Compartir twitter Compartir correo electrónico

Osasunaren panorama   
Menua
Menua
 

Osasunarekin lotutako jokabideak

Osasunaren Mundu Erakundeak koherentziaz zehaztu du munduko osasunerako arrisku-faktore nagusien multzo bat. Txostenaren eta urtearen arabera ordena zehatza alda daitekeen arren, oro har, hiru kategoriatan biltzen dira arrisku-faktore nagusiak edo medikuak ez diren determinatzaile nagusiak: metabolikoak, jokabidezkoak eta ingurumenekoak. Hiruren artean, jokabideari lotutako arriskuak —hala nola tabakismoa, alkoholaren kontsumo kaltegarria, dieta ez oso osasungarria eta jarduera fisikorik eza— izaten dira gaixotasunaren karga globalaren erantzule nagusietakoak. Horrelako jokabideek eragina izaten dute obesitatean, osasunerako arrisku-faktore garrantzitsuenetako bat baita, metabolikoa den arren.


  • Tabako-kontsumoaren prebalentzia handiagoa da gizonen artean, emakumeekin erkatuta, baina ez da adin-talde guztietan gertatzen.



  • Epe luzeko arrisku handiko alkohol-kontsumoaren prebalentzia handiagoa da gizonen artean, emakumeekin erkatuta, gazte-taldeetan izan ezik.



  • Obesitatearen prebalentzia emakumeen artean baino handiagoa da gizonen artean, eta gora egiten ari da.



  • Emakumeek gizonek baino gehiago jarraitzen diote dieta mediterraneoari.



  • Jarduera fisikoa egiten duten gizonen eta emakumeen proportzioak gora egin du, batez ere, emakumeen artean. 



  • Loarekiko asegabetasunaren prebalentzia handiagoa da emakumeen artean, gizonekin erkatuta




Tabakismoa

Tabakismoak lehen postuetako bat hartzen du osasunerako arrisku globalen rankinean. Izan ere, arrisku-faktore handienetako bat da minbizia, biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa, gaixotasun kardiobaskularrak eta beste gaixotasun kroniko batzuk izateko.

Gizonen artean, erretzaileen ehunekorik handiena 25-44 urteko taldean dago (% 22,6), eta emakumeen artean, berriz, 45-64 urteko taldean (% 17,5).

2023an, EAEko gizonen % 17,2k eta emakumeen % 13,8k erretzeko ohitura zuten. 2018ko datuekin erkatuta, gizonen emaitzek behera egin dute (ehuneko –1,9 puntu), eta emakumeen datuak apur bat igo dira (+0,2). Horrek esan nahi du azken urteetako tabako-kontsumoaren beheranzko joera aldatu dela. Erretzeari uzteak gizonen artean izan duen beherakadarik handiagoak nabarmen murriztu du genero-arrakala, eta 2023an 3,4 puntura iritsi zen.

Gizonen artean, erretzaileen ehunekorik handiena 25-44 urteko taldean dago (% 22,6), eta emakumeen artean, berriz, 45-64 urteko taldean (% 17,5). Berritasun gisa, 15-24 urteko eta 65-74 urteko adin-taldeetan, tabako-kontsumoa handiagoa da emakumeen artean, gizonen datuekin erkatuta, 2018an ez bezala. Izan ere, adin-talde guztietan, gizonen artean handiagoa zen tabako-kontsumoaren prebalentzia. 



Arriskuko edaleak

Alkoholaren kontsumo handi eta sarriak areagotu egiten ditu lesioak, zirrosi hepatikoa, minbizi mota jakin batzuk, hipertentsio arteriala eta gaixotasun zerebrobaskularra izateko aukerak, besteak beste. Gainera, arazoak sortzen ditu familian, lanean eta gizartean, eta istripu gehienen eragile nagusia da (batez ere zirkulazio-istripuak).

Emakume gazteek (15-24 urte) erregistratzen dute alkohol-kontsumorik handiena, eta gizonek baino alkohol gehiago kontsumitzen dute adin horietan.

Arrisku handiko eta epe luzeko alkohol-kontsumoaren prebalentzia —hau da, osasun-arazoak garatzeko arrisku handiagoa sortzen duena— handiagoa izan zen gizonen artean (% 16,6), emakumeekin erkatuta (% 11,1), eta aldaketa txikiak erakutsi zituen 2018ko emaitzekin alderatuta (–0,5 puntu gizonen artean, eta +0,1 emakumeen artean).

Adin-taldeen arabera, alkohol-kontsumoaren prebalentzia handiagoa izan zen gizonen artean, gazteenen artean izan ezik (15-24 urte), azken adin tarte horretako emakumeek erregistratu baitzuten alkohol-kontsumo handiena (% 14,8). Gizonen artean, kontsumoa 65-74 urtekoen artean iristen da puntu gorenera (% 24,6), eta zifra hori adin-talde bereko emakumeena (% 7,8) baino hiru aldiz handiagoa da. Izan ere, genero-arrakala adin handiagoko taldeetan (65 urte edo gehiagoko taldeetan) sakontzen da.


Obesitatea 

Pertsona obesoek probabilitate handiagoa dute osasun-arazoak garatzeko. OMEren arabera, obesitatea gaixotasun kroniko konplexua da. Gantz gehiegi pilatzea du ezaugarri, eta kaltegarria izan daiteke osasunerako. Lotura dauka 2 diabetes mota izateko arrisku handiagoarekin, gaixotasun kardiobaskularrekin eta minbizi mota batzuekin.


Obesitatearen ehunekorik handiena 65-74 urteko gizonen eta emakumeen artean gertatzen da (% 20,1 eta % 16,9, hurrenez hurren).

EAEko 15 urteko eta gehiagoko gizonen % 14,2k eta emakumeen % 13,2k obesitatea dute. Biztanle obesoen proportzio horrek gora egin du emakumeen artean (ehuneko +2 puntu). Gizonen artean (+0,3) ia 2018ko maila berean egon da. 

Obesitatearen prebalentzia emakumeen artean baino handiagoa da gizonen artean, 25-44 urteko eta 75 urtetik gorako taldeetan izan ezik. Gizonen eta emakumeen obesitatearen ehunekorik handienak 65-74 urtekoen taldeetan osatu dira, % 20,1eko eta % 16,9ko balioekin, hurrenez hurren. 

2018ko emaitzekin alderatuta, obesitateak gora egin du emakumeen adin-talde guztietan, 75 urteko eta gehiagoko taldean izan ezik, eta hazkunderik handiena 25-44 urteko taldean gertatu da (+4). 


Elikadura

Dieta hauek hartzen dira ez-oso osasungarritzat: gatza, gantz aseak eta azukrea kopuru handietan eta fruta, barazkiak eta zuntza kopuru txikietan biltzen dituztenak.

Dieta mediterraneoak fruta, barazki, lekale eta oliba-olio ugari dauka, beraz, elikadura-eredu orekatua sustatzen du: hortaz, pisua kontrolatzen du, eta, hartara, obesitate-arriskua murrizten laguntzen du. Izan ere, OMEk adierazi du elikadura-patroi osasungarrienetako bat dela, eta dieta hori gomendatzen du, osasunerako eta gaixotasun kronikoen prebentziorako onuragarria delako. 

Biztanle gazteenak (15-24 urte) dira dieta mediterraneoa gutxien kontsumitzen dutenak.

Emakumeek gehiago jarraitzen diote dieta mediterraneoari (% 45,7), gizonekin erkatuta (% 41,5), eta adin-talde guztietan gertatzen da hori, gazteenen taldean izan ezik, non gizonen ehunekoa emakumeena baino handiagoa den (% 33,7 eta % 23,6, hurrenez hurren).

Dieta mediterraneoaren kontsumoak gora egiten du adinak aurrera egin ahala, 75 urte edo gehiagoko pertsonen artean izan ezik. Elikadura-patroi horri gehien jarraitzen dion taldea 65-74 urtekoa da (% 59,8 osatzen da, emakumeen artean; eta % 54,7 gizonen artean). Gutxien jarraitzen dion taldea, berriz, gazteen artekoa da (15-24 urte).


Jarduera fisikoa

OMEk azpimarratzen du jarduera fisikoa funtsezkoa dela bizitzako etapa guztietako osasunerako eta ongizaterako. Gaixotasun ez-transmitigarrien arriskua murrizten du (kardiobaskularrak, 2. motako diabetesa, zenbait minbizi), eta osasun mentala, loa, memoria eta funtzio kognitiboa hobetzen ditu.

Jarduera fisikoaren praktikak gora egin du EAEko biztanleen artean, bereziki, emakumeen artean.

2023an, EAEko gizonen % 84,3k eta emakumeen % 80k jarduera fisiko edo ariketa osasungarria egin zuten. Horrek esan nahi du gizonen artean (+4,6) emakumeen artean (+6,1 puntu) baino baino igoera handiagoa izan duela. Bilakaera positibo horrek 4,3 puntura murriztu du genero-arrakala (5,8 puntukoa zen 2018an).

15-24 urteko gazteak dira talde aktiboena: gizonen % 91,3k eta emakumeen ia % 90ek (% 88,9) egiten dute jarduera fisikoa.

Jarduera fisikoaren prebalentzia emakumeen artean baino handiagoa da gizonen adin-talde guztietan, bereziki, 75 urtetik gorakoen artean (% 72,3 eta % 57, hurrenez hurren). Emakumeen kasuan, ariketa fisikoa txikiagotzen da, adinak gora egin ahala: % 88,9tik (15-24 urtekoen artean) % 57ra (75 urte eta gehiagokoen artean).

EAEko emakumeek eta gizonek nahi baino ariketa fisiko gutxiago egiten dutela azaltzeko aipatzen dituzten arrazoien artean, emakumeen arrazoi nagusia «borondaterik eza» da (% 30,1); gizonen kasuan, berriz, «lanaren edo ikasketen ondorioz, denborarik ez izatea» (% 32,5); hirugarren arrazoia, oro har, «osasun-arazoak» dira; adinak gora egin ahala, aldiz, osasuna da arrazoi nagusia (% 65,9, 75 urteko eta gehiagoko pertsonen artean).


Loa

Loa faktore garrantzitsua da pertsonen osasunerako, eguneroko funtzioei eta jarduera fisiko eta mentalari eragiten baitie.

Loarekiko asegabetasunaren prebalentzia gizonen artean (% 11,9) baino handiagoa da emakumeen artean (% 15,9).2023an, EAEko biztanleek, batez beste, 9 ordu eta 3 minutu eman zituzten egunero loarekin lotutako jardueretan , hau da, 2018an baino 3 minutu gutxiago, 2023ko Denbora Aurrekontuen Inkestaren arabera. Beherakada hori asteko egun guztietan gertatu da, ostiralean izan ezik. Larunbatean osatu da jaitsierarik handiena, 13 minutu gutxiagoko beherakada osatu delako.

Gizonek (8:55) baino denbora gehiago ematen dute liten emakumeek (9:10), eta asteko egun guztietara luza daiteke.

Hala ere, 2023ko Osasunaren Inkestaren arabera, emakumeek asegabetasun handiagoa dute loarekin (% 15,9), gizonekin erkatuta (% 11,9). Adin-talde guztietan jaso da hori, 15-24 urtekoen artean izan ezik. Gainera, asegabetasun-maila horrek gora egiten du, emakumeen adinak ere gora egin ahala (75 urte eta urte gehiagoko taldeak osatutako % 19,8raino).




Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali