Boterearen dimentsioa
Genero-berdintasunaren indizeari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoa (52,9) goraxeago dago Europako batezbestekoa baino (48,5) boterearen dimentsioan, nahiz eta Frantziaren (68,2) eta Espainiaren (57,0) azpitik ageri den 2015eko edizioan.
Botere politikoaren azpidimentsioan –gobernuko ordezkaritza, parlamentuko ordezkaritza eta lurralde-batzarretako ordezkaritza– Euskal Autonomia Erkidegoa (80,4) Europar Batasunaren (77,1) eta Espainiaren (72,3) gainetik dago; ez da gauza bera gertatzen aginte ekonomikoaren azpidimentsioarekin, apalagoak baitira Euskal Autonomia Erkidegoko berdintasun-puntuazioak (36,3) EBko batezbestekoa (39,5) eta Espainiakoa (43,5).
Botere sozialaren eremuan Euskal Autonomia Erkidegoaren zifra (50,7) Europakoaren (55,0) eta Espainiakoaren (58,9) azpian dago.
Genero-berdintasunaren indizea eta boterearen azpidimentsioak. 2015
Errefentziako taula
Botere ekonomikoa
Genero-berdintasunaren indizea 36,3 da botere ekonomikoaren dimentsioan, Europar Batasuneko kopuruaren (48,5), Espainiakoaren (57,0) eta Frantziakoaren (70,2) azpitik, genero-berdintasunaren indizearen 2015eko edizioak erakusten duenez.
Banku publikoaren edo erdipublikoaren zuzendaritzako genero-tarteak okerrera egin du, eta, aldiz, hobetu egin da enpresen zuzendaritzan, genero-berdintasunaren indizeak jasotako kopuruen arabera.
Euskal Autonomia Erkidegoko lau enpresa-erakundeen presidentetza gizonek osatzen dute erabat. Oso apala da emakumezkoek enpresetako zuzendaritza-erakundeetan duten presentzia, guztizkoaren % 22,5 baino ez.
Halaber, antzekoa da emakumeen partaidetza IBEX 35en kotizatzen duten Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetako erabaki-esparruetan. Gizonezkoak dira hiru erakundeetako buru, eta, administrazio-kontseiluan eta/edo zuzendaritza nagusian, emakumeen ehuneko pisua kasu bakarrean dago % 30en gainetik.
Genero-arrakala EAEn genero-berdintasunaren indizearen osagaien arabera. Botere-azpidimentsioa. Botere ekonomikoa.
Botere soziala
Genero-berdintasunaren indizea 50,7 da botere sozialaren dimentsioan, Europar Batasuneko kopuruaren (55,0), Espainiakoaren (58,9) eta Frantziakoaren (58,4) azpitik, genero-berdintasunaren indizearen 2015eko edizioak erakusten duenez.
Komunikabide publikoen eremuan –horixe da botere sozialaren azpidimentsioaren alderdietako bat–, Euskal Autonomia Erkidegoak (67,0) gainditu egiten du Europako batezbestekoa (61,8), Frantziakoa (65,2) eta Espainiakoa (64,6).
Botere sozialeko azpidimentsioan, genero-tartea ageri da kirol-federazioetan (0,33) eta I+Gko finantzaketa publikoan (0,51).
I+G arloaren finantzaketa publikoari buruzko adierazle berriak (2015erako sartua) aurretik hain agerian ez dagoen desberdintasun baten hausnarketa du ardatz, kirol-federazioen esparruan ez bezala, non luzaroan ezagututako desberdintasun bat gainditzeko lan egiten baita, gizarte-eskari zabal bati erantzunez.
Genero-arrakala EAEn genero-berdintasunaren indizearen osagaien arabera. Botere-azpidimentsioa. Botere soziala
Hauteskundeen emaitzak
Emakumeek toki esparruan dute gaur egun ordezkaritza politiko apalena; alkatetzen % 30 emakumezkoek osatuak dira, eta % 70, berriz, gizonezkoek, 2019ko hauteskundeen emaitzek erakusten dutenez.
Lurralde historikoetako Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean, hautetsien ordezkaritza orekatua da, eta ez du gainditzen arrazoizkotzat jotzen den 40/60 ratioa. Halaber, emakumeen alderantz egiten du apur bat.
Euskal Autonomia Erkidegoak Estatuko ganberetan duen ordezkaritzari dagokionez, 2019ko hauteskundeak aintzat hartuta, Kongresurako hautatutako 18 pertsonetatik 7 dira emakumeak, eta Senaturako 12 hautetsietatik ere 7 dira emakumeak 2018an.
Hauteskundeen emaitzak, Euskal Autonomia Erkidegoan berrikien izandako hautetsien sexuaren arabera. %.
Erreferentziako webgunea
Udal-hauteskundeak
Nabarmena da genero berdintasunaren alorreko legeriaren eragina, batez ere hauteskunde-zerrendak osatzeko garaian. Zinegotzien artean emakume gehiago ageri dira, udal-hauteskundeetako kopuruek adierazten dutenez.
Hautagai-zerrendak eta hauteskundeetako emaitzak sexuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan berrikien egindako udal-hauteskundeetan. %.
Erreferentziako webgunea
Aurreko udal-hauteskundeak
Udalei dagokienez, oraindik ere jarraitu egiten du alkatetzetako desorekak gizonen eta emakumeen artean, eta % 30 eta % 70 artean zenbatesten da 2019rako.
Aurreko urteetako bozetan desoreka handiagoak zeudela adierazten dute kopuruek, eta zenbatutako aurrerapenak itxaropentsu dirudite alor horretan.
Hauteskundeetako emaitzen bilakaera (alkatetzak), Euskal Autonomia Erkidegoko udal-hauteskundeetan berrikien izandako hautetsien sexuaren arabera. %.
Erreferentziako webgunea
Indarkeria mota
Emakumeen kontrako indarkeria da genero-desberdintasunaren adierazpiderik gordinena.
Euskal Autonomia Erkidegoak informazio estatistiko ofiziala du harekin lotutako bi alderdi aztertzeko: prebalentzia eta larritasuna. 2018an, emakumeen kontrako indarkeriaren 5.315 kasu (edo biktimizazio) kontabilizatu dira orotara.
2018an, 4.244 emakume izan dira indarkeriaren biktima Euskal Autonomia Erkidegoan, eta gehien-gehienak bikotekidearen edo bikotekide ohiaren biktima izan dira. Emakume batek genero-indarkeriako gertakari bat baino gehiago paira ditzake urte berean.
Emakumeen kontrako indarkeriaren biktimizazioaren (kasu kopuruaren) bilakaera, indarkeria motaren arabera, 2009-2018.
Erreferentziako taula
Eragile eta kaltegarritasuna
2018an, emakumeen kontrako lau indarkeria-kasutatik hiru biktimaren bikotekideek edo bikotekide ohiek gauzatuak dira (% 75).
Giza-hilketa eta haren formen biktima diren hamar emakumetatik zortzi bikotekide edo bikotekide ohiaren eskuetan izan dira, eta bi gertuko senitarteko baten eskutik; larri zauritutako 21 emakumetatik, 18 bikotekidearen edo bikotekide ohiaren eskutik izan dira, eta hiru gertuko senitarteko baten eskuetatik, esandako urte horretan.
Bikote-harremana eten ostean zenbatu dira emakumeen kontrako indarkeriaren kasuen ia erdiak: 1.591 kasu bikotekide ohiaren kontra. Gainera, 800 aldiz baino gehiagoz urratu da bikotearengandik edo bikotekide ohiarengandik urruntzeko agindua.
Familia barruko bestelako indarkeria kasu batzuetan (% 18), ama, alaba adingabea edo familiako beste emakume bat izan dira biktima. Amaren kontra, ohiko tratu txarren 160 kasu izan dira, eta 120 lesioekin; 35 kasutan baino gehiagotan urratu da urruntze-agindua. Alaba adingabeen kontra, ohiko tratu txarren 95 kasu erregistratu dira, 40 lesio-kasu eta sexu-indarkeriarekin lotuak, berriz, 18, betiere 2018ko datuen arabera.
Azkenik, 388 kasu erregistratu ziren (gainerako % 7) emakumeen sexu-askatasunaren kontrako delituekin, biktimarekin harremanik ez duten egileek edo familia-esparrutik kanpokoen eskutik; halaber, emakumeen kontrako sexu-abusuen kasuak 207 izan dira, eta beste 64 sexu-eraso sarketarekin, beste 26 sexu-abusu sarketarekin, gehi 43 sexu-eraso kasu, beste hainbat delituren artean.
Emakumeen kontrako biktimizazioak (kasu kopurua) Euskal Autonomia Erkidegoan, biktimak erasotzailearekin duen harremanaren arabera 2017-2018
Erreferentziako taula
Biktimak eta biktimizazioak
Kasuen kopurua (biktimizazioak) handiagoa da biktima kopurua baino, ikusten denez; beraz biktimarioek behin eta berriz jarduten dute emakumearen kontra, hortaz emakumeek indarkeria behin eta berriro pairatzen dute.
Biktimizazio bakoitza gertakari isolatu gisa hartzen da, eta ez egoera jarrai baten azkeneko gertakaria. Biktimizazioak ez dira delitu puntualak, ez dira bikote banantzearen edo hausturaren ondorio naturala. Emakumeen kontrako indarkeria estrukturala da eta indarkeri horri ‘gizonezkoen nagusitasuna edo dominazioa’ deritzo.
Familia eta bikote-ingurunean ere dominazio horren estereotipo kulturalak oso errotuta izan daitezke. Emakunderen kanpainan "Berdintasuna ikasi egiten da, irakatsi berdintasuna" leloak balio-aldaketa horrieragin nahi dio. Erakunde publikoek kontuan hartu behar izango dute indarkeria-egoera horiek arriskutsuak direla emakumeentzat, edota beste pertsona batzuentzat, eta kaltea (fisikoa, psikikoa edo emozionala) saihesteko neurri egokiak hartu behar direla.
Emakumeen kontrako biktimizazioak (kasu kopurua) eta biktimak (emakumeak) Euskal Autonomia Erkidegoan, indarkeria motaren arabera, 2018.
Errefentziako taula