Merkataritza elektronikoak gero eta garrantzi handiagoa du Interneten. Sareko globalizazioari esker, ordutegi-murrizketarik gabe egin ahal izan dira negozioak mundu osoan, eta erosteko eta saltzeko modu berri bat sortu da, bai enpresen artean, bai kontsumitzaileen artean. Web Orriek eta enpresen beste sare batzuek bilakaera izan dute zerbitzu horiek emateko.
2025ean, Interneteko erabiltzeen erdiak baino gehiagok erosi du ondasun edo zerbitzuren bat elektronikoki azken 3 hilabeteotan. Talde honen jarduera nagusiak hauek dira: arropa, oinetako edo osagarrien erosketak (taldeko bi herenek baino gehiagok), ostatuak, etxeko ondasunak, ekitaldi kulturaletarako sarrerak, zaintza pertsonala eta higienea, garraioa, eta liburu, aldizkari edo egunkariak.

Ekipamenduen datuak ez bezala (inkestaren erreferentzia-urteko lehen hiruhilekokoak dira), merkataritza elektronikoari buruzko datuak, zenbateko ekonomikoak jasotzen dituztenez, informazioa jaso aurreko urte ekonomikoari dagozkio beti.
EAEko enpresen merkataritza elektronikoak banaketa ezberdina du sistema horren bidez egindako erosketak edo salmentak aintzat hartzen badira. Halaber, ezberdintasunak daude enpresaren tamaina eta enpresaren ekoizpen-sektorea aztertzen badira. Enpresek neurri txikiagoan erabiltzen dute produktuak saltzeko.
Halaber, merkataritza elektronikoak bilakaera nabaria izan du azken bi hamarkadatan. Ia ez zegoen merkataritza elektronikoa egiten zuen enpresarik 2001. urtean; gaur egun, berriz, hiru enpresetatik batek egiten du ia.
Halaber, erosketak bide elektronikoen bidez egiten dituzten establezimenduen kopurua salmentak egiten dituztenena baino askoz ere handiagoa bada ere, salmentak erosketa elektronikoak baino handiagoak dira zifra ekonomikoetan.
Lurralde historiko bakoitzaren pisuari dagokionez, nahiko antzera banatzen dira hiruretan salmenta elektronikoak. Hala ere, erosketei dagokienez, parte-hartzea desberdina da. Bizkaian egiten da EAEko erosketa elektroniko guztien erdia.
Sektoreka, industria-sektoreko enpresak dira salmentak egiteko baliabide hori gehien erabiltzen dutenak. Haien atzetik, zerbitzuen sektorea dago, oso hurbil, eta eraikuntzaren sektorean ia ez da egiten.
Esanguratsuagoak dira erosketak egiteko erabiltzen duten enpresen artean; izan ere, enpresen laurdenak baino gehiagok baliabide hori erabiltzen dute erosketak egiteko.
Tamaina kontuan hartzen bada, datu horiek aldatu egiten dira 10 langile edo gehiagoko establezimenduak soilik kontuan hartuz gero; neurri horretako hiru enpresetatik batek baino gehiagok merkataritza elektronikoa egiten du. Establezimenduen % 6,4k merkataritza elektronikoa egiten zuten 2001ean; gaur egun, berriz, % 40,4k. Urte horretan, % 5,1ek erosketak egiten zituzten; % 1,8k, salmentak. Azken urtean, % 35,4k erosketak egin dituzte; % 16,4k salmentak, betiere baliabide elektronikoak erabiliz.
Erosketa elektronikoak egiteko erabili den baliabideari dagokionez, diruaren ia erdia helbide elektronikoa erabiliz egindako erosketei dagokie; % 25,0 web-orriaren bidez egindakoei eta % 26,0 EDIren (datu-truke elektronikoa) eta beste sare batzuen bidez egindakoei.
Aldiak
Bestalde, salmentak egiteko erabili den bitartekoaren banaketa ia ekitatiboa da. Kasuen % 36,4 EDI eta beste sare batzuen bidez egin dira, % 34,3 web-orrien, aplikazioen (app) edo Interneteko salmenta-atarien bidez, eta % 29,3 helbide elektronikoaren bidez.
Aldiak
Merkataritza elektronikoko salmentak zein bezero motari zuzendu zaizkion aztertuz gero, 2024. urtean, baliabide elektronikoen bidez fakturatutako guztiaren ia hiru laurdenen hartzaileak beste enpresa batzuk izan dira (B2B delakoa); ia laurden bat kontsumitzaile partikularrak izan dira (B2C); eta gainerakoak –oso gutxi–, beste mota bateko bezeroak izan dira, hala nola administrazio publikoak (B2G).
Aldiak
Establezimendu publikoen % 18,2k egiten dute merkataritza elektronikoa; hamar langile eta gehiago dituzten establezimenduetan ehuneko hori apur bat altuagoa da (% 20,6).
Lurraldeen egoera aztertuz gero, Gipuzkoa gailentzen da, ezarpena handiagoa baita Bizkaian eta Araban baino: lehen kasuan % 20,1, bigarrenean % 17,8 eta hirugarrenean % 15,5.
Administrazioaren jarduera-adarrak kontuan hartuz, hezkuntza (% 28,3) eta jarduera sozialak, aisialdikoak eta kulturalak (% 19,7) nabarmentzen dira, gainerako adarren aurretik baitaude (administrazio publikoa eta defentsa, osasuna eta beste jarduera batzuk).
Merkataritza elektronikoa egin zuten lehen sektoreko enpresak 2024an % 12,5 izan ziren, hau da, urte bereko sektore guztien kopurua (% 30,5) baino nabarmen azpitik. Hamar langile eta gehiagoko enpresen kasuan, distantzia zertxobait baxuagoa da, baina oraindik ere esanguratsua: % 16,3, guztien % 40,4ren aldean.
Datu horiek nazioartean zein garrantzi duten jakiteko, beste ekipamendu batzuekin gertatzen zen bezala, eta EAErekin hobeto alderatzeko, 10 langile edo gehiagoko enpresen datuak erabiltzen dira. Bestalde, aldi bera eta herrialde horiei buruzko informazioa ematen duten erakundeek erabili dituzten sektore berak kontuan hartu dira.
Hori guztia kontuan hartuta ikusten da Euskal Autonomia Erkidegoan azken urteetan igoerak egon diren arren, era honetako trukeek EAEko enpresetan duten eragina neurritsua dela. Europar Batasuneko batezbestekotik hurbil dago, bai erosketa elektronikoak bai salmenta elektronikoak egiten dituzten enpresen ehunekoa aztertuz gero.