Lana
Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren jarduera, ordaindutakoa eta ordaindu gabea, haien barne-produktu gordinean eta etxeko lanaren satelite-kontuan islatzen da.
Balio erantsi garbia enplegua baino erritmo handixeagoan handitzen da (lanaldi osoko lanpostuak kontuan hartuta), 2008ko krisi ekonomikoaren ondotik. BPGd eta PTDP
Ordaindu gabeko lanaren balioak murriztu egiten du proportzioa barne-produktu gordinarekiko; alde batetik, ordainduta egiten diren etxeko lanak eta zainketak direla medio, eta, bestetik, gizarte-zerbitzu publiko eta pribatuen eta boluntarioen lanari esker.
Erantzunkidetasuna oraindik ere bidean da, emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko.
Beste kapituluak
Beste kapituluak
- Ordaindutako lana
- Ordaindu gabeko lana
- Erantzunkidetasuna
Enplegua duten emakumeak
Gero eta gehiago dira enplegua duten emakumeak. 2018an, okupatutako emakumeen urteko batezbestekoa 435.700 izan zen, eta gizonena, berriz, 482.600, biztanleria jardueraren arabera sailkatzeko inkestan bildutako datuen arabera.
Grafiko interaktiboa
Euskal Autonomia Erkidegoan, 16 eta 64 urte bitarteko emakumeen okupazio-tasak goranzko joera ageri du hainbat hamarkadatatik hona, nahiz eta tartean izan den geratzeko edo apur bat jaisteko joeraren bat. Gizonezkoen okupazio-tasak, berriz, beheranzko aldia izan du 2008 eta 2014 artean; haren ostean, berriro ere ia emakumeen okupazio-tasa bezainbeste hazi da.
Emakumerik gazteenek (16-24 urte) okupazio-tasa apur bat handiago dute adin-tarte bereko gizonezkoek baino 2018an (% 21,7 eta % 19,6, hurrenez hurren); gainerako okupazio-tasak, adin-talde handietan, handiagoak izan dira gizonetan, eta aldeak nabarmendu egiten dira adinarekin. Hala eta guztiz ere, emakumezkoen okupazio-tasa 73,9 puntutik gora ibiltzen da beti, eta 79,2 puntukoa da gizonezkoetan 2018an.
Sektore ekonomikoak
«Manufaktura-industria» eta «Eraikuntza» sektoreek gizonezkoen proportzio handia dute, 2018ko Jarduera Ekonomikoen Direktorioak jasotzen duenaren arabera. Emakumeek hamar enpleguetatik bi baino gutxiago betetzen dituzte «Metalurgia eta produktu metalikoak» sektorean, eta beste horrenbeste «Makinaria eta ekipamenduak» atalean ere, Industria Estatistikak biltzen dituen datuek diotenez.
«Txikizkako merkataritzan», hamar enplegutik ia zazpi emakumezkoek betetzen dituzte, eta «Handizkako merkataritzan», berriz, egoera kontrakoa da: hamar lanpostutik hiru emakumeek betetzen dituzte. «Ibilgailuen salmenta eta konponketa» kontuan hartuz gero, aldiz, emakumeek apenas betetzen dituzte hamar enplegutatik bi.
Emakumezkoen enplegua proportzionalki handiagoa da gizonezkoena baino «Osasungintzako eta gizarte-zerbitzuetako jardueretan», baita «Hezkuntzakoetan» ere.
Enplegatutako pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoan, jardueraren (A21) eta sexuaren arabera. 2018.
Jatorrizko grafikoa
Soldata-arrakala
2016an, soldatapeko eta tankerako populazioaren batez besteko ordainsari garbia 1.292 € izan zen emakumeen kasuan, eta 1.647 € gizonezkoen kasuan, betiere 2016ko lan-baldintzei buruzko inkestan jasotako datuen arabera.
30 urtetik beherako populazioan, bereziki emakumeetan, 2013ko kopuruak gutxieneko historikoa izan zuen, 1.000 euroen azpitik, eta badirudi 2016an leheneratzen ari zela, nahiz eta kopuruak 2000koen antzekoak izan. Ordainsaririk handienak 45 eta 64 urte bitarteko gizonezkoek izaten dituzte, eta adin-tarte horretan % 20ko soldata-arrakala nabari da emakumeen eta gizonen artean.
Bestalde, 30 eta 44 urte bitarteko adin-taldeak zuen soldata-arrakala handiena 2016an, % 23koa, hain justu. Hala, 1.223 euro jasotzen zuten batez beste emakumeek, eta 1.594 euro gizonezkoek.
2008aren ondoren gertatutako krisi ekonomikoak gehien astindutako emakume- eta gizon-taldeak zehaztasun handiagoz balioesteko, hainbat alderdi hartu behar dira kontuan, hala nola soldaten osagai aldakorra, ordaindutako aparteko orduak egitea ala ez, lanaren beraren edukiak, jardunaldiaren ordu kopurua murriztea edo handitzea kategoria profesional desberdinetan.
Soldatapeko eta antzeko populazioak azkeneko hilabetean kobratutako ordainsariaren batezbestekoa (euroak prezio konstantetan, 2016), sexuaren eta adinaren arabera. EAE. 1996-2016.
Erreferentziako dokumentuak
Erreferentziako taula
Etxeko lana
Etxeko lanaren satelite-kontuak erakusten duenez, emakumeek gehiago esku hartzen dute gizonezkoek baino ordaindu gabeko lanetan.
Hori gertatzen da bizitzaren mantentze-lanetako jardueretan.
Azkeneko 20 urteetan 2013ra arte izan den bilakaerak erakusten duenez, nahiz eta gizonezkoen parte-hartzea ia 13 puntu handitu den etxeko lanetan, emakumezkoen lanak oraindik ere bikoiztu egiten du guztizkoarekin alderatuta.
Ordaindu gabeko eta merkatutik kanpoko etxeko lanaren balioespena, sexuaren eta funtzioen arabera. Mila eurotan. 2013.
Jatorrizko grafikoa
Erreferentziako taula
Etxeko pertsonen zaintza
Etxeko pertsonen zaintza-lanak emakumezkoen kargu izan dira neurri handiagoan, gizonezkoen ardurapean baino, eta hala jarraitzen duten izaten, dela adingabeak zaintzeari begira, dela adineko pertsonak zaintzeari begira. Hala diote 2013ko denbora-aurrekontuen inkestak jasotako datuek.
Emakumeek adingabeak zaintzen ematen duten batez besteko denbora, parte-hartzaile bakoitzeko, 1:29 ordu da, eta gizonezkoen kasuan, berriz, 1:10, 2013ko datuen arabera. Emakumeek helduak zaintzen ematen duten batez besteko denbora, parte-hartzaile bakoitzeko, 01:41 ordu da, eta gizonezkoen kasuan, berriz, 01:25. Adingabeak zaintzeko partaidetza-tasa ez zen handitu adierazitako denbora-tartean, baina bai pertsona helduak zaintzeari dagokiona.
Euskal AEko16 urteko eta gehiagoko herritarren partaidetza-tasa, etxeko pertsonak zaintzen (%). 2013.
Jatorrizko grafikoa
Zainketa-denbora
2013an, adingabeak zaintzen eman duten herritarren partaidetza-tasa handiagoa da adinekoak zaintzen emandakoa baino; halere, pertsona helduak zaintzeko partaide bakoitzak eman duen denbora poliki-poliki hazten joan da 1993 eta 2013 bitartean. Emakumeek, batez beste, denbora gehiago ematen dute gizonek baino pertsonak zaintzen, edozer okupazio dutela ere, 2013ko datuek erakusten dutenez.
Erretiratutako gizonezkoek denbora gehiago ematen dute batez beste emakume erretiratuek baino, dela adingabeak zaintzen, dela adinekoak zaintzen. Okupatutako emakumeek, ostera, denbora gehiago ematen dute okupatutako gizonek baino. Emakume langabeen kasuan, adinekoak zaintzen gehiago ematen dute adingabeak zaintzen baino. Aldiz, ez da halakorik gertatzen gizonezkoen kasuan, ezpada kontrakoa.
Parte-hartzaile bakoitzak etxeko pertsonak zaintzen batez beste emandako denbora, zaintzailearen jardueraren eta sexuaren arabera (hh:mm). 2013
Erreferentziako taula
Ama okupatuak eta aita okupatuak
Okupatutako populazioaren % 13k uste du amatasunak/aitatasunak kalte handia eragingo liokeela bere ibilbide profesionalari; hala dio lana, familia eta norberaren bizitza bateratzeari buruzko 2017ko inkestak. Dena dela, ama diren emakumezkoen okupazio-tasak handitzen jarraitzen du.
Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoan okupatutako hamar pertsonatatik hiruk dio zailtasun handiak dituela mendeko pertsonak zaintzea eta lana bateragarri egiteko (% 33,5), baita seme-alaba adingabeen zaintza uztartzeko ere (% 28).
Lan-jardunaldiaren luzapenak apur bat gehiago eragiten die gizonezkoei emakumezkoei baino; gizonezkoen % 17,4k eta emakumeen % 17,9k batzuetan luzatzen du lan-jardunaldia, eta, ia beti luzatzen den kasuetan, gizonezkoak kasuen % 23,8an izaten dira inplikatuta, eta emakumeak, berriz, % 19,3an, 2017ko datuen arabera.
Hamasei urteko eta gehiagoko populazioaren okupazio-tasa Euskal Autonomia Erkidegoan, beren kargu dituzten seme-alaba kopuruaren eta sexuaren arabera (%). 2014-2018.
Erreferentziako taula
Ordaindutako lana, ordaindu gabekoa eta zainketak bateragarri egiten.
2013ko datuen arabera, egun arrunt bateko 10:00 eta 13:00 bitartean, emakumeen % 30ek baino gehiagok eta gizonen % 15ek baino gehixeagok etxeko lanetan jarduten dute.
Iluntzeko zortzietan, handitu egiten da etxeko lanetako partaidetza, eta nabarmentzen da emakumeen % 24 aritzen direla lan horietan, baita gizonen % 12 ere. Emakumeen etxeko lanetako ordutegia lehenago hasten da eta beranduago amaitzen, gizonezkoen kasuan baino. Lanaren eta prestakuntzaren alorrean, ostera, kontrakoa gertatzen da.
Okupatutako emakumeen % 18,8 ez daude batere konforme ezkontideak edo bikotekideak etxeko lanak egiten duen esku-hartzearekin, lana, familia eta norberaren bizitza bateratzeari buruzko 2017ko inkestak biltzen dituen datuen arabera.
Okupatutako emakumeek gogobetetze handiagoa ageri dute seme-alabak zaintzen –% 57,9k adierazten du handia dutela–, baita mendekoak zaintzen ere –% 45,9k–, okupatutako gizonezkoekin alderatuta (% 49,9 eta % 40,7, hurrenez hurren).
Partaidetza-tasak, eguneko jarduera-taldearen arabera (lana eta prestakuntza, etxeko lanak eta etxeko pertsonak zaintzeko lanak), ordu-tarteen eta sexuaren arabera. %. 2013.
Erreferentziako dokumentuak
Bizitza soziala eta aisialdi aktiboa bateragarri egiten
Bizitza sozialeko partaidetza-tasak ez dira gehiegi aldatzen emakumeen eta gizonen artean, batez beste; aldiz, aldaketa handiagoak dira aisialdi aktiboaren eta kirolaren alorrean, denbora-aurrekontuen 2013ko inkestak jasotako datuen arabera.
Arratsaldeko seiak eta zazpiak aldera izaten da joera handiena (gizonen eta emakumeen % 20 baino gehiago). Gizonezkoek, emakumeek baino gehiago parte hartzeaz gain (tasa handiagoak dira), ordu-tarte luzeagoz ere jarduten dute. Hala, 21:00etatik aurrera, emakumezkoen aisialdi aktiboa % 4,5era murrizten da, eta gizonezkoen kasuan, berriz, ordu eta erdi geroago iristen da ehuneko horretara.
Emakumeak apurtxo bat kontentagaitzago ageri dira aisialdirako denborarekin, ongizate pertsonalari buruzko inkestak jasotzen duenez.
Partaidetza-tasak, eguneko jarduera-taldearen arabera (aisialdi aktiboa eta kirolak, bizitza soziala), ordu-tarteen eta sexuaren arabera. %. 2013.
Erreferentziako dokumentuak