Industria 4.0 industria-bilakaeraren etapa berri bat da, eta produkzio-bitartekoak antolatzeko modu eraginkorrago bat sortzea du helburu. Prozesu horren bidez, enpresa bat digitalizatu egiten da eta adimen artifiziala, datu-kopuru handien pilaketa (Big data), algoritmoen erabilera prozesatzeko eta sistema eta gailu digitalen interkonexio masiboa barneratzen ditu.
Industria berri hori neurtzeko, prozesu horrekin lotutako adierazle-sorta bat aztertuko dugu.
Enpresen aldaketa digitalari, hots, 4.0 industria delakoari dagokionez, establezimenduen % 51,5ek sare sozialak erabiltzen dituzte enpresa-xedeetarako. Hori, adierazlerik nabarmenena da, aztertzen diren bederatzi adierazleen artean.
Bigarren tokian, Zerbitzu Mugikorrak daude, % 30,2rekin. Zerbitzu mugikortzat hartzen da enpresaren jarduerarekin eta produkzio-prozesuekin loturiko aplikazioak erabiltzea.
Hirugarrenean, hodeiko zerbitzu informatikoak (Cloud Computing). Establezimenduen % 23,1ek horren bidez ordaintzen dute, eta enpresa baten informazioa edo zerbitzuak ikusteko aukera ematen dute, Interneteko konexio baten bidez, edo edozein tokitan kokatuta dagoen beste gailu mugikor edo finko baten bidez.
Ondoren, % 10 eta % 20 arteko ehunekoekin, zibersegurtasun jarduerak, Gauzen Internet (IoT) eta Big Data Analisia daude. Azkenik, % 5aren azpitik daude Adimen Artifiziala, Robotika eta 3D inprimagailuak.

Hamar langile edo gehiagoko establezimenduetan, ehuneko horiek handiagoak dira: Tamaina horretako establezimenduen % 70,3k sare sozialak erabiltzen ditu, eta % 40aren gainetik daude zerbitzu mugikorrak, hodeiko zerbitzu informatikoak eta zibersegurtasun jarduerak. Bestalde, % 20aren gainetik daude Big Data analisia eta Gauzen Internet (IoT). Halaber, Robotikaren erabilera ere nabarmendu daiteke, izan ere, tamaina horretako kasuen % 11,8an ematen bada ere, jarduera-sektorea kontuan hartzen bada, Industrian % 22,9ra heltzen da.