pdf


Informazioaren gizartearen panorama 2021
Atalak
Atalak
 

Interneten erabilerak

Erabiltzaileen eta enpresen mailan, Interneteko portaera eta ohiturak askotarikoak dira, denboran zehar aldatzen dira eta hainbat zirkunstantziek bereziki eragiten diete. Hori dela eta, interesgarria da Interneten zer egiten dugun, zergatik egiten dugun eta horren inguruan nola aldatzen garen aztertzea eta ezagutzea.

2021ean, EAEn 15 urte eta gehiagoko biztanleen % 85ek erabili zuten Internet (1.602.600 pertsona inguruk). Aurreko urteko aldi berarekin alderatuta, ehuneko hori ia ehuneko hiru puntu handitu da. EAEn, 10 pertsonatik 9k dute Interneterako konexioa etxean, eta horietatik 8 konektatu dira Internetera azken 3 hilabeteetan.

Interneteko konexioa egiteko tokiari dagokionez, ia erabiltzaile guztiak konektatzen dira etxetik, eta, neurri txikiagoan, lantokitik eta ikastegitik. Pertsona ugari konektatu dira berriki hainbat tokitatik.

Araba eta Gipuzkoa daude 2021ean Internet erabiltzen duten 15 urte edo gehiagoko herritarren sailkapeneko lehen posizioan, ehuneko hauekin, hurrenez hurren: % 87 eta % 85. Aldiz, Bizkaia da aurreko urtearekiko Interneteko erabiltzaileen ehunekoan gorakada handiena izan duen lurralde historikoa.

Generoen arteko aldea ehuneko 3,5 puntukoa zen 2020an; 2021ean, berriz, ia ehuneko puntu oso bat hazi da. Hala, bada, 15 urte eta gehiagoko biztanleei dagokienez, Interneteko erabiltzaileak gizonezkoen % 87 dira eta emakumezkoen % 83.

Internet gehien erabiltzen dutenak ikasleak edo aktibo dauden langileak dira: ia denek erabili dute azken 3 hilabeteetan. Ostera, erabilerak nabarmen egiten du behera langabetuen edo aktibo ez dauden langileen artean.


Interneten erabilera-maiztasunari dagokionez, 10 pertsonatik 9 ia egunero konektatzen dira (gutxienez, astean 5 egun). Erabiltzaileen % 6 maiztasun txikiagoarekin konektatzen da.

Azken urteotan, egunero konektatzen direnen taldea ari da gehien ugaritzen. Zehazki, 31 ehuneko puntu hazi da 2011tik 2021era bitartean, eta, beraz, murriztu egin dira beste maiztasun batzuk.


Internet azken hiru hilabeteotan erabili duten pertsonen ehunekoa %57koa zen 2011n, eta % 85ekoa 2021ean.

Interneten erabilera eta erabiltzaileen araberako bilakaera ezberdina da ezaugarri soziodemografikoen arabera. Sexuari erreparatuta, handiagoa izan da gorakada emakumezkoen artean gizonezkoen artean baino: % 53tik % 83ra hazi da. Adinari dagokionez, 45 urtetik 64 urtera bitarteko adin-tartean egon da aldi horretan bilakaerarik handiena. Erabiltzaileen jarduerari helduta, ikasle eta okupatutako langile gehienek erabiltzen dute Internet 2021ean; alabaina, hazkunde handiagoa egon da aktibo ez dauden eta langabezian dauden langileen artean.


Komunikaziora eta informazioa bilatzera zuzendutako zerbitzuak erabiltzen dituzte, batez ere, Internetera sartzen direnek. Biztanleria ia osoak erabiltzen du WhatsApp edo bat-bateko mezularitzako beste aplikazioren bat, eta neurri txikiagoan bada ere, hauek guztiak ere egiten dituzte: mezu elektronikoak bidali eta jasotzea (% 82,4), egunkariak eta aldizkariak irakurtzea (% 74,9) eta bideokonferentziak egitea (% 59,9). Erabiltzaile guztien erdia baino gehiago, gainera, sare sozialetan ibiltzen dira (% 53,9).

Internet bidez egiten diren eragiketa askoren jatorrian kontsumoa eta jarduera ekonomikoak daude. Besteak beste, bankuetara sartzeko eta finantza-eragiketak egiteko (% 67,7), erosketak egiteko (% 54,7) eta ondasunak eta zerbitzuak erosteko eta saltzeko (% 11,3) erabiltzen da.


Gaur egun, euskal enpresen % 90k baino gehiagok dauka Interneteko konexioa. Bestalde, 10 langile edo gehiagoko enpresak kontuan hartzen badira, % 100 inguruk dute.

Enpresa horiek Interneteko zer konexio-mota duten aztertuz gero, ikus dezakegu Internet daukaten enpresen % 95ek banda zabaleko konexio finkoren bat dutela, eta % 90ek konexio mugikorren bat erabiltzen dutela. Tamaina kontuan hartzen badugu, 10 langile edo gehiagoko enpresetan, mailak zertxobait handiagoak dira aurrekoetan baino; zehazki, % 100etik gertukoak.


Konexio finkoen barruan, azken 20 urteetan, Internet bidezko konexioetan izan duten bilakaerari dagokionez, ADSL bidezko konexioek izan dute bilakaera handiena: 2009. urtean %86,7raino heldu baitziren. Ordutik aurrera, konexio horiek ez dute gora egin; aitzitik, 2013tik aurrera behera egiten dute, gaur egun arte. Horren aldean, aurrekoa ordezkatuz, zuntz optiko bidezko konexioa agertu da (kable bidezkoa, FTTH...). Hazkunderik handiena izan duen konexio mota bihurtu da, eta une honetan, ia % 80koa da erabilera.

Lehengo konexio finkoek (Modem eta RDSI), zeinak 2003. urtera arte konektatzeko bide nagusiak baitziren, beheranzko joera nabarmena izan dute, haien abiadura motela delako; gaur egun ez ditu ia inork erabiltzen, eta horregatik aztergai izateari utzi diote.

Azpimarratu behar da hazkunderik handiena konexio mugikorrek izan dutela azken urteotan. Konexio horiek 2008an hasi ziren hazten, eta hazkunde hori arestian aipatu ADSLaren beherakadarekin batera hasi zen gertatzen.

Interneten presentzia duten gero eta euskal enpresa gehiagok daukate web-orria. Gaur egun, EAEko establezimenduen erdiak baino gehiagok daukate webgunea; 10 langile eta gehiagoko enpresetan, ehuneko hori % 90 baino handiagoa da.

Webgune horietan, gaztelania gehienbat erabiltzen da ia kasu guztietan, enpresa tamaina, sektore ekonomikoa edo kokatuta dauden lurralde historikoa edozein direla. Ondoren, euskara, bost webgunetatik bitan, eta ingelesa, hirutatik batean. Hamar langile edo gehiagoko enpresak bakarrik kontuan hartzen baditugu, bitik batek euskaraz eta ingelesez du webgunea; laurden batek beste hizkuntza batzuetan.

Iturria: Eustat. Informazioaren gizartearen inkesta. Enpresak

Aldi erabilgarriak

Webguneetan ematen diren zerbitzuei erreparatzen badiegu, enpresari buruzko informazio orokorra ematea da ohikoena, eta jarraian, informazioaren pribatutasunari buruzko adierazpena duten webguneak eta produktuen katalogo bat edo prezio-zerrenda bat izatea. Ondoren, ehuneko txikiagoan bada ere, enpresaren profilen loturak gizarte-baliabideetan dituztenak, enplegu-eskaintzei buruzko informazioa dutenak, eskaerak jasotzeko edo erreserbak online egiteko aukera ematen dutenak eta saldu ondoko zerbitzuak eskaintzen dituztenak daude.

Iturria: Eustat. Informazioaren gizartearen inkesta. Enpresak

Aldi erabilgarriak

Eskualdeen araberaGipuzkoako eskualdeetan dauden enpresetan besteetan baino gehiago erabiltzen da euskara webgunean. Lurralde horretako zazpi eskualdetatik seitan euskara % 50ean erabiltzen da webgunean, eta Debabarrenan, % 74raino heltzen da. Ondoren kokatuta dago Bizkaia (% 45,8), eta horren barruan, Gernika-Bermeo eskualdean % 78,5eko erabilera nabarmentzen da gainerako eskualdeen gainetik. Araban (% 44,6 batez beste), Arabako Mendialdea nabarmentzen da, izan ere, establezimenduen % 67,3k dauka webgunean euskaraz.

Ia Administrazio guztia konexio finkoen bidez konektatzen da Internetera, eta lau establezimendutatik hiru, bestelako konexio mugikorra ere badauka. Nabarmentzekoa da zuntz optikoaren (kable bidezkoa, FTTH...) eta konexio mugikorren bilakaera, hazkunde handia izan dutelako. Horrela, aurreko teknologiak ordezkatu dituzte.

Administrazioen webguneetan, erakundeari buruzko informazio orokorra, produktuen katalogo edo prezio zerrendei buruzkoa, eta sare sozialen profiletan sartzeko estekak jasotzen dira gehienbat. Enpresek sektoreko webguneekin alderatuz, administrazioak garrantzi handiagoa ematen die lan-eskaintzei buruzko informazioari eta desgaitasuna duten pertsonen erabilerraztasunari.


Webguneak irakur daitezkeen hizkuntzei dagokienez, euskara eta gaztelania nabarmentzen dira, ia guztietan daude. Ingelesari dagokionez, webguneen ia % 40an dago; % 20 inguruan beste hizkuntza batzuk ere badaude. Enpresen sektorean webgune asko euskaraz daude, eta neurri txikiagoan, berriz, ingelesez edo beste hizkuntza batzuetan.

Enpresak

Interneteko konexioa duten lehen sektoreko establezimenduen artean, hiru laurdenak konexio finkoak zituzten 2019an, eta ia guztiek konexio mugikorrak. Gainerako sektoreen aldean, ADSL lineen erabilera oraindik nabarmentzen da, % 45,4 establezimendutan. Haren atzetik, kablea (zuntz optikoa) dago, establezimenduen % 27,2an. Horrenbestez, argi dago teknologia berriak askoz ere beranduago ezartzen direla horietan hiri-ingurunean baino. Beste konexio finko batzuk % 8,1 establezimendutan erabiltzen dira. Hiri-ingurunean, helmen handiagoko hari gabeko teknologien erabilera nabarmentzen da, hala nola, Wimax konexioak, landa-inguruneetan konexio hobea izateko. Arrantza-sektorean satelite bidezko konexioa nabarmentzen da.


Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali