Compartir facebook Compartir twitter Compartir correo electrónico pdf

Dirusarrerak

Beste kapituluak
Beste kapituluak
 
 

Batez besteko errenta pertsonala

Emakumeen batez besteko errenta pertsona 15.578 euro da urteko, eta gizonezkoena, berriz, 25.696 euro, 2016ko datuen arabera.
Errenta erabilgarria, berriz, gastuak eta atxikipenak kendu ostean, urteko 13.315 euro dira emakumeen kasuan, eta 21.288 euro gizonezkoen kasuan.
Batez besteko errenta pertsonalari dagokionez, 10.118 euroko aldea dago gizonezkoen eta emakumeen artean; errenta erabilgarriari dagokionez, berriz, 7.973 eurokoa da aldea, betiere 2016ko datuek diotenez.

Errenta pertsonal erabilgarria

2016an, 18 urteko edo hortik gorako gizonezkoen % 10ek eta emakumeen % 15ek ez zuten errentarik, pertsonen eta familien errentaren estatistikak jasotzen duenaren arabera.

Errenta pertsonal erabilgarriaren banaketak –adinaren eta sexuaren arabera egindakoak– erakusten duenez, tarte nabarmena ageri da adin-talde guztietan, gizonezkoen alde; tarte hori gazteetan ere ageri da, nahiz eta txikiagoa izan.

Adinean aurrera egin ahala, areagotu egiten dira aldeak, bereziki erretiratzeko adinera gerturatu ahala; une horretan, emakumezkoen errenta pertsonal erabilgarria gizonezkoenaren erdia baino gutxiago da. Egoera hori 79 urtera bitarte nabarmentzen da; adin horretan hasten dira emakumeen eta gizonen arteko kopuruak gerturatzen, nahiz eta inoiz ez diren erabat berdintzen.

18 urteko eta gehiagoko herritarren errenta pertsonal erabilgarria (eurotan), Euskal Autonomia Erkidegoan, sexuaren eta bosturteko adinaren arabera. 2016.-
Iturria: Eustat. Pertsonen eta familien errentaren estatistika.

Jatorrizko grafikoa

Irudia

Errenta pertsonalaren estratuak

Batez besteko errenta pertsonalaren banaketa grafikoan simetria gutxiko piramidea ageri da: emakumeen balioak kategoriarik apalenetan daude kontzentratuta, eta gizonezkoenak, berriz, kategoria ertain eta altuetan, 2016ko zifrek erakusten dutenez.

Urtean 15.000 eta 18.000 euro bitarteko errenta-estratua inflexio-puntu bat da, eta, handik aurrera, gizonezkoen proportzio handiagoa ageri da, salbuespenik gabe; estratu haren azpitik, berriz, emakumeen proportzioa handiagoa da estratu apaletan gizonezkoena baino, salbuespenik gabe han ere.

Errentarik gabeko pertsonen proportzioa ia ehuneko bost puntu handiagoa da emakumeetan, eta pertsonarik aberatsenen proportzioa hiru aldiz handiagoa da gizonezkoetan emakumezkoetan baino.

EAEko 18 urteko eta gehiagoko biztanleak (%), sexuaren eta errenta-estratuaren arabera (eurotan). 2016.-
Iturria: Eustat. Pertsonen eta familien errentaren estatistika

Jatorrizko grafikoa

Okupazioa eta jarduera-adarra

2016an, 16 eta 64 urte bitarteko emakumeen okupazio-tasa % 62,2 izan zen, eta gizonezkoena, berriz, % 68,9. Hala, gerturatzeko joera dute. Okupatutako emakumeen batez besteko errenta pertsonala 23.497 euro izan zen 2016an, eta gizonezko okupatuena, berriz, 33.140 euro. Gizonezkoek, hortaz, ia heren bateko aldea zuten, euren alde.

Jarduera-sektore bakarrean ere ez da handiagoa emakumeen batez besteko errenta pertsonala, gizonezkoenarekin alderatuta. Eraikuntzaren sektorea da salbuespena; izan ere, 2009tik aurrera, jatorriaren arabera, lanaren batez besteko errentaren eta kapitalaren errenta (batez ere higiezinen kapitalarena) nabarmen handiagoak dira emakumeetan, eta jardueren errenta, berriz, handiagoa da gizonen artean, betiere sektore horretan.

Finantza-jardueretan, higiezinekin lotutakoetan eta enpresei eskainitako zerbitzuetan, emakumeen batez besteko errenta 32.080 euro da, eta gizonen batez besteko errenta, berriz, 49.814 euro. Heren bateko baino gehiagoko aldea, hortaz.

Okupatutako populazioaren batez besteko errenta pertsonala, sexuaren eta jarduera-adarraren arabera (eurotan). 2016
Iturria: Eustat. Pertsonen eta familien errentaren estatistika.

Familia-errentaren estratuak

2016an, 18 urteko eta gehiagoko emakumeak buru dituzten familien % 3,06k ez zeukan errentarik aitortuta (ez pertsona bakarreko errentarik, ez baterakorik), ezta 18 urteko eta gehiagoko gizonak buru dituztenen % 1,95ek ere.

Errenta jasotzen duten familietan, jasotzaile nagusia gizonezko bat denean, familiaren batez besteko diru-sarrerak 46.709 euro izan ziren, eta familia horiek errenta-estratu ertain eta altuetan kokatu ziren. Jasotzaile nagusia emakumea denean, berriz, kopuru hori 36.819 euroan geratu zen, eta familiok errenta-estratu apaletan kontzentratu ziren. Hartzaile nagusi gisa emakume bat duten familien % 9ren errenta-estratua urtean 9.001 eta 12.000 euro bitartekoa izan zen.

Urtean 15.000 eta 18.000 euro bitarteko errenta-estratua inflexio-puntu bat da: emakume hartzaile nagusien % 33k eta gizonezko homologoen % 17k 18.000 euroko batez besteko familia-errenta edo apalagoa zuten.

Euskal Autonomia Erkidegoko familiak (%), hartzaile nagusiaren sexuaren eta errenta-estratuaren arabera (eurotan). 2016.-
Iturria: Eustat. Pertsonen eta familien errentaren estatistika

Jatorrizko grafikoa

Ikasketak eta familia-errenta

Hartzaile nagusiaren ikasketa-mailak laguntzen du batez besteko familia-errenta handiagoa izaten; halere, horrek bereiz funtzionatzen du gizonezkoen munduaren eta emakumezkoenaren artean, baina ez batera hartuta: batez besteko familia-errenta, doktoregoa edo gradu-ondokoa duen emakume bat denean hartzaile nagusia, ez da beti handiagoa izaten titulazio apalagoko gizonezko hartzaileak buru dituzten batez besteko familia-errenta baino.

Euskal Autonomia Erkidegoko familia-errenta erabilgarria (eurotan), hartzaile nagusiaren sexuaren eta prestakuntza-mailaren arabera. 2016.

Iturria: Eustat. Pertsonen eta familien errentaren estatistika

Jatorrizko grafikoa

Egiazko ongizaterik eza

Egiazko pobrezia-egoeran eta egiazko ongizaterik ezean dauden emakumeen proportzioa handiagoa da gizonezkoena baino, 2016ko pobreziaren eta gizarte-desberdintasunen inkestak jasotako datuen arabera.

Egiazko hamar pobrezia-egoeratik sei Europar Batasunetik kanpoko atzerritarren etxeetan gertatzen dira, baita titularra okupazio egonkorrik gabe dagoen familia-taldeetan ere; halaber, okupazio egonkorrik ez duten emakumeek gidatutako guraso bakarreko familietan ere gertatzen da hori, eta, 2008ko datuekin alderatuta, kopurua 15 puntu baino gehiago igo da azken kasu horretan.

Badira hainbat pertsona, okupazioa eta diru-sarrerak izanagatik ere, egiazko ongizaterik ez dutenak eta beharrizanak dituztenak, okupazioaren prekarietateak eraginda. Pobrezia-egoeraren azpian, enpleguaren prekarietatea ageri da.

Egiazko pobrezia- eta prekarietate-egoerak Euskal Autonomia Erkidegoan, sexuaren arabera (%). 2008-2016
Iturria: Eusko Jaurlaritza. Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila. Pobreziaren eta gizarte-desberdintasunen inkesta.

Erreferentziako dokumentuak

Jatorrizko taula

Pobrezia, aberastasuna eta adina

Batez besteko errenta handiena duten pertsonen proportziorik handiena 50 eta 64 urte bitarteko herritarretan pilatzen da, 2016ko datuek diotenez. Eta gehienak gizonezkoak dira. Errenta apalena duten pertsonen proportzio handiena, berriz, 30 urtez azpikoetan eta 80 urtetik gorakoetan pilatzen da.
Batez besteko errenta pertsonalaren analisi xeheagoak erakusten duenez, gizonezkoek jasotzen duten errenta handiagoa da emakumeek jasotzen dutena baino, errenta motaren arabera kontuan hartuta eta 2016ko datuen arabera.

18 urteko eta gehiagoko herritarren batez besteko errenta pertsonala (eurotan), Euskal Autonomia Erkidegoan, errentaren jatorriaren, adinaren eta sexuaren arabera. 2016

Jatorrizko grafikoa

Iturria: Eustat. Datu-bankua. Pertsonen eta familien errentaren estatistika.

Jatorrizko grafikoa

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali