digestio-aparatukoek (% 11,9). Alabaina, nahasmendu mentalek eta portaeraren nahasmenduek eragin zituzten batez besteko egonaldi luzeenak (14,3 egun), jaiotza-inguruko gaixotasunekin (8,9 egun) eta infekziosoekin (8,4 egun) batera. 

Ospitaleko morbilitatea Euskal Autonomia Erkidegoan: bilakaera eta Espainiako datuekin alderatzea

2023an, akutuen ospitaleetako ospitaleratzeak Euskal Autonomia Erkidegoko ospitalizazioen ia % 95 izan ziren. Hala, gainditu egin zen pandemia aurreko asistentzia-maila, urte batzuez jarduera apurka-apurka berreskuratu ostean. Joerak hauxe iradokitzen du, beraz: asistentzia-jarduera normalizatzen ari dela, eta eskariaren balizko efektu metatu bat sortzen, pandemiaren ondoriozko geldialdiaren ostean.



2023an , Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleetan guztira 248.650 ospitalizazio erregistratu ziren, hau da, Estatu osoko guztizkoaren % 5,1 (2022an bezala).


EAEko ospitalizazioen % 83,6 ospitale publikoetan artatu ziren, hots, Estatuko batezbestekoa (% 73) baino ia ehuneko 11 gehiago. Beraz, aldagai horri erreparatuta, Katalunia (% 51,8) eta Madrilgo (% 66,3) autonomia-erkidegoen aurretik dago. Gainerako ospitalizazioak (% 16,4a) ospitale pribatuetan artatu ziren.



Euskal Autonomia Erkidegoa ospitalizazio-tasa altueneko autonomia-erkidegoetako bat da

Datuak alderatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko morbilitatean 100.000 biztanleko 11.297 ospitalizazio erregistratu ziren 2023an, Estatuko batezbestekoaren gainetik (10.065), eta, hala, ospitalizazio-tasa handieneko hirugarren erkidegoa izan zen, Asturiasko Printzerriaren (11.583) eta Kataluniaren (11.521) atzetik. 

EAEko ospitaleetan ospitaleratutako pertsonen % 53k 65 urte eta gehiago zituzten; Estatuan, berriz, % 48k

Ospitaleratutako pertsonen % 50,9 gizonak izan ziren, eta % 49,1, bestetik, emakumeak; Estatuan, aldiz, emakumeak gehiago izan ziren (% 51,4). Haurdunaldi, erditze eta erdiberriaroko gertakariak kontuan hartu ezean, emakumeen ehunekoa % 45,9ra jaitsiko litzateke Euskal Autonomia Erkidegoan (% 47,5 Espainian).

2023an, 65 urte eta gehiagoko pertsonek Euskal Autonomia Erkidegoko ospitalizazioen % 52,9 eragin zituzten, Espainian baino ehuneko bost gehiago (% 47,9); talde horren barruan, 65 eta 84 urte bitartekoek izan zuten asistentzia-bolumen handiena (% 37,6; Espainian, % 34,2). 

Digestio-, zirkulazio- eta arnas gaixotasunak dira ospitalizazio-kausa ohikoenak, bai Euskal Autonomia Erkidegoan bai Espainian.

Digestio-aparatuko gaixotasunak (% 12,8), zirkulazio-aparatukoak (% 12,4) eta arnas aparatukoak (% 12,3) izan ziren ospitalizazio-kausa nagusiak 2023an. Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleetako ospitalizazio guztien % 37,5 izan ziren (% 36,5 Espainian). 




2023an, haurdunaldi, erditze eta erdiberriaroko gertakariek, nahiz eta garrantzi gero eta txikiagoarekin (% 11,9; Estatuan, % 14,5), ospitalizazio-kausa nagusia izaten jarraitu zuten emakumeen artean; oso gertutik jarraitu zion arnas gaixotasunen taldeak (% 11,8), urte horretan talde horretako gaixotasunak gehiago izan baitziren digestio-aparatuko gaixotasunak (% 11,2) eta zirkulazio-gaixotasunak (% 10,6) baino.

Gizonen artean, digestio-gaixotasunak (% 14,4) eta zirkulazio-gaixotasunak (% 14,1) izan ziren nagusi, Espainiako datuekin bat eginez (biak % 14,3rekin), eta, ondoren, arnas gaixotasunak (% 12,8).

Ospitaleetako batez besteko egonaldia 8 egunekoa izan zen EAEn, eta 8,1 egunekoa, berriz, Espainian

2023an, guztira 1.990.909 egun igaro zituzten pazienteek Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleetan ospitaleratuta. Batez batezko egonaldia 8 egunekoa  izan zen (Estatuan, 8,1), eta egonaldia luzeagoa izan zen gizonen artean (8,4 egun) emakumeen artean baino (7,6); bi kasuetan, datuak Estatuko batezbestekoaren azpitik daude (8,8 eta 7,5, hurrenez hurren). 






Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali